Alajaineta
Hasier Etxeberria

Elkar, 1995

 

 

Nahi eta ezin

 

      Igual ez dago ondo nik esatea, baina egia bezalakorik ez dago beste ezer munduan, baldin eta altan dagoen emakume eder baten begi sutuak kentzen badira. Egia da, eta ez beste inor, arrazoiaren ama eta aita, alaba eta maitalea, guztiak batera. Egia da historiaren semerik zintzoena, kontakizunaren arima, juzkuaren bihotza, zernahiren pulamentu zintzoa, alajaineta. Gezurra ostera, auskalo zeinen koinatua den. Berak ere ez daki hori oso zuzen. Gezurrarekin ez dagoela atarramendurik erakutsi zidan nire amametako batek, bi amama edukitzeko moduko adin txikia neukanean. Egia bezain benetakoa den bizilegeak eraman zituen biak, zoritxarrez; horregatik noa kontatzera, kontatzera noana, gehiago berandutu baino lehen, alajaineta.

      Berez postari izateko jaiotakoa naiz ni, toreroak torero izateko jaioak diren antzera edota oilandak oilo bihurtzekoak diren bezalaxe, alajaineta. Gutunak eta paketetxoak etxez etxe eramateko sortua naiz ni, munduari lapurtu nion lehenengo arnas beretik. Baina bizitza nolaz eta den itsaso bat, edo desertu haizetsu bat, segun eta nondik begiratu nahi den, ba hori, olatuak kulunkatzen zaitu berak nahi duen aldera, duna gozoetara edo harkaitz zorrotzetara, batek jakin nora, alajaineta. Ni neu arroken kontra eramaten nau ia beti, baina hori ez da hemen kontatzeko gauza. Kontua da, jaiotzez dagokidan postaria izan ordez, hementxe nabilela batera eta bestera, neuk ere ez dakit oso ondo zer dela eta, kazetari bihurtuta. Pobre izatearen patua izango da hori seguruenez, zeren eta ni ez banintz familia behartsuan jaio, beste katu batek egingo bailuke miau hemen eta han, alajaineta.

      Lerro hauek irakurritakoan, baten batek esango du gainera, ea zer kristodemonio ardura dioten inori nire ibilerek, baina, zorionez, lehendik ere ohituta nago kritiketara, ez alferrik deitu zidan behin gure kritikari bakarrenetako batek, pailazo, pailazo eta pailazo, egiten niharduen lan bat amaituta ikusi baino lehenago. Gauzak horrela dira, ordea, zer egingo zaio ba. Karramarroek beti bilatu behar dute arrain ustela, erleek loreak lez. Bakoitzak du hemen bere ogibidearen zama, zakurrek buztana bezala, alajaineta, eta kritikari arduragabe hark, mamu dohakabe eta txoriburu hark, berea. Ez naiz, beraz, hasi aurretik, inoren hitzekin izutuko.

      Noan, ordea, luzamendu alferrikakorik gabe harira eta nor naizen agertzera. Gerratean hil zen osaba baten omenez, Nikolas dut izena baina lagun minenek Alaja deitzen didate, neuk ere ez dakidalarik zergatik, alajaineta. Hamaika bider baino, hamabitan ere bai, galdetua diet zergatia, baina kale. Balirudike konfidantza lasai dabilen lekuetan sortzen direla sekreturik handienak, eta halaxe da zinez, alajaineta. Bestela ezin da ulertu, Korana bezain arabiarra den izen hori zergatik jarri didaten lagunek niri, alajaineta, zuri-zuria eta ilegorria naiz eta. Gehiago dirudit Oslokoa, Marrakecheko semea baino. Alaja esaten didate, bada, jakin nahi duenarentzat eta deituraz Correia naiz, nire amametako batek euki zuen liztor portugaldar baten merituz eta, lehenago esandako moduan, postaria beharrean, kazetaria.

      Kontuak hola, beti izan naiz osasun onekoa neguoro eztarria urratzeko joera txiki bategatik izan ezik. Gainontzean, esportatzeko adina daukat nik osasuna, tonaka, alajaineta. Jan, edan eta lo, denetik, ondo eta erruz. Baina sartzen denak irten behar izaten du gero, eta hortxe ezagutu ditut, atzo bertara arte, sekulakoak.

      Berez, libratze errazekoa naiz ni. Goizero eta gauero, erraz joaten naiz komunera, alajaineta. Nagoen lekuan nagoela, begiramendu handiegirik gabe jartzen naiz inodoro gainean eta estuasun handiegirik gabe hartzen dut lasaitua. Taberna beltzenetan ere, aurrekoen txiza tantoak garbitzen ditut paperez, eta lasai ederrean jartzen naiz libratze lanerako. Lantokian sortu zitzaizkidan gorabehera larrienak, ordea. Komunera joan bai, baina ezin. Telebistan hasi nintzenetik, oraintxe dira zazpi urte, halaxe ibilia naiz atzo bertara arte, alajaineta.

      Rafak, nire medikuak, argi esan zidan ezin nuela hala segitu; ezin nuela hainbeste ordu lantokian egin komunera agertu ere egin gabe. Baina, zer egingo nion, bada, nik? Ezin denean ezin da, eta nik ezin izan dut sekula.

      Nire gaitza ez zela gorputzekoa, burukoa baizik erabaki eta bere lagun sikiatra batengana bidali ninduen Rafak, Maiztegi ospetsuarengana. Ez dakit esaten duten bezain ona ote den baina niri mesede egin dit harengana joan izanak. Hasieran uzkur nintzen, ez baitut sekula sikiatra, sikologo eta antzeko petrikillorik begibistan ikusi nahi izan. Baina bai, aitortu beharrean nago, mesede egin dit Maiztegi horrek. Garestia ere bai, alajaineta, haretxi eman dizkiot azken sei hilabetean nire sosik ederrenak, kontsultako mila duro kentzen zidan eta.

      Lotsa ematen zidan hasieran harekin hitz egiteak. Gaia ere ez zen ederrenetakoa, alajaineta. Kaka kontuak norberarenak dira, baldin eta kakak jaberik baldin badauka. Hala ere, azkenerako normal-normal hitzegiten dut nik kakari buruz, zirina, arina, lodia, lehorra, iluna, eta halako adjektiboak irteten zaizkit maiz, beste batzuek eguraldiari buruz hitz egiteko, tristea, beroa, zakarra eta ederra esaten duten bezalaxe. Ohitu egin naiz, azken finean, kakaren gaia hitzetik hortzera erabiltzen.

      Lehen kaka, kaka baizik ez zen. Orain komunean egindakoari begiratzen eta erreparatzen ikasi dut, alajaineta. Esan liteke, kakaren izaera ezberdinez jabetu naizela Maiztegi doktorearekin hasi nintzenetik. Horixe aurreratu dut berarekin, lehen neuretzako gordetzen nuen arazoa, edonori kontatzen diot orain lasai-lasai, beste batzuek gizendu edo argaldu direla kontatzen duten eran.

      Maiztegiren hasierako aholkua izan zen hori: “Hara Nikolas —esan zidan lehenengo kontsulta egunean bertan—, arazoak konpontzeko ez dago ezer beraiei buruz hitz egitea bezalakorik. Asko arintzen du horrek kulpa eta traumaren zama”. Eta egia da. Askoz hobeto nago neure libratze arazoei buruz lasai mintzatzen naizenetik. Gainontzean Maiztegiren teknikak ez dauka katramila izugarririk: hark galdetu eta nik erantzun, gaitzaren sekretua ilunpetik atera eta argitan jarri arte.

      Libratzeko ezintasuna lantokian bakarrik gertatzen zitzaidala eta, Maiztegik eman zidan hurrengo aholkua komunez aldatzekoa izan zen. Erredakzioaren komunera joan ordez, joan nendila haruntzagoko beste batera edo baita beste solairu batekora ere. Halaxe pasatu nituen gure telebistetxean dauden komun guztiak, hemezortzi gizonezkoentzat, beste hainbeste emakumezkoentzat eta bi elbarrientzakoak. Alferrik izan zen, ordea, ahalegindutako guztia. Horretan ez zegoen koska. Ganoraz saiatua nintzen, alajaineta, baina zeuden lekuan zeudela, komun guztiak ziren bat eta bakarra niretzat. Guztiek zeukaten zeramika marroi eta aseptiko bera, guztiak zeuden beti erabat garbi, erreketako harri txintxarrak beste.

      Ezin libratu, ordea. Nahi bai, baina ezin. Inodoroan esertzeko gai ere ez nintzen izan hainbeste ahalegindu arren. Komunean sartu bezain azkar, eskuak hasten zitzaizkidan izerditan eta dardara txiki batek igurtzitzen zidan bizkarra, alajaineta. Airea garraztu egiten zitzaidan eta zorabiatuko nintzela somatzen nuenean, atea ireki eta kanpora irteten nintzen harrapataka batean. Maiztegiren hitz berberak erabiliz, higuin izugarriak eragindako fobia neurotikoaren sintoma argiak omen ziren nireak.

      Laneko mahaira halako jiran itzultzen nintzenean, zer nenbilen galdetzen zidaten erredakzioko lankideek hasieran. Azkenerako, ordea, haiek ere konturatu ziren eta madari bat bezain berdetuta atetik barrura sartzen nintzenetan, irri maltzurrez behatzen zioten elkarri, baten batek “Zer, gaur ere ezin libratu, Alaja?” esaten zuen arte, edota “Gaur non ibili haiz turismoan, bigarren solairuko emakumeentzako komunean?”, eta ordura arte eutsi zutena, barre algara artean lehertzen zuten arimagabe haiek, bat-batean. Haize txar batek eramango ahal ditu guztiak batera hegan, alajaineta.

      Ibilera guzti horien berri zekien Maiztegik. Grazia egingo zion akaso, baina hark ez zuen barrerik egiten, ez zuen etsitzen inola. Ez zegoen kizkurtuko zuen arazorik harentzat. “Imajinazio kontua duk hori —esan zidan—, lantokian gertatutako guztiak arakatu beharko ditiagu elkarrekin, hago lasai”. Baina nola egongo nintzen lasai egunero zortzi ordutan libratu ezinda?

      Hark galdetu eta nik erantzun, azkenean neuk ez nekiena ere agertu zen argi eta garbi. Hogeita hemezortzi komun ezberdinetan ibili arren, beti komun berean ibili izanaren nire irudipenari hasi gintzaizkion tiraka eta tiraka, obsesioaren sorburua ikusi arte. Ederki kostata baina azkenerako atera genuen aztarna, alajaineta.

      Antza denez, ezin nuen eraman inola telebistako agintari eta langile guztiek erabiltzen zuten komun bakar hartan egoterik. Alergia handi baten antzekoa pizten zitzaidan, zeramika marroizko gelatxo hartan sartzen nintzen bakoitzean. Eragiten zidan itolarria ez omen zen arrazoizkoa baina bai benetakoa, ordea. Horixe zen egia eta aitortu egiten dut lasai asko, egiari ez baitzaio sekula beldurrik edo lotsarik zor, alajaineta. Komunean sartzen nintzen bakoitzean, mahaspasa baino hondatuago irteten nintzen, egin beharrekoak ezin eginda, alegia, eta lehendik esan arren argi geratu ez bada, orain bigarrenez ere esanda dago, alajaineta.

      Bat banaka aztertu genituen, beraz, telebistan lan egiten nuen guztiekin izandako harremanak. Horretxetan joan zitzaizkigun hilabeterik gehienak eta bost mila pezeta kontsultako, garestitxo atera zitzaidan errepaso hura. Atera kontuak, bi saiotan, langileen zerrendatik ezagutu ere egiten ez nituenak albo batera laga genituen, hamar mila pezeta, beraz, baina handik aurrera hiru lankide baino ez genituen begiratzen Maiztegiren galdeketa bakoitzean, eta jakina, galdeketa bakoitzeko, mila duro. Telebistan baginen laurehun baino gehiago. Laurehun eta hogeita bederatzi, hain prezeski. Atera kontuak, beraz, zenbateko zatia ordaindu diodan neronek Maiztegiren auto berriari. Ez naiz damu, hala ere. Bakeak eta osasunak ez dauka eta preziorik, alajaineta.

      Han genbiltzan laurehun eta hogeita bederatzi lagunen artetik, ezin omen nuen eraman komun hartan sartzen ziren hogeita hamalau pertsonaren leku berean libratzerik. Inkonpatibilitate biologikoa deitzen omen zaio horri, alajaineta. Hortxe zegoen kakoa. Maiztegiri ondo ulertu banion behintzat, neu oso argi jabetu ez arren, nire zelula guztiek beraien kabuz antolatzen zuten neure kontrako matxinada menpera ezina.

      Hogeita hamalau haien tartean ziren beti amenka ibiltzen diren hamabi kazetari, telebistaz fitsik jakin gabe agintzera etorri diren zortzi mandatari, memoriarik gabe geratu diren sei lagun zahar eta hiru produktore, dirua nahi duten lekura bideratzen diharduten apareju arraioak. Hala ere, higuinik gehien, zuzendari batek ematen omen dit, hain juxtu kakalardo izateko jaio, eta aberastu berrien antzera pinpilinpaustuta jokatzen duen batek. Bera bakarrik nahikoa omen da nire zelula guztiak dantzan jartzeko.

      Erabateko fedea hartu nion Maiztegiri halako egia borobilak entzundakoan. Hark badaki ederki nire berri, alajaineta. Inor gutxik bezala asmatu du berak bete-betean.

      Ondorengo erabakia ere argia eduki zuen Maiztegik. “Konponbide bakarra daukak, Nikolas, lan hori lagatzea. Nire aburuz, ez zagok beste irtenbiderik”, jaurti zidan, gaur egunean lana aurkitzea eztul egitea bezain erraza bailitzan.

      Galduta ikusi nuen neure burua: lana laga eta eskean hasi ala osasuna galdu, ez zegoen beste irtenbiderik. Hamazazpi egun egin nuen erabakia hartzen. Alde guztiak begiratu nizkion korapilo hain gorriari. Ez aurrera eta ez atzera, ez zegoen erraza asmatzen, alajaineta. Izanak izan, goiz eta gau, urrutiko gogo bati segika, etxeko komunean egiten nituenak hasi nintzen biltzen eta bakoitza bere kaxatxo dotorean gordetzen izozkailuaren barruan, zeropeko hotz handiak bakarrik estaltzen baitu libratutakoaren bufada.

      Halako jolas zikinik zergatik egin nuen neuk ere ez dakit eta hurrengo batean, mila duro batzen ditudanean, kontatu behar diot Maiztegiri. Hark esango dit zergatik.

      Kontua da, atzo azken sosak jasotzera joan nintzela telebistara kontratuaren bukaerarekin batera eta, egin beharrekoak egin eta gero, eskaileretan behera nindoala, halako tripako min batek zuzendu zituen nire pausoak zeramika marroidun komun horietako batera. Eseri eta lasai-lasai egin nuen egin beharrekoa. Aitaren batean hustu nituen hesteak, alajaineta. Begibistako egia izanda ere, gertakizuna sinestu ezinik “Sendatu haiz, Nikolas”, esan nion neure buruari, erdi pozik eta erdi kezkaturik, ez bainekien seguru goiz hartan, izozkailutik atera, zigiluak jarri eta postara eramandako hogeita hamalau kaxatxo haietako bakoitza bere helbidera zuzen eta garaiz iritsiko ote zen.

      Izan ere, hemen ez dago sekula fidatzerik postariekin, alajaineta.

 

Alajaineta
Hasier Etxeberria

Elkar, 1995