“Ipurtargiaren itzal luzea” liburua | aurkibidea | aurrekoa | hurrengoa

 

1987-1993

 

         Erronkak erronkaren atzetik. Eta erronkak bota eta irabazi. Horixe izan zen Argia-ren ibilbidea 80ko hamarkadan. Baina ez zen zorte kontua izan: lan izugarria egin behar izan zuten horretarako. Proiektu asko jarri zituen abian Argia-ko taldeak. Egoki iruditzen zitzaien ideiaren bat izanez gero, aurrera aterako zuten. Egoera horretarako aproposa ez bazen, urratsak egingo zituzten apropos bihur zedin. Eta urratsak zehazten espezialista zen Joxemi. Hurrengo erronka, hala ere, ez zen aurrekoak bezain segurua. 1987an, Joxemik hordagoa bota zuen: “Dugun guztia mahai gainean jarri eta euskarazko egunkari baten aldeko apustua egin behar dugu”. Erronka hori gehiago ezin atzeratu zitekeela uste zuen. Heldu zela garaia.

         80ko hamarkada osoa zeharkatu zuen eztabaida izan zen egunkari baten beharra. Artikulu, hitzaldi eta mahai-inguruak asko izan ziren han eta hemen, eta horietan eragile beti ageri zen Argia. Ez zen egunkari baten egitasmoa, beraz, gauza berria Argia-koen artean. Joxemari Ostolazak eta Joxemik kasik hamarkada bat lehenago begitantzen zuten euskarazko egunkari bat atera beharko zeneko egoera. Eta eskema jakinik gabe baldin bazen ere, Argia-ren azken urratsak aukera horri bidea zabaltzera zetozen. Taldean ez zegoen txosten idatzirik egunkariaren inguruan, baina denek zuten buruan. Ez zen, beraz, Joxemik izan zuen halako burutazio bat.

         Aurretik beste saio bat ere izan zen, gainera. Eusko Jaurlaritzak 1986an pauso herabe batzuk eman zituen egunkariaren bidean. Euskarazko asteburuko egunkariei diru laguntzak emateko deialdia egin zuen. Baldintzak, nagusiki, bi ziren: astean behin ateratzea eta egunkarigintzatik sortua izatea. Astekarigintza ez zuen kontuan hartzen. Baina, hala ere, Argia-k aurkeztu zuen berea. Eta, horrez gainera, Egin-ek Hemen eta Deia-k Eguna jarri zituzten mahai gainean. Jakina denez, azken biak lagundu zituen Jaurlaritzak, eta Argia-rena atzera bota zuen, aintzakotzat hartu gabe. Hemen eta Eguna egunkari formatuko astekari bilakatu ziren, eta Argia-rentzat lehia desleial nabarmena izan zitekeela ematen bazuen ere, aldizkariak ez zuen minik hartu, eta, gainera, diru laguntza bukatu zen egunean desagertu ziren. Ez zuen, beraz, esperientzia horrek emaitza handirik eman euskarazko egunkari baten bidean. Argia-k aurkeztu zuen proiektua Joxemik idatzi zuen, hain luzaz eta hainbestetan taldean hitz egindakoa jasoz. Ez zuen etsi nahi izan, atzera bota zutenean. Esperientzia hartatik irakaspena ateratzen asmatu zuen, eta egitasmoa eraldatu egin zuen, baina helburua bera zuen: euskarazko egunkaria.

         Argi ikusi zuen euskarazko egunkaria kultur eta politika sektore ahalik eta zabalenak inplikatzearen bidetik etorriko zela. Eta hori izan da Egunkariaren oinarria, eta horixe Joxemiren ideia. Jende andanak egin du lan Egunkaria sortzeko; jarri du dirua, eman du sostengua. Baina gurditik tiratu zuena Joxemi izan zen. “Bera ez balego, ez legoke egunkaririk; hori seguru dakit”, dio Josu Landak. Iņaki Uriak Egunkariaren aitatasuna aitortzen dio Joxemiri, “argi eta garbi”. Joxemarik ez daki Joxemi tematu ez balitz egunkaririk egongo ote zen, baina badaki dagoen egunkaria ez zela izango. Joan Mari Torrealdaik ere ziurtzat jotzen du hura gabe ez zela Egunkaria izango. “Hori segurua da, eta ez bakarrik egunkaria hartu zuelako bere gai propio gisa, baita aurrera eramateko moduagatik ere”. Apustu gogorra bota zuen ordurako Argia-k Mundaiz bidean zuen egoitzan: dena mahai gainera. Galdu edo irabazi.

         Tartean, Joseba Arregiren inkesta famatu bat izan zen. CIES etxeak, Kultura Sailak eskatuta, euskarazko egunkari baten inguruko galdeketa egin zuen. Hori gauza jakina zen, baina emaitzarik ez zen argitara agertzen. Jaurlaritzak ez zuen haren berri eman nahi. Argia-k emaitzak lortu, eta 1989ko urrian argitaratu zituen aldizkarian. Argi geratu zen euskarazko egunkari bat bideragarria zela. Zertarako gehiago itxaron? Argia-n erabaki zen egin egingo zutela. Eta euskalgintzako indar gehien biltzeko asmoz, Euskal Kultur Erakundeak (EKB) deituta lehen bilera egin zen Donostian, Barandiaran lizeoan, azaroan. Baiezkoa atera zen handik, egin egin behar zela. Bigarren bilera abenduan egin zen, Durangoko Azokaren inguruan, eta han balizko egunkariaren oinarri nagusiak izango ziren 11 puntuen berri emango da: euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, alderdi politikoetatik independentea, erdarazko medioetatik independentea, ez-instituzionala, erakundeek diruz lagundua, militantea eta berria. 1990eko urtarrilean, Egunkaria abian jarriko zuen Egunkaria Sortzen talde eragilea sortuko da.

 

EGUNKARIAren bide malkartsua

         Ordurako ez zegoen atzera bueltarik. Egunkariak hamabi hilabete besterik ez zuen behar izan kalean egoteko, baina bidea malkartsua eta zenbaitetan oso gogorra izan zen. Bide horren latza Joxemik bakarrik ezagutu zuen hainbatetan. “Egunkaria sortu baino lehenagoko hamabost hilabeteak oso gogorrak izan ziren Joxemirentzat. Buruan sartu zitzaionetik kaleratzea lortu zen arte, oso bide zaila izan zen. Ikaragarri zaila maila diplomatikoan, teknikoan eta pertsonalean. Asko sufritzea tokatu zitzaion. Hiru zailtasun horiei aurre egiteko eta egitasmoa burura eramateko gai izango den besterik egongo da, baina nik ezagutu ditudanetik inor ez zatekeen gai izango prozesu hori burura eramateko”. Josuk oso gertutik bizi izan zuen Egunkaria sortu aurreko garaia.

         Kultur taldeak, irakaskuntza alorreko erakundeak, euskalgintzako taldeak, sindikatuak, alderdi politikoak, erakundeetako agintari politikoak eta gizarte mailako egiturak. Denak zeuden Joxemiren agendan, eta horietako askorekin bildu zen. Herriz herri, taldez talde. Izan ere, proiektuaren lehen urratsa hori zen: Egunkaria posible zela uste osoa izatea, eta jendea horretaz konbentzitzea. Eta horretan buru-belarri aritu ziren, ez Joxemi bakarrik, baita Argia-ko talde osoa ere. Trabak handiak izan ziren, mingarriak askotan, bai zenbait erakunde politikoren aldetik, bai euskalgintzako hainbat talderen partetik ere.

 

Martin Ugalde: “Zugatik sartu naiz”

         Prozesuak bi mugarri izan zituen, eta bietan Joxemik zuzen-zuzenean hartu zuen parte. Lehena, Joxemik izan zuen intuizio bati jarraiki, egunkariak kulturgintzako eta euskalgintzako esparru ahalik eta zabalenetik sortua behar zuela izan erabaki zenean gertatu zen. Hau da, ahalik eta agente gehien bildu behar zen proiektura. Eta horrek Argia-rekiko jarraipena izateko ideiarekin haustea ekartzen zuen. Proiektua Argia-n erditu zen, baina biziko bazen, autonomo behar zuen izan. Hori izan zen Joxemiren pentsamendua, eta hori Egunkaria Sortzen-en filosofia. Horrenbestez, kasik hutsetik abiatutako proiektua izan zela uste du Josuk. Bigarren mugarria, Joxemik Martin Ugalde proiektura ekartzea lortu zuenean gertatu zen. Joxemi bereziki eta pertsonalki joan zen Ugalderen bila. Haren baiezkoa jasotzean, arnasa lasai hartu ahal izan zuen, eta proiektuari bultzada handia eman zion. Ametsa zen egitasmoa gauzatzeko bidean zihoan.

         Ugaldek oso gogoan du Joxemik proposamena egin zionekoa. Etxera joan zitzaion Argia-ko urtekarirako elkarrizketa bat egitera, egunkariaren aukeraren gainean. 1989ko udazkena izango zen. “Kontu horretan noraino joango ote nintzatekeen jakin nahi zuen”, azaldu izan du Ugaldek. “Ea haiekin lan egingo ote nuen galdetu zidan; ea buruetako bat izango ote nintzen”. Proposamena bi aldiz pentsatu zuela aitortu du Ugaldek, proiektuaren zailtasunak ikusten zituelako eta zein bide hartuko zuen jakin nahi zuelako. “Konbentzitu egin ninduen Joxemik, hain kapaz lanean, hain zabal eta garbia bere planteamenduetan. Eta nik behin batean baita berari aitortu ere: ‘Zugatik sartu naiz hemen. Badakit zuk emandako hitza beteko duzula’. Eta ez zait sekula damutu”. Ordurako, Ugalderentzat Joxemi ez zen bere lagun Zumalaberen seme gaztea soilik. Joxemi kide zuen euskararen aldeko borrokan. “Euskararen militantea zen; euskararengan fedea zuen gazte militante nekaezina. Militantea, ez politikoaren zentzuan, erlijio baten antzeko sinesmenari dagokion zentzuan baizik. Hori zuen bokazioa gaztetxo zenetik. Buruz oso argia zen, bihozberoa, aise nekatzen ez diren horietakoa; apala oso, eta gizona, buruz, zentzuz eta kuraiaz ongi hornitua”.

         Berdin gertatu zitzaion Karlos Santamariari ere. Hamasei-hamazazpi urte zituela eskolak ematen zizkion gaztea izateari utzi, eta Joxemi gogaide bihurtu zitzaion. Santamariarekin bereziki Joxemik harreman estua izan zuen. Estimu handia zioten elkarri, biak ala biak oso antzekoak zirelako gauza batean: urratsak egin eta ekimenak antolatu zale ziren. Ekintzaileak. Eta militanteak.

         Arlo diplomatikoa aurrera ateratzeko taldea osatua zegoen, horrenbestez: Joxemi bera, Martin Ugalde, Karlos Santamaria eta Joan Mari Torrealdai. Azken horrek gogoan ditu hainbat bilera, oso latzak. “Joseba Arregirekin, artean Kultura sailburu zela, tentsio handiko bilerak izan genituen. Aurrean ezetz biribil bat genuen”. Baina ez hori bakarrik. Jaurlaritzak beste egunkari bat egingo zuela bota zuen erronka. Euskaldun jendea erdibitzea bilatzen zuen jokaera horrek, eta lortu ere lortu zuen, hein batean. Erakunde politikoetatik kanpo ere egoera ez zen samurra. “Asko hitz egin eta erakutsi behar izan genuen”.

 

Proiektua diseinatu eta menderatu

         Bileretan Joxemik eramaten zuen beti ekimena. Ugaldek sarrera eta markoa egiten zuen; Joan Marik elkar hartzean jartzen zuen indarra, eta Joxemik egitasmoa bera aurkezten zuen. “Joxemi oso zorrotza zen, dialektiko peto-petoa. Ez zuen sekula altxatzen ahotsa. Irainik ez zuen sekula botatzen. Argudioetara lotzen zen, baina amore eman gabe. Eutsi egiten zion markatutako ildoari. Ezagutu dudan dialektiko abilenetako bat izan da”. Joan Mariren ustetan, hala ere, Joxemiren ekarria “egunkari baten proiektu bat definitu eta proiektu horrek dauzkan alor guztiak menderatzea” izan da. “Prentsaren egitekoa, pertsonalaren arazoak, egunkariaren kokagune sozio-politiko-kulturala, arazo administratiboak, juridikoak, teknikoak... Dena oso ondo menderatzen zuen”. Ez zituen alferrik hainbeste urte eman ideia horrekin buruan.

         Egoera latzak izanagatik, gutxitan odol txartuko zen. Beti irtenbide bila jartzen zen: “Kontua gure proiektua aurrera ateratzea da”. Hori esaten zuen behin eta berriz. Hori zuen buruan beti, kasik obsesio bat bezala. Ordu guztiak horretara jarria. Loari orduak kenduz. Argi ikusten da Joxemiren euskararekiko engaiamenduak berdin zuela maitasunetik eta egin beharraren obligaziotik. Egin behar bazuen, egin egingo zuen. Hori zen barrenak eskatzen ziona. Ezina ekinez egina.

         Joxemiren entregaren adierazgarri da hurrengo argazki hau: uztailaren 14a da, gauerdia aspaldi jota, eta Joxemi Argia-ko erredakzioko muntatze mahaian dago, biharamuneko festa erraldoian banatuko den zero alea muntatzen, garai zaharretako lanetara bueltatuta une batez. Aldamenean Ostaizka du, neska-laguna. Baita Argia-ko lankideak eta egunkariaren egitasmora bildu diren asko ere. Gorbata etxean utzi du, eta betiko Joxemiren itxura du. Barrez ari da, txantxak egiten, kuterrarekin orrialde bat muntatzen ari den bitartean. Egunkariaren lehen ale hura goizalderako kalean izango zela ikusteak zer gogoeta, zer sentimendu eragin ote zizkion?

         Azkenik, abenduaren 6an argitaratu zen Egunkaria. Joxemi oso erasanda iritsiko da Egunkariaren lehen alea kalean jartzeko egunera. Baina lanean jarraituko du, eta ezinbestekoa izango da Egunkariako sailen arteko zubi lanak egiteko. Hori, zuzendaritza atalean zegoen aldetik. Baina, hori gutxi ez, eta Egunkariaren plantxak Egin egunkariko errotatibara eramaten ere ibili zen lehen asteetan: autoan sartu eta korrika batean beti, erlojuaren kontra. Egunkariaren sorrera prozesuaren tentsioari aitaren gaixotasun luzearen sufrimendua gehitu behar zaio. Baita Maddi jaiotzearen ezin kabituzko poza ere. Bi hilabete eskasera, hil edo biziko ebakuntza egin zioten.

         Ebakuntza egin eta hilabete gutxira, lanean zen berriro. Ez zegoen geldi egoteko, eta ez ziren hor bukatu Joxemiren lanak eta buruhausteak. Egunkaria abian da, baina egoera ekonomikoa larria da, eta, gainera, ez du desblokeatzeko itxurarik. Joxemi Administrazio Kontseiluko ordezkaria da, praktikan enpresa kudeatzen duena. Iņakik gogoan du nola 1991ko udaberrian, igande batean, Egunkariaren bulegoan bildu ziren, numero guzti-guztiak aztertzeko izugarrizko pazientziaz. Baita txikiena ere, gastua nondik aurreratuko. “Txiki askok egiten dute handia”, esaten zuen. Txikiaren argia.

Familia zabala

         Lanean jarraitu zuen kasik bigarren ebakuntza egin zioten arte, 1992ko azarora arte. Ordurako lehen baino gehiago egoten zen etxean, baina lana eta ardurak ez zituen albora utzi. Lehen bilerak Egunkariaren egoitzan egiten ziren, baina orain etxean antolatzen ditu. Esan dugu familiaren zentzu oso irekia zuela, eta neska-lagunaz eta bi seme-alabez gainera, Elkano kaleko etxean, lankide eta lagunak egunero zeuden bazkaltzen edo afaltzen. “Familia denak ginen: gu biok, umeak eta lagunak. Eta elkarrekin bizi ginen, ia egunero elkarrekin afalduz edo bazkalduz”. Ostaizkak familia bizitza itxirik bizi izan duen irudipenik ez du. Beti zegoen lotua Argia-rekin, edo Egunkariarekin, edo lagunekin. Baita seme-alabak jaio eta gero ere. Maddi jaio zenean, Juanjo Landa eta Pello Iturain lagunekin zuen etxea utzi, eta Elkano kalean jarri ziren bizitzen. “Hor burua pixka bat aldatu beharrean izan zen, eta ordutegi jakin bat gordetzen hasi zen. Zertxobait familiarragoa zen giroa, baina lana etxera ekartzen zuen; bilerak afari giroan egiten ziren gurean”.

         Joxemik gaztetatik defendatu zuen familia tradizionalari alternatiba eman beharra, eta gutxi-asko bete zuen. Ezkondu, azken unean ezkondu zen, eta, nolabait, beharturik. Lehenengo ebakuntzaren bezperan izan zen. Hil edo biziko ebakuntza zenez eta denbora gutxi zegoenez, titulo mortis modura egin zuten. Hau da, urgentziazko ezkontza izan zen. Horixe baietz. Epaileak etxera agertuko zela abisu eman zuenean, Joxemi Egunkarian zegoen lanean. Ostaizkak deitu eta ziztu bizian etxera etortzeko esan zion. Lekukoak lortu behar ziren ondoren. Antzerkitxoa muntatu behar izan zuten gero: pijama jantzi, ohean sartu, botika batzuk gau mahaiaren gainean jarri. Horrela errezibitu zuen epailea. Eta horrela ezkondu ziren. Maddi alabak beti esaten du aita pijama jantzita ezkondu zela.

         Joxemi eta Ostaizkak Egin-en ezagutu zuten elkar, muntatze lanean zenbiltzala. Hippy itxura erabatekoa hartu zion Ostaizkak: harizko galtza zuri zabalak, jertse gorria eta txima luzeak. Ezagutu eta berehala hasi ziren elkarrekin ibiltzen. Lehen zita Ostaizkaren urtebetetze egunean izan zuten. Zarauzko Argiņano jatetxera gonbidatu eta opari bitxia egin zion: azkazalak pintatzeko esmalte berdea eta rimel potetxo bat. “Cabaret filmeko Liza Minelli gogorarazten didazu”.

         Detailezalea zen Joxemi. “Baita oso erromantikoa ere”, Ostaizkaren begietan. Noiznahi etortzen zitzaion kaleko posturen batean erositako belarritako parearekin edo lepoko batekin. “Oso hippyak beti”. Beste behin, bizikleta arrosa bat erregalatu zion, saskitxo eta guzti. “Ni ez naiz sekula bizikletan ibili, baina. Ez dakit pamela bat jantzita belardietan paseatzen imajinatzen ote ninduen”.

         Uliako etxea utzi eta Elkano kaleko etxera aldatu zirenean, Joxemiren aitak zuzendu zituen zaharberritze lanak, Joxemik diseinua egin eta gero. Ostaizkak gogoan du hormetako kolorea aukeratzeko zer-nolako lanak eman zizkioten aita-semeek pintoreari. Hori ez da, bada, tonua, ezta beste hori ere. Pintorea nahasketak egin eta egin. Biak artistak izan, eta ez zuten etsi buruan zuten urdin grisaxka lortu zuten arte. Kolorea aitak aukeratu zuen, urdinak lasaitu egiten duela eta Joxemik hori behar zuela pentsatuta. “Aitaz asko fidatzen zen”, gogoan du Ostaizkak. “Komunikazio handia zuten elkarrekin, oso harreman maitakorra. Errespetu handia zioten elkarri, baita bestearen jarrera ulertzeko gogoa ere”. Joxemirentzat aita oinarri sendoa zen, eta asko larritu zen aita gaixotu zenean. Ebakuntza egina zioten ordurako Joxemiri. Bere gaixotasunarekin beti agertu zuen utzikeria aitarenarekiko obsesio bihurtu zen. Hamarren bat igotzen bazitzaion sukarra, izugarrizko garrantzia emango zion. Aita erietxera eraman zutenean, Koro arrebak bere gain hartu nahi izan zuen haren zaintza, ikusirik Joxemi gaixo zebilela eta Egunkariaren ardura gainean zuela. Joxemi haserretu egiten zitzaion. Ezin zuen aitaren zaintza inoren esku utzi. “Ezin zuen onartu horretan ni gehiago izatea. Eta hor ere egon zen”. Aitaren heriotzarekin egonarri sendo bat galdu zuen Joxemik. 1992ko otsailaren 12an hil zen.

         Ama, berriz, handik bederatzi hilabetera zendu zen, azaroaren 29an, Joxemi hil baino hilabete eta erdi lehenago. Ama-semeen arteko atxikidemendua ezin gordinago agertzen du hurrengo pasarteak: Joxemi minbiziak jota, atzera bueltarik gabe erietxean zegoenean, ama egunero joaten zitzaion bisitan. Koro arrebak, anaiaren egoera ikusita, bazkaloste batean mahaian ama eta bera bakarrik geratu zirela aprobetxatuz, Joxemi ezingo zela hartatik atera adierazi zion, nolabait, amari. Zetorrenerako pixka bat prestatu nahi zuen. Hori entzun zuen unean, buruko odol isuria emanda, isilik eta geldirik geratu zen ama. Astebetera hil zen. Aste horretan Joxemi erietxean zegoen eta behin eta berriz galdetzen zuen amaz, joaten ez zelako harrituta. Gripea zuela esaten zioten. Azkenean hil zenean, Koro eta Ostaizka neska-lagunak azaldu zioten gertatua. “Amatxo hil dela? amatxo hil dela?”, ezin sinetsirik, ezin etsirik, Joxemik barnean zuen umea eta gizona.‘Heriotza oso presente izan dut. Etorkizunik eza sortu zait. Batu zaizkit gauza negatiboak, baina ez desesperantza’. Hil aurreko egunetan Joxemik idatzitako oharrak dira, tapa beltzekiko koadernoan.

         “Bi urtez iraunez gero, irabazi dugu”, esaten zuen Joxemik. Egunkaria ebidentzia handia izaki diru laguntzarik ezin ukatuko ziotelako pentsatzen zuen. Justu epe hori igarota hil zen, baina ezin jakin hainbeste lan, kezka, sufrimendu eta poz eman zion egunkariak apustua irabazi zuela jabetu ote zen. Bere barreneko onena emanda, baina oraindik onena ezagutzeke geratu zen. Joxemik bere aurreikuspen eta analisietan ez zuela huts egin argi ikusten da orain. Joxemik argia egiten jarraitzen du, eta bere itzala gero eta luzeago agertzen zaigu. Eguzki batek baino argi txikiagoa eginagatik, itzal luzeagoa egiten zuen ipurtagiaren alegia egia bihurtu du Joxemik.

 

Eskaileraren teoria

             Bi aldeko eskailera baten irudia egiten zuen buruan Joxemik, bikote eta familia harremanak azaltzeko. “Umerik ez duzunean eta bikotekidearekin haserretzen zarenean, haserreak egun batzuk iraun dezake. Konpontzeko bidean, bakoitza eskailera batetik hasten da igotzen. Batek keinu bat egiten du. Maila bat igotzen du. Besteak zerbait esaten du. Beste aldeko beste maila bat igo du. Komentario bat hurrena. Eskua ukitu ondoren. Horrela, nor bere eskaileratik goraino iritsi arte eta haserrea konpondu arte. Umeak daudenean, eskailera ziztu bizian igotzen duzu, zeren umeak bainatu egin behar dira, edo afaltzen eman, edo...”.

 

Arregiren dimisioa, euskaltzaleen elkarkidetzaren helburu

 

             ‘10 urte pasa dira, eta hemen ari gara botila erdi-betea edo erdi-hutsa dagoen eztabaidarekin’. Lerro horiekin hasi zuen Joxemik Joseba Arregiren dimisioa eskatzeko idazten hasi baina amaitu gabe utzi zuen artikulua. Hil aurretik egin beharreko asmoen zerrendan zuen idatzi hori. Arregik Egunkariaren inguruan izandako jarrerarekin oso minduta zegoen. Argi zuen Arregi Kultura sailburu zen bitartean Egunkariak ez zuela xentimorik jasoko. Eta Egunkariak ezinbesteko zuen dirulaguntza, eta, gainera, legez zegokion.

             Martin Ugalderi eman zion artikuluaren berri, euskaltzaleek Arregiren dimisioa eskatzeko nahiko arrazoi bazela pentsatuta. Ugaldek ondo ezagutzen zuen Arregiren jarrera, bilera askotan Joxemirekin batera izana baitzen harekin. Horietako bat biziki gogorra izan zen. Horrela gogoratzen du Ugaldek: “Gure diru guztiak nondik nora atereak ziren ikus zezan, Egunkariako sos kontuen paper guztiak erakutsi genizkion. Eta gurekin lan egiteko esan genion, berdin Kontseiluan, berdin bere langileak lanean jarrita”. Hurrengo bilera baterako geratu ziren. Arregik ez zuen kexarik izan proposamenaren inguruan, baina laguntza ukatu zien. “Badakit Arregi harrituta geratuko zela paper haiek aztertuta, zein garbi eginda zeuden, teknikoki zein prestatuta. Egiaztatzeko errazak. Arregik ez zigun kexa zehatzik azaldu, ez zigun adierazi zer iruditzen zitzaion gaizki, mamuak zekusala esan zigun. Gerra garaia eta Francoren pean nahikoa adituta nago gorriak ginela eta halakoak. ‘Nahikoa da’ esan nuen nik, ‘ez zait mamu gehiago golkoan sartzen’”. Ugaldeak bileratik hanka egin zuen, eta han geratu ziren Joxemi eta Joan Mari Torrealdai Arregiren aurrean berunezko isiltasun baten pean. ‘Arregik kontrolatzen ez duen ezer ez du onartzen’, idatzi zuen Joxemik amaitu gabe utzi zuen artikuluan.