www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aphezen dretxoak eta eginbideak eletzionetan
Laurent Diharasarri
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aphezen dretchoac eta eginbideac eletzionetan, Laurent Diharassarry. Laserre liburu egilearen baithan, 1890.

 

 

aurrekoa  

APHEZEN
DRETXOAK ETA EGINBIDEAK
ELETZIONETAN

 

        Deputatu Jaunak,

        Aphezak, eletzioneri buruz, har ditzake edo elizan, beren apheztasuneko egitekoetan, edo elizatik eta apheztasuneko egitekoetarik kanpo.

        Har detzagun lehenik, elizatik, apheztasuneko egitekoetarik kanpo.

        Diot aphezak, orduan, baduela nor-nahik bezenbat ikusteko, herriari, Frantziari behatzen zaizkon gauzetan. Gauza hetan sartzea aphezaren dretxoa da; da haren eginbidea. Gauza hetan ez sartuz, huts egin lezoke bere herriari zor dion amodioari.

        Bai aphezaren eginbide hertsia, eta baitezpadakoa da, bere jakitatearen eta indarraren arabera, bere egin ahalak egitea herriaren, Frantziaren onetan.

        Beraz, bai herriko kontseiluko edo kontseilu jeneraleko gizon baten, bai deputatu baten hautatzeko tenorea heldu denean; aphezak badu bertze boz emaile guziek duten dretxo eta zuzen bera, hoberena zaion gizonarentzat bere bozaren emaiteko.

        Eta dretxo hori duenaz geroz, bixtan da horri darraikon bertze dretxo bat ere baduela: dretxoa, bertze boz emaile guziek bezala, ezagut-arazteko bere boza norentzat eman gogo duen, eta bertze zuzenez egiten dituzten guziak egiteko, berak nahi duen harri ahal bezenbat boz emanarazteagatik.

        Egia hori ezin ukhatua da, ez badiozkatzue aphezari khendu nahi legeak Frantziako seme guzieri emaiten diozkaten dretxoak. Ez dakit hortaraino helduko zareten egun batez! Naski bai, oraiko sailari jarraikitzen bazarete. Bainan orainokoan ez duzue holakorik egin; eta gauzak hartzen ditu orai diren heinean.

        Aphezen dretxo hori aithortzen du Gambetta-ren dizipuluek egina den gazeta gorri handi batek berak: «Apheza, zion Errepublika Frantsesak, Frantziako seme guziak bezala zuzenez sar ditake eletzionetako guduan; erran dezake norentzat emaiten duen bere boza, eta zertarako.»

        Norentzat eta zertako! Ez dugu bertzerik galdegiten. Hori, bere iduriko, bixta den gauza da.

        Gauza horren ukhatzeko, behar litake frogatu aphezak deus ikustekorik, deus intresik ez duela eletzionetan, eta beraz ez duela zeren sar eletzionetako guduan. Bainan nola erran ditake holakorik?

        Hasteko, aphezak badu bertze Frantses guziek duten ikusteko edo intres bera; eta hura da, Frantziako aferak, nahiz erresuma barnekoak, nahiz kanpokoak, esku onetan aurkhi dadien. Bai hori aphezaren intresa eta ikustekoa da, zergak pagatzen dituenaz geroz, eta atxikia denaz geroz Frantziaren ohoreari.

        Beraz aphezak, edozein bertze Frantsesek bezen ongi, egin ahalak egin detzazke, deputatutzat eta kontseilaritzat izendarazteko gizon argituenak, segurenak, bere ustez herriari eta erresumari ohorerik eta abantailik gehiena ekharriko dioten gizonak.

        Ez dut aski erraiten.— Frantses guziek duten intres hortaz bertzalde, aphezak, preseski aphez delakotz, badu eletzionetan, beretzat eta bere aphez lagunentzat, intres berezi bat.

        Horrek harritzen zaituzte? Bizkitartean, langilek, ofizialek, laborariek, etxeko jaunek, horiek guziek beren intresari eta berak bezalakoenari behatzen diote; eta eletzionetan intres hura, beren on hura ahalaz bilhatzen dute, intres hura ezagutzen duten, on hura beren ustez emanen dioten gizonak hautatuz. Nork erranen du hori gaizki dela? Bakotxak bere ona, eta bera idurikoena bilhatzea, hori zuzen da, eta hortarat ekhartzen gaitu naturalezak berak.

        Eta zertako bertzentzat on eta haizu dena, ez ditake hala aphezentzat? Zer! eletzione batzuetan badire konparazionera: alde batetik, Elizarekilako bakea hautsiko dutela, eta aphezeri paga khenduko diotela, goraki dioten gizon batzu; bertze aldetik, gizon batzu gauza horiek errespetatuko eta atxikiko dituztela hitz emaiten dutenak:— (gauza horietan ikusteko eta intres gehienik dutenak aphezak direla, bixtan da! eta halako gizonen artean, aphezak ez luke dretxoa bere egin ahalaren egiteko batzuen alde, eta bertzen kontra! Bainan hori ez litake xoilki injustizia; litake zorokeria, eta zorokeriarik handiena!

        Huna beraz lehenbiziko phondu bat osoki, eta dudarik geldi ez ditaken bezala, argitan ezarria: Elizatik kanpo, bere apheztasuneko egitekoetarik kanpo, aphezak edozoin bertze Frantsesek bezenbat dretxo badu, bere ustez erlisionearen eta Frantziaren intresak hobekienik atxikiko eta zainduko dituzten gizoneri bere bozaren emaiteko, eta hekien alde ahal bezenbat boz biltzeko, hartarakotzat egiten dituelarik bertzek zuzenez egiten dituzten guziak.— Ikus dezagun orai zer dretxo eta eginbide duen aphezak, eletzioneri buruz, elizan, bere apheztasunezko egitekoetan.

        Aithortzen dut hemen bidea ez dela hain zabala, eta aphezak kasu gehiago egin beharko duela. Ez bizkitartean gobernamenduarenganik hartzen duen diruarengatik: 900 libera urthean erretor batentzat, gauza gutia da; eta, duela ehun urthe, erreboluzioneko gizonek berek erretor bakotxari 1.200 libera emaiten ziozkaten. Bainan eman dezagun hainitz dela. Hainitz edo guti, diru horrek, gan den mendearen azkenera Elizari khendu ziozkaten ontasunetarik, eta ontasun hekien errenta gisa emana den diru horrek, deus ez du egiten orai mintzo naizen gauzan. Diru hori hartzen duelakotz, apheza ez da batere gobernamenduaren enplegatu eta gizon bilhakatzen.

        Gobernamenduaren enplegatu eta gizon izaiteko, behar da baitezpada eskuetan izan gobernamenduak emanikako zerbeit ahal edo indar. Alta, egungo egunean, aphezpikuetarik hasirik eta azken erretoretaraino, eliza gizon bihi-bati ez dio deusetan den gutineko indarrik edo ahalik emaiten gobernamenduak.

        Apheza Elizaren enplegatua eta gizona da, baina ez gobernamenduarena. Ez diote, ez errepublikako presidentak, ez haren ministroek, aphezpikueri eta aphezeri emaiten, Ebanjelioaren irakasteko, sakramenduen emaiteko, beren diosesetako eta herrietako fededunen zerurat bidatzeko ahala eta dretxoa.

        Holakorik erraitea haurkeria litake eta bitxikeria.

        Aditzen dut norbeitek erraiten, errepublikako presidentak izendatzen dituela aphezpikuak. Izendatzen, ez; hautatzen xoilki eta berexten, eta gero bere hautua Aita Sainduari ezagutarazten. Bainan hori, dakizuen bezala, ez da norbeiti aphezpikutasuneko ahalaren eta indarraren emaitea.

        Beraz ez du, gobernamendutik zerbeit diru hartzen duelakotz, aphezak eletzioneri buruz zuhurtzia eta kontu berezi bat ekharri behar, elizan bere apheztasuneko egitekoetan; ez, kontu eta zuhurtzia berezi hori ekharri behar du, aphez delakotz, eta begiratu behar duelakotz arimak kasurik egin gabe eta nola-nahizka zauritzetik; ezen arima hek harren beharra izan dezakete salbatzeko.

        Horra zertako, eletzioneri buruz, aphezak prediku alkitik ez duen nihor izendatu behar. Ez, ez zaio haizu (ikusten duzue lañoki eta garbiki mintzo naizela), ez zaio haizu erretor bati erraitea prediku alkitik bere herritarreri: Zuen boza emanen duzue holakoarentzat edo halakoarentzat. Hori ez da haizu, duela zonbeit denbora Aita Sainduaren partez Erromatik igorria izan den letra batek dakharkenaren arabera. Huna zer dion letra hunek:

        «Aphezek ez dezatela prediku alkitik sekulan nihor izenda, eta gutiago oraino nihoren ohorerik gal, eletzioneri buruz. Elizaren ministroak ez dire eletzionetan beren karguak emaiten dioten zonbeit gauza bereziren ardiesteko, bainan xoilki holakoaren edo halakoaren izendatzea erlisionearentzat kalte litakenean.»

        Beraz aphezak, eletzioneri buruz, ez du nihor predikutik izendatu behar, bai bere apheztasunak berak hala manatzen diolakotz, bai Elizaren buruzagiek hori debekatzen dutelakotz.

        Bainan nihor izendatu gabe, ez othe dezakete, aphezpikuek beren manamenduetan, aphezek beren igandetako predikuetan, giristinoeri erran: Orhoit zaitezte boz emaitea ez dela nola nahiko gauza bat, bainan gauza bat kontzientziari handizki behatzen zaiona, kontzientzia handizki ukhitzen duena; orhoit zuen boz emaitez kondu bihurtuko diozuela Jainkoari; partalier, partzun zaretela zuen boz emaitetik ethorriko diren gaitz eta kalte guzietan, eta hortakotz ez zaitzuela haizu zuen boza emaitea, Elizaren irakaspenen eta obren etsaieri?

        Bai segurki, hori egin dezakete; badute segurki hola mintzatzeko dretxoa.

        Dretxo horren ukhatzeko, behar litake frogatu: edo kontzientziak ez duela deus ikustekorik boz emaitetan, edo aphezak deus ikustekorik ez duela kontzientziari behatzen zaizkon gauzetan.

        Baina bi gauza horiek nihork ez ditu frogatuko ezen bixtan da ez ditazkela horiek hola izan. 1. Apheza deus ez da, edo haren eginbide lehena eta baitezpadakoa da, giristinoeri irakastea zer egin behar duten, bai bakharzkako gauzetan, bai familiako, bai herriko eta erresumako gauzetan, ezen horiek guziak sartzen dire giristino biziko eginbidetan.— 2. Halaber, Jainkoaren legea eta kontzientzia deus ez dire, edo aithortu behar da kontzientziari handizki behatzen zaion gauza; kontzientzia gehienik uki dezaketen gauzetarik bat dela boz emaitea; ezen boz emaitek erranen dute, heia herrietako eskolak giristinoak izanen diren ala Jainkorik gabekoak, heia aphezik gehiago egiten ahalko den ala ez, heia gure erlisione sainduko zeremoniak agerian, kanpoan egiten ahalko ditugun, ala gure elizen barnean hertsirik idukiko gaituzten, handik ere gero kasatzeko, 1793an bezala. Bai, gaitz horiek guziak eletzionek ekhar detzazkete.

        Alta, gauza horiek ez balin bazaizko kontzientziari behatzen, zer da bada kontzientzia? Eta gauza horietan ez balin badu erlisioneak ikustekorik, zertan bada izanen du erlisioneak ikustekoa?

        Beraz, dudarik batere gabe, aphezpikuek beren manamenduetan, aphezek beren predikuetan, badute segurki dretxoa, nihor izendatzen ez dutelarik, giristinoak bi gauzez orhoitarazteko: 1. hekien eginbidea dela bozaren emaitea; 2. hekien eginbidea dela, sekulan beren bozik ez emaitea Elizaren eta erlisionearen intresen kontra diren gizoneri.

        Bai, hori aphezpikuen eta aphezen dretxo ezin ukhatuzkoa da.

        Hori da aphezpikuen eta aphezen eginbide hertsia eta sakratua.

        Eta aphezen dretxo hori, non nahi mundu guzian, salbo Frantzian errepublikano andana batek, gizon argitu guziek onhesten dute eta onhartzen.

        Ez naiz mintzo libertate hainitz den erresuma batez, Angleterraz.

        Han, eletzionetako, erlisioneari behatzen zaizkon gauzetarik kanpo ere, aphezek nahi dutenen alde indar egiten dute, eta nihor ez da hortaz harritzen ez asaldatzen; nihork, berrogoi urthe huntan, ez du bozik altxatu erraiteko, aphezek ez dutela herriko, erresumako gauzetan, legeak dakharken bezala, sartzeko eta indar egiteko zuzena.

        Bainan huna bertze erresuma bat, zointan segurki ez baita sobra libertate; erresuma hortako gobernamendua bere dretxoak oso osoa zaindu eta begiratu nahia da, eta arrazoin du; ezen utzi behar dire gobernamenduen gizonak beren sailean, nola aphezak berenean: badituzte batzuek eta bertzek beren egiteko bereziak.— Nahi duzue beraz jakin zer iskribatzen zuten Prusiako aphezpikuek, Koloñako arxaphezpikua aintzindari, 1888an, eletzione handien besperan? Huna:

        «Boz emaitea kontzientziaren eginbide bat da. Boz emailek hautatu behar dituzte giristino onak, erlisionea eta Jainkoaren beldurtasuna nazionen zimendurik eta indarrik hoberenak direla daukaten gizonak, eskoletan katixima eta othoitza atxiki nahi dituztenak, eta Elizaren bethiereko dretxoen alde agertuko direnak; gizon batzu deusek zeiharraraziko ez dituenak egiarentzat eta justiziarentzat gudukatzetik. Aphezek bezenbatean, fida gare, ez bakharrik berek beren boza emanen dutela, bainan oraino, zuhurki eta gauzak ikusiz, bai beren etsenpluez bai beren hitzez, egin ahala eginen dutela, nahiz Jainkoaren nahiz enperadorearen aldera ongi ekharriak diren gizonen izendatzeko.»

        Frantziako aphezpikuek ez dute bertzerik erran azkeneko eletzioneri buruz. A! erran balute: bozak ematzue erregerentzat, errepublikaren kontra; orduan zuen errenkarak eta sumindurak onhar netzazke. Bainan ez, urrun da: gauza horietan, alainanbada, bakotxak hoberena zaion alderdia atxik dezake; bainan ez dire horiek predikuetako irakaspenetan sartzen diren gauzak.

        Eta horra zertako ez duen aphezpiku bakhar batek ere erran, bozak eman behar zirela erregeren alde, errepublikaren kontra; nihon, aphezpikuen manamenduetan, ez da gauza hori aiphatua ere.

        Frantziako aphezpikuek erran dute xoilki Prusiakoek 1888an ziotena:

        Bozak emotzute egiazko giristino diren gizoneri, eskoletan katixima eta othoitza atxiki edo ezarri nahi dituzten gizoneri. Elizaren dretxoak eta erlisionearen intresak zainduko dituzten gizoneri.

        Ez balire hola mintzatu, ez zuten beren eginbidea betheko, eta zaindu eta begiratu behar zituzten ontasunak, etsaien eskuetarat utziko zituzten eta berek emanen.

        On da ikus dezagun nola mintzo diren aphezpikuak bertze erresumetan ere, ezagutzeagatik Frantzian, errepublika dugularik, ez dugula erregen eta enperadoren azpiko diren asko lekutan bezenbat libertate eta dretxo.

        — Huna zer zioten 1885ean Autrixiako aphezpikuek, eta nihork ez zuen han gaizki kausitu:

        «Orai izendatuko ditutzuen deputatuek legeak eginen dituzte, bai eskolen gainean, bai ezkontzaren gainean, bai Elizaren eta gobernamenduaren arteko aferen gainean. Hortarik ageri da, zoin gauza premiatsua den deputatuen izendatzea; ezen nolakoak ere izanen baitire deputatuak, eta halakoak izan dire hek egin legeak, arbola onak fruitu onak ekhartzen dituenaz geroz, eta arbola tzarrak fruitu tzarrak. Beraz, bai mundu huntako bai bertzeko zuen onetan, hautatu behar ditutzue gizon batzu, ez xoilki argituak, bainan oraino zin zinez katholiko direnak, eta beren herriaren edo erresumaren ongiari atxikiak.

        »Eta nola on eta behar baita guziek, zuen bozak barraiatzeko orde, giristino on berari eman detzotzaen; eta nola maizenik ez baitzinakikete nori eman, kontseilu galde zozue zuen erretorari, edo bertze kontzientzia zuzeneko zonbeit gizon argitueri: eta bozak eman hek erran bezala. Norbeitek bere boza emaiten balio erresumaren ongi egiazkoa nahi ez luken gizon bati, harrek bekhatu egin lezake, egin lezake huts handi bat bere herriaren, Elizaren eta Jainkoaren aldera.»

        Horra zer zioten Autrixiako aphezpikuek; eta sekulan Frantziako aphezpikuek ez dute gehiagokorik erran.

        Hola hola mintzo dire Espainiako aphezpikuak: «Ez eman sekulan zuen bozak egiazko katholiko ez diren gizoneri. Emaiten badiozkatzuete, zeronek egin ez ditutzuen hainitz bekhatu, Jainkoak bizkitartean zuen gain emanen ditu, zeren zuek izendatu gizon hek eginikako gaizkian parte baituzue.»

        Orai artio ez naiz mintzatu errege baten edo enperadore baten azpiko diren nazionez baizik. Bainan errepubliketan ere bardin, salbo Frantziakoan, nihork ez du ukhatzen aphezek irakats dezoketela giristinoeri, sekulan ez zaiotela haizu bozik emaitea Elizaren dretxoen eta erlisionearen intresen kontra diren gizoneri.

        Ez naiz mintzo Nort-Amerikaz; guziek badakigu nihon ez direla aphezak han bezenbat eletzionetako guduan sartzen.

        Aditzen dut norbeitek erraiten, Nort-Amerikan ez diotela gobernamenduak aphezei dirurik emaiten. Badakit, bainan zertako ez diote emaiten? Huna bi hitzez: Zeren ez baitiozka han, Frantzian bezala, gobernamenduak Elizari bere ontasunak hartu eta khendu. Hemen ere bihur ditzagutzue gure ontasunak, edo bederen parte; eta ez dautzuetegu arditik galdeginen. Uzten dut beraz Nort-Amerika, eta heldu naiz Suisara. Huna nola mintza zitzaioten Jenebako aphezpikua bere diosesako giristinoeri, eletzionen aintzinean:

        «Giristino bakotxak, boz emaitean, eginbide bat bethetzen du; eta bere bozaz kondu zor dio bai Jainkoari bai bere herriari. Ez zaio haizu, —eta bekhatu da— ez zaio haizu, bertze askok hala egiten dutelakotz, bere boza ez-axolakerian, itsura bezala emaitera; ez zaio haizu bere boza saltzea, eta emaitea beren abantaila baizik bilhatzen ez duten, eta gure dretxoak eta libertateak mendratu edo ezeztatu nahi lituzketen gizoneri.

        »Niri dago, Elizaren manuz, zuen argitzea eta xuxen bidatzea; niri, Elizaren libertatea ahalaz osorik atxikitzea: eta horra zertako orhoitarazten zaituztedan sobra maiz ahanzten eta hausten den eginbide hortaz.»

        Hori ber-bera zioten Frantziako aphezpikuek, azkeneko eletzioneri buruz.

        Nola bada bertze toki guzietan ontzat eta haizutzat atxikia den gauza, ez litake hala Frantzian? Bainan, Jaunak, hori litake aithortzea: Frantzian libertate gutiago dela, ezen-ez Angleterran, Nort-Amerikan, Prusian, Autrixian, Italian, Espainian, hitz batez, edozein tokitan. Hori errazue, zuek, nahi baduzue; nik ez dut berritz erranen: ahalge nintake Frantziarentzat eta zuentzat.

        Eta orain akabatzeko, eman dezagun, han hemenka, zonbeit aphez eletzioneri buruz bizikixegi mintzatu dela; diot, eman dezagun, zeren ez baita batere gauza segura. Bainan bai, eman dezagun hemen edo han, aphezenganik zonbeitto behar ez ziren solas athera direla. Zer dire horiek, zuen gazetek denbora berean erlisioneari egin dioten gerlaren, erlisioneari burrustan artiki diozkaten laidoen aldean!

        Zer! hamar urte huntan gerlan hari zarete Elizaren, haren irakaspenen eta obren kontra.

        — Serorak khendu ditutzue Pariseko eta bertze asko hiri handietako ospitaletarik; bai, serorak erien aldetik urrundu ditutzue, nahiz mediku gehienek eta famatuenek han atxikitzea nahi zuten.

        — Eskoletarik othoitza eta katixima khendu ditutzue; eta hori, bardin katholikorik baizik ez den tokietan, aditu eta onhartu izan nahi gabe aita familiakoen eta herrietako kontseiluen galdeak.

        — Aphez-gaiak urthe batentzat kazernarat igortzen ditutzue, eta horrengatik ez da aphezik aski egiten.

        — Soldaduko lehen horren bidez, suntsituko ditutzue misionest kongregazione miragarri batzu, mundu guzian Frantziaren izena eta amodioa hedatzen dutenak.

        — Erretoreri khendu diozuete, eta egun oroz khentzen, zor diozueten paga; eta horren egiteko ez duzue zuen alde legearen itxurarik ere: ezen 1813eko legea mintzo da xoilki beren herria eta kargua utzi dituzten erretorez.

        — Azkenekotz, diozue beti, hautsi behar duzuela Aita Sainduarekin eginikako antolamendua, konkordata deitzen dena, eta aphez guzieri khendu behar diozuetela beren paga.

        Eta horiek guziak egin ditutzuenean, horiek guziak egin gogo ditutzuela irakusten duzuenean, bitxi eta gaizki zaitzue, horrela pairarazten eta zauritzen ditutzuen bihotzetarik, zenbait errenkura eta oihu garratxko atheratzea! O! hori ez da zuzen, ez eta ere zuzenaren aldeko.

        Akabo dut; huna bi hitzez erran ditudan guziak:

        — Elizatik kanpo, bere apheztasuneko egitekoetarik kanpo, aphezak, eletzioneri buruz, baditu bertze edozoin Frantsesek dituen dretxo berak.

        — Elizan, bere apheztasuneko egitekoetan, aphezak ez du nihor izendatu behar; bainan badu dretxoan giristinoeri erraiteko: hekien eginbidea dela bozaren emaitea, eta sekulan ez emaitea Elizaren dretxoen eta erlisionearen intresen kontra diren gizonentzat.

 

* * *

 

        Irakaspen horren ondotik, eta, beharrik balu, horren osoki finkatzeko bezala, iduritzen zait ederki heldu direla, duela bi hilabete, Aita Sainduak mundu guziari adiarazi diozkan hitzak. Huna iguzkia bezen argi diren hitz hek; boz emaile giristinoek ez lituzkete sekulan ahantzi behar:

        «Giristinoek sustengatu behar dituzte zuzentzat ezagutuak diren, eta Eliza katolikoaren alderdia atxikiko duten gizonak; eta sekulan, zer nahi arrozoin izan dezaten, ez zaiote haizu, hek utzirik, hautatzea erlisionearen kontrako gizonak.»

 

aurrekoa