“Ipurtargiaren itzal luzea” liburua | aurkibidea | aurrekoa | hurrengoa

 

1950-1968

 

         Gizonak beti darama izan den umea barruan. Joxemi helduaren begirada Joxemi umearenean hasten da ernatzen. Ez zuen haurtzaro arrunta izan, eta orduan bizi izandakoak balio erantsia ekarriko zion Joxemiri urteek aurrera egin ahala. Egin dezagun salto atzera. Mendearen erdi-erdian jaio zen Joxemi, 1950eko urriaren 14an. Zumalabetarra eta Goenagatarra zen aldi berean. Eta hori ez zen edozein izatea hamarkada haietako Donostian, Donostia euskaltzale eta abertzalean bederen.

         Zumalabetarrak Urbieta kaleko 56an bizi ziren. Egur moztu berriaren usaina izaten zen etxe hartan. Joxemiren logelak atzeko patiora ematen zuen, eta bertako leihotik sartzen zen etxepean aitona Bernardok zuen aroztegiko usaina. Etxea aitonak egina zen. Lehen solairuan Joxemi-eta bizi ziren, eta bigarrenean lehengusuak. Inondik ere etxegintza familia zuen Joxemik. Aita matematikaria eta aparejadorea zen ikasketaz, eta etxegilea lanbidez. Aitaren aita, delineatzailea. Beste aitona, arotza, etxegintzan ere ibiltzen zena. Amaren aldeko amonaren familia ere, Arteagatarrak, harginak ziren. Eta denak Donostiakoak. Donostiarrak.

         Etxe oneko familia zen Zumalabetarrena. Ama, Axentxi, maistra zen ikasketaz, inoiz jardun ez bazuen ere. Koro, hiru urte zaharrago zen arreba, eta Joxemi ziren seme-alaba bakar. Aita, Jose Migel, kultur eragile handia zen. Zeruko Argia aldizkaria berpizten eta ikastolak sortzen, batez ere Santo Tomas lizeoa, lan handia egin zuen. Pintorea ere bazen. Ez nolanahikoa, gainera; sariak bat baino gehiago jaso zituen. Oteiza eta beste artista batzuk gaztetako lagunak zituen. Igande goizetan, berriz, eguraldi lehorra lagun, oso sarri joaten zen tramankuluak hartuta pintatzera. Joxemik ere txikitatik agertu zuen pintatzeko grina, eta oso umea zela jaso zituen lehen pintura artistikoko eskolak. Bistako denez, Joxemirenean pintatzea oso gauza baloratua zen.

 

Euskaltasunean eskolatu

         Baina, ziurrenik, baliorik handiena euskaltzale izateak zuen. Gurasoak euskaltzale eta abertzale sutsuak ziren. Ez ziren, hala ere, EAJko kide inoiz izan. Ama gaztetan Emakume Abertzale Batzakoa izan zen, baina ez zuen konfiantza handirik politikariengan. Telesforo Monzon zen salbatzen zuten bakarretakoa. Asko miresten zuten. Aita gerra aurretik Bergaran ibili zen irakasle, eta han ezagutu zuen. Amak Monzonen emazte Maria Josefarekin ere izan zuen tratua. Korok gogoan du sinpatia handiarekin hitz egiten zuela hari buruz. Koldo Mitxelena eta Karlos Santamaria lagunak zituzten, eta tarteka biltzen ziren afaritan. Txillardegi eta Rikardo Arregi ere behin baino gehiagotan ikusi ditu euren etxean Korok.

         Familia giro horrekin, Joxemi eta Koro txikitatik eskolatu ziren euskaltasunean. Euskal kutsua zuten ekitaldi guztietara eramaten zituzten gurasoek: Poxpolin jaietara, Gipuzkoako Aldundiak antolatu ohi zituen euskarazko idazketa lehiaketetara, Santo Tomas eguneko antzerki saiora eta Aberri Egunetara. Korok gogoan du Jose Antonio Agirre lehendakariaren hiletetan izan zirela Donibane Lohizunen. Asteguna behar zuen izan, eskola huts egin baitzuten. Iparraldera maiz egiten zuten. Aitaren anaia osaba Agustin, idazle eta itzulzatilea, Donibane Lohizunen errefuxiatu zen 50eko hamarkadaren azkenaldian. Emaztea eta seme-alabak Donostian zituen, eta haiekin eta gurasoekin larunbat askotan joaten zen Joxemi Iparraldera.

         Familiaren eguneroko martxa ohikoa zen. Otordu guztiak elkarrekin egin ohi zituzten. Sarritan, afalondoan gaueko hamaiketan irratiaren bueltan jartzen ziren eta Paris irratia sintonizatzen zuten atzerriko berriak jakiteko. Jatorduetan elkarrizketa asko izaten zela gogoan du Korok. Kristautasuna, justizia soziala, euskaltzaletasuna, zuzentasuna eta horrelakoak asko aipatzen zizkieten aita-amek. Solasaldi haietan, aitak Joxemiri maiz aipatzen zion San Ignaziok idatzita utzitako pasarte bat. “Zerbait garbi ikusten bazuen, zera esaten zuen: ‘Yo esto lo tengo que hacer’. Han ez zegoen aitzakiarik, Joxemiel. Egin behar bazuen, egin egingo zuen”. Semearentzat asmo handi eta urrunak zituen aitak.

         Amaren samurtasun bera zuen Joxemik. Ume gozoa zen, laztan jaso zalea. Eta oso ama zuloa, bai umetan, bai handitan. Kozkortu ondoren ere, bazkalondoan, jaten bukatu orduko, amari magalean eseriko zitzaion, ume handi eta mainatsu bat bezala. Zer gehiago nahi zuen amak! Ama-semeen arteko harremana oso berezia izan zen beti. Maitakorra, eta benetan estua.

         Bazen funtsezko beste kide bat familian: Pilar Garmendia neskamea, gerra aurretik, Joxemiren gurasoak ezkondu baino lehenagotik, etxean zerbitzatzen zuena. Urnietako Larburu baserriko alaba zen. Emakume isila, atsegina. Errieta egiten ere bazekien, baina bere bi umeen apetak ase arteko onik izaten ez zuena. Bigarren ama bat zen bi anaia-arrebentzat. Baina amarena zen bezalaxe, Pilarren kuttuna ere Joxemi zen; Joxemieltxo, hobeto esan. Hurrengo pasartea horren argigarri: Joxemi, gurasoen etxea utzi eta lagunekin bizitzen jarri zenean, tarteka gurasoenera joaten zen lo egitera. Pilarrek ez zuen inoiz Joxemi agertuko zenaren esperantza galtzen, eta gauero-gauero ohea irekitzen zion. Amak esaten zion, “Pilar, baina, ez da etorriko-eta”. “Badaezpada ere”, Pilarrek erantzun.

         Joxemi hiru urterekin hasi zen ikastolan. Karmele Esnal andereñoak Artzain Onaren plazan zuen lokalera joaten zen egunero. Ikastola klandestinoa zen; eskola ematea legezko bazen ere, euskaraz izateak egiten zuen ezkutuko. Bi urtez ibili zen bertan. Handik, bost urte betetzear zituela, Elbira Zipitriaren etxera pasatu zen, Parte Zaharrera. Lau urte egin zituen bertan, bederatzi bete bitarte. Arreba eta biak joaten ziren eskutik hartuta Zipitriarengana. Eskolak osatzeko, Felitxu Eraso andereño lapurtarrak frantsesa erakusten zien, eta azken urtean egunero gaztelaniazko klasea izaten zuten ordubetez. Zipitriaren eskolek euskaraz izatea ez zuten bereizgarri bakar: irakasteko modua ere aurrerakoiagoa eta askeagoa zen gainerako eskolen aldean.

         Joxemik Zipitriarekin ikasi zuen irakurtzen, idazten eta kontuak egiten. Horretarako, Martin Txilibitu, Kristau Ikasbidea eta Baionan argitaratutako euskarazko beste libururen bat zituen lagun. Abestiak ere ikasten zituzten, eta horietako bat hil arte izango zuen oso gogoko: “Oriko txoria Orin pakean da bizitzen, ango lare sasietan, ez da ura unatzen...”. Letra saiatuarekin kopiatu zuen kantua zazpi urteko Joxemik. Koadernoetako orriak marrazkiz betetzen zituen. Bada bat, baso bat agertzen duena: arbolak mehar eta hostoak mardul. Alboan, andereño Zipitriaren oharra dago: “adarak baiño aundiagoko ostoak?”. Zergatik ezin dira hostoak adarrak baino handiago izan? Basoa berde dakusa Joxemi umeak, berde eta oparo. Koadernoko azken orrian zigorra bete behar izan zuen, “ikastolako lanak egitean areta aundia jari eta ez da utsik egiten” lerroz lerro errepikatuz.

         “Mendizabal Frutos, Zumalabe Goenaga, Erekarte Bariola, Arazola Arantzadi, Alba Orbegozo”. Gelako ikaskideen abizenak idatzi zituen koadernoan Joxemi umeak, eta alboan bakoitzaren aitaren lanbidea jarri: sendagilea, etxegilea, ola nagusia, saleroslea, idazlea, irakaslea, argazkilaria. Ikastolako lehen umeak kalekumeak ziren, ez dago zalantzarik; hirigunekoak, baina ez auzoetakoak. Familia euskaltzale eta hainbat kasutan dirudunen seme-alabak ziren.

         Garai hartan, ez zen oso ohiko bidaiatzen ibiltzea, Donostiatik irtetea, baina Zumalabetarrak ateratzen ziren Gipuzkoara. Beti euskal giroko inguruneetara. Oso sarri joan ohi ziren Arantzazura, esaterako. Uda partean, opor labur batzuk egin izan zituzten Zumalabetarrek. Beasaingo Astigarreta auzoko baserri batera Joxemik urtebete zuela joan ziren, eta aurrerago, Larraitzen ematen zituzten hamabost bat egun. Trena lehenik, autobusa gero eta astoa zamatuta oinez ondoren, goiz osoa behar zen Larraitzera iristeko. Zumalabetarrak aitaren autoan joaten ziren.

         Lehenengo autoa ez da ahazteko moduko kontua, gainera. Hurrengo irudia atxiki zaio Korori buruan: Renault 4 gris berri-berria aparkatu du aitak etxeko atariaren aurrean. Jaitsi dira autoa ikustera Joxemi, Koro eta lehengusuak. Sartu dira barrura, eta Urumea ibaiaren inguruko errepiderako bidea hartu dute. Bihurgunerik gabeko bidean, aitak azeleragailua sakatu eta abiadura bizian jarri du autoa. Haurrak, burua leihotik aterata, bibaka ari dira: “Azkarrago, aita, azkarrago!”.

         Azkar, haurtzaroko urteak joan ziren. Elbira Zipitriaren ikastolan ibili eta gero, halabeharrez gaztelaniazko eskolara joan behar izan zuen Joxemik, Sagrado Corazon ikastetxe erlijiosora. Urtebete baino ez, hala ere. Aitak ezin eraman zuen heziketa haren gogortasuna eta gaztelania hutsez izatea. Hori konpondu aldera, hurrengo ikasturterako berak eta Karlos Santamariak Santo Tomas lizeoa sortu zuten, jendearen artean bonuak salduta lortutako diruarekin. 1960. urtea zen. Joxemik hamar urte betetzear zituen. Batxilergoko lehen maila dozena bat haurrek hasi zuten. Bigarrena, Santamariaren seme gazteena, Antton, sartzeko propio sortu zuten, lauzpabost ume ez bazeuden ere.

         Amaran izan zuen lehen egoitza lizeoak. Irakasleak ikasleak adina izango ziren kasik. Joxemiren amaren maistra titulua tiraderatik atera eta hautsa kendu zioten, legeak eskatzen zituen irakasleen titulazio baldintzak betetzeko. Aita ere ageri da irakasle gisa paperetan, eta hutsune bat edo beste bete zuen eskolak emanez. Goenagatarren, Gurmenditarren, Barriolatarren, Mitxelenatarren, Hernaniko Goiatarren, Egigurendarren eta besteren seme-alabek estreinatu zituzten lizeoko ikasgela berriak.

 

Arregiren eta Saizarbitoriaren altzoan

         “Gurea ez zen inondik ere kolegio normala”, berretsi du Antton Santamariak. Anttonek eta Joxemik, gurasoak lagun handiak zirelako, txikitatik ezagutzen zuten elkar. Lizeoan hasi zirenean, lagun minak egin ziren. “Ikasle gutxi ginen; neska eta mutil elkarrekin, eta, gainera, giro euskaltzalea eta euskalduna zen”. Horrek egiten zuen berezi, baita erdi klandestino izatearen xarmak ere. Ikasgaien herenak besterik ez zituzten euskaraz ematen, hala ere. Karlos Santamariak berak ematen zituenak, baita Koldo Mitxelenarenak berarenak ere. Literatura ere euskaraz ematen zuten. Irakaslea, seminariotik atera berri zen Rikardo Arregi zuten. Joxemik eta bere lagunek Arregi zuten begiko. Gaztea zelako, eurek baino zortzi urte zaharrago baino ez. Lizardi ezagutuz hasi zitzaion Joxemiri Capitán Trueno-ren sukarra baretzen. Gainera, ikasgaitik haratago, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren eremu ezezagunak eta orduan debekatuak erakusten zizkien. Anttonek gogoan du Joxemiren aitak prestatutako fitxa batzuekin irakasten ziela Arregik Euskal Herriko geografia: zazpi probintziak, ibaiak eta mendiak, hiriak eta bailarak. “Gu, donostiarrok, oso hiritarrak ginen, eta Arregiren bitartez deskubritu genuen bazela mundu euskaldun bat. Orduan inor gutxi irteten zen probintziara, eta mundu euskaldun hori zenik ere ez genekien”. Euskarak berezko balioa zuen mundu baten berri eman zien Arregik.

         Arregirekin harremana ez zen mugatzen eskola orduetara soilik. Ikastorduz kanpoko ekimenak ere izaten zituzten. Eta horietan, politikaren lehen zantzuak hasi ziren ikasten. Joxemiren ikaskide Rafa Egigurenek gogoan du nola behin Arregik arbelean idatzi zituen ETA eta PNV siglak, eta “Euskal Herriaren askatasunaren alde lanean bi erakunde horiek ari dira”, esan zuen. “Guretzat, hori oso gauza subertsiboa zen; siglak idatzita ikuste hutsa harrigarria zen”.

         Lizeoan hasi aurretik, Donostiako Boy Scout-etan ibiltzen ziren bai Joxemi eta bai Antton. Ez zen euskal giroko mendi taldea, baina euskaltzale batzuk biltzen zituen. Horri alternatiba eman nahian sortu zuten lehen boy scout talde euskalduna. Artzaiak jarri zioten izena. Joxemik hamaika urte zituen. Antton, Rafa, Tomas Arozena, Luis Gorrotxategi, Jose Anjel Eizmendi eta Joxemi bera ziren taldearen barruan koadrila osatzen zutenak. Artzaietan gidari zutenetako bat, berriz, Ramon Saizarbitoria zen, Rikardo Arregiren adiskide mina. Adarrara batean, Erniora hurrengoan, Txindokira beste batean. Mendian ibiltzearekin batera, euskaltzaletasunean zihoazen sakonduz. Espainiako federazioak Olaztin egin zuen biltzarrera ere joan ziren. Suaren bueltan kantutan eta kontutan ari zirela, Artzaiak izen hori zertara zetorren galdetu zieten. Euskaldunak zirelako, eurek. Orduan espainiarrak ez ote ziren, besteek. Eztabaida gogorra sortu zen. Azkenean, behintzat, federaziotik kanpo geratu ziren.

         Mendirako taldea zena, ekintza gehiagotara zabalduz joan zen, nahiz Santo Tomas lizeoko ikasketak ordurako bukatuak izan. Haurtzaroa utzi, nerabezaroan sartu eta euskaltzaletasuna sendotuz zihoakien heinean, ekintzaileago bihurtu ziren. Horretan, ziurrenik, eragin handia izan zuen Saizarbitoriak. Hark egin zien sarbidea literatura berrienera, bereziki antzerkira. Jarrai antzerki taldeko kide zen Saizarbitoria, Iñaki Beobide eta enparauekin, eta, antzerki taldearen eskutik, mundu berri eta berrizale bat zabaldu zitzaien begien aurrean gazte nerabe haiei. Jarraikoen atzetik ibiltzen ziren; nagusiagoek zer egingo, berdin jokatzeko. Jarrai taldea puskatzaile gertatu zen orduko euskarazko antzerki kostunbristaren panorama estuan. Besteak beste, Camus eta Frisch taularatu zituzten. Kontuan izan behar da, mendizaletasunak euskara gordetzen zuen bezala, antzerkia zela euskarazko kulturaren adierazpide nagusia. Euskaltzale gehien erakartzen zuen ekimena zen. Jarraikoen antzezlanek iskanbilarik sortu zuten euskaldun fededunen artean. Zer gehiago nahi zuen gazte koadrila hark. Gaztea beti berritzailearen alde. “Giro intelektual hori guk oso gertutik bizi izan genuen; entzuten genien Jarraikoei honetaz eta hartaz hitz egiten. Hori izugarria izan zen guretzat”, dio Anttonek. “Nagusiagoek egiten zuten edozer zen erakargarria guretzat”, berriz, Rafak. Berri gosea non ase bazuten. Jarraik Gabriel Arestiren Beste mundukoak eta zoro bat lana estreinatu zuenean, Aresti bera joan zen Donostiara, eta emanaldiaren ondoren denak bildu ziren: Jarraikoak, Artzaietakoak eta Aresti. Han ezagutu zuen Joxemik Aresti eta haren hizketa modu zakarra baina zorrotza.

         Hasieran, Jarraikoen arrimuan, berdin ibiliko ziren aulkiak jartzen, edo figurazio lanak egiten. Geroago, antzezten ere hasi ziren Artzaietakoak, euren kasa. Rafak itzulitako Lapurtxoa haur antzezlana lana, lehenik. Gero, Joxemik, Anttonek eta Jose Anjelek idatzi zuten Makina izenekoa estreinatu zuten. Zehazki, 1967ko uztailaren 25ean, Kursaal zaharreko sotoko areto batean. Idatzi, arratsalde batean idatzi zuten, Joxemiren etxean; eta entseguak, Aurrera tabernako sotoan eta kaputxinoek Zeruko Argia egiten zuten Okendo kaleko lokalean egin zituzten. “Tintinen Dupont & Dupond pertsonaia bikien formula hori kopiatu genuen”. Garrantzia kentzen dio Anttonek. Umorezko antzezlan txiki bat zen. Makina bat azaltzen zen agertokian, Joxemik berak eta Joan Luis Goenagak egindakoa. Estreinaldia jaialdi baten barnean izan zen, eta euren emanaldiaren ondotik Gurmenditarrak Beatlesen kantuak eta Nemesio Etxaniz a cappella kantatzen atera ziren. Bigarren emanaldia Hernanin izan zuten.

         Antzerkiaren kontu horretan, Saizarbitoriaren eta Beobideren laguntza zuten, baita Mikel Forcadarena ere. Forcada dekoratzailea zen lanbidez: Madrilen ibilia zen filmetako dekorazioak egiten. Jarrai antzerki taldean, horretan aritzen zen. Artezale amorratua zen Forcada. Artzaietakoen artean, bi izan zituen jarraitzaile zintzoen: Joxemi bera eta Juan Luis Goenaga. Biek zuten arterako joera. Eskolaz kanpoko ekimen horietan, Forcadak arte berriena azaltzen zien; larunbat arratsalde batez, lizeoan bertan, Picassoren lana azalduko zien, esaterako. Oteizak eta besteek Gaur taldea sortu zutenean, 1966an, ez zuten erakusketa bakar bat huts egingo; ez, behintzat, Joxemik. Zumetak 1967ko Euskal Pinturako Sari Nagusia irabazi zuenean Donostiako udaletxeko sotoan paratu zuen pintura-eskulturarekin, txora-txora eginda geratu zen.

 

Ahulak, rock erritmoan

         Mendia, literatura, antzerkia, artea, baita musika ere. Musikazaleak ziren. Musika berriaren zaleak, nola ez. Euskarazko rock talde bat osatzea erabaki ere erabaki zuten. Goenaga jarri zuten baterian, Xabier Laskibar eta Antton Sanz gitarretan, eta Rafa Sainz de Murieta abesten. Azken hau ez zen euskalduna, eta Joxemik berak ematen zizkion euskarazko klaseak Aurrera tabernan. Joxemi azpiegituraz arduratzen zen: gitarrak lortu, afixak egin. Antton, kantuak aukeratzeaz: Troggs, Beatles eta, oro har, Radio Carolina emisora piratan entzuten zuten musika. Gero, Joxemik eta Anttonek euskarazko hitzak jartzen zizkieten kantuei. Troggsen kantu batek neska batekiko maitemina adierazten bazuen, Joxemik eta Anttonek “Egia bilatu nahi dut ta ez dut aurkitzen...” egokituko zuten. Beatlesen Here, there and everywhere kanta gehixeago errespetatu zuten: “Han, hemen eta toki guztietan”. Ahulak jarri zioten izena taldeari. Ez zuen asko iraun, hiruzpalau emanaldi emateko adina.

         Guateke eta festak egiteko aukerarik ez zuten ahal zutela galtzen. Bazuten modua, gainera. Barriolatarrek Aieten zuten txaletean biltzen ziren. Artze anaiekin ere harremana egin zuten, eta izan ziren pare bat guateke txalaparta hutsezkoak. Ez zen ezer modernoagorik.

         Joxemik hamabost urte zituela, 1966an, Rikardo Arregiren eskutik Zeruko Argia-n idazten hasi zen, Antton eta Rafarekin batera. Arregik eta Saizarbitoriak Gazte naiz izeneko saila zuten, eta Joxemirentzat-eta Hemen, gazteagoak izenekoa sortu zuten. Zazpina artikulu idatzi zituzten. Joxemik ekin zion sailari. Idatzi zituen artikuluetako bat Juan Luis Goenaga lagunarekin batera egin zuen. ‘Gora melenak’, zioten biek hala biek. ‘Lengoan ikusi nituan zahar batzuek melenadun baten atzetik parrez eta kritikatzen; arrazoinketak jartzen gainera, zikiñak eta itxusiak zirela esanez, eta gero, “oraingo gazte jende au”, esanda trankilduta joan ziren’. Horrela hasten da idatzia. Joxemi orduantxe hasi zen txima luzeak eramaten, eta bere hamasei urteko talaiatik hori estetika hutsetik haratago zegoen zerbait zela sentitzen zuen. Jarrera iraultzaile baten lehen adierazpena zen inondik inora: ‘Bai jaunak, nire melena nire askatasuna da’, aldarrikatzen du idatziaren amaieran.

         Ez zen hori, hala ere, Joxemik Zeruko Argia-rekin zuen lehen harremana. Etxean harpidedun izateaz gainera, urte batzuk lehenago Santo Tomas egunean-eta aldizkaria banatzen ibili ohi ziren kalean. Izan zen udaltzainak atxilotu zuenik ere; galdetu, bestela, Rafari. Geroago, aldizkariko nazioarteko sailean hasi ziren idazten, nonbait euren buruari zahartuxe iritzita aurreko sailarekin jarraitzeko. Idatzi baino gehiago itzuli egiten zutela aitortu du Rafak. “Hitzordua Alderdi Ederren egiten genuen. Rikardo etortzen zen makuto batekin, eta Nouvel Observateur aleak ateratzen zituen. Nork zein artikulu fusilatu erabakitzen zen. Itzuli eta argitaratu egiten ziren. Horrelaxe egiten genuen, pentsa. Baina guretzat Zeruko Argia-ko lan horiek guztiak oso garrantzitsuak ziren. Eta Joxemirentzat, areago”.

         Ez ziren hor bukatzen egin beharrekoak. Denbora libreari etekina ateratzen bazekiten. Horren adibide da hurrengoa: arratsalde oso bat eman zuten Joxemiren etxean Jose Luis Zalbide ETAko presoari Martutenera bidaltzeko ehunka gutun idazten. Gutunak baino gehiago, gutun-azalak. Kontua zen preso arrunt gisa tratatzen zutela, eta horregatik “Jose Luis Zalbide, preso político” zioten gutunak ahalik eta gehien bidali behar zirela kartzelara. Lur argitaletxera ere joaten ziren tarteka, Saizarbitoriak eskatuta, liburuak kaxetan sartzera.

         Ordurako, Santo Tomas lizeoko ikasketak aspaldi bukatuta zeuzkaten, batxilergoko laugarren mailara artekoa baino ez baitzuten egiten bertan. Hortik Goi Ikasketetarako Akademiara egin zuten. Han, Karlos Santamaria zuten irakasle. Santamariak tratu berezia ematen zien lizeotik zetozenei. Joxemi, Rafa, Luis eta Tomasentzat, Txarli zen besteentzat Don Carlos zena. “Matematikako ariketak fitxatxo batzuetan egiteko agintzen zigun, eta zuzendu eta nota jartzen zuen ariketaren gainean. Beti latinez: bene, molto bene, benisimo. Guri, berriz, euskaraz: ondo, oso ondo, bikain”. Piper sarritan egiten zuten, arratsaldean bereziki. Zinemara joateko, askotan.

         Ikasle kaskarrak ziren. Hala aitortu du Rafak. “Joxemik, besteok bezala, ikasten hasi baino aurreragoko lanak mila izango zituen”. Aprobatuari neurria zeinen ondo hartua zioten kexatzen zitzaien Joxemiren ama. Ia arratsaldero Joxemiren logelan biltzen ziren, Pilarrek prestatzen zien meriendaren inguruan.

         Uda izaten zen libreago ibiltzeko garaia. Zumalabetarrek Kontxan zuten eguzkitakoa Goenagatarrekin banatzen zuten. Joxemi-eta goizez joaten ziren, eta Aurrera tabernako familia, berriz, arratsaldez. Joxemi eta arreba Ondarretako hondartzatik berrogeita hamar bat metrora itsaso barruan zegoen igerilekura joaten ziren, igeriketa estiloa hobetzera. Potinean eramaten zituzten igerilekura anaia-arrebak, lagunak itsasertzean zain geratzen ziren bitartean. Bai Antton, behintzat. Ioldiren igerilekua zen. Ioldi hori oso ezaguna zen Donostian, igeriketa irakasle aparta ez ezik euskaltzalea ere bazelako.

         Arratsaldean, berriz, Falangek Anoetan zuen kirol eremura joaten ziren, hura baitzen igeri egiteko leku bakarra. Falangerena zenez, Karlos Santamariak semeari ez zion sekula utzi bazkide izaten, eta Joxemiren txartelarekin edo atzeko aldetik langa gaindituta sartzen zen barrura. Gogoan du hamar metroko jauzi ohola zegoela. Inor gutxik egingo zuen salto handik. Umeek gutxiago. Arratsalde osoan, igual heldu bat igoko zen, eta denak hari begira. Joxemi izan zen horietako bat. Besoak zabal-zabal, gurutze moduan jarrita, zutik egin zuen salto. Ez zitzaizkion gutxi gorritu besapeak. “Tranpolina han zegoelako eta salto egitea posible zelako egin zuen salto. Hori demostratu nahi zuen”. Ondo gogoan du Anttonek ausardia. Aitak San Ignazioz esaten ziona izango al zuen gogoan?

 

Bizitzaren kontraesanak

         Nerabe koadrilak urrats askotxo egin zituen aurrera: euskararen defentsaren kontzientzia hartu zuten, euskal kultura berritzailearen alde lerratu ziren, politika ezagutzen hasi ziren, eta ideia sozial aurrerakoien alde jarri ziren. Horrek guztiak mundu berri bat eskatzen zuen, eta euren bizitzan sortzen zizkien kontraesanak azaleratuz joan ziren. Joxemiren kasuan Pilarrekikoa da argigarria. Pilar neskameak sukaldean bazkaltzen zuen; familiak, jangelan. Nola onar zitekeen hori, gurasoek justizia eta berdintasuna aipatua zietenean? Gainera, Pilar ama bat bezala maite zuten, neskamea izanagatik. Joxemik eta Korok elkarrekin hitz egin zuten zer edo zer egiteko, iraultza etxetik hasi behar dela pentsatuta. Baina, azkenik, Pilar jangelako mahaira ekartzea lege mugigaitz bat haustea litzatekeela iruditu zitzaien, eta Pilarrek ez zuela onartuko, gainera. Ez zuten aldaketarik eskatu, baina aurrerantzean Pilarri gehiago lagunduko ziotela erabaki zuten bi anaia-arrebek.

         Oinarriak sendotuz zihoazen. Nerabezaroa gainditzear zutela, euskalduntasunaren eta euskal kulturaren prozesu iniziatiko bat egina zuten. Eta hori guztia, modernotasun gosez onduta. “Guk moderno izan nahi genuen. Eremu guztietan, gainera: literaturan, artean, musikan, politikan, janzkeran eta bizieran”, gogo zaharrak berritu ditu Anttonek. “Baina modernotasuna ez zen posible euskaltzaletasunik gabe. Erabat lotuta zihoazen”. Tradizioa utzi eta modernotasuna besarkatu zuten bezala, fedea alboratu eta euskarazko mezak militanteki jarraitzetik ateo izatera pasatu ziren. Nemesio Etxaniz entzutetik, Ez Dok Amairuren diskoak jogailuan jartzera. “Gauza asko egiten genituen nagusiagoen arrimuan. Dena zen zuloak tapatzea, egin behar zena egitea. Scoutak euskaraz, antzerkia euskaraz, rocka euskaraz, idatzi euskaraz... Ez zen gauza organizatu bat; nahiko anarkikoa zen. Baina ekimen horien guztien helburua ez zen zerbait adieraztea: euskaraz egitea bera zen helburua”. Obligazioa eta maitasuna enbor bereko bi adar bihurtu zitzaizkion ordurako Joxemiri. Egia da edozertarako prest zeudela. Eta koadrila horrek, eta ingurukoek, osatu zuten gerra ondoren Donostian euskararen defentsaren kontzientzia hartuz joan zen lehen belaunaldia. “Nagusiagoengandik ikasi genuen”, dio Rafak, “baina, azken finean, oso diferenteak atera ginen. Gu euskal kulturaren babesean hazi ginen, baina gaztetu ginenean, buru-belarri sartu ginen gehienok politikan”. 1968ko udazkenean, Joxemik Bartzelonarako bidea hartu zuen, Arkitektura ikasketak hasteko. Gogoa, baina, Euskal Herrian zuen.

 

Aurrerakoak

 

             Aurrerakoak deitzen zieten Joxemiren koadrilakoei. Aurrera Donostiako Urbieta kalean zegoen taberna baten izena da. Nagusiak Goenagatarrak ziren, Joxemiren koadrila kide Juan Luis pintorearen gurasoak. 60 eta 70eko hamarkadetan, euskaltzale eta abertzale asko biltzen zen hara, nagusiak halakoak zirelako. Etxekoandrea, Joanita Mendiola, presoentzako laguntza jasotzen ibiltzen zen; batean lo zakuak izango ziren, hurrengoan arropak. Tabernaren azpian soto eder bat zuten, eta han hamaika bilera eta ekitaldi antolatu izan dira. Joxemi eta koadrilakoak han izaten ziren egunero, sotoa nahierara erabiltzeko libre izaten zutelako: bileretarako, musika jotzeko edo guatekeak egiteko. Horrezaz gainera, Joanitak inguruko kroketarik onenak prantatzen omen zituen. Tabernaren izena hartu zuen Joxemiren koadrilak, azkenerako.