www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matalas
Piarres Larzabal
1968

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN EKITALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Erretor-baitako sala bat. Lehen ekitaldiko oihal ilun bera. Erregeren potretaren orde, kurutze bat. Mahain tipi bat, eta zenbait kadira. Belaun-alki baten gainean estola, supeliza edo apez-etxe batean girela erakusten duen edozein jauntzi.

 

 

        (Benat ogi eta gasna jaten ari da, aintzinean duen liburua irakutzen duela)

BENAT: «Dominus, domine, domini, domino, domino, dominum...» Ai ai, ai ei! Zer botiga!

GAXUXA: (Agertzen, pitxerra eta oporrarekin) Nahi baduzu apeztu, latina beharko duzu ikasi.

BENAT: Nik ez dut apez egin nahi.

GAXUXA: (Zerbitzatuz) Matalas arrazan izan dira betidanik apezak: Hemen, Mitikilen osaba apezak bere etxean hartu zaitu, pentsu baitu egun batez hartuko duzula haren segida.

BENAT: Nik aita bezala nahi dut izan.

GAXUXA: Aita ere Xuberoko kontseilari duzu: Osaba bezala nahi baduzu edo aita bezala kontseilari izan, berdin beharko duzu eskolatu. (Jalitzen da)

BENAT: (Nardatua irakurtzen) «Dominus, domine, domini, domino, domino, dominum...» Hau zozokeria!

MATALAS: (Agertzen, liburua eta makila pausatzen belaun-alki gainean) Ea, Benat! Ikasi duka «Dominus, domine...»?

BENAT: Bai, osaba, dena kasik badakit.

MATALAS: (Liburua eskutan hartuz) Ea, ikus zer dakikan!

BENAT: Ta oraino arras ongi oroitzen naiz, zuk atzo erranaz (botza harrotuz): «Salve Xuberoa, ex omnibus locis pulcherrimus!»

MATALAS: (Irriz) Ta hori bera nola da euskaraz?

BENAT: (Kantuz) «Agur Xuberoa, bazter guzietako xokorik ejerrena!»

MATALAS: Bai ongi duk horren jakitea, bainan badakika hoin ontsa «Dominus, domine...»?

BENAT: (Buruari hazka) Bai eta, beste hura ere ez dut ahantzia gero!

MATALAS: Zer beste?

BENAT: (Xutituz eta hitzen araberako keinua eginez) «Vade retro Calvo!»

MATALAS: Horrek erran nahi baitu?

BENAT: «Calvo, habil debruetarat!» (Jartzen da)

MATALAS: (Mahainerat hurbilduz, kopeta ilun) Bai segurki! Doala debruetarat eta berekin eraman ditzala, gure bizkar bizi diren enplegatu, alfer, arrotz, guziak! Bainan «Dominus, domine...» horrekin, ikus zertan haizen.

BENAT: (Berriz buruari hazka) Otoi, osaba, ez da gehiago latinez nehor mintzo! Nahiago nuke «Dominus...» euskaraz ikasi.

MATALAS: «Dominus, domine, domini...» euskaraz?

BENAT: Zergatik ez?

MATALAS: (Gogoetatua) Funtsean hola duk: Egunak eta urteak ari gaituk gu euskaldunak, arrotza eta hila den latin mintzairaren ikasten eta oren bat ez diagu, gurea eta bizia den euskararen ikasteko!

BENAT: Egia hori!

MATALAS: Bai zorigaitzez egia, bainan (botza ozenduz ilobari buruz) egia ere alfer-aldi dukala hik egun. Gure zaldi hori eremak pentzerat eta hori zainduz ariko haiz gramatika ikasten. (Norbait badela ohartuz, xutitzen da)

BENAT: (Leihotik so) To! Aita heldu!

MATALAS: Hire aita? Tenore hontan?... Agur ezak jalitzean eta habil zaldiarekin. (Benat jalitzen da)

GOIHENETXE: (Apur baten buruan agertzen da) Agur, osaba!

MATALAS: Agur, iloba! Hi, tenore hontan hemen? Zer gertatzen zaik?

GOIHENETXE: Ta zuri zer gertatu zaizu barda bi jandarmekin?

MATALAS: (Kadira bat eskainiz) Hiregana heldu baita berria?

GOIHENETXE: (Hurbilduz jartzen da) Maule guzia hortaz mintzo da. Neri goiz hontan jin zait Atarratzera berria.

MATALAS: Hona egia, den bezala. Barda ilundirian, bi jandarma etorri zaizkiat arrastatzerat. Gobernadorearen manuz, omen. Nahi baitzaiztaten eskuak katenaz lotu, erran zioteiat: «Katenak ezartzekotan beharko nauzue lehenik hil!» Piska bat izitu ditiat eta bien artean eraman naie, batere estekarik gabe. Gero, ur handiko zubia iragaitean, —zubi horrek ez baitu saihets makilarik— berek uste ez zutelarik, galtz-ipurtik, «brau!», hartu diat batto, ondotik bestea eta biak urerat aurtiki.

GOIHENETXE: (Kolpez xutituz) Ta gero?

MATALAS: (Lasai-lasai) Gero, to!... Pentsatzen diat uretik jali direla. (Irriño batekin) Ni etxerat itzuli nauk. Berehala bildu gaituk hemengo gizonak eta multzo bat armaturik prest ziaudek, jandarma edo botiga heldu badira bazterren nahasterat.

GOIHENETXE: Gobernadore zikin hori da bazterren nahasten ari: (Haserre gorri) Atarratzeko inguruan lan bera egin dauku; neri ere arrastatzaileak igorri dauzkit.

MATALAS: Nola egin duk ihes? (Pitxer bat arno ekartzen du eta bi opor)

GOIHENETXE: Nere zaintzaleak prest nituen aintzinetik: Arrastatzaileak agertu direlarik gizon multzo bat bildu dira ene ingururat eta arrastatzaileak, iziturik, laster lekutu. Harrikaldi on bat ukanik ordea, gibeletik.

MATALAS: (Zerbitzatuz) Ta hi, gero, mendiz hona etorri?

GOIHENETXE: Bai eta bi lagun kontseilarieri ere gaztigatu, hona bil diten haiek ere.

MATALAS: Zer ziok bada herriko jendeak?

GOIHENETXE: Gure eskualdean bederen arras alde ditugu: Gobernadoreak euskal besta handi bat prestatu nahi omen du, Calvoren amorantearen ohoretan. Gure dantzari eta kantari batzueri dei egin diote, bainan denenganik eza ukan du. Salbu batenganik eta hau erregetiar kontseilari horietarik baten etxezaina, omen: Ogia ez galtzekotz, «bai» erran behar.

MATALAS: Gobernadore zitala! Lur ebatsien jabek ohore eta besta egin behar orai beren ohoinari! Hauxe da kopeta!

GOIHENETXE: Bai, ohore ohoinari eta gainera ohoin-nagusiaren amoranteari: Gure larrutzea ez aski; larrutuen esker ona oraino nahi!

MATALAS: (Kanpotik arrabotsak entzutean) Jes! Zer dira arrabots horiek? (Leihotik behatuz) To! Gure gizonek geldiarazi die plazarat sartu den zaldi-karrosa bat... Jaun bat karrosan. Ea paperak non dituen!... O, o! Kexu, kexu, gure jauna!

GOIHENETXE: (Leihorat hurbilduz) Bainan, bainan... ezagutzen dut nik, jaun hori, gobernadorea, bera da.

MATALAS: Zer, gure gobernadore tzar hori? Segur haiz?

GOIHENETXE: Bai, bai! Arras segur.

MATALAS: Ontsa! Hi hago gibeletik. Ni aterako nauk: Garbituko baitute gure gizonek, sekula jakiten badute. (Biak jalitzen dira, bat bere gordagirat, bestea kanporat)

GAXUXA: (Goihenetxe atera den atetik agertuz, leihorat buruz doa) Zer da hor? Oi, oi! Jaun hori hilen dute... Beharrik horra gure apeza heldu.

BENAT: (Kanpotik heldu) Errazu, Gaxuxa!

GAXUXA: Zer da? Nondik heldu haiz? Non duk zaldia?

BENAT: O! Zaldia, iturrira joana, jauzi-putinka, egarritua baitzen. (Leihotik so) Gure osabaren beso ginarrietako mitxa! (Jestua eginez) Lagun batek oro erran dauzkit: Zubiaren gainetik bi jandarmak urerat; lehenik bat: «plist!»; bestea ondotik: «plast!», gero han biak igerika, holako amuarrainak! (Igerikaren eskarnioa eginez)

GAXUXA: Haugi nerekin; goazen hemendik: Horra apeza, karrosa barneko jaunarekin. (Matalas eta gobernadorea sartzen dira. Hau haserre gorrian, gaizki erabili dutela, jauntzitik ageri)

GOBERNADORE: Zer dira manera hauek, jaun erretora? Nork manatu ditu gazte horiek neri hola jazartzeko?

MATALAS: (Idorki) Nork manatu ditu, jaun gobernadorea, barda bi jandarma ni preso hartzerat etortzeko?

GOBERNADORE: Ez ote zaio haizu hemengo gobernadoreari Mitikilen gaindi ibiltzea, mandilen eskuetan erori gabe?

MATALAS: Ez ote zaio haizu hemengo erretorari gauaz bere etxean lo egitea, mandilen bisitarik ukan gabe?

GOBERNADORE: Noiztik dira gure jandarmak mandil batzu?

MATALAS: Zure esku-makil bilakatuz geroztik.

GOBERNADORE: Zer mandilkeria egin dut nik?

MATALAS: Nork ditu Xuberoko gure herri-lurrak ebatsi eta saldu?

GOBERNADORE: Egitate hortaz arrengura zaite, ez niri, bainan errege jaunari.

MATALAS: Erregek deus ez dezake, meneko xakurren laguntzarik gabe.

GOBERNADORE: Nik nere gobernadore kargua dut bete.

MATALAS: Ez zaitute behinere xuberotarrek hautatu beren gobernadore.

GOBERNADORE: Frantziako erregearenganik dut nik kargu hori.

MATALAS: Frantziako erregeak ez du Xuberoan manatzeko eskubiderik.

GOBERNADORE: Jakin nahi nuke zergatik.

MATALAS: Betidanik bere gain izan da Xuberoa. Ez dio nehori ez eman ez saldu beregaintasun hori Xuberoak. Frantziako erregea azpilanetan ari da gure jabetasun hori beretu nahiz.

GOBERNADORE: Ez dut onartzen errespetua gal diezozun ene errege jaunari.

MATALAS: Ez nik ere, Xuberoari gal diezozuen zuek, handi ala tipiek.

GOBERNADORE: Frantziako erregearena da Xuberoa.

MATALAS: Xuberoa da xuberotarrena.

GOBERNADORE: Zer naiz bada ni zuentzat?

MATALAS: Zu zira ohoinen mutila, kargutan jarria ebatsi dituzten ontasunen gobernatzeko.

GOBERNADORE: Ez zira kopetarik gabe, neri hola mintzatzeko: Ahantzi ote duzu ni naizela jandarmen buruzagia?

MATALAS: Eta zuk ahantzi ote duzu, jauna, nere mutil gazte horien presoner zirela tenore hontan?

GOBERNADORE: Zu zirenaz geroz horien aintzindaria, zu izanen zira ere hobendun zerbait gertatzen balin bazait. Zer egin gogo duzu nitarik?

MATALAS: Hori ikusiko dugu gure mutil horiekin. Goazen horietarat. Zoaz aintzinean, heldu nauzu ondotik. (Jalitzen dira)

GAXUXA: (Aurpegi beldurti batekin) Sar zaitezte, sar, jaunak! Ez da hemen nehor. (Sartzen dira Goihenetxe, Olhaibi, Arkaitza) Ez dakit zer gertatzen den: Gure apeza kalapitan ari izan da hemen zen jaunarekin. Orai so egizue, (leihotik behatzen du) biak hantxe dira, gure mutilek inguratuak. (Jalitzen da)

GOIHENETXE: (Bipil) Gobernadore zirtzila! Behar dik kopeta, gauaz jandarmak igorri-ta, biharamunean bera hemen agertzeko! Bainan saltsa gose balin bada gure osabak saltsa onduko ziok.

OLHAIBI: Bai ez diat beldurrik: Ez dikek gatz eta biper eskasik ukanen hire osabaren saltsa horrek.

GOIHENETXE: Eta Barkoxen gaindi, bakean zireztea zuen eskualde horietan?

OLHAIBI: Bakean? Ez gaituk hortarik ari, to! Hegobürü sorjes hori bazter nahasten ari zaiguk. Iragan merkatuan mozkor arazi zitian bere kideko batzu eta neri tzarkeria egiterat igorri: Ostatuan nintzelarik ene zaldia libratu ziteian eta ene karrosa uzkaili.

GOIHENETXE: Jakin duka nor ziren?

OLHAIBI: Bai hatzeman ditiat eta bizkar beroaldi bat ona eman zieiat. Bainan herenegun bi belar metari su eman zaitaie. Doidoia diat etxea erretzetik begiratu.

GOIHENETXE: Ai, urdeak! Nor ote ziren su emaileak?

OLHAIBI: Gobernadorearen polizak, Oloronetik igorriak, Hegobürük galdaturik. Horiek berek die arroltze ustelez harrikatu Burusoil xoxola horren karrosa.

GOIHENETXE: Burusoilen karrosa, erran duka? Hori berena die. Zergatik bada?

OLHAIBI: Motelskoa baita gizona, gure kontra berotu nahi izan die, guk harrikatu dugula sinetsaraziz.

ARKAITZA: Badiagu holako gure aldean ere: Muskildiko herri-lurrak saldu-ta, paxetak ezarri zizteian inguruan. Gau batez paxetak oro errotik ateratu-ta eraman ditie norabait. Biharamunean jandarmak ibili dituk bost etxetan, gobernadorearen partez erranez, bakoitzari etxeko behirik ederrena kenduko ziotela, paxetak ez bazituzten aintzineko lekuan ezartzen. Etxe horietakoek ez ziteian bada deus ikustekorik saltsa hortan.

OLHAIBI: Zer zituzten, ala jende horiek gure kontra muntatu nahi?

ARKAITZA: Bixtan duk baietz.

GOIHENETXE: Ai, urdeak! Hola sartzen die beldurra jende xehea baitan; jende xehea egoiten duk ixil eta umil, oro jasaiten, ondorio gaiztoagorik ez ukaiteko.

ARKAITZA: Jende xehea ez duk ez hobendun, bainan gutarteko papo handi batzuk Xuberoa saltzen die, argi eta garbi dakitelarik zer ari diren.

GOIHENETXE: Batzu ari dituk dirutan truk. Beste batzu ohore gosez. Gure etsairik handienak ez ditiagu Parisen, bainan hemen gure etxen. Halako apostolu arrazoin batzu aterako ditie: Parise gabe deus ez girela; Parise gabe ez gaitezkela bizi; hobe dugula pixka bat gal eta jasan, ezenez-eta jazar eta oro gal; eta holako!... Zinez ateka gaiztoan gaituk eta baniagok ez ote ginuken, beste orduz bezala, sasi-armada bat muntatu behar, hemendik sisti, handik sasta, etsaiari lotzeko.

ARKAITZA: Nik nahiago nikek xuberotar armada bat agerian muntatu eta Xuberoko gider guziez jabetu.

OLHAIBI: Xuberoko populua gurekilan ote ginuke, hola abiatzen bagina?

ARKAITZA: Gazte gehienak segur bai. Guri duk bestentzat beldurraren lokarrien haustea, kolpe handi bat eginez.

OLHAIBI: Badakik jendea errazkiago jarraikitzen zaiola hezur eta haragizko gizonari ezenez zuzenbidearen izar hutsari. Jazarkundearen banderari bezala behar ginikek Xuberoko buruzagi pizkor eta bipil bat, orok edo gehienek onart lezaketena?

ARKAITZA: Nik begistatua diat, guk behar dugun gizon hori.

OLHAIBI: Nor?

ARKAITZA: Matalas, etxe hontako apeza. Hor dik Matalasek bere izena. Bere apez lagunek eta beste hainitzek ongi ikasia duk. Guk behar bezalako gizona duk.

OLHAIBI: Bainan berak nahiko ote du?

ARKAITZA: Berari galdegin beharko. To, hona non heldu zaukun. (Leihotik ikusi du)

MATALAS: (Sartzean) Sobera, soberakin! (Goihenetxeri buruz) Gobernadorea garbituko ziteian ez baniote aztaparretarik kendu. (Olhaibi eta Arkaitzari ohartuz) A! Hemen zuek ere?

ARKAITZA: Bai jauna, bai! Badakizu nola etxetik iheska joan behar izan giren.

MATALAS: Jakin ditut zuen berriak. Hemen Mitikilen, gaurkoan bederen gu gira nagusi: Nihaurek hartu ditut herriko giderrak, ez diten izan arrotzak manatzale.

OLHAIBI: Jaun erretora, ez duzu uste, zuk hemen, Mitikilen, hartu duzun bide bera behar ginukela hartu Xuberoa guzikotzat?

MATALAS: Zer erran nahi duzu?

OLHAIBI: Erran nahi dut, zuk Mitikileko giderrak hartu dituzun bezala, behar ginukela norbait aurkitu Xubero guziko giderrak oro bere eskutan har litzazkeena.

MATALAS: Baitezpadako liteke, kenka gaizto hontan. Gure saila eraman dezagun ez barraiatuki, orai bezala, bainan orok elgarrekin, elgarri loturik. Bainan nor ikusten duzu, Xubero hontan denek, edo gehienek, onar lezaketen gizon hori?

OLHAIBI: Ori, jaun erretora, xuberotarren banderari horren hautua egina dugu gure artean.

MATALAS: Eta nor?

OLHAIBI: Zu, jaun erretora!

MATALAS: Ni? Zer kariaz?

OLHAIBI: Zu baitzira, gure artean, indarrari indarraz ihardoki duzun lehena, gizon armatu multzo bat moldatuz zure inguruan. Zure izena eta itzala Xuberoa guzian zabalduak dira. Nehor ez da zure bekaizti izanen, orok onetsiko baitute ez zirela ontasun edo ohore gosez denen aintzineko jarri, bainan bai Xuberoko herriari zerbitzu egiteagatik.

GAXUXA: (Agertzean) Barka, jaunak, plazako mutil zenbaitek nahi lukete berehala jaun erretorarekin mintzatu.

MATALAS: Ontsa da, Gaxuxa, heldu naiz. (Biak jalitzen dira. Beste hiruak elgarretaratzen dira)

GOIHENETXE: Goazen solasak izartuz: Nik ezagutzen diat ongi nere osaba. Hartzen dituen xedeak, beti kaskoz hartzen ditik; aldeko eskualdea eta kontrakoa ongi haztatuz; bainan behin bide bati lotuz geroz, ez duk debrurik bide hartarik baztertuko duenik.

ARKAITZA: Holako aintzindariak behar ditiagu orai, eta ez «norat haize, harat aise» dabiltzan pika buztan horiek.

GOIHENETXE: Hori, hori! Gure suak onbor idorra behar dik, eta ez zume ergela.

MATALAS: (Irrino batekin agertzen da atean. Besteak hari buruz daude) Pentsa gure gaztek nor daukaten hor preso!

ARKAITZA: Nor ote?

MATALAS: Andere Ponpida.

ARKAITZA: Calvoren amorantea?

MATALAS: Hura eta bera... Karrosan zoan, omen, Nabarrenkoserat, hemen gaindi. Segur naiz harat hitzartuak direla gobernadorearekin. (Irri maltzur batekin) Jukutria zerbait munta ginezake menturaz, paradaz balia.

ARKAITZA: Zein jukutria?

MATALAS: (Mahain muturrerat hurbilduz, beste hiruenganat) Eman dezagun zu zirela hemengo buruzagi lehena, gobernadoreak buru ezarria. Andere horri mila lausengu eginen dizkiozu eta, ziri-ziri, kofesatuko duzu. Ez dukegu salatari hoberik, gure etsaiak zer xedetan dabiltzan jakiteko, andere hori baino.

ARKAITZA: Ez dautazu lan tipia emaiten!

MATALAS: Ixo!... Hor da... Zoaz agurtzerat... Gu goazen gordetzerat. (Badoaz)

ARKAITZA: (Ponpida sar araziz, grazia handirekin) Ongi etorri gure artean, anderea! Barkatuko duzu nere ausartzia. Jakin dudalarik nor zuten gelditu gure mutilek, ezin izan dut garaitu zure agurtzeko gutizia.

PONPIDA: Lehen buruz buruan piska bat izitu naute, egia erran, zure mutilek, bainan gero mantsotu dira. Ondotik ezin xarmantagoak agertu dira.

ARKAITZA: Nahi dugu jakin nor dabilen hemen gaindi. Hortako ditugu gelditzen iragaile guziak. Erregeren kontra ari diren bazter nahasle horietarik ez ginuke nahi utzi sartzerat.

PONPIDA: Bizpahiru Xuberoko kontseilari omen dituzte buru berotzale, bazter nahasle horiek. Hola entzun diot Calvo jaunari.

ARKAITZA: Deusez, deusez!... Buru bero batzu eta haien iduriko apez zenbait, deusez!

PONPIDA: Bai apez bat omen da guziz gaiztoa. Barda preso hartzekoa zuten. Engoitik preso daiteke.

ARKAITZA: Apez bat preso? Zein ote? Matalas ote?

PONPIDA: Bai izen hori bera da: Matalas. Gure etsai porrokatua, omen. Jaun apezpikuaren baimenarekin preso sartzekoa zuten; gero hemendik urrun bidaltzeko; bakea eman dezan.

ARKAITZA: Jaun apezpikua ezagutzen baituzu?

PONPIDA: O! Bai! Gizon gaitza da. Bai gobernadorearekin, bai ministroarekin arras adiskide!...

ARKAITZA: Bai eta gurekin ere. (Irri maltzur batekin) Eta orai, anderea, Nabarrenkoserat ari zinen, gu bezala?

PONPIDA: (Harritua) A! Zu ere heldu baitzira bilkura hortarat? Uste nuen soldado aintzindariez bestalde, lau kontseilariak zirela bakarrik jitekoak. Hori erran daut Calvo jaunak.

ARKAITZA: Bilkura bererat ari gira bederen, zu eta ni? Zenbat orenetan da zurea?

PONPIDA: Afal aintzin. Afarirat noa ni bakarrik. Ez bilkurarat.

ARKAITZA: Nik bientzat dut gomita. Badakikezu zertaz dugun gure bilkura.

PONPIDA: Bai, jakin dudanaz, hiru kontseilari etsaien eta horien lagun zenbaiten preso sartzeaz omen duzue solas.

ARKAITZA: (Irriz) Eta guk zu preso hartu, ustez eta buru berotzale horietarik zinen.

PONPIDA: (Irriz) Kasu! Salatuko diot Calvori nola erabili nauzuen eta igorriko dauzkizue soldadoak, zuen preso hartzerat.

ARKAITZA: (Irriz) Datozila! Eginen diotegu ongi etorri!

PONPIDA: (Irriz) Bainan hola preso atxikitzen banauzu, etorriko dira soldadoak nik deitu gabe ere. Utz nezazu joaiterat! (Xutitzen da)

ARKAITZA: (Hurbiltzen zaio laguntzeko) Zinez, bihotza larri uzten zaitut urruntzerat. Etxe hontan betikotz sartu da zurekin, hemen izan zirelako oroitzapena.

PONPIDA: Oroitzapen ebatsia, jauna, ez bainintzen hona buruz abiatua. (Jalitzen da)

ARKAITZA: (Bazterretik) Oroitzapenez besterik ez balitz ebasten!... (Jalitzen da. Gorderik dagozin hiruak agertzen dira. Matalas lehenik)

MATALAS: Orai bazakiagu gure etsaien barneko berri.

OLHAIBI: Hil edo bizi, jokatzea besterik ez dugu. Irabazten badugu oro irabazten ditugu. Galtzen badugu, hanbat gaixto!

MATALAS: Galdu edo irabazi, hori geroak erakutsiko. Gaurko eginbidea, partida jokatzea. Galtzen duenak ez dik desohorerik, zorigaitza baizik.

OLHAIBI: Bai, uko egileak du desohorea.

ARKAITZA: (Sartuz) Entzun duzue. Orai ez gaiten lo egon! Ni, gizon multzo batekin. Nabarrenkoserat banoa: Ihizi meta guzia saretarat bilduko dut eta, ontsa estekaturik. Mauleko jauregirat ekarriko.

GOIHENETXE: Bai, hik hori egin ezak! Guk beste gizon multzo batekin jauregi hortarat joko diagu eta jauregiaz jabetuko gaituk. Han preso ditugun lagunak libratuko ditiagu eta etsaiak han berean giltzatuko.

ARKAITZA: Ta Xubero guziak jakinen dik, herri ontasunen jabe, xuberotarrak gelditzen direla.

GOIHENETXE: Bai eta ere xuberotarren gidari... Xuberotarrak. Xuberoko Biltzar Nagusia bildu arte ordea, Xuberoko buruzagi bat guhaurek izendatu beharko nik uste. (Hiru kontseilariak Matalasi begira)

ARKAITZA: Zer ihardesten daukuzu, jaun erretora?

MATALAS: (Apur bat ixilik egon ondoan) Norbait behar bada, onartzen dut kargu hori.

ARKAITZA: (Kartsuki) Milesker, jaun erretora! Xuberoa eta gu salbatzen gaituzu!

MATALAS: Ez dut hargatik, apez bezala, armarik eskutan hartu nahi.

ARKAITZA: Armen lana bego gure gain! Ez dautzugu holakorik galdatzen.

MATALAS: (Deliberatuki) Ez dut ere nahi odol ixurtze debalderik. Jenden eta ontasunen errespetuan eraman dezagun gure saila! Eta lehenbailehen burura!

ARKAITZA: Zuk mana, jaun erretora, jarraikiko gitzaizu.

MATALAS: Ongi! Sarri Maulen, ixilka, sartuko naiz nihaur eta jauregiaren aintzinean aurkituko nauzue.

ARKAITZA: Beraz gu goazen gure xeden betetzerat. (Jalitzen dira hiru gizonak)

MATALAS: (Gogoetatua, bere buruari) A, Matalas! Xede latza hartu duk! Nahitez norbaitek sakrifikatu behar!

GOIHENETXE: (Asaldatua) Osaba!

MATALAS: Zer da?

GOIHENETXE: Jaun apezpikua! Jaun apezpikua hor da, bere karrosan. Gure mutilek gelditu dute. Zu, behar omen zaitu ikusi.

MATALAS: Datorla!

GOIHENETXE: Osaba!

MATALAS: Zer duk?

GOIHENETXE: Ez duzula bederen hartu xedeari uko eginen!... Apezpikuak manatu dautzula, edo...

MATALAS: Zer dituk solas ahul horiek? Ala ez nauk oraino ezagutzen? Jakin ezak Matalasentzat hitza hitz dela eta ez dela apezpikurik ez debrurik bere hitza jan araziko dionik.

GOIHENETXE: Barkatu, osaba! Eta milesker! (Jalitzen da... Apezpikua agertzen da ospetsu, manatari)

MATALAS: Nere errespetuak, jaun apezpikua!

APEZPIKU: Egia da, jaun erretora, zutaz entzun dudana?

MATALAS: Hala daiteke, ez bada gezurtiek errana.

APEZPIKU: Egia da, jazarri zirela erregeren manuari?

MATALAS: Jarraiki naiz ene kontzientziari.

APEZPIKU: Obedientzia zor diozu lege zibilari.

MATALAS: Salbu zuzenkontrakoari.

APEZPIKU: Baduzu kopeta hola jaun gobernadoreari oldartzeko?

MATALAS: Eta hark ez ote, gauaz, neri, bi jandarma igortzeko?

APEZPIKU: Ukanen dituzu laster gobernadorearen berriak.

MATALAS: Ez ditu nornahi mandatariak!

APEZPIKU: Errespetua zor dautazu neri.

MATALAS: Errespetua zor diogu elgarri.

APEZPIKU: Apezak ez du behar politikan sartu.

MATALAS: Lege bera da, izanik ere apezpiku.

APEZPIKU: Eman eta utzi Zesar-i berea!

MATALAS: Xuberoa ez da Zesar-ena, baizik gurea.

APEZPIKU: Zesar-ek ohointza egin badu, beretzat du makurra.

MATALAS: Ez ote da hobendun ixilik dagon ate zakurra?

APEZPIKU: Jesusek erakutsi dauku jasaiten.

MATALAS: Jesus gobernuko gizonek kurutzean hil zuten.

APEZPIKU: Jesusek ez du erran, handiak behar direla mesprexatu.

MATALAS: Jesusek erran du tipiak behar direla lehen zerbitzatu.

APEZPIKU: Obedituko nauzula duzu hitzemana.

MATALAS: Gizon obedientzia ez da zakur herrestena.

APEZPIKU: Ez zira beldur Jainkoaren jujamenduaz?

MATALAS: Hala ninteke, ez banu axolarik Xuberoaz.

APEZPIKU: Oldartzen zirenaz geroz, zure gain ondorioak.

MATALAS: Badakit, jauna, jada dituzula nere kartak joak.

APEZPIKU: Agur beraz, eta ikas-azu izaiten umil!

MATALAS: Zure laguntzale, jaun apezpikua, bainan ez zure esku-makil! (Apezpikua jalitzen da. Matalas ixilik dago apur bat eta gero emeki)

                «Hainitzek badakite beren herriaz baliatzen,

                Zenbaitek beren herria zerbitzatzen,

                Arras gutik beren herriarentzat hiltzen.»

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa