“Ipurtargiaren itzal luzea” liburua | aurkibidea | aurrekoa | hurrengoa
1968-1979
Ikasi, gutxi ikasi zuen Joxemik Bartzelonan. Gehiago ibili zen ikasle taldeetan borroka politikoak eta beste antolatzen. Borroka, baina, etxean egin behar zuela ohartu zen. Arkitekturako lehen maila gainditu gabe utzita itzuli zen Donostiara, 1969an. Aitak disgustu ederra hartu zuen, baina gogoa Euskal Herrian zuen. Eta Euskal Herrian giroa bero-bero zegoen. Ez zen urtebete Txabi Etxebarrieta hil zuela Guardia Zibilak; haren hiletetara mundu bat joan zen, eta mugimendu handia sortu zen, salbuespen egoera indarrean izanagatik. Etxebarrietaren hilketa oso gertaera mingotsa izan zen Joxemi eta koadrilakoen artean; besteak beste, ezagutzen zutelako. Hileta baino bi hilabete lehenago agertu ziren Etxebarrieta eta Iņaki Sarasketa Aurrera tabernara Joxemirekin-eta biltzeko. Etxebarrietak-eta bazuten Artzaiak taldearen berri eta zer ote zen jakiteko egin zuten zita Joxemirekin. Aurreratik irten eta pasioan ibili ziren, hizketan. “Lo que haceis es un trabajo de francotirador absurdo”, esan zion Etxebarrietak Joxemiri, Artzaiakena antolatu gabeko ekimen kaotiko samarra zela pentsatuta. Joxemi ez zen oso ados, izan ere asko maite zuen bere kasara ibiltzea, inoren esanei amen egin gabe. Hala ere Etxebarrieta ez zen edozein gazteagoen begietan; hil eta gero, haren biografia eta poema bilduma kaleratu zuen ETAk, eta Kintxo Sarasolak gogoan du nola denek gorde zuten, altxor baten moduan. Baita Joxemik ere. Kintxo Joxemiren lagun min eta borrokakide izan zen 70eko hamarkadako lehen urteetan. Biak zeuden egoera berberean: ikasteari utzita, soldaduska egin zain, eta borrokan sartzeko gogoz.
Kantaldi legez kanpokoak emateko egitasmo bat jarriko dute abian, Imanol Lartzabal kantaria buru dutela. Joxemi, Kintxo, Mikel Arregi, Gabriel Gurrutxaga, Xabi Larrea, Mikel Intxausti, Joxerra Beloki, Itziar Salegi, Marta Barandiaran eta Joxemari Ostolazak osatzen zuten taldea, beste batzuen artean. Dozena bat lagun inguru bildu ziren; Aurrera tabernako giroko koadrilakoak batzuk, lagunen lagunak bestetzuk. Helburua euskal kultura kalera ateratzea zuten. Azkueren kantutegiko abesti zaharrak berreskuratzen hasi ziren. Hartu gitarrak eta panderoa, eta herrietako festetara joaten ziren kaleetan kantatzera. Baina hori egitea ez zen erraza. Euskaraz kantatzea debekatua baitzegoen. Lezon eta Berastegin, Guardia Zibila atzetik jarri zitzaien, eta hanka egin behar izan zuten. Hori dela eta, kaleko ekitaldiak utzi eta herrietako lagun edo ezagunen bitartez bertako elkarte, parrokia eta antzeko lekuetan kantaldi edo bilera bereziak egiten hasi ziren, Aņorgan, Billabonan eta Larrabetzun esaterako. Azken honetan Natxo de Feliperekin bildu ziren.
Entseguetarako astero biltzen ziren, eta azkenerako oso kantaldi berezia osatu zuten: lehen partean, Euskal Herriko historia jasotzen zuten kantuak abesten zituzten; bigarrenean, egokitzen ziren herrian zeuden arazoen inguruko bertsoak kantatzen zituzten; eta gero, debekatuta zeuden hainbat kantu. Azkenik, debate bat egiten zuten entzuleekin. Kantuan oso txarra zen Joxemi. Berea antzerkia zen gehiago, eta antzezpen batzuk tartekatu nahi izan zituen kantaldian. Eta honako hau proposatu zen: Joxemik Aita Santuaren inguruan egindako bertso batzuk musikatu zituen Kintxok. Horiek kantatzen hasi, eta euretako bat gorbata eta trajea jantzita —Joserra Beloki gehienetan— publikoaren artetik oihuka hasiko zen kantaldiaren erdian, hura legez kanpokoa zela eta euskaraz ezin zela kantatu esanez. Helburua jendea probokatzea zen, eta, lortu, lortu zuten.
Iraultza irakasle
Baina kantaldi eta antzerki kontuez gain, bazen lantzen zuten beste alderdi bat ere: prestakuntza ideologikoa. Astean bizpairu aldiz biltzen ziren irakurketak egin eta eztabaidatzeko. Marxismoa, iraultza soziala eta politikoa, eta horrelakoak. Horietan gidari Joxemi zen. Joxemi ordurako “ideologikoki nahiko aurreratua” zegoen. Ideologia kontuetan “ez zen edozein”, Kintxok ederki daki.
Oraingo begietan, kantaldien kontu hori ETAren fronte kulturalaren barneko ekimena zen. Baina orduan gehienek, batzuk salbu, ez zeuden horretaz jakitun. Testuinguru orokor batean kokatzen zirela jabetzen ziren, baina ez inoren mandatutik zetorren ekimen bat zenik. “Lagunak ginen gehienak, koadrilakoak, edo ezagunak, eta oso modu naturalean antolatzen ziren gauzak, pentsatu gabe inongo organigramaren barruan ginenik”, dio Marta Barandiaranek, gerora Joxemiren neskalagun izango zenak. Egia esan, ez dirudi mandatu handirik behar zenik garai hartan ekimenak aurrera abiatzeko. Berez sortzen ziren han eta hemen. Egoera ere halakoa zen: latza eta urgentziazkoa alde batetik, baina baita mugimendu handikoa eta horrenbestez baita esperantzazkoa ere. 1970ean Burgosko epaiketa abiatu zen, hamasei lagunen kontrako gerra-kontseilua. Salbuespen egoera ezarri zen berriro. Egoera asko korapilatu zen, lehen baino zailago zen kantaldiak egitea, eta urtebete eskasera desegin egin zen taldea.
Giroa oso politizatua zegoen ordurako, nahastua eta bero-bero. Egunetik egunera berotzen zen giroa, gero eta gehiago. Eta gauzak egiteko borondatea gazte askok zuen, antolatuta edo antolatu gabe. Askatasun egarria, borroka politikoa eta soziala buruan, belaunaldi oso bat prest agertu zen iraultzarako. Inoiz gertatu gabea gertatu zen: herriaren eta iraultzaren zerbitzuan jarri zen belaunaldi oso bat, bidean utzi beharreko guztiak utzita. Gaztedi berria, gaztedi gorria.
Jeronimoren borroka
Giro horretatik modu naturalean eman zuen hurrengo urratsa Joxemik. 1971n, ETAn sartu zen beste asko bezala. Aurreko urtean erakundea banatu berri zen: ETA V eta ETA VI. Joxemi seigarrenenera etorri zen, horrek biltzen zuelako militantziaren zatirik handiena. Donostia inguruko sextakoek jakin zuten bazela donostiar ikasle bat, Aurrera girokoa, argia zena eta borrokan sartu nahi zuena. Hitzordua Gernikako Arbola pasealekuan egin zuten. Gazte borrokalari baten itxuraz agertu omen zen: bizarra eta txima luzeak, panazko galtza grisak, kremailerarekiko langile jertsea, txiruka botak eta makutoa zintzilik. Klandestinitaterako ez zen piura egokiena. Batzuek, bohemio itxura zuela diote; besteek, zabarra zela janzkeran; beste batzuek, berriz, zabarretan zabarrena. Ezizena: Jeronimo. Gidari izateko dohainak bazituen, nonbait. Teoriko ona zela berehala konturatu ziren taldean. Ordurako nahiko mamitua zuen literatura ezkertiar eta iraultzailea gehientsuena. Eskolan ikasle kaskarra izanagatik, politikan sartu zenean hasi zen bete-betean ikasten: hartu liburua edo txostena, irakurri, azpimarratu, ulertu, memorizatu. Irakurle amorratua izan zen garai haietan. Maldarik ez gustuko bidean. Kintxok gogoan du egunero biltzen zirela liburuak eta irakurketak, eta ideologia eta taktika kontuak hausnartzera. Beste zereginik ez zuten. Joxemik egun osoa ematen zuen horretan: liberatu izan gabe liberatuta zegoen. Goizeko bederatzietan joaten zen Kintxo Joxemiren etxera. Hura esnatu —normalean lo egoten baitzen, goizeko ordu txikiak arte irakurtzen aritzen zelako—, eta han hasten ziren bezperan irakurritakoaren inguruko txostenak egiten. Ez beti, hala ere. “Joxemi ez zen oso diziplinatua, eta askotan irakurri beharrekoa ez beste zerbaitekin etorriko zen”. Hau eta bestea. Hainbesteko jakin-mina zuen, edozer zitzaion interesgarri. Pilar arduratzen zen “mantenuaz eta horniketaz”, baina bazkaldu nork bere etxean egiten zuten. Joxemiren etxetik pasatutako guztiek dute gogoan Pilar, baita Kintxok ere. Gurasoek zerbaitetan bazebilela, jakin, jakingo zuten, baina askatasun osoa ematen zioten Joxemiri, eta inoiz ez ziren kontu eske etorri. Bazkaldu eta gero, beti Aurrera tabernara kafesnea hartzera. Ez zuen inoiz huts egingo.
Joxemik Herriak eta auzoak atala zuen bere gain. Lana politikoa zen erabat: batzarrak antolatu, eztabaidak bultzatu, grebak eta manifak antolatu, jendearekin harremanetan jarri, txostenak eta propaganda banatu... Horretaz gainera, Minoen ildo politikoa zehazteko prozesuan ere hartu zuen parte Joxemik, bereziki Gipuzkoako zuzendaritzara iritsi zenean. Minoetakoa zen. Hain zuzen, ETA sextan sartu eta gutxira, beste banaketa bat gertatu zen: mayoak eta minoak. Mayoek troskismoaren alde egin zuten, eta hortik Liga Troskista Iraultzailea sortu zuten. Minoek aukera abertzaleagoa egin zuten, eta ez ziren eredu batean definitu. Definizio falta hori zen minoen ezaugarrietako bat. Definitze prozesu bat jarri zuten abian, eta gutxi-asko eredu propio baten beharra aldarrikatu zuten, Sobiet Batasuna, Txina, Vietnam edo dena delako eredua zuzenean erabili beharrean. Indefinizio hori definitzeko, Joxemik denetarik irakurri zuen: marxismoa, leninismoa, troskismoa, anarkismoa, maoismoa, komunismoa, sozialismoa. Joxemik pentsatzen zuen klasikoetara jo behar zela, iturrietara, eta ez eredu jakinetara, eta gero euren eredu propioa egin behar zutela. Joxemik bere burua anarko-komunista gisa lerratzen zuen. Azkenik, ez zen definizio prozesu hori burutu, minoak desegin egin zirelako, inon horrela erabaki ez bazen ere.
Oilaskoaren hegalak
Tartean, gogoeta handiak eta teorizazio sakonak izan ziren. Baina abenturarik ere izan zen. Behin, ETAko zuzendaritzak egin zuen bilera batean sukaldari lanetan ibili zen Joxemi. Menua, oilasko errea. Oilaskoa bi papertxo jarrita atera zuen mahaira: “ezkerreko hegala” eta “eskumako hegala”. Hainbesteko banaketa eta bereizketak ematen zuen txantxa egiteko aukera.
Beste behin, jakin zuen Tolosako bi gaztek erakundean sartu nahi zutela. Hitzordua jarri zuten, tentu handiz jarri ere. Halako tokitan geratu, gero autoan mendian gora joan, eta borda urrun batean gaua pasatuko zuten. Joxemi burua hanka artean ezkutatuta joan zen autoan, nora zeramaten ez jakiteko. Leihotik begira joan balitz ere ez zuen asmatuko non zenbilen, hain zen egun lanbrotsua eta iluna. Segurtasun neurri guztiak gutxi ziren halakoetan. Goizeko hamarretarako, bordan zen. Hasi zen bilera, hasi zuen Joxemik ideologiaren inguruko lezioa, materialismo historikoa eta beste aipatuz. Baina arazo taktiko larria sortu zitzaion: tabakorik ez. Autoa hartu eta berriro behera, Jean beltza erostera. Klandestinitateko segurtasun arau guztiak, pikutara.
Langile izan nahia
1972an, Joxemiri soldaduskara joatea tokatu zitzaion. Arakan egin zituen lehen hiru hilabeteak, eta gero Loiolan. Soldaduskatik bueltan, Ordizian hasi zen lanean, Gaztaņaga galdarategian, delineatzaile. Seguran hainbat plano altxatzen ibili eta gero egokitu zitzaion Ordizian lan egiteko aukera. Aukera, nolabait, berak bilatu zuen, orduko gazte iraultzaile askok legez langile izan nahi zuelako. Langile Komiteetan sartu eta borroka hori Goierrin eraman zuen aurrera, gehienbat. Langile Komiteek batzarren eta demokrazia zuzenaren aldeko apustua egin zuten, ordurako abian zegoen erakundetze joeraren kontra. Ez alderdi politiko, ez sindikatu: langileek zuzenean hartu behar zuten parte borrokan eta erabakietan. Joxemik esparru horretan lan ideologiko handia egin zuen; izan ere, komiteak ez ziren mugatzen lan eremura soilik: naziogintza, emakumeen eskubideak, antimilitarismoa, mogimendu anti-nuklearra, amnistia eta beste gauza asko ere aldarrikatzen zituzten.
Koro arreba Beasaingo institutuan zebilen irakasle, eta etxea elkarrekin eta beste bizpahiru lagunekin hartu zuten; lehen urtean Ordizian, eta hurrengoan Idiazabalen. Asteburuetan, Donostiara egiten zuten, baina baita astean zehar ere Joxemik sarritan; izan ere, neska-laguna, Marta Barandiaran, han zuen. Donostian, gauak gehiegi luzatzen ziren askotan, eta biharamunean apenas lorik egin gabe joaten zen lanera. Gaztaņagako bulegoan komunean toaila lurrean bota, eta lo kuluxkak egiten omen zituen. Langile kaskarra. “Baina ez zuen neurri gabe egiten, bazekien nola egin. Gainera, ez zuen gustuko lana; soldata baten truke zen”, arrazoia eman dio Jon Barandiaranek. Soldataren truke lan egiteko ez zen jaio Joxemi; bai, aldiz, soldatarik gabeko lan militanteetan ordutegirik gabe ibiltzeko. Adiskide zaharrak ziren Joxemi eta Jon. Jon Joxemiren orduko neska-lagun Marta Barandiaranen anaia izaki, aspalditik zuten elkarren ezagutza. Ordizian, 1976 arte egin zuen lan; hiru bat urte, guztira. Gasteizko langileen sarraskia, urte horretako martxoan gertatua, Ordizian zela bizi izan zuen. Urte amaieran, jaioterrira egin zuen, lagun batek lana eskaini baitzion Egia Fotoconposiciķn inprimategian. Lana ugari zela eta, Joxemik Jon eraman zuen berarekin. Jon anaia gazte gisa adoptatu zuela dirudi askotan. Joxemi zegoen leku askotan, Jon atzean zegoen beti.
Hiru gizonezko, familia bat
Ordiziatik Donostiara itzulita, Ulia auzoan Juanjo Landa klandestinitateko lagunarekin batera jarri zen bizitzen. 1976an, etxea hartu zuten alokairuan. 1977an, Pello Iturain etorri zen hirukotea osatzeko. Iturain ere langile borrokan ibilitakoa zen. Elkarren artean oso desberdinak izanagatik, ondo konpontzen ziren, eta, gainera, bizi-filosofia antzekoa zuten. “Oso ezkertiarrak ginen, liberalak, irekiak”, gogoratzen du Juanjok. Ez ziren alferrik, ez, 68ko maiatzeko semeak. Jende asko pasatzen zen etxe hartatik. Juanjok argiki azaldu du: “Ohe gutxi eta koltxoi asko”. Baina ez da azaleko kontua, benetan sistemaren eta burgesiaren familia ereduari alternatiba gisako oasi bat sortu nahi zioten. Iraultza etxetik hasten da. Eta, horregatik, hiruren artean etxebizitza bat erosiko dute 1980an. Hori ere Ulia auzoan. Joxemik areago eraman nahi zuen arau-hauste hura, eta diru kutxa komuna jartzea proposatu zien beste bi etxekideei. Saioak egin zituzten, baina ez zuen funtzionatu. Baina egia da Joxemi Argia-n soldatarik jaso gabe lanean ari zela, gurasoek emandakoez gainera Juanjok eta Pellok emandakotik ere bizi zela. Horrekin ez zuten inoiz arazorik izan.
Komunaren ideia beste modu batera gauzatzen ere probatu zuten. Etxeko gelak ez ziren inorenak izango. Dena guztiona, jabego pribaturik ez. Logela bera izango zen hirurentzat. Juanjok atzera egin zuen, neska-laguna berarekin bizi baitzen orduan. Pello eta Joxemik altzariak desmuntatu, lastairak gela batean jarri, eta beste gelan trasteak pilatu zituzten. Ez zuten denbora asko iraun elkarrekin. Bat beti garbitzen ari zelako, eta besteak garbitu beharrik ez zuelako ikusten inoiz. Eta neskarekin joaten zirenean, zer? Azkenean, nor bere txokora.
Jendea saldoka izaten zen etxe hartan. Bilerak egiten ziren bertan. Hirira zetozen musika talde askoren ostatu izan zen. Baina, halako batean, bukatu ziren kontu horiek ere. Pellok ez du ahazteko behin gertatua. “Ordu txikitan itzuli ginen etxera Juanjo eta ni, eta etxeko atea ezin ireki, atearen kontra norbait lo zegoelako. Korridorea, sukaldea eta logela guztiak jendez beteta zeuden. 45 lagun zeuden gurean lo!”. Hor bukatu zen giltza edonori emateko kontu hori.
Ez telebistarik ez telefonorik ez zuten izan etxean urte askoan. Telebista berandu arte ez zuten erosi. Futbol partidak ikusteko-eta ondo legokeela iritzita, Pellori urtebetetzerako erregalatu zioten. Opari komuna inondik ere. Piztuta ez zegoenean, izara batekin estalita izaten zuten, cuerpo represivo bat zelako. Bestela, lege handirik ez zuten etxean. Nork bere garbiketa egiten zuen. Edo, hobeto esan, Juanjok eta Pellok eurena garbitzen zuten, eta Joxemik ezer ere ez. “Hain zuen zikina logela, zikinkeriak gainezka egiten zion; kanpora ateratzen zen, eta gure geletara sartu. Hori ikusita, gure gela garbitzen genuenean, zaborra ontzira bota beharrean, haren gelan pilatzen hasi ginen”. Pello beste muturrekoa zen garbiketa kontuetan. Baita janzterakoan ere. “Berdin zitzaion zer jantzi. Guk beti arropa berria erregalatzen genion. Baina jantzi eta minutura izango zuen kafesnearen arrastoa. Alkandora berria ez zuen aldatuko ez dakit zenbat denboran. Eta gero hura ez zegoen garbitzerik. Zaborretara bota eta berria erosi”. Galtzak beti arrastaka, eta barrenak beti urratuta. Hippysmoaren garaiko semea izateak ematen zion zuribidea. Gainera, garbitasunaren gainean ere teorizatzen zuen, kapitalismoaren kontzeptu bat zela eta...
Haur beraren hiru aita
Komeriak komeria, elkarrekin bizi izan ziren 1988ra arte. Nor bere lanean eta bere kontuekin ibiltzen zen astean zehar, baina ostiralero hirurak afaritara joaten ziren. Hitzordu hori sakratua zen, eta horrela izan zen Joxemi hil zen arte. Familia bat osatzen zuten hirurek. Umeak bakarrik falta zitzaizkien. Eta ez zen alboratzen zuten ideia bat. Areago, hirurak ume beraren aita izateko asmoaz sarritan eta oso serio hitz egin zuten. “Orain txantxa dirudi, baina guk serio planteatzen genuen. Ez genuen sinesten familia tradizionalean, eta alternatiba hori egokia iruditzen zitzaigun. Guk planteatzen genuen hirurok haztea, eta pentsatzen genuen oso ume berezia aterako litzatekeela”. Arazoa hiruren gustuko emakumea topatzea izan zela gogoan du Juanjok. Egia esan, hirurek gustuko zuten emakume bat bazen, baina, hiruretako baten neska-laguna izaki, ez zen posible izan. Beste bat da buruan zuten emakumeak zer pentsatuko zuen jakitea.
Emakumeek nahiko buruhauste sortzen zizkioten hirukoteari. Pello berak ligatu eta neskak beste biek eramaten zituztela kexatzen zen. Azkenik, Joxemik numeroak egin behar izan zituen bakoitzaren neskazaletasunaren gainean: “Nik sei neska-lagun serio izan ditut; Juanjok, 60; eta Pellok, 600. Pellok neska bakoitzarekin sei aste irauten du; Juanjok, sei hilabete; eta nik, sei urte”. Emakumeekin Joxemi gainerako gauza guztiekin bezalakoa zela gogoratzen du Juanjok. Apasionatua. Eta desordenatua. “Gai zen hiru egun neskarekin, gau eta egun, banandu gabe egoteko halako beroaldi batean”. Pellok, berriz, neska-lagunen batek besarkatzen zueneko irudia du: “Ume mainatsu bat bezalakoa zen emakume baten besoetan; laztanak hartzea maite zuen”.
Futbola gustuko zuen Joxemik. Realzalea zen, eta aitaren txartelarekin tarteka hartzen zuen denbora Atotxara joateko. Jokatzea ere gustatzen zitzaion. Umeetan, asko ibili zen; gero, gaztetan, noiz edo noiz ematen zizkion baloiari ostiko batzuk. Jon Barandiaranek gogoan du nola poteoan ibili eta iluntze aldera norbaitek baloi xaharren bat atera eta han hasten ziren ostikoka. Askotan Konstituzio plazan, leihoren batetik kargu hartzen zieten arte. Txikitan trebea zen oso kiroletan; gero zabartu zen, gizendu ere asko gizendu zelako. Garai batean, bizikletan asko ibili zen. Ordizian bizi zela, Donostiara bizikletaz joaten zen. Sasoi polita hartu zuen, baina norbaitek askorik sinetsi ez, eta erronka bota zion, ezetz Etxegarateko portua igo ordubete geroago aterako zen autoa baino lehen. Berak baietz. Gogor heldu zien entrenamenduei. Hain gogor, ezen behin lurrera begira abiada bizian zihoala kamioi baten ipurdia jo eta sudurra txikitu zuen Ibaeta inguruan. Ez zen apusturik izan, baina Joxemik irabaziko zuela argi dago. Bereziki, jada hitz egina zuelako kamioizale batekin, autoaren aurrean jarri eta motel-motel portua igoarazteko.
Istripuaren ondoren, bazterrean utzi zuen bizikleta. Handik hamar urtera, berriro sartu zitzaion bizikletan ibiltzeko harra. Gizena zegoen oso, 90 kilo pasatxo. Bizikleta erosi, eta Iņaki Uriarekin batera entrenamenduak hasi zituen Donostia, Goizueta, Leitza, Tolosa eta Hernani arteko bidea egin ahal izateko. Helburua lortu zuenean gustura geratu zen eta ez zuen bizikleta gehiago hartu. Zerbait buruan sartzen bazitzaion, egin egingo zuen, badakizue dagoeneko.
Kotxean, eta beti berandu
Gauza materialak ez ziren sekula arazo. Ez zuten indarrik ez buruko minik merezi. Arropa zarpaildua? Berria erosi. Ohea egin gabe? Lo berdin egiten da. Autoak kolpea hartu duela? Berdin gidatzen da. Garrantzirik gabeko kontuak ziren harentzat. Abian jarri behar zen egitasmo bat, hartu beharreko ardura bat, egin beharreko bilera bat, lagunekin bildu beharra... Horiek ziren garrantzizkoena. Haserretu ere, ez zen askotan haserretzen, baina egiten zuenean jenio oso bizia zuen. Dirua lapurtu zeniola eta kotxeari kolpea eman zeniola, hori ez zen haserretzeko moduko arrazoi bat. Sutuko zen lagun bat defendatzeagatik, edota bere egitasmo bati deliberatuki oztopo jarri izanagatik. Gainerakoa erlatiboa zen. Autoak aipatu ditugu, eta ezin utzi esan gabe makina bat haserre izan zuela autoen kontura. Pentsa, klandestinitatean Jeronimo deitzen ziotela esan dugu, gidaritzarako zuen trebeziagatik, baina baita Bujias ere. Nonbait, sarritxo jarri zuen bujien aitzakia berandu iristeko. Eta, agian, egia izango zen, zeren autoak ez zituen batere zaintzen. Gasolina gabe geratu, askotan. Giltza barruan ahaztu, makina bat aldiz. Non aparkatu zuen ezin gogoratu, sarri. Bidea ikusiko bazen, kopilotuak aurreko kristala garbitu behar, usu. Autoa liburuz eta paperez betea, beti. Eta Maddi eta Jon jaio zirenean, jostailuz josita. Baina hori ez zen larria harentzat. Autoak auto dira; traste batzuk, besterik ez. Baina autoagatik izan zein ez, Joxemi ia beti berandu iristen zen hitzordu gehienetara.
Esan dugu Egia inprimategian zebilela lanean. Han Zeruko Argia aldizkaria fotokonposatzen hasi ziren, eta Joxemari Ostolazarekin berriro egin zuen topo, zazpi urte lehenago kantaldi legez kanpokoen kontura elkarrekin ibili eta gero. Joxemari Zeruko Argia-n zebilen lanean; hark egin zion Joxemiri aldizkarira lanera joateko eskaintza. Ez zuen zalantzarik batere izan: baiezkoa. Eskaintza gutxi gorabehera horrelakoa zen: soldatarik ez, diru zorrak handiak, lanorduak behar ziren guztiak eta gehiago; aldizkaria langileek bere gain hartu beharra, eta euskarazko prentsaren aldeko borrokan buru-belarri sartzea. 1979. urtea zen. Joxemi- Joxemari binomioak ondo baino hobeto funtzionatuko du. Eta urte luzeetan elkarren ondoan egongo dira. Batek baino gehiagok ez zuen harreman horren alde askorik emango. Izan ere, Joxemari ETA Vean izana zen, eta Joxemi VIan. “Oso urte aluak izan ziren harremanen aldetik. Ezinikusi eta zauri handiak ziren bi taldeen artean. Joxemik eta biok jakin genuen pertika bat hartu, horren gainetik salto egin eta harremana gordetzen”. Egia esan, Joxemik erraztasun berezia zuen laguntasun giroa sortzen eta harremanak denboran luzez gordetzen.
Etxean bezala sentitu zen hasiera- hasieratik Joxemi Argia-n, eta bertan laketu zen, bizitzen geratu kasik. “Hau da nire lekua, hau da nire borroka”, sentitu izan balu bezala. Hor hasiko da Zerurik gabeko Argia-ren ibilbidea, eta talde horretan Joxemik bere onena emango du, eta taldeak bere onena erantsiko dio.
Danborrada berezia
San Sebastian bezpera. Pello Iturain, Juanjo Landa eta Joxemi Uliako auzokideekin afaritarako bildu dira. Afaldu ondoren Alde Zaharrera jaitsi dira, biharamunean auzoko umeek danborradan erabili beharreko goilara, sardeska eta labana erraldoiak hartuta. Parean egokitzen zaien danborrada bakoitzaren aurrean jarri eta zuzendari lanak egiten ibili dira. Itzuli dira etxera, ordu txikitan itzuli ere, eta goilara pitzatuta, sardeska puskatuta eta labana zikinduta. Umeek danborrada hasterako doi-doi lortuko dute tresnak itxuratzea.