www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matalas
Piarres Larzabal
1968

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN EKITALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Biltzar toki bat, saihetsak eta gibela edozoin oihal ilunez. Erdi-erdian Luis XIV. erregeren potreta. Mahain bat. Jarleku batzu.

 

 

        (Bi neskato, Pantxa eta Madalen, ari dira biltzar tokiaren garbitzen)

PANTXA: Ikusi dinat erregek igorri jauna. Atzo jin dun Mauleko jauregirat, lau zalditako (moko fin) karrosa batean.

MADALEN: Nola din izena?

PANTXA: Calvo omen din izena. Bigarren karrosa tapatu bat bazinan, berearen gibeletik, lau zaldi zurik tiratua. Lau andere pollit zitunan haren barnean.

MADALEN: Calvoren emaztea hain segur, bere zerbitzariekin.

PANTXA: Ez omen, bainan Calvoren bihotzeko izar berezia: Ponpida din izena.

MADALEN: Jes! Zer din Calvo horrek bere emaztea Parisen uzten eta ordaina hartzen gure Xuberoan gaindi ibilitzeko?

PANTXA: Bai neska, hola ditun jende handi horietarik gehienak: Espos-lagun bat ez dine aski, bi bederen behar ditizten.

MADALEN: Eta ez dun hori bekatu?

PANTXA: Bai guretzat bekatu dun, bainan guretzat bekatu dena ez omen dun hala jende handi horientzat.

MADALEN: Jes! Zer dute jende handi horiek? Beren diruari esker Elizako buruzagienganik bi emazten ukaiteko baimena erosten, ala?

PANTXA: Ez, ez dine haien baimena erosten, bainan haien ixiltasuna. Hi edo ni abiatzen bagina bi gizonen ondotik, ha zer eskandala! Berehala hor gintizken herriko eta elizako buruzagiak beren eskumiko eta jandarmekin.

MADALEN: Bai, hori segur.

PANTXA: Ta aldiz, Calvo jaunak, (botza ozenduz) «Pariseko Errege Handiak» igorria delakotz, ondotik ukanen ditin hemengo xapeldun guziak, ez bera gaitzesteko, bainan agurtzeko.

MADALEN: Hor zinan segur gure nagusia ere.

PANTXA: Ez din erran beharrik: Gure nagusia dun hemengo gobernadorea eta beraz leku hontako erregeren lehen mutila.

MADALEN: Eta gure jaun apezpikua?

PANTXA: Hura ere hor zunan bere inguru guziarekin.

MADALEN: Gure apezpikuak ere agurtu ote din delako andere Ponpida?

PANTXA: Ez... ez bederen denen aintzinean, gero egin badu ere. Ponpidak bere andere lagunekin ez din parterik hartu agurketa hontan: Haren karrosa, atean gelditu gabe, jauregi barnera sartu dun.

MADALEN: Bazena jende hainitz bildurik jauregiaren aintzinean?

PANTXA: Bai betikoak: Soldado multzo bat; eskoletako haurrak erregeren bandera tipi batzu eskutan. Errientek erakatsia ziotenan «Vive le Roi!» oihu egiten, beren bandera tipiak higituz. Eta gero eskuzarta jotzale usaiako xakur manatu guziak. (Urrats batzuen hotsa entzuten da)

MADALEN: Kasu! Nagusia hor dinagu heldu.

PANTXA: Bai eta segur nahiko din Calvo ongi tratatu «galonen irabazteko»: Xuberoko gobernadore izaitea ez zaion aski; Bordaleko bederen edo Pariseko nahi liken izan eta harek ohore biltzeko, guk beharko pekatu.

GOBERNADORE: («Apostolu», sartzen da) Ari zirezte? Bon! Bai nahi nuke apur baten buruan hemen ukanen dugun bilkura iragan dadin ongi baino hobeki. Honarat jinen baita erregeren ordaina ezarriko duzue harentzat, hor erdian kadira bat eta gero inguruan, hemen, emanen dituzue zazpi alki, Xuberoko zazpi kontseilarientzat. Nerea aldiz Calvorenaren ezkerretarik.

PANTXA: Mahainaren gainean, jauna, estalgirik ezarri behar ote dugu?

GOBERNADORE: Bai, bai eta erregeren bandera hau ere ezarriko duzue hor xutik. Bilkura denboran egonen zirezte ixil-ixilik, saihetseko salan. Apailatuko dituzue usaiako edari eta jatekoak bilkura bururatzean eskaintzeko.

PANTXA: Dei eginen daukuzu, jauna, noiz sar.

GOBERNADORE: Bai eta... ahanztera nindoan: Biltzarreko jaunak lagunduko dituzue atetik barne hontara.

PANTXA: Ontsa da, jauna.

GOBERNADORE: Ta... egonen zirezte barrandan, noiz etorriko den Calvo jauna, erregeren ordaina: Hari nihaurek idekiko diot atea. Ikusiko duzuenean heldu dela, aski nauzue berehala deitzea.

PANTXA: Ta orduan guk gorde behar dugu?

GOBERNADORE: Ez. So egizue: Emanen zirezte sar-atearen bi alderdietan. Ean! Jar zaite zu hemen, eta zu hortxe. Calvo sartzean eginen diozue agurtze handia, (berak erakutsiz) hola zaia hartuz esku muturraz. Gero agurtuz erranen duzue: «Basquaise humble servante de sa Majesté!» Ean nola egiten duzuen! (Pantxa eta Madalenek manatua egiten dute) Hola bai! Arras ontsa da. Fagore handi bat baita maila hortako jaun bat gure artera etortzea, esperantza dut grazia hoberena ukanen duela zuen aldetik. Erregek jakin dezan zer jende gisakoak diren xuberotarrak.

PANTXA: Eginahalak eginen ditugu, jauna, gure zerbitzua ongi betetzeko.

GOBERNADORE: Bai badakit nor zirezten eta holako jaun handi baten zerbitzatzeko ohoreak zuen baitan utziko duen ondorioa ez dela izanen akidura bainan zoriona. Beraz hemengo lan ondarrak burura-zkitzue. Ni banoa kontseilari jaunen goaitatzerat. (Badoa. Pantxa irriz hasten da)

MADALEN: Zer dun, neska, hola irriz aritzeko?

PANTXA: Gure nagusi xoro horrek uste din tripa atseginez betetzen daukula, burua beheiti eta gibelaldea goiti gu ezarriz, bere jaun handiaren agurtzeko.

MADALEN: Bai ziminokeriek ere behar dine bizi.

PANTXA: Eta horien ohiduran, badakin agurtze ohoragarriena nola egiten den?

MADALEN: Nola?

PANTXA: Holaxet: Hire burua ezarriz agurtzen duenaren gibelaldearen heinean.

MADALEN: Zergatik hori?

PANTXA: Horrela erran nahi din: Zure gibel milikari naiz!

MADALEN: Hauxe ofizioa!

PANTXA: Bai, handien arteko ofizioa dun hori. Ez dine besterik erakasten tipieri. Hori deitzen dine «ohore emaitea».

MADALEN: Balaki gure nagusiak buru makurtuen berri, urtuz hilen luken.

PANTXA: Bazakin, bazakin... bere burua ezagutzen baitu. Zergatik uste dun gure nagusia egoiten dela goiz guziez, jeiki-ta, apur bat leihotik so?

MADALEN: Aroaren hartzeko araiz?

PANTXA: Aroaren hartzeko bai! Bainan ez zeruko aroa bakarrik, politikarena ere bai. Hola dun gobernadoren ofizioa: Erne behar dine egon, gobernuaren haizeak norat joko duen aski goiz ohartzeko eta, aintzineko nagusiak salduz, berrieri jarraikitzeko.

MADALEN: Ta beraz gu zer gaitun gobernadorentzat?

PANTXA: Gu? Zer nahi dun izan gaiten? Horien eskutako karta tipienak, zernahitan baliatzeko: Gaur Calvoren ohoratzeko eta bihar haren xixtukatzeko.

MADALEN: Xo! Xo! Heldu zauzkinagu gizonak.

GOBERNADORE: (Agertzean) Zoazte hemendik, zuek zerbitzariak!... Zatozte aintzina, jaun kontseilariak!... (Sartzen dira zazpi kontseilariak. Gobernadoreak erakusten diozkate beren jarlekuak) Zu hemen Goihenetxe jauna; zu hor Arkaitza jauna; zu hemen Irigarai jauna; zu hor Hegobürü jauna; zu hemen Etxamendi jauna; zu hor Olhaibi jauna eta zu hemen Burusoil jauna. (Gobernadorea ospetsu mintzo zaiote) Jaun kontseilariak, zuek zirezte Xubero hontako buruzagiak, probintzia honen gidatzeko herriko gizonek hautatuak, Pariseko gure errege Luis XIV-garren menpean. (Burua apalduz erregeren itxurari buruz) Ospe gure erregeri eta Jainkoak luzaz gure artean begira dezala! (Lauek berdin burua apaltzen dute) Badakizue jaunak, zer den gure egungo bilkuraren gaia: Beraz errege jaunak nahi du gure erresuma maitea Frantzia izan dadien munduan, gora, zabal eta ospetsu, hots iguzkia bezala lur guziaren argitzale eta berotzale.

        Bainan badakizue ere ez daitekela deus handirik obra dirurik gabe. Zor zaion maila Frantziari begiratzeko, errege jaunak nahi du frantses ume guziek parte har dezaten erresumako gastuetan. Gaurko egunean gastu horiek biziki pisuak baitira, horien ordaintzeko errege jaunak nahi lituzke Xuberoko herri-lur batzu saldu. Agertu da jadanik lur horien eroslea, orok ezagutzen duzuen musde Arnaud de Peyrer, biarnesa. Nahi luke ere errege jaunak, zuek, jaun kontseilariek bere xedetan sustenga dezazuen, herri-lurren salmenta hori onartuz eta populuari onarteraziz. Horra jaunak, zeri buruz zaituztedan hemen bildu eta zertako gure arterat etorri den Calvo, errege jaunaren ministroa. (Oro ixilik dagozi apur bat) Zuk zer diozu Irigarai jauna?

IRIGARAI: (Milikari) Nere biziko legea, jaun gobernadorea, beti izan da errege jaunari obeditzea. Jainkoaren graziaz dugun kargudunaren nahikundea da neretzat Jainkoaren berarena. Gure erregek hola nahi duenaz geroz, hola izan bedi.

GOIHENETXE: Nik ez dut onartzen errege jaunaren xede hori. Galdatzen dut ihardets diezogun erregeri errespeturekin bainan fermuki, Xuberoko herri ontasunak gureak direla eta ez erregerenak. Beraz horiek saldu behar balin badira, guk ditzakegu bakarrik sal eta ez beste nehork.

GOBERNADORE: Ohartarazten dautzut jauna, herrieri beren sortzea, izaitea ala suntsitzea heldu zaiotela Pariseko gobernuarenganik. Beraz Pariseko gobernua da zuen herri ontasunen jabea. Herriek dute bakarrik ontasun horien gozamena, ez jabetasuna.

ARKAITZA: (Gogor) Gobernadore jauna, ni mintzatuko naiz, beti bezala, ahoan bilorik gabe. Guk ere badazkigu Pariseko berriak: Badakigu gure erregea eta gure gobernua gastu gorrian bizi direla, palazio zein ederragoak altxatuz, alimaleko festak muntatuz, beti eskuin eta ezker bidaiatzen, segida handi bat ondotik. Horiek guziak noren gostuz? Populu gaixoaren izerdiaren gostuz. Hoinbeste jende alferren hazteko, behar ote zaio Xuberoko populuari ahotik ogia kendu? Gure herri-lurretan biltzen dugu guk gure kabalen bazka eta ihaurkia, gure suko egurra, bai eta ere jateko gaztaina. Jada hola hola, ezin biziarekin gure etxeak husten ari dira. Zer behar gaituzte, ondarra larrutu? Pariseko buruzagieri ihardets diezotegun, jadanik aski xurgatu gaituztela. Beren faltaz sartu diren leizetik ateratzeko, bide bat dutela bakarrik zuzenlegezkoa: Berek beren xahupideak apaltzea.

GOBERNADORE: Arkaitza jaunari ihardetsiko diot nik: Frantzia maitea dela gure denen ontasuna; errege jauna gu denen aita gidaria. Frantziako xahupidez mintzo girelarik, familiako xahupidez mintzo gira. Ezin onartua da hoin saminki mintza gaiten, familiako gorabeheren zuzentzeko egina den bilkura hontan... Eta zuk, Etxamendi jauna, zer diozu?

ETXAMENDI: (Kakola) Nik diot, jaun gobernadorea, behar dugula bakea. Bakerik gabe deus ez dezakegula egin. Elgar behar ginukela nolazpait antolatu: Bai gure errege handiari bai gure Xubero maiteari, emanez bakoitzari berea.

HEGOBÜRÜ: (Maltzur) Eta nik galde bat nahi diot egin, hoin harroki mintzatu den Arkaitza jaunari: Ea non dituen bere larderiaren ahalak! Zer eginen duzu, Arkaitza jauna, Pariseko erregeak igortzen baditu zenbait mila gizon Xuberoaz jabetzerat? Indartsuagoaren aintzinean indarrak ez du deus balio. Hautua dugu bakarrik, gogoaren alde ala kontra dugun «bai» erranen. Nere iduripena da, ondoko eguneri behatuz, hobeki aterako girela borondate ona erakutsiz, ezenez samindura.

GOBERNADORE: Bai, segur naiz, hola jokatuz, ez duzuela deus galduko. Irabaziko baizik... Eta zuk, Burusoil jauna, zer diozu?... Burusoil jauna!

BURUSOIL: Ho?

GOBERNADORE: Ean zuk zer diozun?

BURUSOIL: Zer erranen dut bada nik? Ez dakit xuxen zertaz ari zirezten, piska bat elkortzen ari bainaiz. Hona zer diodan: Ordena behar dugula eta diziplina. Ni gerlan ibilia naiz gero! Erregeri behar genioke adierazi, larderia piska bat gehiago behar diotela gazteri erakutsi; oraiko gaztek ez baitute zaharren errespeturik. Beren politika dute bakarrik ontzat hartzen, gu pitsik ez bagina bezala.

GOBERNADORE: (Mozten du) Hortan zurekin nago, jauna: Adinak ekartzen du zentzua eta ez dezagun gure saila apaila oraino adinez onduak ez direnekin. Eta zuk, zer diozu, Olhaibi jauna?

OLHAIBI: (Zintzo) Nik daukat ez daitekela izan ez ordenarik ez bakerik ez balin bada zuzentasunik: Xuberoa betidanik bere ontasunen jabe izan da eta bere burua berak gobernatzeko eskua ukan du. Berrikitan izan gira Frantziako koronari josiak. Frantziari jostean, gure aintzineko eskubiden errespetua hitzemana izan zauku. Hitza hitz izan dadien eskatzen dugu eta Frantziako erregek onets dezan Xuberoa izan dadien ez haren eskupeko, bainan bakarrik harekin eskuz-esku.

GOBERNADORE: Gure errege jaunak errespetu ekarri dio beti Xuberoari. Gaur galdatzen badio zerbitzu bat, ez da hor errespetu galtzerik; ez du xuberotarren baitan duen konfientzia erakusten baizik.

PANTXA: (Agertzean) Barka, jaunak! (Gobernadoreari) Nagusia! Jaun ministroa hor omen da. (Jalitzen da)

GOBERNADORE: (Pantxari) Ongi da, heldu naiz... (Kontseilarieri) Jaunak, Calvo, jaun ministroak barda arratsean galdatu daut zueri bi hitzen erraiteko baimena. Baietz erran diot: Oraixe berean aipatzera nindoan jaun horren xedea. Beraz hona non zaukun heldu. Pentsu dut ongi etorri eginen diozuela. (Jalitzen da... Kontseilariak elgarren artean mintzo dira. Apur baten buruan gobernadorea itzultzen da Calvorekin) Hona Calvo jauna, errege jaunaren ministroa! Ongi etorri gure arterat, jauna! (Gobernadoreak presentatzen ditu bederazka kontseilariak ministroari eta hauek Calvo agurtzen dute, edo apalki ukurtuz edo xut egonez, nor zein diren)

CALVO: (Bere alkitik) Jar zaitezte, jaunak! Duela lau egun gure errege jaun ospetsuak galdatu daut Parisen, joan nindakion buruz buru mintzatzera. Ohore neretzat. Ohore handiagoa oraino zuentzat, jaunak, eta Xuberoarentzat. Ezen hona hitzez-hitz, zer erran dautan errege jaunak: Zoaz Xuberorat. Xuberoa da ene koronako perla ederrenetarik bat: Betidanik Xuberoak eman diozka ene armadari beso azkar eta leialenak. Hortakotz ez naiz mintzatu nahi xuberotarreri edozein mandatariren bitartez, bainan erresuma handietarat igortzen ohi dudan kargudun baten bidez. Errozute Xuberoko kontseilarieri horien atea jotzerat heldu naizela, bere adiskidenganat jotzen baitu lehenik behar-orduan gertatzen denak. Zazpi dira. Badazkit zazpien izenak. Xuberoko populu guziaren aintzinean, bakoitzaren papo gainean ezarriko duzu nere zerbitzari leialeneri eman ohi diotedan medaila berezia. (Lauek eskuak jotzen dituzte)

BURUSOIL: Zer erran du?

HEGOBÜRÜ: Medaila... medaila bedera ukanen dugula.

BURUSOIL: Medaila? Zergatik? Lehenago baditut hiru gerlan irabaziak. Haiek badakit zergatik ukan ditudan, bainan oraiko hau?... (Hegobürük sorbalda altxatzen du) Bon, bon... dena ere on!

CALVO: (Jaunskil) Horra, jaunak, nola bere bihotza zabalik daukan gure errege jaun ospetsuak zuen eta Xuberoko populuaren alderat. Estimatuko duzue jaun erregeren atxikimendu hori eta segur zuen baietza gogotik emanen, egiten dautzuen eskabideari. (Oro apur bat ixilik dagotzi)

GOBERNADORE: Jaunak mintza zaitezte lanoki, zuen ikusmoldea agertuz ministro jaunari.

ARKAITZA: (Gogor) Ministro eta Gobernadore jaunak, holako galdeari ihardesteak behar du zenbait gogoeten egiteko epea. Iduritzen zait kontseilariek behar ginukeela apur bat elgarrekin mintzatu. Gure solasak elgarren artean erabili-ta funtskiago eman baiginezake gure gogoen berri.

CALVO: Zuzen zabiltza, jauna: Multzo baten begiz gauzak hobeki ikusten dira, norberarenez baino.

GOBERNADORE: Ongi!... Zuen arteko bilkura saihetseko sala hortan egiterat gomitatzen zaituztet beraz.

HEGOBÜRÜ: (Maltzur) Ez dugu bilkura beharrik gure errege aitari «baietz» erraiteko, bainan hortan girenaz geroz, goazen. (Kontseilariak jalitzen dira. Calvo eta gobernadorea bakarrik gelditzen)

CALVO: (Jaunskil) Ongi mintzatu ote naiz, jaun Gobernadore?

GOBERNADORE: (Apostolu) Behar zen hura erran duzu, jaun ministroa, eta behar zen bezala.

CALVO: Bai, zuk barda arratsean salatuak jakinik moldatu dut ene solasa.

GOBERNADORE: Gizon guzieri eta bereziki euskalduneri laket zaiote ohorea. Ohore emaitea da horien biltzeko biderik errexena: Arras ongi pentsatu duzu medaila eskaintze hori. Medailak ez ditu bakarrik ohoratzen gure gizonak bainan ere ohorea zor zaiotela dio populuari erakusten.

CALVO: (Irriz) Hori duzu: Jende tipiek medailari ezagutzen diote bere balioa. Handiek aldiz, tipien enganatzeko daukan balioa.

GOBERNADORE: Dena den, guri ere, ongi baliatzen zaigun gauza da medaila; horren ukailea zordun gelditzen baita emailearen alderat. Horri esker zenbait-zenbait kasko gogor leuntzen, guritzen eta gureganatzen ditugu.

CALVO: Eta horiek hola, nola iragan da hemengo bilkura?

GOBERNADORE: Hala hola!... Konduen egitea errex da: Zazpi kontseilarietarik hiru ditugu kontra eta lau alde. Aitorturen dautzut nahiago nukeela, kontra ditugun hiruak baginitu alde, eta kontra aldiz, alde ditugun lauak. Alde ditugunetan dituzu: Lehena xahar xoxola bat; bigarrena zangopetan herrestan ibiltzale horietarik; laugarrena berriz, gu baino guretarrago den errabiatu bat. Beste hirueri jarraikia dago Xuberoko populu guzia.

CALVO: Hiru horiek ez ote ditzakegu gureganat bil nolazpait?

GOBERNADORE: Ez dut ikusten nola: Ez dute behinere onartu herri giderrak izan diten Parisen, ez-eta nehongo arrotzen eskutan. Horien gogoa hemengo jendearen gogoaren oihartzuna da eta horien jokabidea izan da betidanik Xuberoaren beregaintasuna begiratzea.

CALVO: Eta apezek zer diote?

GOBERNADORE: Apezetan ere baduzu orotarik, bainan bipilenak kontra ditugun hiru kontseilarien eskolakoak dira. Denen supiztale dute Matalas, Mitikileko erretora.

CALVO: Nor da Matalas apez hori?

GOBERNADORE: Hori da, hiru kontseilari horietarik baten osaba; apez pizkor bat. Bernard de Goihenetxe du izena. Matalas izengoitia. Gizon bat bipila eta zorrotza.

CALVO: Ongi! Mintzatuko naiz apez hortaz jaun apezpikuarekin.

GOBERNADORE: Uste duzu apezpikuak zerbait eginen duela apez horri hegalen mozteko?

CALVO: Ez ote dauku holako bat zor? Apezpiku balin bada ez ote da hala erregeri esker?

GOBERNADORE: Bainan Mitikileko erretorari jazartzen bada apezpikua, bere apezetarik hainitz kontra izanen dituela, ni beldur.

PANTXA: (Agertuz) Barka, jaunak! Hemen bada andere bat jaun ministroa ikusi nahi lukeena. Haren izena, Ponpida, aipatzea aski dudala erran daut.

CALVO: A! Bai hala da: Errana nion honarat etor zedin. Sar araz-zazu, otoi! (Pantxa jalitzen da... Calvok irrino batekin gobernadoreari) Pentsu dukezu, jaun gobernadorea, nolakoak diren andere honekin nere harremanak! Hitzemana nion, hemengo bilkuratik landa, joanen ginela, biak karrosan, inguruko lekuen ikusterat.

PONPIDA: (Agertuz) Hona! Ni hemen, hitzeman bezala!

GOBERNADORE: Zorionak, anderea, ongi etorria izan zaite gure arterat. (Eskuari musu emaiten dio)

CALVO: Jaun gobernadorea, zer kontseilatzen daukuzu, bazter ikusterat norat joaitea, arratsalde hontan, andere Ponpidarekin?

GOBERNADORE: Andereak erran beza zer litzaioken atsegin.

PONPIDA: O! Jaun gobernadorea, oro ikusi nahia naiz eta zernahitaz berdin tirriatua. Parisen entzuna nuen Euskal Herria eta hemengo jendea arras bereziak zirela. Egia da. Hemengo etxeak, elizak, zeruaren garbia, bazterraren ferdea, denak nehon ez bezalakoak aurkitzen ditut.

GOBERNADORE: Zorigaitzez, anderea, ez zira jende gutirekin baizik mintzatzen ahalko: Hemengo jendeak ez baitaki frantsesik.

CALVO: Bainan makur hori, zenbait urteren buruko xuxenduko dugu: Errege jaunak manua eman baitu frantses eskolak muntatzeko herri guzietan.

GOBERNADORE: Laster beren mintzaira basa hori galduko ahal dute! Hola bederen konprenitzen ahalko ditugu eta ez dira gure jorran ariko beren hizkuntzan.

PONPIDA: Uste duzu gure jorran aritzen direla, Gobernadore jauna? Nik hasteko halako handiki aire bat aurkitzen diot hemengo jendeari; ez du iduri maltzurkeriarik badela horren baitan.

GOBERNADORE: Badakizu anderea, itxura dela maiz enganakor: Zuk uste baino malezia gehiago izan daiteke buru zintzo, tente, horien barnean.

PONPIDA: Euskaldunek ba omen dituzte ere, pilota, dantza eta beste joko batzu biziki ederrak.

GOBERNADORE: Bai, anderea, eta ikusi nahi dituzunaz geroz, muntatuko dugu zure ohoretan plaza-besta eder bat: Ekar araziko ditugu Xuberoko dantzari, kantari eta pilotari hoberenak.

PONPIDA: Ez, jaun gobernadorea, ez dut holakorik behar: Ez nuke nehorentzat karga emaile nahi izan.

GOBERNADORE: Euskaldunek gogotik eskainiko diote holako besta bat zure graziari.

CALVO: Ta errazu, jaun gobernadorea, bada hemen ihizi-lekurik? Biziki laket zait ihizin ibiltzea.

GOBERNADORE: Ez da segur ihizi eskasik hemen gaindi. Lumako edo ileko, baduzu hauta: Orein, orkatz, basahuntz, hartz, otso eta beste hainbeste xori mota. Aintzinetik erraitea aski duzu noiz nahi duzun ihizira joan eta behar dituzun laguntzaleak eta tresna guziak bilduko dauzkizut.

CALVO: Milesker, bihotzetik, jaun gobernadorea, zenbait egun goxo iraganen ditugu hemen gaindi, zuri esker. Oroituko naiz zutaz Parisen.

GOBERNADORE: Zure zerbitzari! Jaun ministroa, zure xeden ohoratzeko.

CALVO: Bainan orena aintzina doa. Ez dezagun denborarik gal! Zu Ponpida jaliko zira eta egonen ene aiduru karrosa barnean.

PONPIDA: Ongi da.

CALVO: Eta zuk, jaun gobernadorea, gizon horiek beren erraitekoak erranak baitituzte engoitik, deitzen ahal dituzu honarat.

GOBERNADORE: (Andere Ponpida atera lagunduz) Laster arte, beraz anderea!

PONPIDA: Bai, laster arte! (Jalitzen da)

CALVO: (Irrino batekin) Ta jaun gobernadorea, zer diozu nere bihotzeko hautuaz?

GOBERNADORE: Goresmenak, jaun ministroa, primadera ekarri daukuzu zurekin!

CALVO: Bego hortan!... Bestalde, ez egin otoi odol gaiztorik zure hiru gizon horiengatik: Gure eztabaida ez da begietako errautsa baizik. Herri lur horien salmenta jada sinatua dugu. Ez badute onez onean emaiten beren baietza, bortxaz kenduko diotegu. Indarra gurekin dugu... Sar araz-zkitzu; aire hartzerat joan nahia naiz eta bi hitzez trenkatuko dugu auzi koxkor hori.

GOBERNADORE: Ongi da, jaun ministroa! (Jalitzen da. Calvo bakarrik dago, apur bat gogoetatua. Sartzen dira lau kontseilari. Horien gibeletik gobernadorea) Bainan, jaunak, non dira beste hiru kontseilariak?

ETXAMENDI: Ez dakigu, jauna, hiruak, beren artean, bereiz mintzatu dira, erranez basurde ihizirat zoazila.

GOBERNADORE: (Haserre) Basurde ihizirat?

ETXAMENDI: Hala erran dute... Zernahi basurde mota ba omen dabila Xuberoan, bereziki sasoin hontan.

GOBERNADORE: (Haserre gorri) Zer da komedia hau?

CALVO: (Hozki moztuz) Ixo, jaun gobernadorea! Beraz zazpietarik lau, erregek hartu xedearen alde zirezte?

LAUAK: Ni segurik bai!... Bai, jauna, bai!... Erran gabe doa.

CALVO: Ederki! Beraz erregeren alde gehiago zireztenaz geroz, kontra baino, herri lurren salmenta ontzat harturik gelditzen da. Nere eskerrak eta goresmenak zueri, lau kontseilari jaunak. Aipatuko dut Parisen zuen egitate zuhur eta bertutetsua. Galdatzen dautzuet populuaren argitzea eta hartu xedearen alde biltzea. Jaun gobernadorea hor ukanen duzue laguntzale.

LAUAK: Bai, bai! Eginahala eginen dugu. Gobernadorea gurekin badugu, hori bera aski dugu.

CALVO: Horra beraz! Erranak erran... Hontan bereiziko gira elgarretarik. Zuen artean bainago zenbait egunentzat, berriz elgar ikusiko dugu, hala beharrean. Bestaldi bat arte, jaunak!...

LAUAK: Bestaldi artino, bai, jaun ministroa! Jainkoak nahi badu... (Lauak jalitzen dira)

CALVO: (Irriz) Gizagaizoak!

GOBERNADORE: Holako ardi mantsoen ilea moztea errex da! Nahi nuke jakin zer bilakatu diren beste hiru marroak!

CALVO: Ez ahal zira haien beldur!

GOBERNADORE: Bai haien beldur naiz, haiek baitaukate eskutan Xuberoko populu guzia eta bazter guziak nahasten ahal baitituzte.

CALVO: Holakoetan kontrarioak elgarren artean nahastea da gure jokabidea: Bota zenbaiti beldurra, besteri lausengua edo dirua. Munta edozoin saltsa horien artean, guk, Parisen, hola garaitzen ditugu gobernuaren etsaiak. Frantsesez diogu: «Diviser pour régner».

GOBERNADORE: Hemen ere, orai arte, hola ditut kudeatu hemengo jendeak, bainan oraiko aldian beldur naiz ez ote duten denek «bat eginen» gure deliberoen kontra.

CALVO: Ta gero zer? Armen indarra ez ote da gure eskutan? Ez zaitela kexa! Mila soldado askiko dira hemengo arrenkura eta zinkurina guzien ixilarazteko. Ez beraz odol gaiztorik egin!... Eta goazen aire hartzerat!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa