“Ipurtargiaren itzal luzea” liburua | aurkibidea | aurrekoa | hurrengoa
Maitasun istorio bat
“Joxemi nahiko pribilegiatua izan zen. Zer bizitza bizi aukeratu ahal izan zuelako neurri handi batean, bere ondorio guztiekin. Eta hori egin duela ezin du edonork esan. Aukera asko izan zituen bizitza konbentzionalagoa eta erosoagoa bizitzeko, baina barrenak beste zerbait eskatzen zion”. Joxemi Zumalabe 42 urte besterik ez zuela hil zen, minbiziak jota. Euskararen, euskal kulturaren, euskal prentsaren eta oro har herrigintzaren aldeko borrokan dena eman ondoren zendu zen. Baina zer zen Josu Landa adiskide eta gogaide minak aipatzen duen barrenak eskatzen zion hori?
1993ko urtarrilak 12 zituen Joxemi hil zenean. Sabeleko minbiziak irentsi zuen. Oinazeak oso gazterik hasi zen sufritzen, bihotzerrea oso sarri, digestio mintsuak maiz. Gehienek bikarbonatoa hartuz gogoratzen dute. Sabeleko min kroniko hark bizitza ordenatua eskatzen zuen: dieta egoki bat, jatorduen ordutegia zaintzea, poliki jatea, atseden behar bezala hartzea. Gaztarotik aurrera, justu kontrakoa izan zen Joxemiren eguneroko martxa urte luzeetan. “Joera gaizto bat zuen Joxemik: buruari bueltaka ibiltzeak adrenalina sortzen zion, eta gai zen lasai asko gau osoa lo egin gabe pasatzeko. Eta etortzen zen hurrengo goizean buruan bueltaka ibilitako analisiak eta proiektuak azaltzera: ‘Gaur gauean hau pentsatu dut, eta beste hori egin behar dugu...’. Oso ondo, baina gau bat lo egin gabe, eta loa errekuperatu gabe gainera, goizean lanean jarraituko zuelako. Batzuei futbolak sortzen dien adrenalina Joxemiri buruari bueltak emateak sortzen zion”. Eguneroko lanak, proiektu berriek, egin beharreko urratsak asmatu beharrak, konspiratzeak oro har, biziarazten zuten Joxemi.
Josuk Argia aldizkariaren garaiko anabasa du gogoan. Lo gutxi egiten zuten, eta askotan baldintza kaskarretan: Argia-n bertan, lastaira zaharren batean, edo ordenagailuaren gainean, nekearen nekez. Eta jan ere beti ezorduetan. Kafesneak, bata bestearen atzetik. Zigarroa zigarroaren ondotik. Bazkaltzeko, igual bi pintxo, eta horiek korrika eta berandu. Erlojurik ez lanean ari zirenean. Bi gaupasa sistematikoki egin beharrekoak zirela esaten zuen Joxemik, aldizkaria aterako bazen. Igandeetan, gurasoenera egiten zuen. Bainuontzia urez goraino bete, eta han egongo zen luzaz. Bazkaldu ondoren, siesta luzea. Koro arrebak gogoan du amak nola esaten zion: “Joxemieltxo, horrela segituz gero, gazterik hilko zara”. Hizketa modu bat besterik izan ez zitekeena, egia bihurtu zen.
Lana bizitza bera zen Joxemirentzat. Ez zen zortzi orduko funtzionario lana egiteko jaio. Aitzitik, lana biziera bat zuen, pentsaera bat. Horrek bizi zuen. Bizitza pertsonala, lana eta egin beharreko proiektuak nahas-mahas bizi zituen. Lankideak adiskide zituen, eta adiskideak lankide egiten zituen. Taldeko gizona zen, eta taldean eman izan zuen bere onena. Soldatarik gabe lan egin zuen urte askoan. Joxemari Ostolaza adiskide eta gogaideak ondo dioen bezala, “proiekturako biziz, eta ez proiektutik”. Lan erosoa, dirua, etxe ederra, auto bikaina, horiek baino ordain sari ederragorik badago munduan. “Jende gutxik izan du, nik orain bezala, jendearen maitasunaren adierazle hain argigarriak jasotzeko aukera. (...). Maitatua sentitzen naiz alde guztietatik, eta neure barnean ez da kabitzen horrek sortzen didan poza. Gainezka egiten dit emozioak, eta negarrez urtzen naiz. Nire bizitzaren kapitalik handiena, nire inguruan sortu zaidan laguntasun oparo hau dela sentitzen dut. Oharkabean aberats sentitzen naiz”. Joxemiren testamentua, hil baino hilabete lehenago idatzi zituen hitzok.
Gaixotasun mintsuak luze jo zuen. Egunkaria sortu eta bi hilabete eskasera egin zioten lehen ebaketa. Hil edo bizikoa. Bigarrena, handik hemezortzi hilabetera, eta hiru hilabeteren buruan hil zen. Azken aldian ezin zen mugitu. Jan ere oso xehe egiten zuen. Baina ez zuen penarik horregatik. Amorru handiena Jon seme jaio berriarekin ezin jolastuak ematen zion. “Hil baino lehen, esan zidan damu bakarra izan zuela: seme-alabekin gehiago ez egon izana”, ondo gogoan du Ostaizka Irastorzak, Joxemiren neska-lagunak. Bazihoala ikusi zuen Joxemik. Ez zekien zenbat iraungo zuen, baina bazekien hiltzera zihoala. Psikologoek esaten zioten garrantzitsuena etorkizunean pentsatzea zela, geratzen zitzaion denboran zer egin behar zuen planifikatzea. Eta koaderno berri bat hasi zuen, tapa beltzekikoa: umeekin zein plan, ingelesa ikasten hasi, bazterrean utzitako liburuak irakurri, Egunkariaren historia idatzi, Josurekin marrazki liburuak egin garai batean bezala, gabonetako opariak pentsatu. Eta jendea maitatu. Horrelaxe utzi zuen idatzia bere eskuz. Esperantza izatea zen kontua, aurrera begiratzea. Eta horretan, etorkizuna begitantzen eta etorkizuna egiten, gaitasun berezia izan zuen beti Joxemik.
Azken hilabeteetako bizimodu ezindutik hurrengo irudia berritu nahi dugu: Joxemi etxeko egongelan dago, sofan erdi etzanda. Erietxean egonaldi luze bat egitetik etorri berri da. Seme-alabak ez ditu aspaldi ikusi. Etxera sartu da Ostaizka, Maddi eta Jonekin. Maddik marrazki bat dakar eskuan. Urduri dago, ez daki aitarengana nola hurreratu. Marrazkia gora eta marrazkia behera, ez da isiltzen. Aitak marrazkia eskuetatik erauzi, eta besoetan estutu du. Jon txikiak, berriz, amaren besoetatik egin du salto aitarengana. Hirurak besarkatuta, sofan. Luze. Isilik. Ez Maddi, ez Jon, ez dira aldenduko aitarengandik arratsalde osoan. Lo ere aitari pega-pega eginda hartuko dute.
Aitazulo hutsak ziren Maddi eta Jon; Joxemiren kuttunetan kuttunenak. Halakoxea zen Joxemi, ezagutu zutenen begietan. Umezalea. Maddi jaio zenean, balkoian pankarta bat zabaltzea besterik ez zitzaion falta izan. Ordura arte umeak izatea ez zen bere planetan sartzen. Handik aurrera lagunei umeak egiteko eta egiteko ariko zitzaien eten gabe. Jolastia zen izaeraz. Jon Barandiaran adiskideak honako irudi hau du buruan: “Argia-n gaude, nor bere mahaian eserita eta lanean. Eta mahai azpitik ostiko ematen dit. Eta nik bueltatu. Segundo gutxiren buruan, lurrean borroketan gabiltza, mutil kozkorrak bezala. Eta bat-batean altxatu, arropak eskuaz apur bat lisatu, eta serio-serio kreditua negoziatzera joango da bankuko zuzendariarengana”. Umeek bezala zekien gozatzen gauza txikienarekin ere. Ezer ere ez eta festa. Maddiren haurtzaindegiko andereñoei antzeko argazkia geratu zaie gogoan: Joxemi lurrean bueltaka, eta ume guztiak haren gainean. Berdin trajea edo txandala bazeukan jantzita.
Haurtzaroa eta nerabezaroa jolasean eman zituela esan ohi zuen, eta horregatik zela hain jolastia. “Beti emango zituen esplikazioak edozeren inguruan, eta bere portaerak ere esplikatu beharrean sentitzen zen”. Josuk askotan entzun zion esaten gurasoek izugarrizko mesedea egin ziotela ikastolara lehenik eta Santo Tomas lizeo estreinatu berrira ondoren eramateagatik. Hain zuzen, giro hartan ernatu zen Joxemirengan bere ibilbide osoan bizirik izango zuen borroka: euskararen aldekoa. Borroka hori maitasunaren eta obligazioaren arteko erabaki bat izan zen. Eta horren inguruan eraiki zuen bere biziera eta pentsaera. Joxemirena, Martin Ugaldek esan bezala, “euskararekiko maitasun istorio bat” izan da.