Alajaineta
Hasier Etxeberria

Elkar, 1995

 

 

Txibien parabola

 

      Goizean goiz jaso nuen telefono deia baina hala ere beranduegi izan zen egin behar nuen lanerako. Inazio Eugi, Egunkariako erredaktore burua zen telefonoan ea Behobiako mugan harrapatuta zegoen Milos Tanic izeneko kamioilari bosniar bati buruzko erreportaia idatziko ote nuen galdezka. Baietz esan nion, beti bezala, baina barru-barruan min eman zidan lan hartarako ni, eta ez beste inor, hautatu izanak. Ez zidan deitzen nire kazetari sena edo nire hizkera periodistikoa gogogo zuelako, bai zera. Ederki dakit sekula ez naizela izan Eugiren begikoa, baina seguru asko ni nintzen, eskura zituenetatik, Behobiako mugatik hurbilen bizi zen morroia, alajaineta.

      Azken boladan halako saltsa eragin zuen kamioilari haren historia guztia argitaratu nahi zuen Egunkariak: nongoa zen, zer egiten zuen han eta, batez ere, halako zarata demasa sortutako korapilo hura guztia nola bukatu behar zen. Argazkilaria ere jarri zidaten erreportaia buru nezan, baina alferrik; Mateo foteroa eta biok iritsi ginenean, han, mugan, ez zegoen ezer, erretako kamioi baten hondarrak izan ezean. Ondoko arbola batean, hala ere, La Casa del Jamón jartzen zuen paper koipetsu bat zegoen txintxeta herdoildu batez josita eta bere lekutik eten nuenean, poema edo kantua izan zitezkeen lerro batzuk zeuden hizkuntza arraro batean idatzita. Lagun batek itzuli eta gerora bakarrik jakin ahal izan nuen paper koipetsu hartan zer jartzen zuen eta gaur da eguna, behin eta berriz irakurrita ere, gehiegi ulertzen ez dudana.

 

            Arbola bat da mundua.

            Bere gerrian gora eta behera harrak txorien ihesi

            eta haizea harrapatzen

            goikaldeko hostoak ehizan.

            Adarretan bi izar zintzilik argitan enborreko zaurian

            laku bat bete ihintz

            eta lurpeko zainetan

            satorrek bizkarrean hazka. Egurrean zupaka

            saprofitoak eta parasitoak eta zu, bitartean,

            ipurdiko goroldio berdetan puxikako ur horia

            hustu eta zimaurraz libratzen.

 

      Bosniarren herri abestiren bat izango zen, zalantzarik gabe, ez baitzeukan poema egiturarik ez eta zentzurik ere, niretzat behinik behin. Dena dela, berdin dio. Kontua da argazkilaria eta biok iritsi ginenerako, bi mugen artean harrapaturik eta inorena ez den lur zati hartan, neumatiko eta burni erregosi batzuk baizik ez genituela ikusi, paper zikin hari eusten zion lizar okerraren ondoan.

      Erredaktore buruari erreportaia egiteko ezintasuna aitortu nionean, sutan jarri zitzaidan, zarataka eta mekauenka, errua nirea balitz bezala. Zer egingo nion bada nik kamioilari bosniarrik ez bazegoen? Nola nahi zuen sujeturik gabeko erreportaiarik egitea? Azkenean esan nion nahi bazuen abiatuko nintzela aztarna bila eta segituko niola historiari Bosniaraino bertaraino, baina ezetz esan zidan zakil halakoak, Egunkaria ez zegoela inoren turismoak subentzionatzeko.

      Bulego hartatik irtetean nire atzean sortu nuen ate danbatekoak beraien lekutik jaikiarazi zituen ordu berant haietan erredakzioan geratzen ziren kazetari apurrak. Baina, gauzak nola gertatzen diren, Hendaiako nire etxera bidean nindoala, hondartzaraino hurbiltzea erabaki nuen, Eugi ozpin poto haren akordua hondar gainean itsatsita lagatzeko asmoz, alajaineta.

      Ederra egiten zuen gaua; Amuitzeko muturraren parean beitatan zebiltzan atunontziek dantzaleku portatilak ematen zuten, hainbeste argi pizturen dotoreziarekin. Hondartzan bertan, ostera, ia ez zegoen mugimendurik. Uda erabat etorri gabe oraino, lau zakur eta bi dama zahar eta lokaitz baino ez zebiltzan, hara eta hona, hankak uretan bustitzeko beldurrez. Kasino pareko harkaitz batean eserita zigarroa pizten hasi nintzenean, berrogei urte inguruko gizon ñañar bat hurbildu zitzaidan keinuka eta mutu, zigarro bat emango nion galdezka. Baietz gizona, emango niola esan nion eta alboan eseri zitzaidanean “Were are you from?” galdetu nion.

      Haren ingelesa eta nirea, biak antzerako, baina zela edo hala moldatu ginen eta azkenerako ulertu nion bosniarra zela eta izenez Milosevic Tanic, baina lagunentzat Milos.

      Ordu haietan eta halako lekuan zertan zebilen galdegin nionean, biharamuna iritsi zain zegoela erantzun zidan eta txanponik ezean, gau eder hura ikusita, hondartzan paseatzea deliberatu zuela.

      Kostata baina onartu zuen azkenean nire etxerako gonbitea, eta halaxe joan ginen biok, elkarren zelatan etxeko eskaileretan gora. Hurrik ere ez zion eman ahal izan, bere historiaren atzetik egun guztian zehar ibilitako kazetari mixerable bat nintzenik.

      Kafe bat egin nuen lehendabizi eta gero beste bat eta beste bat, bion begiak txinpartez bete zitzaizkigun arte, alajaineta. Ez nion hain erraz alde egiten utziko halako zalaparta sortutako kamioilariari. Izorra zedila Eugi, jada ez zegoen erreportaiarik, baina neronentzat bada ere, Milos Tanic-en historia ezagutuko nuen, alajaineta.

      Capodistriako zen bera, gaztetandik txofer lanetan sartua. Halako batean lortu omen zuen kamioi handi bat erostea (trailer antzeko horietako bat omen zen, bere erremolke eta guzti), baina patua patu, negozioa onenean zegoela piztu zen Jugoslaviako gerra eta akabo dena.

      Ez zuen, hala ere, gudaz berba egin nahi.

      Irteerarik gabetan, familiaren diru guztiak batu eta Capodistrian irina egiteko erabili ohi zuten txibiaz bete zuen kamioia. Entzuna zeukan berak Europako gainontzeko merkatuetan prezio ona egiten zuela txipiroiak, halako gauza higuingarri bat nola jan zitekeen oso ondo ulertzen ez bazuen ere.

      Kontua da, aste batean, Metkovic eta inguruko portuetan harrapatutako txibia guztia erosi zuela berak kamioia eta erremolkea, biak, leporaino betetzeraino.

      Baina gauzak ez zeuden errazak. Izola, Tirano, Split eta Fiume-Rijekako muga berrietan uste baino luzeago joan zitzaizkion egunak Italiako lurrak zapaldu baino lehen. Mota guztietako ejerzitoak eta hizkuntzak ikusi zituen egun haietan. Baina azkenean, lortu zuen iparralderantz, Kopenhage bidean jartzea, alajaineta.

      Zazpi urte lehenago ezagutu zituen bide eta autopista zabal haiek. Orduan kendu zituen etxeko gela bakoitzean —eta kamioian ere bai— zintzilikatuta zeuzkan Tito Mariskalaren irudiak. Autopista haiek, eta bertan ikusten zituen atsedenleku eta gasolindegi aberatsek erakutsi zioten, argi eta garbi, Jugoslavia guztian jainkotuta zeukaten Tito hura lokatzezkoa izan zela: Jugoslavia atzeratuta zegoen Europako gainontzeko herriekin alderatuz gero.

      Alemaniako mugara arte ez zen inor harritu kamioi hura ikusita, baina lautada zabaletan jo zuen eguzkiak irakiten jarri zituen ia toldo azpian zeramatzan hemezortzi tona txibia haiek. Mugazain alemaniarrak izan ziren eroturik ote zegoen galdetu zioten lehenak. Iragaiten laga zioten, hala ere.

      Kopenhagera iritsi orduko, handik alde egiteko agindu zioten, ez zutela behar txibiarik, izatekotan ere Espainian saldu ahal izango zituela, baina harritzen zirela txibia haiek usteldu gabe iristen baziren.

      Berriro Alemania gurutzatu behar. Eta Holanda, eta Belgika, eta Frantzia zabal guztia Behobiako mugara iritsi baino lehen.

      Atsedentzera geratu zen bakoitzean, kamioiari usain txarra zeriola esan zioten eta lehenbailehen egiteko hanka handik. Otorduak ere aitaren batean zerbitzatzen zizkioten Restopetan, ahalik eta azkarren alde egin zezan. Kamioilarien irratietan ere izar bihurtu zen nahi gabe: Txipiroi Bosniarra deitzen zioten bere kamioiari. Bera non geratu, hantxe hutsune, ospa egiten zuten gainontzeko kamioizaleek.

      Bordelera iritsi zenerako, usaina kirats nazkagarri bilakatua zen, eta Landetako bide zuzenetan, kamioia likido likits zurizta bat hasi zen isurtzen. Errepide gaineko arrasto higuingarri hartara biltzen ziren, azkar, euli eta erlamino guztiak. Bazter guztietara hedatu zen txibia ustelaren usaina eta esan liteke Europa osoak sekula ez duela izan halako usain txarrik, alajaineta.

      Mugazain frantziarrek, sudurrak itxita hartu zuten Milos Tanic eta ia paperak begiratu ere egin gabe utzi zioten beraien muga iragaiten, hainbestekoa baitzuten hats izugarri hura urruntzeko presa. Baina espainiarrak jakinaren gainean ziren jada. Agindu zehatza zeukaten gainera. Ez zioten inola ere pasatzen utzi behar.

      Milos Tanicek alferrik adierazi zituen bere kontu guztiak. Alferrik esan, derrigorrez saldu behar zituela txibia haiek, bestela galduta zegoela erabat. Alferrik erakutsi zituen boltsiko hustu guztiak. Espainiarrek buelta emateko agindu zioten berriro iparralderantz.

      Trailertzarra berriz ere Frantziako mugara iritsi zenean, ordea, ezetz esan zioten jendarmeek, karga harekin ez zela berriz sartuko. Eta halaxe geratu zen Milos, mapetako bi arrastoren artean preso, ez atzera eta ez aurrera.

      Kamioia lizar zahar baten ondoan aparkatu eta handik ez zela mugituko erabaki zuen. Nahita ere, ezin gainera: ustegabeko bidaia luzeegi hartan xahututa zituen sos guztiak. Kieto, beraz, zerbait bururatu arte.

      Eta halaxe egin zituen lau egun mugan harrapatuta. Bera ohituta zegoen, jada, kirats hartara eta ez zen gehiegi ohartzen inguruko herrietan sortarazi zuenaz. Besterik ez zen hitz egiten: hats higuingarriak harrapatuak zituen bazterrak. Hegoak jotzen zuenean, Frantzia guztira zabaltzen zen kiratsa eta, iparra edo mendebala zenean, Zaragoza bertaraino ere iristen zen, Nafarroa gainditu ondoren, alajaineta.

      Salto egin zuen albisteak egunkarietara. Telebistan ere atera zuten Milos, trailerraren eskaileretan eserita eta paper batean bildutako tortila otarteko bat jaten.

      Osasun funtzionariak etorri zitzaizkion, orduan, Milos Tanici, zama harekin zerbait egin zezan eskatuz. Baina ezetz Milosek, bera ez zela handik mugituko txibien balioa jaso arte.

      Lehenengo ordezkaria, Ministère de la Santé-tik etorria, Bordeleko prefetak bidalita agertu zen, eta antza, oso agindu zehatzekin, ezen Milosen ezezko borobila jaso zuenean berehala luzatu baitzion 150.000 liberako taloi bat, biharamunean alde egiteko baldintzapean.

      Apur bat berantago Gipuzkoako Diputaziokoak etorri ziren eta, haiek joandakoan, Eusko Jaurlaritzakoak. Gobernadore zibila ere agertu zen bere taloitegiarekin. Europako Kontseiluak, nola ez bada, bidali zuen funtzionari bat Brusselatik. Denek gauza bera zuten buruan: usain txar hura lehenbailehen estali behar zen kosta ahala kosta, jendearen protestak gehiago harrotu baino lehen.

      Batera eta bestera, zazpi lekutatik luzatu zizkioten diruak Milosi. Guztira 300.000 libera, ehun mila marko alemaniar eta lau milioi t’erdi pezeta. Milos Tanic-ek diru haiek guztiak dolarretan zenbat ziren ikusi zuenean, kamioiari, zegoen lekuan bertan, su ematea erabaki zuen.

      Orduan iritsi nintzen ni neure fotografoarekin.

      Kafeak utzi eta sotoan usteltzen neukan orujo botila ireki nuen gertatutakoa ospatzeko. Milosek taloi guztiak erakutsi zizkidan, batzuk mugaz alde bateko bankuetakoak eta beste batzuk bestekoak. Horregatik geratu omen zen biharamunaren zain Hendaian bertan. Lehenbailehen kobratu nahi zituen denak. Gero etxera itzuliko zen, trenez.

      Goizaldeko lehen errainuek botila erdi hustua argitu zutenean, beheko lorategira joan ginen han dagoen urki zahar baten ipurdian txiza egitera. Kantuan hasi zen Milos, hizkuntza arraro batean, eta orduan ulertu nion, alajaineta, arratsalde hartan bertan lizarrean josita aurkitutakoa.

 

            Arbola bat da mundua.

            Bere gerrian gora eta behera harrak txorien ihesi

            eta haizea harrapatzen

            goikaldeko hostoak ehizan.

            Adarretan bi izar zintzilik argitan enborreko zaurian

            laku bat bete ihintz

            eta lurpeko zainetan

            satorrek bizkarrean hazka. Egurrean zupaka

            saprofitoak eta parasitoak eta zu, bitartean,

            ipurdiko goroldio berdetan puxikako ur horia hustu

            eta zimaurraz libratzen.

 

Alajaineta
Hasier Etxeberria

Elkar, 1995