“Ipurtargiaren itzal luzea” liburua | aurkibidea | aurrekoa | hurrengoa

 

1979-1987

 

         Krisi latza zuen gainean Zeruko Argiak, Joxemi bertara joan zenean. Zor handiak zituen inprimategiarekin; dirurik ez langileei ordaintzeko, eta kaputxinoek utzi egin nahi zuten, norbait hartzeko prest bazegoen, behintzat. Bestela, harenak egingo zuen. 1980ko udaberrian, Joxe Mari Ostolaza, Elixabete Garmendia, Lurdes Auzmendi, Rotu Astrain, Karlos Valverde, Pilar Iparragirre eta Joxemi aldizkaria euren gain hartzeko prest agertu ziren. Baina aldizkariaren etorkizun gero eta ilunagoak eta egoeraren larriak eraginda, udako oporretatik bueltan Joxemari eta Joxemi bakarrik geratu ziren, ez zeru eta ez lur. Zerua kendu eta Argia izango da handik aurrera aldizkariaren izena.

         Aldizkari beraren egoeraren latza gutxi balitz bezala, garai hartan ingurunean babesik ez zuen argitalpen bat zen. Bakarrik zegoen Argia. Orduko apustu guztiak prentsa elebidunaren aldekoak ziren. 1977an, Deia eta Egin egunkariak sortu ziren, eta horien arrastora etorriko ziren geroago Punto y Hora, Berriak, Ere, Garaia eta beste. Guztiak teorian elebidunak, baina praktikan diglosikoak. Giro horretan, Zeruko Argia-k kazetariak galdu zituen, baita kolaboratzaileak ere, eta, nola ez, publizitatea. Beti zen erakargarriago gaztelaniaz idatzitako argitalpen bat euskarazkoa baino, zabalkunde handiagoa zuelako.

         Trantsizioko egoera politiko nahasiaren ondorioz, abertzaletasunaren batasunik jada ez zegoen, inoiz egon bazen bederen. Mapa politikoan leku garbirik ez zuen Argia-k, beraz, eta alde guztietatik zituen mesfidantza begiradak. “Independente izatea oinarrizko irizpide bat zen guretzat, eta hori ez da gustuko inongo talde politikorentzat”, dio Joxemari Ostolazak. Euskara hutsezko prentsa defendatzea marjinalitatera kondenatzea zen. “Euskara hutsezko eremu baten alde agertzea problema handia zen alde askotatik. Auzitan jartzen zuen elebitasunaren apustua. Baina denborak arrazoia eman digu”, dio Pello Zubiriak. “Giro politikoa eta soziala euskarazko prentsa harrika botatzearen aldekoa zen nagusiki”, gogoratzen du Josu Landak.

 

Argia-rako bizi baina ez Argia-tik

         Joxemarik eta Joxemik ez zuten zeregin txikia hartu euren bizkar. Dena emanda ere ez ziren igual ailegatuko. Ordainsaria, aldizkaria bera aurrera ateratzea. Ez besterik. Hortxe hasiko da Joxemiren “matxakaldia”. Argia-n lanean hastea oso erabaki garrantzitsua izan zen Joxemirentzat. Batetik, atzeman zuelako hori zela bere leku naturala: barrenak eskatzen zion hori. Eta, bestetik, soldata finko bat utzi eta militantzia erabatekoan sartu beharko zuelako. Hogeita hamar urte gertu ditu, eta bizitzeko gurasoenean eskatu beharrak ez du eroso sentiarazten. Gurasoak beti eman izan zioten laguntza, aitzakiarik gabe. Ados egon zein ez, beti izan zuen gurasoen laguntza, eta areago sostengua. Aitak Joxemiren aukera ondo ulertu zuen; azken finean, modu aldrebesagoan edo iraultzaileagoan izanda ere, semearen euskararekiko eta euskal kulturarekiko borroka berea ere bazelako. Borroka hori aitaren borroka bera zen. “Nik aitari esaten diot: entenditzen dizut oso ondo, pasa dituzun urte guztiak eta hainbeste eraso ikusita, eta, itxaropenak itxaropen, behintzat lor daitekeena lortzera jotzeko jarrera. Baina frankismoaren azken garaia bakarrik bizi izan dugunok gehiago azpimarratzen ditugu euskarak beharko lituzkeen erabaki fundamentalak hartu ahal izatea, eta gaur egun ez daude erabaki horiek hartuta”. Aita-semeek, ikuspuntu desberdinak izanagatik, komunikazioa berezia zuten elkarren artean.

         Argia-ko proiektuan, gurasoek lagundu eta sostengatu egin zuten Joxemi. Gogoan du Joxemarik kaputxinoei aldizkaria hartu eta gutxira kreditu bat eskatzera nola joan ziren bera, Joxemi eta Joxemiren aita orduko Aurrezki Kutxa Probintzialera. Aita eurekin ikusita bankukoek dirua errazago emango zietela pentsatu zuten bi gazteek. Eseri dira bulegoan, egin ditu numeroak bankukoak, eta Joxemiren aitari zera esaten dio: “Zuk abalatzen baduzu, guk emango diegu dirua”. Eta aitak erantzun: “Nik ere emango diet, zuek abalatzen baduzue”. Umore zorrotzeko gizona zen. Ez ditu ahazteko Joxemarik aita-semeen pasadizoak. “Gure etxean arazo nagusia, Joxemiren galtzak”, esaten zion aitak serio-serio Joxemariri.

         Joxemiren galtza urratuek zeresan ugari ematen zuten. Ostolazak berak ere sarritan jotzen zion adarra zabartasunaren kontura. Joxemi eta Joxemari osagarri ziren, bai itxuraz eta bai izaeraz oso desberdinak izanagatik. Joxemi janzkeran zabarra zen, eta Joxemari txukuna; Joxemi desordenatua, Joxemari ordenazalea; Joxemi patxada handikoa, Joxemari nerbio bizikoa; Joxemi buruari buelta asko ematekoa, Joxemari gauzak ti-ta batean egin zalea. Urte askoan egunero-egunero elkarrekin bazkaldu zuten. Ingurura beti hurbiltzen zuten hau edo hura, egitasmo batez edo besteaz hitz egiteko. Hori Joxemiren lan modua zen: erabakiak hartzeko bilerak, baina proiektuak asmatu, amestu eta konspiratzeko beti mahaiaren bueltan eserita, bazkaltzen edo afaltzen. “Konplizitate handia genuen elkarrekin, eta horrek indar handia ematen zigun”, gogoan du Joxemarik. Baina nondik zetorren halako egoera larrian zegoen Argia bezalako negozioa aurrera ateratzeko hainbesteko seta?

         “Euskara hutsezko prentsa beharrezkoa zela uste osoa genuen”, dio Joxemarik. Baina ez hori bakarrik. Argia kazetari mintegi gisa planteatzen zuen Joxemik, zeren profesionalak sortzeko beste biderik ez zuen ikusten inon. Eta are urrunago zuen gogoa. Aldarrikapen mailan, bederen, euskarazko egunkari baten beharra eta asmoa buruan zuen.

 

Argieroen zurrunbiloan

         Guztia aurrera ateratzeko aurreneko lana taldea osatzea izan zuten. Josu Landa izan zen taldera sartzen lehena, orduan hogei urteko Euskal Filologiako ikasle. 1980ko udazkenerako, buru-belarri zebilen kazetari lanean Argia-n, eta ordurako Joxemirekin gaupasak gaupasen atzetik egitea asteroko lege bihurtua zuten. 1981 bukaeran, Pello Zubiria etorri zen, soldaduska amaitu berri. Hilabete batzuk lehentxeago, Jon Barandiaran ekarri zuen Joxemik, eta apur bat geroago, ordurako kolaboratzaile zen Iñaki Uria, Landaren ikaskidea. 1982rako, Argia-ren bihotza izango zen taldea osatua zegoen: Argieroak. Inguruan zituzten Joseba Alvarez, Pablo Sastre eta Mikel Antza. Eta, gero, kolaboratzaile andana bat.

         Lehen hiru urteak oso biziak eta gogorrak izan ziren. Proiektuarentzat bizi ziren, baina inor ez proiektutik. Bestelako lanak egiten zituzten, bizitzeko adina atera eta Argia-n musu truk lan egiteko. Joxemik eta Jonek igandeetan Hoja de Lunes egunkaria muntatzen ateratzen zuen dirua; Iñakik, Pellok eta Josuk, euskarazko eskolak ematen eta itzulpenak egiten. Beste diru sarrera bat ere topatu zuen Joxemik, taldea osatu eta berehalaxe. Ezagun batek Amapa izeneko enpresa jarri zuen abian. Iparraldeko herri sarreretan zeuden panel informatiboak Hegoalderako egitea zuen helburua. Horretan hasi ziren lanean Joxemi bera, Jon eta Iñaki. Azken biak mapak egiten; Joxemi bazkide modura hartu nahi izan zuen nagusiak. Joxemik argi esan zion: “Nire negozioa Argia da, baina dirua ematen badu, eutsiko diot”. Urtebete ez zuen iraun enpresak. Joxemik ez zuen xentimorik kobratu, baina Argia-ko bik soldata eta ondoren langabezia jaso zuten. Eta, beraz, Argia-n buru-belarri lanean jarraitzeko modua lortu zuten. Eta hori nahikoa zen Joxemirentzat. “Egiten zituen apustuak bera pertsonalki galtzaile irtetekoak ziren, baina bere proiektuarekiko onuragarriak”, dio Jonek. Xentimorik ikusi ez bazuen ere, negozio ona izan zen bere begietan.

         Joxemik gazteagoekin lotura ona izan zuen, eta talde sendoa osatu zuten. “Elkarren babesean ibili beharrak, bai pertsona gisa eta bai talde gisa, asko indartu gintuen”. Joxemarirekin bat dator Iñaki. “Gu ginen gu munduaren kontra”. Giroa erabat “numantinoa” zela deritzo Josuk. “Elkarrekin egoteak, gaupasak egiteak, dirua partekatzeak, ‘nirea den guztia zurea da eta alderantziz’ pentsatzeak, azkenean, oso giro afektibo eta humano aberatsa sortu zuen”. “Guk esan dezakegu ezkertiarrak ginela, bai pentsaeran eta bai bizimoduan, eta oso baliabide urrirekin gauza garrantzitsu dezente egin genituela”, dio, irmo, Joxemarik. “Oso talde sendo eta estua zegoen hor. Gurea ez zen ‘gustuko dudana eginez bizi’, orduan askok esaten zuten moduan, baizik eta ‘egin behar dena egin eta ahal den moduan bizi’”. Alegia, profesionala izateak ez duela berez zerikusirik soldata bat jasotzearekin. “Pentsamendu iraultzaile ezkertiar batekin lotuta zegoen gure biziera”. Hala gogoratzen du Iñakik: “Eta sakrifizioa eginagatik, ondo pasatzen genuen. Eta horrek asko betetzen du horrelako proiektu batean jarduteko. Ideologiarekin bakarrik bazoaz, motz gera zaitezke. Bizimodua gure modura ulertzen genuen: militantzia bai, baina gozatuz. Egin behar dugu egin behar dena, baina ez sufrituz, gozatuz baizik”. Bizi-planteamendu hori Joxemirengandik ikasi zuten. “Gozatu egiten zuen bere lanean, eta, gainera, gozamen hori zabaltzen asmatzen zuen. Kutsatu egiten zuen entusiasmoa”, Josuren begietan.

         Taldea zen garrantzitsuena, eta horren adierazgarri da Argia-ren lehen garai hartan ezizenez sinaturiko artikuluak asko direla. Ez zen lan pertsonalaren luzimendurako lekua, taldean lan egitekoa baizik. Taldeko kideak “oso modularrak” zirela deritzo Pellok. Gauza bat baino gehiago egiteko gai eta elkarri modu diferenteetan egokitzeko oso aproposak. “Talde baten funtzionamenduan, oso izaera interesgarria zuen Joxemik. Bete-betean genbiltzan, kaka pila guztietan sartuta, eta giro horretan beharrezkoa zen norbait lasaia, hitz egiteko gaitasuna zuena. Oso izaera berezia zuen, buruargia zen, eta, zetorren tokitik etorrita, ezagutza eta izaera berezia zuen. Guk ez genuen mundu bat hurbilarazi zuen taldera”.

 

Kariñoaren indarra

         Joxemik trebezia berezia zuen taldean aritzeko eta taldean eragiteko. “Joxemik izugarrizko gaitasuna zuen kariñoa helarazteko, kariño giroa sortzeko gertuko harremanetan, salbu eta gai serioren bat tarteko bazen. Oso eskuzabala zen gauza guztiekin”. Gauza materialekin batera, bere denborarekin eta bere sentimenduekin. Josuk horrela bizi izan zuen. “Joxemi beti hor zegoen. Lankide eta lagun. Joxemik bazekien bakoitzarekin sakon hitz egiten, oso harreman estuak egiten. Taldeak horrekin pisu handia hartu zuen, eta Joxemik taldearen barruan pisu handia zuen”. Joxemi zen zaharrena, gainera, eta berak zuen taldearen buruzagitza. Bera zen etxearen zutabe nagusia. “Jendearekin harremanetan sartzeko, hitz egin eta konbentzitzeko gaitasun handia zuen. Jendearekin oso arduratsua zen: jendea zaindu, animatu, gogoa piztu... Bazuen sentiberatasun berezi bat”. Jonen hitzak dira.

         1981. urtea urte gogorra izan zen. Joseba Arregi torturatu eta hil zuen Guardia Zibilak, Ryan bahitu eta hil zuen ETAk, eta otsailean estatu kolpea jotzeko saioa gertatu zen. Kolpearen berri Abenidako Rosiren kioskoan beti piztuta zegoen irrati txikian entzun zuten Joxemik eta Josuk. Joxemik hori entzun, eta lehenengo gauza Okendo kaleko kaputxinoen lokalera joan eta harpidedunen koadernoa hartzea izan zuen. Leku seguru batera eraman behar zuela esan zion Josuri. Agurtu, eta bakoitza etxe batera joan zen. Gaur gogoratuta, barregarri ikusten du pasadizo hura Josuk, baina garaiaren latzak ez zuen lasai bizitzen uzten. Argia-ren hogeita lau ale baino ez ziren kaleratu urte hartan.

         Egia auzoko Karmengo Amaren lokal berrira urte bukaeran egin zuten. Begiratu irudiari: lokala baxu bat da, iluna. Leihorik ez du, egunkariak hormaren kontra pilatuta. Mahaiak paperez josita. Goizean bazoaz, ez da harritzekoa izango Joxemi, Josu eta Iñaki ordenagailuen gainean lo topatzea, gaupasa egin eta gero. Arratsaldean denak izango dira han, eta ez dute aldizkaria bukatu arteko onik izango. Aldameneko Kata tabernan dute bestelako azpiegitura guztia: jatena, edatekoa, kafeak eta tabakoa. Haize piska bat hartzeko lekua. Joxemik jertse gris handia darama soinean; ilea luze, bizarra. Muntatze mahaian lanean ibilita, jertsearen mahuketatik artikulu zutabeen zatiak eta paperak ditu zintzilik. Kafesneek eusten diote esna. Zigarroaren kearekin kontzentratzen da. Lau pintxorekin berdintzen du gosea.

         “Argia familia bat zen”. Hala gogoratzen du Ostaizka Irastortza neska-lagunak. “Berarekiko bikote harremana oso lotuta zegoen lanarekin eta lagun giro horrekin”. Egin-en ezagutu zuten elkar, 1982an, Ostaizka ere muntatze sailean ibiltzen zelako. Joxemik Argia-ra ekarri zuen, aldizkaria muntatzen laguntzera. Joxemik jakin zuen lana, adiskideak eta neska-lagunak Argia-ren inguruan biltzen; gainerakoei, berriz, neska-lagun bat baino gehiago galarazi zien Argia-ri hainbeste ordu eskaini beharrak.

 

Zumalabetarra izaki

         Lokal berria hartzeko, ezinbesteko izan zen Karlos Santamaria, garai hartan Eusko Kontseilu Nagusiko Hezkuntza kontseilari lanetan ari zena.. Bilera eskatu eta hurrengo astean errezibitu zituen Joxemari eta Joxemi. Santamariak txiki-txikitatik ezagutzen zuen Joxemi. Kasik osaba-ilobak ziren. Gainera, irakasle ere izan zuen batxilergoan. Beraz, ateak parez pare zabaldu zizkien Argia-ko bi gazteei. Haientzat arnasa lasai hartzea izan zen; esan dugu zeinen kontrakoa zuen giroa euskarazko prentsak, eta zeinen bakarturik zegoen Argia taldea mapa politikoan. Joxemarik bilera hori “erabakigarria eta oso esperantzagarria” izan zela dio.

         Erakundeekiko harreman horietan, oso lagungarriak izan ziren Joxemiren jatorria, bere ibilbidean egindako adiskidantzak eta ezagutzak, eta bere izaera patxadatsu eta irekia. Joxemarik gogoan du beste bilera bat ere, hura ere “erabakigarria”, eta han ere Joxemi izan zen gakoa. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskara Arazoetarako zuzendari Martin Ugalde izendatu berriarengana jo zuten ordukoan. Sartu dira Lakuako bulegora, eta Joxemariren ustekabea Ugalderi “hau Joxemi Zumalabe da” esaten dionean. Ezin kabitu Ugalde: “Zure aita irakasle izan nuen”, “osaba Agustin lagun handia dut”. Handik aurrera harreman handia izan zuten. Bilera asko egin zituzten. Beti ostegunetan: lehenengo bazkaldu, gero bilera egin, eta ondoren Ugaldek Gasteizen zuen apartamentutik pasatu, maleta hartu, eta Hondarribira eramaten zuten. Hor hasiko da egunkari baten balizkotasuna gauzatzen.

         Lokal berrira joan eta taldea abian jartzean, beste animo bat dute. Gazteak idazten eta muntatzen hasiko dira, eta Joxemik horiek utzi eta kudeaketan sartuko da: diru laguntzak negoziatu eta egitasmo berriak abian jarri, Joxemarirekin batera. Esan dugu janzkeran bata bezain zabarra zela bestea txukuna. Lehenengo lana kutxa komunetik dirua hartu eta Joxemirentzat jaka bat erostea izango da. Erantzi du Joxemik jertse zahar higatua, eta jantzi du jaka gris jaspeztatu berria. Ondo ematen dio. San Martin kalean bazkaldu, eta arratsaldean Diputaziora joango dira, bilera egitera. Eseri dira bazkaltzeko. Bigarren platera zerbitzatzerako, erre usaina: txaketa berria butanoko berogailuaren ondoan dago, kea dariola.

Argia sostengatzeko, Apika eta Antza

         Jendea inguratu, Argia sendotu, azpiegiturak sortu eta euskal prentsan urratsak aurrera egiteko garaia izan zen 80ko hamarkada. Behin taldea osatutakoan, lan prozesua arindu eta merkatuko zuen sistema bat abian jartzea izango da helburua, eta, horrekin batera, aldizkaria berarentzat eta taldekideentzat diru iturri izango den azpiegiturak sortzea. Lehenengo helburua Simeon Barroso Sime eta Juanjo de Marcos Poco teknikarien eskutik iritsiko da. Joxemik Egin-en ezagutu eta konbentzitu zituen Argia-n musu truk sistema informatiko bat jartzeko. Sime eta Poco bi fenomeno ziren harrika botatako makinak konpontzen. Usaimen hutsarekin asmatzen zuten erretako txipak zein ziren. Joxemarik, negozioetarako duen trebezia berretsiz, El País egunkariari bi filmagailu zahar erosi zizkion. Sime eta Pocok konpondu zituzten; bat Argia-n jarri zuten, eta bestea biren prezioan saldu. Negozio biribila. Horren aurretik, Portugalen izugarrizko paper piloa erosi zuen Joxemarik: zati bat Argia botatzeko gorde, eta bestea erositako salneurria halako bitan saldu zuen.

         Ekimen horiekin, Argia nahiko puntan jarriko da azpiegitura teknologikori dagokionez. Bi urteren buruan, furgoneta gidariari mila duroko faktura ezin ordaintzetik fotokonposizio propioa izatera pasatuko dira. Horren ondotik, paisaia berri bat irekiko zaie begien aurrean. Zergatik ez sortu informatika enpresa bat, aldizkariari azpiegitura informatikoa eman eta, gainera, finantzabide bat bermatu ahal izateko? Apika izeneko enpresa sortuko dute 1984an, eta Joxemiren aitak Getaria kalean zuen lokalean jarriko dute egoitza. Elkartea Joxemik, Joxemarik, Simek, Pocok eta Xabier Errok osatu zuten.

         Apika sortu zuten bezala, 1988an Antza inprimategia eratu zuten, Zumalabetarren ezagun ziren Tamayotarrei inprimategia erosita. Hor ere Joxemiren harremanak zabaldu zuen bidea. Guztia, Argia aurrera ateratzeko. Beste enpresa batzuk aldizkariaren finantzabide eta azpiegitura iturri gisa jartzea Joxemik hasieratik buruan izan zuen gauza da. “Proiektu horien atzean beti zeuden Joxemiren lauzpabost insomnio gau. Horiek beti ziren Joxemiren burutazioak. Berak zuen horretarako gaitasun handiena”, azaldu du Josu.

         “Gu ez ginen txostenlandian bizi. Jarri gauzak martxan; finantzabidea bilatuko diagu”. Horixe zen Joxemariren eta Joxemiren filosofia. “Beldurra galtzeko sistema ona da hori. Erabakiak hartzen genituen zetozen moduan, baina ondo pentsatuta. Eta uste dut ez ginela askotan okertu; garrantzitsuenean ez genuen hanka sartu. Egia esan, gure buruarekin izugarrizko sinesmena genuen”. Zer erremedio, nola bestela? Ideiak argi izate horrek eta borondate itsu horrek emaitza harrigarriak eman zituen oso urte gutxian: hamar urtean, aldizkaria sendotu, fotokonposizio sistema propioa ezarri; informatika enpresa bat antolatu, inprenta bat eratu, eta egunkari bat bideratuko duen proiektua sortu eta gauzatuko da. Argia euskarazko prentsaren bihotza eta motorra izango da 80ko hamarkada osoan. Arrakastak giltza asko ditu, baina bat nabarmendu beharko bagenu, hori taldea izango da. Bi eta bi lau ez direla frogatzen da, hogeita bi baizik.

         “Oso gaizki ohitu ginen”. Josuren ustea da hori. “Kanpotik ikusita, oso suizida izango ginen. Baina sei urtean lortu genuena izugarria zen. Aldizkaria saneatu, azpiegiturak jarri, proiektuak aurrera atera, euskal prentsa posible eta beharrezko zela aldarrikatu. Joxemik bazekien zein indar zuen taldean, eta atrebitzen da bestela atrebitu ez litzatekeen gauzak planteatzen. Hor badago autoelikatzen den espiral bat. Erronkei heldu egiten genien, baina ez modu egituratuan, modu bitalean baizik”. Joxemik ez zuen sekula ni hitza erabiltzen: beti zen gu. “Egin behar dugu” eta “egingo dugu”. Bazekien amets egiten, baina baita indarrak neurtzen ere, eta gutxitan emango zuen urrats ustelik. Ipurtargi beltzaren irudia asmatu zuten Joxemik eta Josuk elkarrekin kaleratu zuten libururako. Joxemi ipurtargi batekin pareka daiteke, baina ez beltza. Eta alegia berri baten hasera osatzen hasi: bazen behin eguzki batek baino argi txikiagoa eginagatik, itzal luzeagoa ematen zuen ipurtargi bat...

         Temati amorratua zen Joxemi, esan dugu. “Ez zuen inoiz etsiko lortu arte”, Jonen ustetan. “Bilera batean bere proposamenen bat ez bazen aurrera ateratzen, ez zuen amore emango. Handik bi egunera berriro jarriko zuen mahai gainean, edo hilabetera, edo urte erdira”. “Eta, ziurrenik, izaera hori oso beharrezko izan zuen hainbat egitasmo aurrera ateratzeko eta, bestetik, toreatu behar izan zituen zezenak toreatzeko”. Hala ikusten du Joxemarik. “Hori izan da adostasunak biltzeko oinarria eta zenbait ekimen aurrera ateratzeko giltza”.

         Apustua egin eta irabazi. Hurrengoa bota behar. Eta hurrengoa euskarazko egunkaria izan zen. “Alde batetik, ametsa zen, baina, bestetik, arriskatu beharrean ginen. Bazen garai bat esaten genuena: Ez al dugu nahikoa egin? Denok hamar urte gehiago ditugu, lasaiago bizi gaitezke ur handiagotan sartu gabe”. Euskarazko egunkaria sortzeko prozesu horretan guztian aurrera Joxemik eraman zituela uste du Iñakik. “Berak tiratu zuen gurditik”.

 

Sukaldaritza berriaren zizeronea

             Gipuzkoako hamalau sukaldarik euskal gastronomia eraberritu eta Euskal Sukaldaritza Berria sortzeko abenturan Joxemik izan zuen zerikusirik. Sukaldari gazte talde hark errezeta zaharrak berreskuratu eta berritzeaz gainera, euskal sukaldaritza euskal kulturaren barnean kokatzeko saio bat ere egin behar zela pentsatu zuten. Joan Mari Arzakek ondo gogoratzen du Joxemirekin elkartu eta asko hitz egiten zutela 70eko hamarkadako euskal kultura berriztatzailearen mugimendu hartan sukaldaritza nola txertatu. “Asko lagundu gintuen sukaldaritzaren oinarri kulturalak ezartzen, zentzua ematen, oinarri teorikoak jartzen guk intuitzen genuen mundu horri guztiari”. “Eta horri zor zaio gure egitasmoa aurrera atera izana, zeren, beste leku askotan saiatu arren, huts egin zuen”. Hala iritzi dio Arzakek. “Lanerako grina eta indarra ematen zigun Joxemik”. Estimu handia zion Joxemiri. Arzakek ez du ahaztekoa txima luze eta hippy itxura haren azpian “gizon apal bat zegoela, baina, aldi berean, oso apasionatua”.

             Euskal Sukaldaritza berriaren oinarri teoriko eta praktikoak behin zehaztutakoan, zabaltzeko unea iritsi zen. 1977ko udaberritik 1978ko abendura arte, hilero sukaldari batek afari bat prestatu zuen bere jatetxean berrogei bat lagunentzat. Afari horietara bakoitzak lau bat lagun gonbidatzen zituen. Asmoa sukaldaritza berria ezagutaraztea zen. Joxemi horietako askotara gonbidatu zuten, eta han zizerone lanak egiten zituen. Afaldu eta gero, beti izaten zen mahai-inguru antzeko bat, eta horietan moderatzaile Joxemi zen.

             Joxemik Arzakekin zuen laguntasuna zela eta, Argia-ko taldea tarteka joaten zen Arzakera bazkaltzera. Gehienetan gonbidatuta. Baina behin batean itzulpen batzuen kontura espero gabe kobratu zuten diru mordoxka bat poltsikoan hartuta joan ziren. Baina Arzakek Joxemiri kobratu nahi ez. Eta Joxemik kobratzeko. Iskanbila ederra sortu omen zuten jangelan. Bere etxean zegoela eta ez ziola ordaintzen utziko, esaten zion sukaldariak. Joxemik, kobratzen ez bazion ez zela gehiago joango. Bada, egiteko nahi zuena baina ez ziola inondik inora kobratuko.

             Joxemik, kultura gastronomikoa baina gehiago, sentsibilitate gastronomikoa zuela uste du Arzakek. “Zaporeak oso ondo bereizten zituen, eta jakien kontura egiten zituen komentarioak batzuetan harrigarriak ziren, profesional ez zen baten ahotan zirelako”. Sentsibilitate gastronomikoari “ondo jandako morroia” izatea deitzen dio Karlos Argiñanok. Argiñanok asko ezagutu zuen Joxemi; lagunak izan ziren, Juanjo Landa tarteko zela. “Ni berehala konturatu nintzen angulak eta kokotxak gu baino sarriago eta gehiago jandakoa zela Joxemi”. Irudipen hori izan zuen Argiñanok Joxemirekin lehen aldiz mahaian eseri zenean: “Honek ondo jan dik beti”.

             Bi sukaldari horiekiko adiskidantzari esker, Zeruko Argia-ren aldeko bazkari bat antolatu zen Anoetako frontoian 1979an, eta sukaldari berri horiek guztiek mila lagunentzat prestatu zuten bazkaria. Argia-ko kideak zerbitzari lanetan ibili ziren.

             Sukaldean ez zen gaizki moldatzen Joxemi. Bereziki, 1980ko neguan Argiñanoren esanetara ikastaro bat egin zuenetik. Joxemiz gainera, Juanjo Landa eta Pello Iturain etxekideak ere bazeuden ikastaroan. Baita Lopez Ufarte eta Salba Iriarte ere, orduan Realeko jokalariak. Hernaniko Langile ikastolan biltzen ziren astero. Normalean, errezeta erraz samarrak ziren, baina hilean behin zerbait berezia prestatu eta bertan afaria egiten zuten. Gero norbaitek aterako zuen gitarraren bat, eta kantuan eta parranda giroan jarduten zuten. Ahoz aho zabaldu zen ikastaroaren kontua, eta hasieran bost lagun izatetik hamabost izatera pasatu ziren, normalean gertatzen denaren kontrakoa. Ikastaroko errezeta horiek gerora Argia-n hasi zen argitaratzen Joxemi, bere marrazkiekin apaindurik (Argiñano ageri den haserako marrazkia da horietako bat). Eta, hain zuzen, horixe izan zen Argiñanok komunikabideekin izan zuen lehen kolaborazioa.

             Ikastaroan ikasia praktikan noiz edo noiz jarri zuen Joxemik. “Arraia intxaur saltsan” zioen errezeta aukeratu zuen. Juanjo eta Pellorekin, hiruren artean prestatzekoak ziren Uliako auzokideentzako afaria. Juanjok “epopeia bat” izan zela dio bazkariaren prestaketa, eta Pellok, berriz, izugarrizko iskanbila izan zutela euren artean, eta azkenean sukaldean banaka sartzea erabaki zutela. Batek bukatu arte, besteak mutu.

             Ez zen sukaldari txarra; denborarik ez zuela hartzen kontua. Baina hobea zen jalea, eta are hobeagoa bazkalondoko solaskide moduan. “Gustua ematen zuen bazkaldu ondoren berarekin tertulian egotea. Goxo, lasai eta oso garbi hitz egiten zuen”. Argiñanoren oroitzapenak dira.

 

Leonarda birramona

 

             L. Bastida izenarekin sinatzen zituen Joxemik bere artikuluak, Zeruko Argia-n lehenengo eta Argia-n geroago. L. Bastida Leonarda Bastida zen, Joxemiren aitonaren ama, Zumalabetarren aldetik. Joxemiren birramona, beraz. Umea zela, baserriak su hartu eta ito beharrean zegoela norbaitek hartu eta leihotik bota omen zuen, eta horri esker salbatu. “Leonarda Bastida sute hartatik bizirik irten zelako nago ni hemen”, esaten zuen Joxemik, eta horregatik aukeratu zuen haren izena sinatzeko. Emakumea eta kemen handi samarrekoa izateak ere izan zuen zerikusia izenordearen hautaketan.

 

Autodidakta

             Joxemi berez zen kuriositate handia zuen gizona, gai asko zitzaizkion interesgarri, baina kuriositateak baino egoerak eraginda ikasi eta bete behar izan zituen lanbide asko. Askotan bere berezko joerarekin zerikusi handirik ez zuten lanak ziren. Apika informatika enpresa sortu eta gerente lanetan jarri zenean bezala. Enpresa bat nola zuzendu bere kasara ikasi zuen. Lisboara egindako opor batzuetan kontabilitate liburu bat erosi eta hura irakurriz ikasi zuen numeroekin nola borrokatu.

             Gero, jardunak erakutsi zion zein bidetik jo, baina helburuak garbi izateak asko lagundu zion.

 

EKB, beste borroka gunea

             Euskal Kulturaren Batzarrea, EKB, Argia-ren sukaldean sortu zen, 1983an, Argia-ko kideek aldizkari bat egitetik haratago ernatzen ari zen euskalgintzaren eremuan zuzenean parte hartzeko zuten bokazioari erantzunez. Joxemik, Argia-z gainera, beste borroka zelaitzat hartu zuen EKB. Finean, borroka beraren beste alde bat zen. Euskal Herrian Euskaraz, AEK eta Argia bera ziren EKBko hiru elkarte nagusiak, eta inguruan Jakin, UEU eta euskararen aldeko beste talde ugari zeuden. Helburua euskalgintzako mugimendu herritarra bultzatu eta koordinatzeko erakundea izatea zen. Sortu eta bi urtera, euskararen plangintza orokor baten beharraren inguruko txosten bat osatu zuen, gerora etorri direnen aurrendari. “EKBk eskatzen duen plangintza euskalduntze plangintza batean zehaztu behar da, plan horrek behar dituen bitarteko politiko, ekonomiko eta sozialak hartuz. (...) Euskarak behar lituzkeen erabaki horiek eskatzea, eta zein izan beharko luketen aditzera ematea da EKBren egitekoa. EKBk planteatzen du plangintza orokor baten inguruan lor daitekeen batasunean oinarritu behar dela plangintza hori, eta EKB baldintza hori betetzen duten indar guztien metaketa egiten saiatzen da”. Joxemiren beraren azalpenak dira.

             Sortu eta bi urtera, ez atzera ez aurrera geratu zen. EKBren berpiztean zerikusirik izan zuen Joxemik. Argia-ko ordezkari gisa jarri zen EKBn, eta jarraitu beharreko bidea markatu zuen. EKBko idazkari nagusi ohi Joxe Jabier Iñigoren ustez, erakundearen urte funtsezkoenetan buruzagitza lana egin zuen Joxemik. Egin beharreko urratsak zehazteaz gainera, jende askorengana iristeko zubia zelako. “Guretzat, euskalgintzak zeukan erreferente sendoena eta osoena zen Joxemi, eta, horretaz gainera, itzal handia zuen euskalgintzako gune militanteetatik kanpoko zirkuluetan”.

             1988an, EKBk eta Ikastolen Federazioak Bateginik kanpaina egin zuten, euskara hizkuntza ofizial eta nazional gisa aldarrikatzeko. Kanpaina hori aurrera eramateko, diplomazia lan handiak egin behar izan zituzten, eta hor, beste behin, Joxemi zen gakoa. “Bateginik kanpainak, kontzientziatze kanpaina moduan lorpen handiak izan bazituen ere, etekin ekonomikoetan zorte txarra izan zuela iruditzen zait. Hasi zenean, giro nahiko ona zegoen denon artean halako kanpaina handi bat aurrera ateratzeko. Arazoa da orduan sortu zela Ajuria Eneko Ituna, eta Euskadiko Ezkerrak zirikatu zuela Ituna euskararen eremura ere eramateko, HB baztertzeko asmoz. Eta nahi zutena lortu ez bazuten ere, diplomazia lan izugarria izan zen bateraturik aurrera ateratzekoa”. Hor ere Martin Ugalderen sostengua jaso zuen.