BIGARREN ZATHIA
Toki berian eta oren baten buruan.
LEHEN AGERRALDIA
Xalbaten langilliak eta Xalbatek aldaria barraiatzen dute eta phazotak atheratzen dituzte. Emaztekiek mihisiak billzen eta malgutzen. Untziak eta aphaindurak beren etxetarat erematen. Ostatuko sehiek, aldiz, dafallak hedatzen dituete gibeleko mahañen gañian eta, exkerretarik, asto batzuen gañian, mulxatzen botilla arno eta limonadak.
Amatxi, arras ilhundua, gemen handirik gabe hari da sehien manatzen, sukaldeko leihotik, eta zalu sartzen da.
KANTARIAK:
Unzi, belus, oihal fiñak,
Lore zillarrez egiñak;
Ogi buru, mahats mulkho
Aldare huntan zauztenak
Jainkuaren ohoratzeko,...
Orai, lehengo kutxetan
Sarthuko zaizte betbetan,
Eta, egun beziñ frexko,
Bertze besta berrietan
Zaizte argirat illkiko.
Unzi, belus, oihal fiñak,
Lore zillarez egiñak,
Ogi buru, mahats mulkho,
Zauzte orai beziñ frexko
Heldu den urtheko.
Urruntzen dire. Bi emazte eta bi langille badaudez. Xalbat jarraikitzen da bere bertze gizoneri eta hejan sartzen dituzte aldare eta phazotak.
Amatxi agertzen da ezkaatzeko athian.
BIGARREN AGERRALDIA
Berak — Amatxi
LEHEN EMAZTIAK:
Amatxi? Zure untziak
Norako diren... errazu.
AMATXI:
Untzirik ez dut.
BIGARREN EMAZTIAK:
Behazu.
Aldarian diren guziak
Zuk eskañiak ditutzu.
LEHEN LANGILLIA:
To! Amatxi ez orhoitzen.
LEHEN EMAZTIAK:
Etzajo ba maiz gerthatzen.
AMATXI: (ez horturik)
Ezar atzu sellaruan.
BIGARREN EMAZTIAK: (harriturik)
Hor bai! Nor nahik hausteko!
AMATXI: (zainhertsu)
Nahi dukezun xokhuan
Ez naiz orai hortarako...
LEHEN EMAZTIAK: (etxia erakusten diolarik)
Hor ongi ditazke naski...
AMATXI: (nardatua)
Jainkuatz! Jainkuatz! Jainkuatz! Aski!...
Amatxi gan da, asmatsuturik atheladaraño eta ez da handik mugitzen.
HIRURGARREN AGERRALDIA
Berak — Bañan Amatxi ixilik eta Xalbaten langilliak, ostatuko sehiekiñ eta emaztiekiñ araldatuak.
EMAZTIAK: (aphal)
Izan behar du zerbeit goguan
Unzi haukien arbujatzeko.
Etzen agertu nihoiz holako
Trenpu xoruan.
GIZONAK: (eskarnioz)
Baditazkela gure munduan,
Dirua lekhat, gauzarik asko
Indar hobenen atzarrazteko
Duke buruan.
Denek gizonen kopla errepikatzen dute. Amatxi aitziñatzen da eta malzurki lehen koplako bortz phersu azkenak kantatzen dituzte.
Unzi, belus, oihal fiñak etc.
Amatxi begiz jarraikitzen zajote, aldare alderat doazilarik, eta, batere ohartu gabe, badoha berritz ere athaladaren alderat.
LAURGARREN AGERRALDIA
Maider, nexkatxak eta nexkak bezperetarik itzultzen dire.
Berak — Maider — Klara — nexkatxak.
KLARA:
Zer begitartia daukazun, Maider.
Besta egunian etzauku eder
Gure lagunik maitatuenak
Ilhun detzan gau illhunak.
MAIDER: (hirri erkhaitz batekiñ)
Ez naiz ni, orai, aixtian nintzana?
KLARA:
Argi eta legun, kantutto batekiñ
Nola doan urhandia,
Zuk ere zinduen, arrai eta ariñ,
Jarraiten zure bidia...
Bañan, zimurtzeko harek aski baitu
Iñare baten hegala,
Xori beltx bat deia zutan pulunpatu
Uraren barnian bezala?
MAIDER: (hunkitua)
Ez: Xori xuri bat hasi da kantatzen
Kaiola hetsi batian.
Haren bozaz hurbill zitakenik etzen
Oraño gure artian.
Eta behazue nahasi ez naizen
Xori horren enzutian.
NEXKATXAK:
Idekazu kaiola,
Xori hoi gan dadila
Lehen zagon tokirat.
Holako boz ederrik
Etzazula zutarik
Berritz utz hurbilzerat...
Gazteriak behardu
Hirriz burua galdu,
Sekulan atsekabez:
Beraz kanta dezagun
Eta ez gorri egun
Bi begiak nigarrez.
KLARA:
Laster hor dire soñulariak.
NEXKATXAK:
Egungo zaja xuriak
Etxian utziren ditugu.
Eta, aldatu orduko,
Brixt batez gare hunako.
Biba gu! Maider! Biba gu! —
Maiderrek eztiki behatzen diotelarik, eskuz esku ematen dire, nexkatxak, eta itzulika inguratzen dute, kantatzen dutelarik.
Biba gu! Maider! Biba gu! —
Nexkatxak urruntzen dire. Emaztiak eta Xalbaten langilliak aldareko azken puskak deramazkate. Xalbat agertu da doi doia hejako athian eta Maiderri behatzen dio; bañan Amatxi itzuli baitzen, nexkatxak dantzan hari zirelarik, Xalbat gordetu da.
BORTZGARREN AGERRALDIA
Amatxi — Maider
Maider, etxerat sartzeko hiñian. Amatxi aintziñatu da eta begien erdirat behatzen dio bere alabatxiari.
MAIDER: (izituxia) Asarre zare óraño, Amatxi?
AMATXI: Badut zeren. Hola eskolatu zaitut bada nik?
MAIDER: Zer nahi duzu erran?
AMATXI: Hau kopeta!
MAIDER: Zertako mintzo zare hoin garrazki? Bazindaki zer bihotzmiñ deramatan proasionerat!
AMATXI: Ez othe zaut aingeru bat hari? Uste duzu, ziñez, begirik eta zentzurik eztudala? Noiztik, zure amaren eta nere ixilik. Xalbatek burua nahasten edo itzultzen dauzu?
MAIDER: (harritua) Ikhusi gaitutzu?
AMATXI: Etzen gaitz! Ahalkagarriak zuek! Denen bixtan!
MAIDER: Gaizki egiten ginuen?
AMATXI: Etzazula bada bildotx itxura hori har enekiñ? Eztakizu neskeri zillegi etzaiotela mutillen solas eztieri beharriaren ematia burasoen aitziñian baizik? Eta zu?... Zer itsuskeria!
MAIDER: (eztiki) Nork asma zezaken zeletatzallerik bazitakela?
AMATXI: (muthiriki) Etzaituztet zeletatu! Ausartak zuek: Etzaizte zeletatzekuak! Aski zabalik zuen bihotzak hedatzen ditutzue... O!... Orai arte, zenbeit aldiz astirokiago ahantzi ahal zaizte holako hitzketa galgarrietan!... Nola erastatu naukezuen!...
MAIDER: O! O! Zu, Amatxi? Hoinbertze maite izaki eta nik irriztatu behar zintudan... eta zergatik? Egia da Xalbatek ez dautala hitzik aiphatu egun arte... Eta... eztakit nola menturatu ahal den, astian erran dauzkitanen erraterat. Eta nik nola ihardetsi diot? Siñets nezazu, Amatxi maitia: Garhait etzitaken indar gorde batek bat bertziarenganat egotzi gaitu...
AMATXI: (samiñki) Hola? Lipar batez? Gizon gazte baten hatsak berak xoratu zaitu? Ez eni holakarik saka! Aspaldian balakatua eta liluratua zare, xorittua! —
MAIDER: (histurik) Zein dohakabe naizen zure damuztatziaz egite ustekabezko horrengatik: Jakiterat gaitzetsiko zinduela, ez nituen diozkatzun beharriak idekiko Xalbatez zinituen laudorioeri.
AMATXI: Nik?
MAIDER: Nola haur erorkor eta herbal bat egon zitaken, zuk hoinbertze prezatzen zinduena prezatu gabe?
Kantatzen du.
Etzen zuretzat bertze gazterik
Herri guzian,
Xalbat zurgiña bezalakorik!
Haren sortzian
Ausarki zaizkon aztiak eman
Dohañ leherra:
Beso hazkarra
Lanaren kharra
Gorphuz ederra...
Etzitzaioken hutsik hatzeman!...
Eta ni, orai, holako
Solasak utzi orduko
Beharritik bihotzerat
Bat banazka erorzerat...
Othoi! Amatxi zertako
Hoinbertze higuñtzen nauzu?
(eskuak harturik)
Othoi! Othoi! Erradazu!...
Amatxik borthizki urruntzen du. Maider dago bere tokian, irainztatua.
AMATXI: (borthizkiago)
Ixilik zaude, malzurra.
Iduri eta elderra
Zure ahottuak gezurra
Bethi danik badario.
Hitzetan amultsuenak,
Lausengutan gozoenak,
Hirrietan eztienak
Etzauzkitzue kario...
Bañan badakit oraitik
Zer pekatu bihotzetik
Behar nuken, zuengatik,
Deus bazindute balio...
MAIDER:
Prezatzen nauzu itsura...
AMATXI:
Malzurra! Maider! Malzurra!
MAIDER: (nigarrez)
Amatxi, behazu
Ene nigarren gezurra!
Xalbatek, nigarrez ikhusten duenian, sartzen da.
SEIGARREN AGERRALDIA
Amatxi — Maider — Xalbat — Katixa (leihuan)
XALBAT:
Amatxi, barkha ezozu.
AMATXI:
Zertan sartzen zare zu?
XALBAT:
Ni naiteke hobendun!
KATIXA:
Gaxuxa? Zer dun? Zer dun?
Bakia gan da hemendik...
Zerk ganazazidu?...
MAIDER: (eztiki)
Nik! —
XALBAT:
Ez zuk eta ez nik
Ez dugu hobenik...
Berritz kantatzen du lehen zathi hamaborztgarren agerraldiko kantua.
Amodioa sarthu da gutan
Uda berriko gau eztietan.
XALBAT ETA MAIDER:
Zure gerizan gindauzilarik.
Egunez egun, guk jakiñ gabe,
Gathe lehena porroskaturik
Gure bihotzez egiñ da jabe...
AMATXI: (Maiderri)
Amodioa agiñtzen zautan
Jaun hunek berak sei urthe huntan
Ene gerizan zindauztelarik...
Egunez egun, nik jakiñ gabe,
Gathe lehena porroskaturik
Zure bihotzaz egiñ da jabe.
Hiruek batian errepikatzen dute.
AMATXI: (fuliatsu)
Amodioa agiñtzen zautan.
Jaun hunek berak sei urthe hautan!...
MAIDER: (harritua)
O! Xalbat! Xalbat! Zer egiñ duzu?
AMATXI:
Zuri bezala hitz eder batzu
Hoinbertze urthez erran onduan,
Hori egiñ daut. Etzen munduan
Zuetaz kanpo maita nukenik...
Eta zuetaz behar dut ba, nik,
Hola pairatu?
MAIDER:
Barkhatu.
Nik ez nakien.
Patziku eta Xanxiñ sartzen dire.
AMATXI:
Gezurti txarra!
ZAZPIGARREN AGERRALDIA
Berak — Patziku — Xanxiñ
XANXIÑ: (kantaz)
Zer derabillkate hor?
PATZIKU:
Uharra!...
MAIDER: (bere osabarenganat hurbildurik)
Badakit orai zertako
Izitu naizen osaba!
XANXIÑ:
Itsuskeri bat iñ dako
Haur hunek, huni, beharba?
Zer da ba, Maider? Holako
Amatxi dautzutanian
Berezi sor egunian
Etzauzke ba belhauniko
Ezpañik ideki gabe?
(Katixa erakustiarekiñ.)
Hau laneko ahalgabe...
PATZIKU: (hitza hausten diolarik)
Hi berritz lanak unhatzen...
XANXIÑ: (ezpalu enzun bezala)
Hola bauzu sariztatzen!...
PATZIKU:
Utzak hortan, Llarru, hire predikua.
XALBAT: (hastiatuki)
Ziñez... eman zaio!...
PATZIKU:
Ez duk hau lekhua!
AMATXI: (Patzikuri)
Ematen diozu, Maiderri eskua?
PATZIKU:
Ez batek, ez bertziak ez duzue hutsik:
Bihotzen heztallia —haur itsu bat omen—
Berriki, hegalka, phausatu da hemen.
Zer egiñ zitaken hari buruz? Deusik.
Bakharrik aski da denen itzulzeko:
Semetxi, osaba, illoba, amatxi,
Adixkide, koñat, anai, alabatxi...
Denak on baitzaizko.
(Amatxiri)
Ez amor eman mendekuari:
Haur itsua hor hirriz da hari!...
AMATXI: (saminki) Hoin botheretsua delakotz, ezniozaken erran haur itsuari kanporat gan zadiela! — Bañan etxeko andre bainaiz ni hemen, eztut onhesten jaun anderetto haukiek bethe dezaten ene egoitza beren zorionaz. Har bezate beren amodioarenzat bertze lekhukorik.
MAIDER: (othoiztuz) Amatxi! Amatxi!
AMATXI: (idorki) Aski zinkuriñ! Lanian badakizu. Zure erhiek irabaziko dauzkitzute behar ditutzunak.
XANXIÑ: Eta gu? Katixa eta ni?
AMATXI: Katixa alabarekiñ... Zu, giza gaizua lanerat. Xalbatek zur karraiatzalle bezala ahal duke zure doia.
XANXIÑ: Ez dut baitezpada lan hañitz behar denboraren iragaiteko.
PATZIKU: (hirriz) Hori!...
XANXIÑ: Horra, Maider, zer dakarkaten zure balentriek!
XALBAT: Gure ezteiak aitzinatuko ditugu, Maider.
MAIDERREK: (gogoetan baitzagon bertziak mintzo zirelarik) bihotz jauzi bat badu Amatxiren alde.
MAIDER: Etzaitut beraz ikhusiko, Amatxi?
AMATXI: Ez zuk eta ez bertzek. Ostatuaren atxikitzeko kharra gan zait. Denak salduko ditut eta ganen naiz, han bakharrik bizitzeko, xokho galdu batetarat.
PATZIKU: Amatxi! Amatxi! Etzaitela mendeka!
AMATXI: (izkiritu dolorotsu batekiñ) Zer egiñ behar dut bada? Denen asetzeko baizik ez nintzen! Nihork ez nau maitatu!
MAIDER: Nik! Nik! Eztut nahi paira dezazun. Zurekiñ bizi nahi dut, eta Xalbatek trabatzen bazaitu, Xalbat utziko dut zurekiñ egoteko!
XALBAT: (samiñki) Ez bide da zure amodioa beroenetarik! Zer? Zuri jarraikitzeko utzi ditut Amatxi eta Amatxiren ontasunak eta holako eskerrak bihurtzen dauzkidatzu?
MAIDER: (xoratua) Xalbat! Xalbat! Ergeltzen hari naiz! Zu ala Amatxi: nor behex dezaket? Eta, orai, biek enetzat dituzte beren laiduak! Ama! Ama! Zuk bederen badakizu Maiderrek eztuela ixendurarik.
Badua lasterka, hipaka, bere amaren besoetarat.
KATIXA: Zato eneganat, haur maitia. Ez naiz ni maite ditutzunetaz bekhaiztuko... Amak ez dire bekhaizten.
Biak besarkhatuak daudez.
ZORTZIGARREN AGERRALDIA
Proasionian aphaindurik zauden gizonak sartzen dire, xirolari eta atabalariak aitziñian. Gibeletik, gizon emazte eta haurrak. Exkerretako atheladatik sartzen dire Maiderren adixkidiak, beren jauntzkura igandetakuetan. Maider, oraño xuriz aphaindua, sartzen da etxian eta agertzen da balkoñean leihuen idekitzeko. — Gero, bere gelako barne leihuak hesten ditu.
Harrasiaren eta ostatuko alkien gañian jartzen dire ikustalliak. Zenbeit hejako paretari bizkharrez daude.
Dantzak hari direlarik, Kantariek diote:
Hor dire soñulariak (bis)
Jo zazue gora dantzariak!
Hor dire soñulariak (bis)
Jo zazue, neska gizon gaztiak
Ariñki lerra zaitezte...
Ariñki jauzi egiñ...
Izanez gai eta gazte,
Ariñki josta behiñ...
(Jo goiti ariñ-ariñ)
Adiñ hortan, nihork ez du zangarretan miñ!
Hor dire soñulariak (etc.)
Gero muxikuak eta azkenik denek fandango.
FANDANGO:
Fandangotan hari direlarik, Kantatzen dute zenbeitek.
Bizia den bezala harzak, muthilla!
Zelajez bethi ez badabilla,
Etzokala zoroki makhurrik billa,
Baditik oren eztiak...
Hobenez egun,
Goza dezagun,
Bihar zatozkek bertziak...
Bizia den bezala harzak mutilla:
Ez gaitut gaizki hasiak.
BEDERATZIGARREN AGERRALDIA
Danzak akhabatu onduan, gizonak ostatuko atharian sartzen dire. Ilhunziria jausten da. Sehiak, Xalbaten langilliek lagundurik, pixten dituzte gabargi benezianoak eta kapenako gaphiriotarik dilindan ematen.
Patziku, Xanxiñ eta Xalbat jartzen dire lehen mahañaren inguruan. Bertze gizon eta emaztiak erdian, heja aitziñian eta athariaren gibelian. Haurrak eta nexkak harrasiaren gañian.
LEHEN GIZONAK: Maria!
BIGARREN GIZONAK: Amatxi! Edaterat!
LEHEN GIZONAK: Hunat arnua!
Oihu, arramants, izkiritu, deiadar, eskuzafla, makhill ukhaldi mahañen gañian. Sehien hirriak.
Amatxi, bethi goibel: agertokiaren sarkhuran dago, mahañ baten gibelian. Sehieri zathikatzen diozkite galdetzen dituztenak.
Maider agertu da balkoñian doidoia eta itzalian berritz sarthu, Xalbatek behatzen duelarik.
LEHEN GIZONA: (Patzikuren mahañetik hurbill) Errak to, Llarru? Behar hituzke bi phersu eman besta hunen ongi akhabatzeko eta Aisek ihardets lioketek!
XANXIÑ: Ba, llagun! Emadak edatekua eta kantatuko dauiat gau guzia, bardiñ. Badiat, zuzenki, behar bezalako amodioaren gañian zerbeit erran nahirik.
PATZIKU: (hirriz) Ongi zuak, hi bahau atxikitzalle!
XANXIÑ: (begiak zerurat) Aileza bertzerik!
Behatzalliak hirriz.
PATZIKU: Ikhusiko diagu. Bizkitartian, iduritzen beitzaitak nola eta zoin aldetarat airatuko den hire kantua —xori eder— nik enzunaraziko diat bertze xixturik. Bazterrekueri hoberenaren hautatzia!
PATZIKU: (Kantaz)
Bi neskatilla muthill berari nunbeit jarraikitzen zaizko.
Bat aberatsa, bertzia pollita: Zoin othe du hautatuko.
Llarru baladi, gure muthillak ez luke dudarik asko:
Moltsarengatik, jo liotzake pollitari laur ostiko!
Amatxik, harrituxia, burua alxatzen du eta aditzen ditu persulariaren koplak.
BEHATZALLIAK: (oihuka) Hiri Llarru! Hiri!
Llarruk, lehenik edaten du trago bat, lehen gizonak eskañirik, xukatzen ezpañak esku bizkarrez eta hasten da.
Gure herriko panpiñak
Kardatx idorrez egiñak,
Athera gabe hagiñak,
Pixten ditu ezkontmiñak.
BEHATZALLIAK:
Hola gaitza!
LLARRU:
Oi! Galtzadun panpiñ gazte,
Guganat hurbill zaitezte,
Gaitezen senhar emazte:
Pazkoz aitziñ Mendekoste!...
BEHATZALLIAK:
Brabo! Brabo! (Eskuzaflak.)
PATZIKU:
Bazterreko mutzurdiñak,
Zaphar idorrez egiñak,
Galdu eta letagiñak
Pixten ditu bihotz miñak
BEHATZALLIAK: (hirriz)
Hori duk! Hori duk!
PATZIKU:
Galtzadun ollar, ollaxko,
Egizue kokoriko:
Gurekiñ zaizte biziko
Alfer, gizen eta frexko!
BEHATZALLIAK:
Emak hor, Aise!
LLARRU:
Oi panpiñak! Ikhus gero:
Hamar bat haur lerroz lerro;
Tripa hotzik, hortzak bero.
Marrumari hoik nork harro?
BEHATZALLE BATEK:
Talo eta esniak!
LLARRU:
Prestu egon baziñezte
Azken hortzak egiñ arte,
Ezkontza hori, nik uste,
Hoin karats etzindukete!
BEHATZALLIAK:
Biba Llarru!
PATZIKU:
Zenbeit urtheren buruan,
Ez gaituk naski zeruan!
Sosak iretsi lerruan,
Hasi zorrak inguruan.
Eta zuk, ollo gizena,
—Zirzill izatia eztena!—
Ahantzi ere, zer phena!
Kokorikoren izena...
Behatzalliak hirriz eta eskuzaflaka.
LEHEN GIZONAK: Aise nagusi duk.
Irrintziñak gibelian.
Amatxi hurbilltzen da Patzikurenganat.
AMATXI: Patziku, borthizki mintzatu zare, bañan sanoki. Kantatu ditutzunak asmatu ditut lehenxago, eta, gañerat, ezagutu dut egiazko amodio baten galzerat nindoala, nitarik eta ene urthetarik urrundu denaren aztaparkatzeko. Zer? Eskatu eta, ez ardiesteko. Zuk erakutsiari ihardesten diot. Aski hortan. Ez naiz kukullduko eta ttikituko hobendun ezditakenari barkhatuz.
Oihu egiten du balkoñaren alderat.
Zato, Maider!
Maiderrek, Amatxiren boza ezagutziarekiñ oihu ttiki bat egiten du eta saltzen da bere gelan.
HAMARGARREN AGERRALDIA
Berak — eskas Maider
AMATXI: (Xalbati) Zuk eragiñ duzu etxe huntan egiazko oñhaziaren lehen hazia. Enetzat hartzen dut iraka, eta bihi garbia zueri uzten. Maiderrek eztu pairakunderik behar. Nik badakit zer diren ziñak eta miñak... Bat gihiago jasanen dut.
Maider hor da.
HAMEKAGARREN AGERRALDIA
Berak — Maider
AMATXI: Barkhatzen dautzuet, nahiz edo ez nahiz, egiñ dautazuen miña... Maitha zazue elgar...
MAIDER: (Amatxiren besoetan)
Amatxi!
(Elgar besarkatzen dute.)
AMATXI:
Bai, Amatxi! Ene haur maitia...
Izen hori, orai hoin eztia,
Zuk dautazu eman lehenbixi...
Gozo zautan zuganik: Amatxi!
Eta geroz, hemen edozoñek...
Gazte, zahar —Katixa! zeronek—
Dautazue lothu izen bera...
Ez bainauket nihundik athera.
Zahartu nau, tenoriak jo gabe...
Bai, Amatxi — Gaxuxaren jabe —
Bathajoko izen bat egiñ zen:
Amatxi naiz bethiko gelditzen...
(eztikiago)
Maider! Xalbat! Noizpeit dathorrenak,
Entzun eta ditudan izenak,
Ez izanik ene alabatxi,
Deituko nau hark ere: Amatxi!
KATIXA: (leihotik)
Ez da zeruan saindurik
Amatxi bezalakorik.
XANXIÑ: (arraitua)
Munduan ez da etxerik
Guria bezain atxikirik.
PATZIKU:
Ezta herrian alferrik
Llarru bezain dohatsurik.
MAIDER ETA XALBAT: (batian)
Millesker gora. Millesker zuri.
Gure barnerat duzu ixuri
Nihork ez daukan beraztasuna.
Gure bihotzek, egun hoin hertxi,
Badute bardiñ lekhu, Amatxi,
Ohaztatzeko zure izena!
PATZIKU:
Gure aitonen kantuak
Ziren zenzuz hanpatuak.
Zioten: Gutaz ezkaitezilla
Izan sobera hartuak.
Mundu huntako frutuak
(Baitziren)
Baitzin balsan metatuak:
Bakotxak hetaz zeramatzala
Onak eta hirotuak.
Denek kantatzen dute berritz kopla hori, eta baduazi athera toki guzietarik.
HAMABIGARREN AGERRALDIA
Amatxi — Maider — Xalbat — Xanxiñ — Patziku — Katixa (leihuan) — Lehen gizona (ténor)
Sehiek billtzen dituzte botillak, eta gabargiak iraungitzen.
Xalbat eta Maider elkarri beha dauzi.
Patzikuk eskua hartu dio Amatxiri, indar emateko.
Xanxiñ bere andriarenganat gan da eta harekiñ leihuan dago, bañan kanpoko aldetik. Maider badua, ixurbaturik, bere gelarat, bere zorionaren gordetzeko.
PATZIKU: Guazen Xalbat!
XALBAT: (eztiki) Gau on. Bihar arte, Gaxuxa!
PATZIKU: Ba. Jainkuak dizula gau on.
Amatxik buruz ihardesten diote.
Patziku, Xalbat eta lehen gizona baduazi eta urhuntzian kantatzen dute:
Bizia den bezala hartzak muthilla (etc.)
HAMAHIRURGARREN AGERRALDIA
Amatxi, eta berehala Maider balkoñian arrosa billtzen, bere gelako ama birjinaren oñetan emateko.
Gizonen bozak guttitzen eta galtzen dire.
Hillargia agertzen da eta, haritz hostuen arthetik, argitzen du Amatxiren begitarte etsitua.
Orduan, emazte dohakabiari iduritzen zajo, holako hustasun izigarriari buruz, erroitz hondorik gabeko baten aitziñian dagola; burzorak zangoen gañian itzulazten du eta erorazten alkhi batetarat, diolarik:
O! Jainko! Jainko ona!
Maiderrek uzten ditu, bat banazka, erortzerat Amatxiren begitarteraño bildurikako arrosen hostuak marmaritziarekiñ, berazki:
Amatxi!. Amatxi!
Hostoak, baratxe-baratxe, jausten dire, estalkia ere jausten delarik.
BURURANTZA
Bidarten 1913ko Urriaren 19an.
ETIENNE DECREPT
|