“Ipurtargiaren itzal luzea” liburua | aurkibidea | aurrekoa | hurrengoa
Euskara nazio gisa
Oinarriak, hiru zituen Joxemiren pentsamenduak: euskalgintza, naziogintza eta herri mugimenduak. Herrigintzaren hiru adar desberdin, baina elkarrekin lotuta garatu beharrekoak. Joxemik ezin uler zezakeen euskalgintza naziogintzatik aparte. Arazo linguistikoa eta kulturala arazo nazionalaren barnean kokatzen zituen; areago, naziogintzaren oinarrizko osagarritzat jotzen zituen. Alegia, euskararena arazo politikoa dela, hein handi batean. Baina, era berean, Euskal Herria politikoki burujabe izango bada euskaran oinarritutako kultura bat garatzea ezinbestekoa ikusi zuen. Harreman dialektiko horretan herri mogimenduak funtsezko eragiletzat jotzen zituen. Joxemiren pentsamenduak marxismoa du oinarrian, baina urrats bat aurrera eginda, hizkuntza eta kultur arazoak filosofia marxistan integratzen jakin zuen.
Joxemiren ekarria bere jardun praktikoan adina ikus daiteke bere pentsamenduan. Egoeraren ikuspegi osoa zuen, nondik zetorren eta nora jo behar zen analizatzeko gaitasun nabarmena agertu zuen behin eta berriz. Bere pentsamenduak osotasuna oinarri izateagatik, euskalgintzan bezala naziogintzan erreferente argia zen Joxemi. Umezurtz geratzearen sensatzioa jende, talde eta erakunde askok izan zuen, horrenbestez, Joxemi zendu zenean. Joxemiren pentsamenduaren isla dira ondoren datozen bere hitz hauek.
“Herri honek nazio bilakatu nahi baldin badu, hizkuntza nazionalean oinarrituriko kultura bat garatu behar du, eta kultura horretan bere izate nazionala egituratu. Eta hori da, finean, euskaldun abertzaleak duen proiektu nazionala; hots, nazio honek bere egitura, bere subiranotasun eta bere kultura nazionala lortzea. Herri gisa. Euskarak nagusitzeko behar dituen bitartekoak euskaraz ez dakitenen aurkako zapalkuntzarik gabe eskuratuz”
“Nazionalismo espainolaren tranpa, finean, azken berrogeita hamar —edo ehun eta berrogeita hamar— urteotan gertatutako historia ahaztea izan da, eta gaur egungo errealitatea bat-batean sortutako zerbait bailitzan ikustea eta bitarteko berak ematea batzuei zein besteei. Hau da, erdarak egitura sozial guztiak dituenean, Espainiako konstituzioak obligatu egiten gaituenean erdara ikastera, euskararen aldeko joera guztiak diskriminatzaileak direla esatea tranpa handi bat da. Orain hizkuntz koofiziala dugu euskara, besterik ez. Ez dauka nazio-hizkuntz estatusik. Ez da nagusia, ez lehena. Eta euskara biziko bada, beharrezko da estatus hori lortzea”
“Bertako ez-euskaldunak eta etorkinak irabazi behar ditugu euskararen alde. Hori oso borroka garrantzitsua da guretzat, eta nik uste dut egon dela, euskarak jasaten zuen erasoaren aurkako erreakzioz, halako itxitasun bat, uzkurdurako joera bat. Eta jo behar dugu euskaragatik bertatik sortzen den jarrera politiko batekin, jende hori irabaztera”
“Urgentzia dugu erabaki garrantzitsuak hartzeko, eta, historiak gaur egun daraman abiadura kontutan hartuz, are handiagoa. Plangintza orokor bat behar dugu; gauza batzuk bost urtera, beste batzuk epe luzeago batean arautu beharko lirateke. Erabaki politiko funtsezko bat euskararen aldekoa, hori dugu urgentea. Eta erabaki horiek hartzeko ahalmen politikoa behar beharrezkoa daukagu. Eta hor datza gaur egun euskarak daukan ahulezia, daukan postua, eta hori lortu behar dugu, eta azkar lortu”
“Kontua da eskubide indibidualak eskatzen direnean zure problema konpontzen dizutela. Egin dezakete ETB, eta irits daiteke garai bat zinema euskaraz ikusteko aukera ere izango duguna; irakurtzeko oraindik egunkaria ez baina astekaria ere badugu. Nolabait, indioen erreserbetan bezala euskaldun erreserba bat sortzea, eta hor euskaraz bizitzea. Toki batera joaten zarenean, leihatila batera esaterako, ekarriko dizute euskalduna zuri erantzutera, baina inguru guztia erdalduna izango da”
“Niretzat, komunikabideetan eta gainerako sailetan, lege orokorra, problema nagusia zera da: guk pauso bat ematen dugun bitartean, erdarek berrogeita hamar ematen dituztela. Guk izugarrizko ahalegina eginda, izugarrizko militantzian oinarrituta, pila bat jende ezer kobratu gabe edo gutxi kobratzen eta bizitza guztia horretara baldintzatu ondoren egiten dugu astekari bat gero eta duinagoa. Baina aldamenean erauntsi handi bat du”
“Hemen sortzen den komunikabide guztiei euskararekiko nolabaiteko gutxieneko batzuk betetzera behartzeko ahalmen politikoa izan arte, iruditzen zait ezingo dela ezer egin. Gure komunikabideak minorizatuak gelditzen dira, eta konpetentzia horretan herren, eskuak lotuta, eta baldintza guztien menpe utzi gaituzte, eta karrera oinez nahi dute egin 1 Formula preparatuta daukatenekin, eta gauzak horrela karrera beti galdua dugu. Ahalmen politiko nahikoa behar dugu lege batzuk egiteko eta Euskal Herrian eragin soziala daukaten komunikabideei hizkuntzarekin zor bat betearazi behar dutela gogoratu. Hori egin arte, jai daukagu”
“Frankismoaren garaian dena laguntzarik gabe egiten zen; jendeak bere poltsikotik jartzen zuen eta aurrera. Beraz, egiten zen gutxi horrek asko zirudien, esfortzu asko eskatu eta ilusio handiagoa mugitzen zituelako. Gero, zer gertatu da? Frankismotik, ezer ez etorri eta gainera erasoak jasan behar izatetik instituzioetatik laguntza bat jasotzera pasatzen garenean, nik uste irudikeria batek lausotu dizkigula begiak. Jendea nolabait moldatu egin da, funtzionarioz bete da gizartea, ikastolek ez dute lehen beste diru beharrik Autonomia Erkidegoan, ondo dabiltza. Orduan, indibidualki, jendeak eta ikastola bakoitzak bere egoera erosoa aurkitu du. Baina nazioaren osasuna, euskararen osasuna nazio gisa, horrek oso txarra izaten jarraitzen du”