www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti...
Antonio Maria Labaien
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (I), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1976

 

 

aurrekoa hurrengoa

ITZAURREA

 

        Jostirudia

        Euskal teatroaren aztarrenak billatzen gabiltzanoi gero ta geiago azaltzen ari zaizkigu eredutzat artu ditezken gaiak. Lenago ajola gutxi ematen genien oitura, jolas, zeizen eta atsoitzetan dago antzertiaren ernemiña. Errian sakabanatuak dauden apurrak bildurik, komeri euskaldunak egin ditzagun, au da nere asmoa. Lantxo onek jostirudia deritza Marzelino Soroaren «Abek istilluak», «Gorgonioren estutasunak» eta Toribio Alzagaren «Aterako gera» omen eta oroiz. Euskal komeri bideak donostiar jator oiek urratzen asiak baiditugu; ta beren lanak jostirudi izen ortaz deitu zituzten. Soroak kale arteko euskera «mea» besterik ez bazekien, Alzagak geroztik, errian barrenduaz «Bost urtean», «Biotzberak», «Neskazarra» ta beste antzerki eder batzuek idatziak ditu. Irritsuak geienak. Onelako lantxoak par eta jolaserako besterik ez dirana-ta ez bitza orregatik iñork baztertu.

        Molierek ere, il baño bi urtez aurretik bere antzerki goitarrenak sortuz geroz, «Les Fourberies de Scapin» (Eskapinoren maltzurkeriak), itxuraz kirtenkeri utsa dan komeria moldatu zuan. Garai artako Boileau

 

                «Dans ce ridicule ou Scapin s'enveloppe,

                Je ne recomnais pas l'auteur de Misanthope».

 

ta jakintsuen gogoko ez izanagatik gerora «Eskapinoren maltzurkeriak» bide egin zuen. Moliereren lanetatik geien bat antzeztu dan antzerkia izango da. Irri ta parraren sena erri txeak gordetzen du ondoenik. «Escapino» «xelebre» ori Molierek italiarren «commedia dell'arte»tik artua zuen; ta italiarrak berriz Terencioren «Phormion» eta antzeko komerietatik ikasiak zituzten alako kirtenkeriak.

        Izan ere parbide ta jolasak iturri batetik edo datoz; giza-biotzaren argalkeri ta biziaren gora-beretatik, eta auek betikoak dira.

        Emen eskeintzen dizutedan jostirudi, farsa dalako au josteko aukeratu nuen gaia oso da arrunta; ezin-da errikoiagoa. Lenengoz idatzi izan nuen komeritxoa dezute. Amabost urte igesi joan dira ordutik. Kutunena izaki nunbait eta maite det geroztik sortu ditudan antzerki guziak ez bestela. Orain, berriro, argitaratzeko asmoz irrakurritakoan utsegite askotxo arki dizkiot ordea, ta oker batzuez zuzendurik, antzezlagun batzuen jarduna zerbait aldatu bearra izan det. Izena ere bai, onoko au ipiñirik!

        «Gizon birzarpeituti eta emazte bizartsuti»...

        Oihenarteren atsoitzaren arabera bukatuaz

                «iges egik nola kutsuti»

esaera zaar onek egokienik nere antzerkitxoaren muña azaltzen duala deritzaidalako.

        Guzia joku, jolas kirtenkeri utsa da, antzezlariak umore ta aldarte onean antzeztu bear dutena. Jantziak ere alako mozorro-soñeko margo-argiak nai litezke antzezlaria agertu utsaz par egiñarazten dutenetakoak. Antzerki onen itz-jarduna errez eta laburra dalako buruz oso ondo ikasi bear da, elkar-izketak zalantzik gabe esan onela egipen, ibillera ta joku guziak, garaiz eta bizi tajutuak izan ditezen.

        Azkenik antzerki au euskal gizataldeai atsegin on zindo eta ume pozgarri batzuek ematera iritxi baledi ez luke egilleak beste ordañik nai.

 

aurrekoa hurrengoa