Aurkibidea
Hitzaurrea, Ainhoa Alberdi Gisasola / Iraia Elias
hitzostea: Non galdu garen jakiteko balio duen mapa, Oier Guillan
Aurkibidea
Hitzaurrea, Ainhoa Alberdi Gisasola / Iraia Elias
hitzostea: Non galdu garen jakiteko balio duen mapa, Oier Guillan
Hitzaurrea
Ainhoa Alberdi Gisasola
Eta Karmele, bizitzak bere magia agerian uzten duen bidaia berezi horietako bat izan da. Ia-ia ausaz sortu zen. Barkatu, ez da egia: sortu behar zuelako sortu zen. Geldirik egoten ez garenok konpromiso ugari hartzen ditugu, eta bat-batean, nola jakin gabe, denbora gainera etortzen zaigu, eta gure erantzukizunei aurre egin behar nola edo hala. Karmele-rena ere halaxe izan zen: Usurbilgo Udalari Mugikortasun Egunerako hitza emana nion, zerbait egingo nuela helduentzat, eta hamar egun falta zirela ez nuen ezer eskuartean. Iraiari proposatu nion zerbait egitea, eta berak baietz. Eta Samararen idazteko abilezia ezagututa, berarengana jo genuen, zerbait idatziko ote zigun, eta hemen hasi zen gure bidaia: hiru emakume, existitzen ez zen itsasontzi bat norabait porturatu nahian... Eta sortu zen itsasontzia, eta ez nolanahikoa; lehenengo portuan hogei minututxo egin zituen, Usurbilen, gero pixka bat luzatu zuen egonaldia eta, Zarauzko Udalaren bitartez, emakumearen aurkako indarkeriaren egunean, Euskalduna tabernan porturatu zen bigarrenez. Harrezkeroztik, Euskal Herriko hainbat herritan porturatu da; Bartzelonako Euskal Etxera ere iritsi zen. Beti erantzun ona eman digu publikoak eta gure egonaldiak ez du inor axolagabe utzi, eta hori antzerkilari batentzat gauza handia da.
Plazerez egin izan dut emanaldi bakoitza. Emakume batek idatzitako antzerkia, bi emakumek taularatua... Emetasunez beteriko bidaia izan da, eta gustuko dut energia hori sentitzea, are gehiago energia hori munduan zabaltzea.
Goza ezazue beraz eskuartean duzuen bitxi eder honekin!
Iraia Elias
Bolantea, mapa eta gutuna. Horixe sartu genuen maletan, Karmeleren zain abiatzeko. Ez genituen maletak luzerako egin; pare bat geldialdi, eta etxera. Horixe zen hasierako ibilbidea. Baina gustatu egin zitzaigun esperientzia, eta Karmeleren zain denbora gehiago geratzea erabaki genuen. Hortik aurrera, hego haizeak jota bezala, bidaia eder bat hasi genuen, hiru urteren ostean oraindik ere bukatu ez dena.
Magia kontua da agian, zortea... auskalo. Kontua da, espero gabe, espero ez genuen tokietara eta pertsonengana heldu garela. Zain egon gara antzoki, kultur etxe, gaztetxe eta etxe okupatuetan. Zain, taberna, arte galeria, gaztelu eta eskolako sukaldeetan. Edonon. Eta, gurekin batera, umeak, zaharrak, emakumeak, gazteak, helduak, gizonak, nerabeak. Esperotako erreakzioak eta espero ez genituenak jaso ditugu. Izan da asperrak jota bukatu aurretik alde egin duenik, irribarre bukaezinarekin amaiera arte egon denik, obrari esanahi sakon bat aurkitzen saiatu denik, eta jolasteko gogoz gerturatu denik.
Barre algarak entzun ditugu eserlekuetatik. Isiltasuna entzun dugu.
Harritu egin dugu, eta harritu egin gaituzte.
Toki eta momentu bakoitza bakarra izan da. Isilune bakoitza, plazer bat. Ikuslearen gertutasuna, arnasa. Eta zortedunak garela iruditzen zait, jendeak aukera eman digulako bidaia hau bizi, bizitakotik moldatu eta berriz ere beraiekin konpartitzeko. Ederra baita, mapa bat eta bolantea izan arren, aske bidaiatzeko aukera izatea, aldaketetara irekirik.
Eta jarraituko dugu bidaia honetatik ikasten, jendeak nahi duen artean, bideak eta gasolina bukatzen diren artean.