L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 5 (1990-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Nere bihotzeko Amalilea

 

X. Azkue

 

Non zaude? Zergatik naukazu iluntasun beltzeko bakardadeaz sufriarazten? Badakit eskutitzen bakarrizketa honek ez dizkidala galderak ihardetsiko; behin eta berriro saiatu arren ez dut erantzun egokia aurkitu, baina zure etorrera galerazten duen zerbait edo norbait hori garrantzitsua dela sinetsi nahi dut.

        Orain, bizitza ankerrak banatu gaituenean, non nagoen ahaztu nahi nuke: baina ikusmena gela honek mugatzen duen bitartean, hemengo kiratsa usaintzean, hotza gorputz guztian sentitzen, zerriek ere jango ez zuketena irenstean, isiltasuna besterik entzuten ez dudanean, ezin dut errealitatea baztertu; giltzapeturik nago!

        Hementxe izan nahi zaitut, zure irribar sakonez nire kirioak bare ditzazun, gorputz nekatua fereka edo laztan beroz igurtzi dieazadazun. Inspirazioa itxaroten olerkiaren modura, hemen naukazu zain; laster, irensten nauen bakardadeak akabatuko nau. Zergatik ez zatoz?

        Inolaz ere ezin zaitzaket burutik baztertu, ezta loaldi koskorretan izaten ditudan ametsetan ere. Protagonistatzat zauzkaten istorio motz ederrak nahasten dira, jarraituko behar luketen, baina segidarik ez duten amets istorio nekagarri eta astunak.

        Esna nagoenean batera igaroteko uneak datozkit burura. Gogoratzen al duzu nola sartu zinen etxean nire lehengusinarekin? Ikusi orduko, barnekaldean somatzen nuen sentsazioak zure berezitasunaren berri eman zidan. Gorputz guztiko zelula pentsakera aldatuz joan zen, bitartean izen baten oihartzuna haundituz zihoalarik: Ameleto, Ameleteo, Ameleteo.

        Bestean miloika pentsamendu eder zetozkidan burura, ametsak ziruditen istorio mitologiko arrigarriak, bikainki eratutako olerki sarkorrak, mundu zoragarri baten ideiak flash moduan.

        Berehala konturatu nintzen berraragipen baten moduko izan zela; bai, Amaleteo pertsonaia nire barruan zegoen eta momentu haietan bere menpean nengoen. Honen ondoren berehala ezagutu zintudan; zure edertasun eta berotasunaren diztirek ere eman zidaten, Amalilea, Greziar jainkosen artean jainkosa.

        Gehiago ezagutzeko astirik ere eman gabe alde egin zenuenean, Ameleteoren esentzia galduz joan nintzen, zulaturiko boteilek likidoa galtzen duen modura. Hipnosi egoera hartatik esnatu ondoren, esperientzia hura errepikatu eta sakontzeko gogoa bakarrik geratzen zitzaidan.

        Berriro eztul bakarrak irten zaizkit, eztarri urratuaren adierazgarri. Hezetasuna eta zikinkeria nagusi diren gela alu honetan: pintura harroturik duten horma bustiek, taparik gabeko komun usaintsua txoko batean, alfonbra dirudien hauts kapa lurrean, eta erasotzeko beti prest, eltxo eta arkakusoen ejerzitoa. Sei hormez osatutako kuboa txikituz doala iruditzen zait eta zulorik gabeko gela honetan pilatzen diren ideiak arnasteak buruko minak sortzen dizkit.

        Lehengusinarekin izandako elkarrizketak gauza zertxobait nahastu zuen. Bere kanpotik etorritako adiskide berria, nola izan zitekeen nire jainkosa? Jakinminak eta berriro ikusteko gogoak zu bilatzera bultzatu ninduten. Bai, orain badakizu denda hartako topo egitea ez zela kasualitatea izan. Bapatean Ameleteo bultzatu eta bion arteko elkarrizketari hasiera eman zion nik ezer esan gabe.

        Ameleteok nire ahoaren bidez esaten zuena oso atsegin zenuela ikusten nuen eta etxeranz gindoazelarik Greziako harrizko harlosen gainean paseiatzen geundela iruditzen zitzaidan. Zu niretzat bakarrik zinen jainkosa eta mundu berri bat eskaintzen zenidan, arazorik gabeko mundua. Zure begiek isladatzen duten irudian, filosoriarik gabeko bizitza zoragarri bat ikusten nuen orduan; biok bat egiten genuen maitasun mugagabeaz gozatzeko. Dena zure begiradan irakur nezakeen eta mundu lortzeko bidea erakutsi zenidan.

        Orain, bizitza ankerrak banatu gaituenean, mundu berri batean nago, baina ez zuk eskainitakoan; hau mundu beltz, zikin eta itogarria da. Baina zergatik naukate espetxe ilun honetan giltzapeturik? zein da nire bekatua? Funtzionariak gelan sartzen direnean, gaizkile arriskutsu bat banintz bezala begiratzen naute, Matias zaharrak ezik. Manta bat eskuratu zidan eta bera da argia gehien pizten duena. Eskutitz hau kanporatuko balit behintzat!

        Zuk ez dakizu ondo nolako zurrumurruak izan ziren herrian batera ikusi gintuztelako. Amaren funtzioak betetzen zituen izebak neskatxa batekin nenbilela egia al zen galdetu zidan. Haiek ez dute tutik ulertzen, hamabi urtetako neska koskor bat zarela uste dute. Gainera bakartia eta izaera erabetikoa izateagatik jendeak arrotzat nauka.. Benetan higuina sorrarazten duen gizartea bizitzea egokitu zait!

        Zuk eskainitako mundua desiratzen nuen, derrigorrez ikusi behar zintudan. Horregatik, kasualitatez parkean ikusi genuenean, ez nuen aukera galdu nahi izan.

        Irrifarre zabal bat eskaini zenidan, aurpegiaren estalgarri. Ameleteoren eskariak beteaz, bidetik zerbait aldendu eta pagoen azpian sartu ginen. Huraxe zen leku aproposa; hazten zihoazten hostoak nire aurrean neukan mundu berriaren adierazgarri ziren.

        Zuk erakutsitako bidea jarraituz, lurrean etzan eta leunez berotu zintudan: Hilezkortasuna eta jainkotasuna emateko prest zeudenean, mugimendu azkar bat eginez nire indar guztiz sartu nizun; atera berriro sartu nizun bildur izpirik gabe bihotzean. Gozamenezkoak iruditzen zitzaizkidan ohiu burrubatsuen artean, labana atera nuen zure bihotzetik. Jario bizian irtetzen zuen likidu majikoa edan behar nuen; zure azal zuritik jaisten ziren errekasto gorriak miazketzen hasi nintzen berehala, horrela lortuko bait nuen bion arteko maitasun mugagabea.

        Ameleteoren presentzia bere goien gradoan sentitu nezakeen unean jainkosaren atarian nengoenean, lau beso sendok heldu ninduten bizkarretik; bortizki banatu gintuzten, prozedura guzti hura moztu zuten, Ameleteo azken aldiz sentitu nuen nire barnekaldeam. Ez nuen banaketa inolaz ere onartu nahi, neure onetatik aterata nengoen, amorruz itsuturik baina arrastaka eraman ninduten. Han utzi zintudan, Amalilea, izare gori baten gainean, ixilik, geldi, infinitoari begira. Ez dut ulertzen, zergatik ez zenuen ezer egin?

        Ez nuen etsi; jipoi galanta eman zidaten, besoa orratzez zulatu, lo sakonean utzi arte. Hemen barruan azaldu nintzen, inongo esplikaziorik gabe. Bai, Amalilea, mundu hau gorrotatzea izan da nire pekatua; gezurrezko mundu honek beti berdin iraungo du.

        Orain, bizitza ankerrak banatu gaituenean, zure izaera finkatu nahiean nabil. Gezurra dela sinetsi nahi dut, baina zalantza bat dabilkit buruan: ez ote zara beste jainkoren batek bidalitako Eba moduko bat, ni tentazioan erortzea egin duzuna? Zergatik bestela ez zatoz ni hemendik ateratzera?

        Barkatu, esaten ditudan gauzagatik: egoera honek bultzatutako pentsamenduak dira. Beharbada zuk erakutsitako bidea ez nuen behar bezala ulertu eta da hurrengo pausoa; horrela mundu ustel hau utziko nuke behintzat eta agian bestaldean egongo zara jainkotasunean itxaroten. Oraintxe ez dakit zer pentsatu, baina kontuan izan, patuak agintzen duen lekuan, betikotasunean egongo naizela... ZURE ZAIN.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.