“Ipurtargiaren itzal luzea” liburua | aurkibidea | hurrengoa

 

Maitasun hutsunea baino handiago

 

         “Maitatua sentitzen naiz alde guztietatik eta neure barruan ez da kabitzen horrek sortzen didan poza”, idatzi zuen bere koaderno beltzean hil baino egun batzuk lehenago. Maite genuen Joxemi. Bistan da. Hamar urte pasatu arren, haren hutsunea ez zaigu askori bihotzean kabitzen. Laster ohartuko zara, irakurle; maitasun adierazpenak ageri zaizkizu orriotan. Oharkabean maite genuen. Gure moduan. Biziz. Maite bainoago, bizi genuen. Goizetik goizera, gau eta guzti. Bizi-bizi. Ez ginen bizi. Bizi egiten genuen. Dena elkarrekin. Dena taldean. Ordu asko ziren eta denbora ematen zuen hitz egiteko, pentsatzeko, eztabaidatzeko, adosteko, erabakitzeko... lanean edo jolasean ari ginen bitartean. Orain, hamar urte geroago, ezer ez da berdin. Argia-n, Egunkarian, euskal prentsan oro har asko aurreratu da hamar urteotan. Egiteke geratzen zaiguna ahazteko lain seguruen! Joxemi Zumalaberi buruzko liburu honek aukera paregabea eskaintzen digu azken hamarkadei errepasoa egiteko, haren bizitzari jarraiki. Liburua lekukoen testigantzez osatuta dago. Mosaiko baten moduan, piezaz pieza osatuz doakigu Joxemi. Eta, aldi berean, sekula osatzen ez. Joxemi ageri da lekukotasun bakoitzean. Joxemi da horien guztien osotasuna. Eta, aldi berean, beste mila Joxemi falta zaizkigu. Mila lekukotasun. Mila hitz eta pentsamendu gehiago. Mila marrazki... Liburuan dagoena Joxemi da, beraz, baina Joxemi ez da liburu hau. Lekukotasuna eskaini duten askok hori senti dezakete: Joxemiren alde berriak deskubritzea batetik eta ezagutzen zuten horretan dena agerrarazi ez izana bestetik. Arrazoi bategatik edo besteagatik ageri ez diren lekukoek ere izango dute zer esana Joxemiren gainean. Garbi daukagu esateko asko geratu dela, eta beste patxada eta lasaitasun batzuk beharko direla esan beharreko guztiak esateko. Baina garaian garaikoa. Eta ondorengoei aurrekoa. Aurrekoen ezagutza transmititzea. Maddi eta Jon seme-alabei, euskal prentsan ari den kazetari gazteari nahiz euskalgintzan diharduen militanteari. Joxemik utzitako hutsunea maitasun hutsunea baino handiagoa da ordea. “Aitatxo galdu dute Maddik eta Jonek. Joxemi Ostaizkak eta lagunok. Eta gizon handia euskaldunok”, idatzi nuen bera hil eta hurrengo egunean Egunkarian. Gizon handia bere isilean. Gizon handia bere apaltasunean. Gizon handia euskalgintzan. Gizon handia herrigintzan. Proiekzio handiko gizon sendoa genuen Joxemi. Agortzen ez zen ideia iturria. Gogoetarako gaitasun aparta, irudimen eta sormen harrigarriak eta horiek guztiak modurik errazenean adierazteko gaitasuna. Adierazpenaren ondoren zetorren ekimena: gu guztiok norabide berean lanean jartzeko abilezia eta abiatutako lanari eusteko adorea. Gogaide, lagun, konplize, burkide, lankide, adiskide, buruzagi... maitale, aita, maketatzaile, txofer, marrazkilari, diseinatzaile, kudeatzaile, enpresari... Langile eta enpresari. Militantea. Gizon osoa. Nik neuk, esan dezaket ez dudala bera bezalako beste bat topatu. Behin eta berriz harritzen ninduen. Hainbat urtetan hain gertu eta elkarrekin hainbeste ibili ondoren, uste duzu badakizula nolakoa den zure laguna. Ezagutzen dituzula bere erreakzioak, bere pentsamenduak... badakizula zer esango duen. Ez zen Joxemiren kasua. Bere errekurtsoek, bere gaitasunek Joxemi berri bat osatzea lortzen zuten estualdi bakoitzean. Krisi bakoitzean Joxemi berri eta osoago bat agertzen zitzaigun. Lan eder honetan daukazu, irakurle, gure Joxemi. Maite genuen Joxemi.

 

Iņaki Uria

Egunkariako Administrazio Kontseiluko
kontseilari ordezkaria