www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Basotarrak
Jose Eizagirre
1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Basotarrak, Eizaguirre'tar Josebak egindako antzerkiya. 1913.

 

 

aurrekoa  

IRUGARREN ATALA

 

        (Gertaera mendi baztar batian da; eskubitara Basojaun ta Santzo bizi diran zuloaren atea. Arratsaldia da ta eguzkiyak aizkeneko argitasunak bidaltzen ditu).

 

 

LENENGO AGERRALDIYA

 

Artzai-eresiya uruti, PERU,
Arzai-taldetxua; gero INTZ urruti.

 

(Lenengo atalaren azken eresi bera artzayak
urruti eresten dute, bañan an gutxituaz entzuten
dan lez emen gero-ta-geyagotuaz agertzen da).

 

ARTZA-TALDIA URRUTI: Negu luze bat joanda ta bere atsekabe ta illuntasunak berekin daramazki; uda-berriko epeltasun pozgarriaz gure mendi galantak margo ederrez jantzirik, alai ta garbi arkitzen dira...

        Ardi apalak, bildotx gaxuak, artzai azkarrak postu bitez.

 

(Artzai eresiya ari dan bitartean,
antzoki barrenean Peru agertzen da
ta txistu egiñik bi aldetako artzayak deitzen ditu;
laxter amalau edo ogei neska-mutil biltzen zaizka.
Bere ayek artuta aurrera dator).

 

PERU: Atozte, atozte, gauza gogor bat esan biar dizutet...

DEÑAK: Zer da, zer gertatzen da?

PERU: Eginkizun ikaragarriya Basojaun ta bere semiak egin dute...

DEÑAK: Zer egin dute bada?...

PERU: Urbil-ko jauregiyan agintari goiko bat iritxi dalako atzo jai aundiyak ziran; bada arratsaldeko jolasak amaitutakuan, jauregi barrenian nagusi, arotz guda-gizon, emakume ta danak alkar agurtzen arkitzen ziranian, Basojaun ta Santzok etxeari su eman diote ta barrenian arkitzen ziran guztiyak galduak dira...

ARTZAYAK: Gertaera garratza da ori...

PERU: Gizon zital ta gaizkille izateko jayotakuak orlako txarkerik egiten besterik ez du jakiten...

ARTZAYAK: Ta nora joan ote dira.

PERU: Onera ez dira noski etorriko geyago...

BATEK: Orduan zure alaba senar-gairik gabe galdituko da.

PERU: Zer diozu? berritzu aundia! Nere alaba Basojaunen semiarekin ez da beñere ezkonduko, ezkontza ori eragozteko, ala biar balitz, nere eskuz ilko nuke.

 

(Urruti, baño bertaratuaz).

 

INTZ:

                Maitetasuna zer dan

                Iñortxok ez daki

                Ez badu biotzian

                Noiz baitian euki

                Beraz txoraturikan

                Ibilli naiz gaizki

                Santzok maite ezpanau

                Ilko naiz ni aurki.

ARTZAYAK: Intzek zer diyon entzuten al dezu?

PERU: Nik naitasun ori biotzetik kenduko diok...

BATEK: Ta onera dator...

 

(Artzayak badijoaz.
Intz-en eresiya entzuten da berriz len baño bertarago
t'amaitzerako antzoki barreinan agertzen da).

 

PERU: Bai... zoazte, berakin bakarrik itzegin nai det; a, zer aztindu aldiya artu biar dun!

INTZ:

                Ekaitz gogor zakar bat

                Igazi ostian

                Asaltzen da eguzkia

                Odeyen tartian

                Olaxe baita ere

                Biotz barrenian

                Noiz-bait ageri oi du

                Negar ondorian. . .

                . . . . . . . . . . . . . . .

 

(Peru Intz-eri bidera ateratzen zaio ta
besotik eldu ta zakarkeri aundiz antzoki aurrera dakar.
Intz asko bildurtzen da. Artzai batzuk, aita-alaben arteko
gertaera ikusten alditxo batian antzokiertzian gelditu dira).

 

 

2. AGERRALDIYA

 

PERU ta INTZ

 

PERU: Basojaunen seme txar orri geyago ez begiratzeko, ire biotzian ez artzeko, ta beraz geyago ez gogoratzeko, milla bider esan diñat... alaba batek aitaren esanak ez al dizkin gorde biar?...

INTZ: Bañan aita... Jaungoikoagatik...

PERU: Santzo ta bere aita inpernutarrak, alde txarrekuak dirala ez al dakin?... Basojaun ta Murumendiko sorgin zikiñen alkartze nazkagarritik jayotako ergel orrenarekin ire odol garbiya nastu nayean al abill?...

INTZ: Ori gezur aundi bat da. Santzo seaska ederretik dator, odol garbikua da...

PERU: Atzo Urbil-ko gazteluan egin duten txarkeriaz ez ditun geyago noski onara etorriko, bañan bada-ezpada ere iri toki ontara etortzia eragozten diñat...

INTZ: Santzo etorriko dala ba dakit... zergatik ez det ura maitatu biar...?

PERU: Gauz orretzaz geyago itzik entzun nai ez diñat... goazen, goazen emendik urrutira... goazen azkar gizon txar oyen izena iritxiko ez da toki batera... goazen...

INTZ: Ez, ni ezin joan niteke... Santzo gabe ilko nitzake... laxter emen da, ta ementxe itxoegin nai diyot...

PERU: Goazen, nerekiñ ator, aitak agintzen diñ; onian nai ezpaden, gogorrian bederik nerekiñ etorri biarko den.

INTZ: Ez, indarrez ez naiz juango... emen jarraitu nai det...

PERU: (usten diyo) Bada nere alaba aizenik ez geyago esan, ta neregana ez geyago biurtu... baño gogoan euki nik esandakua, Santzo-rekin ezkondu baño len nere eskuz biotza kenduko diñat...

 

(Santzo etorri biar dun aldetik, laxterka Peru dijoa).

 

 

3. AGERRALDIYA

 

INTZ bakarrik, gero SANTZO

 

(Orkestak alditxo batian jotzen dun bitartian
arkaitz motx batian exeriz Intz negarrez dago:
gero ereztutzen du).

 

INTZ: ...Orren zorigaiztokoa izateko zer gaiztakeri egin ote det...? Jauna, lagundu zaidazu. . . . . . . . . . . . . . .

 

(Berriz eskuartean burua artuta dagola
antzoki barrenean Santzo agertzen da:
bere bizitokira datorrela Intz ikusiyaz bereganatzen da).

 

SANTZO: Intz neria...

INTZ: Santzo, bizi al zera?... etorriko etziñala etsi nun...

SANTZO: Emen naiz bada... baño zer? zuk negar egin dezu... zergatik egin dezu?... norbaitek zerbait egiñ al dizu?

INTZ: Ez... ez... iñork ez dik ezer egin... zu etzetozen da... zerbait gertatu ote zitzaizun gogoratuaz...

SANTZO: Ain naitasun aundiya nitzaz dezula ezaguturik, zutzaz txoratuta naukazu... bañan nere aita etortzen ikusi al dezu?... oraindik ez ote da etorri?

INTZ: Nik ez det ikusi... etorri danik ez det uste.

SANTZO: Bada, zerbait gertatzen zayola esango nuke... atzoko gertaera jakingo dezu noski...

INTZ: Bai...

SANTZO: Gaztelua garretan utzi ta biyok mendira sartu giñan; nagusien galera igarri zutenian Urbil-ko gizonak gure eske as¡ ziran ta gure atzetik mendira zetozen; etzekiten nun zebiltzan, baño artzai bat arkiturik zer nai zuten esan ziyoten, ta ark toki ontako bidian jarri zitun... artzai ura zein zan etzenduke ziniztatuko.

INTZ: Zein zan bada?

SANTZO: Peru, zure aita... gure atzetik Urbil-era joana zan ta...

INTZ: Ene jainkua... ni zurekiñ ez ezkontziagatik egingo zun... Ori gertatu baño len, ala biar bada, bere eskuz biziya kenduko dirala oraintxen esan dit.

SANTZO: Etzayak gure mendiyan bertan giñuzela ikusirik, aitak eta nik ordu ontan emen alkartzeko asmua artuta alde banetara jo gendun...

 

 

4. AGERRALDIYA

 

INTZ, SANTZO ta BASOJAUN

 

(Urrutira Basojaunen oju apalak entzuten dira).

 

BASOJAUN: Santzo... Santzo... or altzera?

SANTZO: Entzuten al dezu, ori Basojaun da... zer ote du..!

 

(Santzo ta Intz laxterka joaten dira;
Orkestak Basojaunen soñua apalki jotzen du.
Basojaun izkilluz joa ta alderoka dator;
Santzok eltzen diyo, geyago ibilli ezeñik
bizitoki aurrian etzaten da).

 

        ...Baño aita, nolatan jo zaituzte?... miñ aundiya al dezu?... Intz, zoaz ta barrendik kaiku batian ura ekarri zaidazu...

 

(Intz joaten da ta zurresko ontzi batian ura dakar.
Santzok bitartian Basojauni
bular-gañeko jantziyak azkatzen dizka).

 

        Peru, makets ergel arren zitalkeriyak gauz oyek guztiyak dakarzki, a! ordaña kenduko diat...

INTZ: Ona emen ura, mistela erre jarri diyot... orretzaz bere onetara etorriko da...

SANTZO: Ekartzu...

BASOJAUN: Barrena erretzeko zoriyan daukat... ur onek on egiten dit...

 

(Batek galtzarbetatik jaso ta bestiak ezpañetan
ontziya jartzen diyo. Edan ta Basojaun argitzen da).

 

SANTZO: Etzayak urruti al dira...?

BASOJAUN: Ez, oso bertan izan biar ditek... Peru, artzai kaskar orrek laguntzen ziotek... azkar itzul egin ezazute baztar ontatik... beztela emen garbituko zaituzte...

INTZ: Ez, ez, zu emen utzita ez degu joan nai...

BASOJAUN: A! ni onik banego or datozen zortzi gizonak nere aizkoraz purrukatuko nituzke.

SANTZO: Ta ni ezertako gizon ez naizela uste al dezu?... aizkora erabiltzen zerorrrek ez al dirazu erakutzi?... bada zure almen guztiyak neregan bildu nai nituzke... gure kaltez or datozen zortzi gizon betar aul oyek menderatzeko ni bezelako basotar bat naikua da.

BASOJAUN: Ene semia! To nere aizkora ta berarekin artzak nere biotza... neriak egin dik... emendik aurrera Basojaun izan adi...

 

(Basojaun erortzen da.
Santzo aizkora eskutan duala etsayetara dijoa.
Intz ere antzoki barneko arkaitz batera igotzen da
atalan asieratik aratsaldia aurreratuaz illunabartzen ari du.
Intz-ek, dagon tokitik, Santzo ta bere etsayen arteko
burruka ikusten balu bezela larriturik dago,
batzutan estutzen da, bestetan poztuta
toki artatik Basojaunen aldera etorriyaz
oneri burrukako gora-berak erakusten dizka).

 

INTZ: Jaungoiko maitea... nere Santzo an dijoa... ene!, bat, bi, iru, lau... asko dira etsayak... nere mutilla jango dute... ara, bat jota bota du, ori dek ori!!... e! e!... bestiak, bi, iru, gañian dituk... bejondeikala!... Gogor ari dira; Santzoren aizkoraren txistua emendik entzuten det... bi edo iru bota ditu... e? nun dira, nun?... ara, berago joan dira... beso orren joera nork gelditu?... ekin... ekin!... zortzi gizon zer dira orrelako basotar batentzat?... bera dijoaz... etsayak oña atzera bota dute... bi edo iru besterik ez ditu aurrian... bestiak nun dira?... itzul egin nai dute... jo, jo, eldu, eldu... bota ditu, bota ditu... garaitu du... bat, bi, iru, lau... asko ziran... denak etzanda or daude...

 

(Au esanda Santzo-ren bidera balijoa bezela
alde artara itzul egiten du.

Bitartian Basojoaun-ek Intz-en esanez
zerbait gallendurik arkaitz aldera joan nai luke
baño ezin du, arrastaka bederik joaten asten da,
indarrez bere gorputza biartzen du,
puxka bat altxatzen da, baño bizirik gabe
aizkeneko arnasetan erortzen da, eriyotza datorkiyo;
Santzo-ren irrintzi zorrotza entzuten da.
Orkestan garaimen-soñu alditxo bat).

 

 

5. AGERRALDIYA

 

SANTZO ta INTZ

 

(Santzo ta Intz erestuaz aurrera datoz.
Santzo-k esku batian aizkora
ta bestian etsayen izkillu-ausi,
burnizko txapel zalpatua ta orlakuak dakarzki).

 

BIYAK: Basotarrak, len zeuden bezela azkatuak gelditu dira; betako euskaldun kutsutuak, arrotzakin naste dabiltzan oyek, guk nai degun artian ez gaitue menderatuko...

 

(Basojaun besotik erabilliaz).

 

        ... E!... zer da au... aita, aita?

INTZ: Zer dezu... naigaberen bat egin al zaizu?

SANTZO: Gogortua dago, au ez da naigabea, au eriotza da...!

INTZ: Ezin liteke, nere Jaungoiko maitia.

SANTZO: Bai il da, ta nik beragabe zer egin biar det?... Basojaun gabe umezurtz arkitzen naiz, orrela bizi baño ill nayago det...

INTZ: Ta bizi guztirako laguntzaz emen ez al naukazu ni, maite ez al nazu bada?

SANTZO: Bai maite zaitut... bañan zu aurrian ikusiyaz zure aitaren zitalkeriyaz nere Basojaun il dutela beti gogora etorriko litzaiket... zure odol ta neriaren tartian zorigaitzeko eriyotza jarri zaigu...

INTZ: Ene! bizi guztirako atsekabetasuna... betirako illunpea...

SANTZO: Gorputz maite oni lur eman biar diogu ... lurpeko baño obi ederragoa eman nai dizut... beti bizi izan zeran tokian gelditu bedi zure gorputza eriotzaren ondoren...

 

(Bere besotan artu ta eramaten du leitza-zulora:
Intz atzetik negarrez dijoa ta zuloko atian gelditzen da,
Santzo atera arte. Santzo ero baten antzera laxterka
ateratzen da, bere illeak len baño arrogoak daude,
bere begietatik txinpartak dijoaz; Basojaun-en aizkora
eskuetan dakar. Bat-batian Intz-eri ekiten diyo).

 

        ... zure aitak usteko zun orren eriyotza gertatu ezkero geyago Basojaun-ik etzala, betako gudari oyek ere ori usteko zuten... ez ba, ori il arren Basojaun ez da il.. orain ni naiz Basojaun, ta nere ondoren besteren bat izango da, mendi oyetan, baso beltz eder oyetan euzkotar zintzo bat dan bitartean Basojaun izango da...

 

(Mendi aldera asten da).

 

INTZ: Nora zoaz, Santzo, nora?

SANTZO: Basoan barrenago, mendian gorago, beko ergelkeri ta arrotzaletasunak oneraño iritxi dira... emengo artzayak ere beko gaitzez kutsutu dira, ni emendik banua.

INTZ: Bañan maite ez al nazu?... ez al gera beñere alkartuko?

SANTZO: Nork daki!...

 

(Mendiyan gora erestuaz dijoa;
Intz-ek, negarrez, urrutira jarraiten diyo).

 

                Arrano beltza menderatuta

                Katez lotu nai dubenak

                Mendi gañeko arkaitz aundira

                Iyo biarko du neketan

                Betor onara, diyo arranuak

                Gelditu gabe kezketan

                Nere biziko azkatasuna

                Ez det galdu nai ezertan.

 

(Amaitza ontan guzian Santzok Basojaun biurturik
onen doñuak biltzen ditu ta ayek erestuaz
antzokitik joaten da; Intz atzetik du.
Bere aizkeneko irrintzi ta orru ikaragarriak
urrutiratuaz entzuten dira ta mendiz-mendi
basoz-baso berriztuaz entzuten dira;
Orkestak bein da berriz jotzen ditu,
Basojaun il arren, bere gogoa, bere izaera bizi dala
ta euzko mendiak diran arte biziko dala erakutziaz.

Zapia jetxi ezkeroz doñu oyek gutxituaz amaitzen dira).

 

aurrekoa