Aurkibidea
Hitzaurrea, Ainhoa Alberdi Gisasola / Iraia Elias
hitzostea: Non galdu garen jakiteko balio duen mapa, Oier Guillan
Aurkibidea
Hitzaurrea, Ainhoa Alberdi Gisasola / Iraia Elias
hitzostea: Non galdu garen jakiteko balio duen mapa, Oier Guillan
Hitzostea
Non galdu garen jakiteko
balio duen mapa
Oier Guillan
Eta Karmele? antzezlana ikusi nuen lehen aldian (bost edo hamar edo zazpi edo hogei aldiz ikusi dut ordutik) pozak hartu ninduen, modu kezkagarri batean. Antzezlana hasi orduko lotu nuen Samuel Beckett eta haren Godoten esperoan ezagunarekin. Hura izan zuten abiapuntu Samara Veltek, Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek beren kezka propioak taularatzeko orduan.
Kezka pozgarria, edo poz kezkagarria, sentitu nuena.
Absurduaren ezaugarriak azaleratzen ziren etengabe Eta Karmele?-ren oholtzaratzean, publikoa hasieratik harrapatuz: behin eta berriz errepikatzen diren elkarrizketak, hari narratiboaren logika apurtzen duten uneak eta saltoak, protagonistek elkarrekin komunikatzeko duten ezintasuna, isilune luzeak, umore sailkaezina... Eta, Godoten kasua gogora ekarrita, oholtzan etengabe presente egon arren sekula ikusiko ez dugun protagonista: Karmele.
Absurduaren teatroaren multzoan sartuak izan dira historikoki hainbat egile, haien lana eta ibilbidea etiketa bakar eta itxi batean biltzea nahikoa absurdua bada ere. Absurduaren teatroa gomutara ekartzean etortzen zaizkigu gogora Eugene Ionesco, Harold Pinter, Samuel Beckett bezalakoak, besteak beste Antonin Artaud eta Alfred Jarry aurreko egileen koordenatuetara eramanez Bigarren Mundu Gerra osteko dezepzio eta nora eza sakona. Absurduaren teatroarena ez zen mugimendu antolatua izan, Albert Camusi eta Jean-Paul Sartreri zor diote izena, baina badira komunak diren ezaugarri estetiko eta are zentzu zabal batean ideologikoak ere, haietako asko Eta Karmele? antzezlanean topa daitezkeenak.
Horregatik poza, horregatik kezka.
Poza gizartearen zentzugabekeria agerian uzten duen teatro mota bat bizirik ikusi nuelako. Asko dira egun absurduaren koordenatuei atxikitzen zaizkien teatro -gile eta -lariak, oraindik pil-pilean daudelako komunikatzeko ezintasuna, giza krudeltasunaren presentzia, gizartean antolatutako pertsonen kezken zentzugabekeria eta ipar-gabezia adierazteko beharra. Poza beraz, absurduaren bitartez umorea tresna baliagarria begitandu zitzaidalako, egungo gizartearen argi-itzalak azaleratzeko orduan. Kezka, gizarteko nora eza eta zentzugabetasun hori sakonki errotua dugulako oraindik ere. Poza, absurduak ezintasunaren erraietara jotzen badu ere bere helburua ekintza delako beti, ezintasuna adieraztea bera badelako jarrera bat. Eta hari horretan nabarmena da Eta Karmele?-ren azpian dagoen zorigaitzeko zirkulua, emakumeei eta batez ere guztioi dagokiguna, bortizkeriaren itzala dakarkiguna, historia bezain luzea. Ba ote zentzugabekeriaren ikur gorenagorik, amaitu beharreko mundu gerra luzeagorik, gizartearen ispilu zorrotzagorik? Bete-betean asmatu dute Eta Karmele?-ren egileek umore absurduaren zartadetan kokatuta egunerokotasuna astintzen digun gatazka.
«Saiatu. Porrota. Ez dio axola. Berriz saiatu. Berriz porrota. Porrot hobea egin», esaten zuen Beckettek. Hori bera da Eta Karmele? antzezlaneko sortzaileek egin dutena, beren porrota behin eta berriz errepikatu, behin eta berriz saiatu, beti porrot hobeagoen bila. Gutxi izango dira euskal antzerkiaren historia idatzi gabean hainbeste lekutan, hainbeste aldiz egin diren antzezlanak. Aktoreek publikorik anitzenak ikusi dituzte aktoreek protagonisten nora ezaren, dirdiraren, izuaren eta itzuli infinituen liluran harrapaturik.
Obraren une batean protagonistek mapa bat hartzen dute esku artean. Mapa ederra izan liteke liburu honetako testua ere: mapek ez dutelako soilik bidea aurkitzeko balio; mapek non galdu garen jakiteko ere balio dute.
Beraz, ez dadila inoiz etorri. Ez dezagula ezagutu. Ez dugu haren berri izan nahi. Jarrai dezala inon ez Karmelek, luzez. Gertu bezain urrun. Hala oholtzan, nola paperean.