L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 6 (1991-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Pantxoa eta Peio,

herri honetako bizidunen lekuko

 

Zintzhilik-eko partaideak:

Nekane Artolazabal

Mario Unamuno

Arantxa Urbieta

 

Beste zenbait laguntzaile:

Jone Etxeberria

Julian Barreña

 

        Mugatik mugarat, Euskal Herria zeharkatuz, egun euskal kantagintzan murgiltzen den bikote ezagun honengana zuzendu ginen beraien bizitza eta lanaren berri izateko.

        Hona hemen labur bilduz Peioren ahotik labain eginiko eleak:

        Baiona inguruan antolatu izan zen udaleku batean, 9-10 urte zituztelarik elkar ezagutzeko aukera izan zuten.

        Ikaskuntza nunduan ere batera arituko dira, musika gregorianoa erakusten zen ikastetxe batean ahotsa landuz.

        Haurtzaroko ohiturari atxikituz, mahai inguruan familia bildu eta Txaramela kantutegian oinarrituz, abesteari ekin zioten. Kantatzen hastea beraz, "naturaltzat" har dezakegu.

        Gerora etxeko mahai inguruetan ez soilik, lagun arteko giroan ere abesten hasiko dira, kantu berri eta zaharrak zituztelarik gogoko.

        Ordurako, 1966-67, Ez Dok Amairu sortuko da hegoaldean, iparraldean aldiz Amaia izendaturiko talde kulturalaren berri daukagu. Bertoko partaide ditugu Pantxoa eta Peio... Peio eta Pantxoa.

Amaia taldeak antolaturiko ekintza kultural batean Telesforo Mozon ezagutu eta bere kantez baliaturik abesten hasi ziren, "Itziarren semea" izanik hasera honen lekuko.

        Baina, urte bete itxaron beharko dugu beraien lehenengo kantaldi publikoa entzun ahal izateko, hain zuzen, Ustaritz-en antolaturikoa, Ez Dok Amairu-ko zenbait partaide ere bertan ditugularik (Mikel Laboa, Oskarbi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo).

        Are gehiago, urte honetan bertan Ekainean, lehenengo diska kaleratuko dute, lehen pausoak iada, zuzenki bideratuak zeudelarik. Iparraldean arrakasta eskuratu zuten eta 1971-ko Apirilean "muga" zeharkatu zuten eta Bergaran, Montzon-en herrian kantaldi bat eskeini zuten...

        "... hegoaldean bazegoen kantaldirako joera 1966-an Ez Dok Amairuren eskutik. Urte hauetan gure mezua isladatzeko oztopoak jasan genituen, zentsurarena alegia... izane, urte haietan hegoaldean ez zegoen euskal prentsarik, partidu politikoak debekatuak zeuden Frankoren diktaduraren pean, eta kantaldia jendearentzat herri bezala bere burua planteatzeko espresabide bakarra zen... kantaldiak mitinak ziruditen. Franko hiltzean, kantaldien funtzio hau galdu eta kantuaren alderdi estilistikoa lantzeko beharra ikusten da...".

        Gaiari dagokionez, iparraldeak pairatzen duen egoera sozio-politikoa da abestietan gai nagusiena, kezkati agertzen zaizkigu euskeraren galtzeak, turismoaren eraginak, edo eta lur espekulazioak ekar ditzakeen ondorioen aurrean.

        Hegoaldeko kontestuari lotuak dauden abestiak ere landu dituzte, batipat, Montzonen sei edo zazpi kantu.

        Kitarra soil batez hasi baldin baziren ere, kantuaren lantzeko beharra sentitu eta hainbat diska kaleratu ostean, "Eguzkiaren musu" izeneko azken diskan hiru musikoen laguntzaz baliatu dira doinu berriekin datozkigularik, beti ere diska gogokoena urrengoa izango denaren itsaropena galdu gabe. Dena den udaberrian errepertorioko kantu nagusienak bildu nahiko dituzte.

        Bakoitzak bere burua definitzea zaila bada ere, Peioren hitzak pisu handikoak dira:

        "... gu ez gara non nahikoak, gu hementxe sortuak gara, herri konkretu batean, hizkuntza eta kultura konkretu batean, orduan, gu kultura horren partaide batzu gera, gure kantuak, gure izakera gurekin batera bizi diren jende horien lekuko bezala, kezka, esperientzia horien lekuko bezala agertzen gara. Gu kantuaren bidez, besteek beste bideak bilatzen dituzte...".

        Hauek irekiriko bidea jarraitzen duenik ere bada iparraldean: Erramuntxo eta Jojo, Irigoien anaiak, Jean Paul Berzaitz... beraz, haziak ernaltzen dirau.

 

Zintzhilik. Copyright, 1991. Itsasu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.