“Ipurtargiaren itzal luzea” liburua | aurkibidea | aurrekoa | hurrengoa

 

Pintore izateko desioa

 

         Pintura zuen Joxemik benetako bokazioa. Eta imajinatzen zuen bere burua pinturari emana eta erakusketak egiten. Parisera egin zituen bidaietako batean, bi egun oso pasatu zituen pinakotekak eta arte galeriak bisitatzen. “Bere burua han ikusten zuen, eta ‘noiz izango dut modua pinturari emateko?’ galdetzen zuen”. Erretiroa hartutakoan pintore izango zela esaten zion Ostaizka Irastortza neska-lagunari. Kontua da Joxemi inoiz erretiroa hartzeko prest egongo ote zen. Berak ere benetan serio hartzen ez zuen asmoa askotan aipatzen zuen: “Urtebeteko lanuztea hartuko dut pintatzeko”. Aitari inbidia handia zion, pintore ere izatea lortu zuelako. Koadro bakarra pintatu zuen, eta hura bukatzeke utzi, gainera, nahiz eta 1970ean hasi zuen. Metro eta erdi luze zen oihalaren goiko aldea baino ez zuen margotu.

         Marrazkiak egitearekin konformatu behar. Marrazkiak eginez hartzen zuen atseden, eta atsegin. Une oro marrazkiak egiten ari zen, mantelean, koadernoetan, txostenetan, eskemetan, paperezko ezpain zapietan. Beti bolaluma eskuetan, eta ezin eskuak geldi eduki. Bazkaritan ere paperezko mantelean marraztuko zuen hitz egiten ari ziren gaiari zegokion eskema; ondo apaindua, gainera, marrazkiekin. Bazkaltzen bukatu, mantel zatia moztu eta poltsikora. Argia-ko azal asko egin zituen; baita liburu eta diskoetako batzuk ere. Kartelak, collage-ak, logotipoak, ilustrazioak, eskupaperak. Horrelako eskaerei ez zien inoiz ezezkorik esaten. Josu Landarekin batera kaleratu zuen Ipurtargi beltza poesia eta marrazki liburua egin zituen marrazki lanetan kuttunena zuen.