L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 4 (1989-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Morgan Altxortegirekin hizketan

 

Esteban Pellot

 

Zer egin? Zergatik ez, dakidan apurrarekin haurrak zahar ez daitezen ari? Haur, poeta, filosofo, bizi, sentibera izaten jarrai daitezen... Haurrak zahar bilakatzen galeraz, haiei izurdeak, eta basoak eta izarrak erakuts. Zahar gehiegi dago munduan.

J. Villar, Eh, Petrel!

 

        Pirata izateko imaginazio ttikikoak ginela esan eta, hura botereak aspaldidanik ondotxo bereganatua zeukala esan zidanean, gizon haundi baten aurrean nengoela pentsatu nuen. "Bai motel, pertsonak kontrolatzeko, bere asmoak nola edo hala aurrera eramateko, esana ez betetzeko, eta makina bat gauzetarako, aspaldi iritsi huen irudimena boterera, alajaina!".

        ZINTZHILIK aldizkari kumeok gaur pirata izaterik ba ote dagoen, eta baiezkoan nolakoak gintezken pentsaketan ari ginela, ustekabean, azken pirata bizi den uhartearen helbidea lortzeko zorian gertatu ginen.

        Hara joatea niri fortunatu zitzaidanez, gauez, txalupatxo batean, zazpi batez begiak estalita, itsaso bare eta eder zuen ilbete batez eraman ninduten.

        Morgan Altxortegi zaharra, teleskopio xaharkitu batetik lehorrera begira topatu nuen. "Bai motel, teleskopioa izarrak ez, baina maiteen iztarrak eta iztar ez direnak ikusteko erabiltzen diat".

        Bizitzatik eta heriotzatik eskegita dagoen kolunpioan eserita egon arren, ikaragarri buru argi eta bihotz bero agertu zitaidan. "Eseri hadi motel. Zer behar duk, ron edo kubata fuerteren bat?".

        Nekez hitz egiten bazuen ere, bizkor jariotzen zitzaizkion laster batetan honakoan lerrokatuko ditudan ideiak.

 

        — Nola ikusten duzu gaurko mundua? —galdetu nion ohizko partxearen ordez lentilak zituela ohartu bitartean.

        — Pattal, motel, pattal. Itxurazale amorratua iruditzen zaidak, fkziozkoa, alegia —esan zidan gerrikotik ageri zitzaion trabukoa laztandu arau—. Gazteok zaila daukazue, arranopola! Jende asko, mundutarren erdia baino gehiago pobretasunik gorrienean bizi duk, eta ez zegok, ez, horrela jarraitzerik, arraioa!—eta honetan eten zitzaion solasa, laster gisa honetan jarraitzeko—, baina hala eta guztiz ere, areriorik haundiena nork bere baitan dauka, gure baitan bizi den izaki pijo, txotxolo, koitadu, beldurti, segurtasunzale eta batere egiazale ez den hori... Eta pirata, nonbait bizi bada, insegurtasunean, arriskuan bizi duk. Pirata arriskuaren maitalea duk... —eta teleskopiotik begiratzeari lotu zitzaion, atzera—. Zertan ari gintuan?

        — Bai, pirata arriskuaren maitalea dela eta ez dela.

        — Maitale, maitabera, jakina —eta ilargiari behatu zion ondoren—. Gu ilargiaren trobadoreak gaituk, edertasunaren eta ezinezkoaren burrukalariak.

        — Eta gu, nola demontre izan gintezke... pirata?

        — A, amigo, hik formula nahi duk, ezta? —eta sudurzuloetatik ufaka ihes egin zion haize bununbak "koitadu hori!" entzun erazi zidan—. Formularik ez zegok. Ez al duk oraindik Hesseren Sidharta leitu?, garaia ba duk ba! Bestalde, ez diat uste oraindik orain unibertsitatean Pirataritza ikasterik dagoenik..., eta hainbat hobe!

        Orduan, izatearen Ozeano ez beti Pazifikoan haaika bidaia eta burruka egina zen agureak negar isilari heldu zion, zeruan gaueroko malko ihintzarekin bat zegiela. Morgan... Hura zen gizona, hura!

        — Iruditzen bait zait unibertsitariak erabateko teorikoak garela, burges ttipia zenbaitetan...

        — Begira, jakituria gauza handia duk. Baina ez duk soil-soilik liburuetan aurkitzen. Unibertsitariak ere pirata, artista izan zaitezkete!, jakina, nor bere alorrean. Dudarik ez egin, gero! Baina egun, jakituria kontsumo gai bat bihurtzeko arriskua zegok. Zenbat eta pelikula, hitzaldi, seminario gehiago, hainbat hobe... Jakituria, ordea, prozesu konplexu bat duk. Liburu bakoitzean altxorra aurkitzea dagoen bezala, era berean pertsonengan, uharteetan edota lehorrean daudenak aurkitzen saiatu beharrean gaudek. Eta batez ere motibatuta behar duk egon, gauzak sakon ikasi, gozatu ahal izateko.

        — Ordea, nola lortzen da motibazio hori?

        — Hik matematikoa izan beharko huke, oso gustoko ditut eta formulak. Motibazio mundu hori, helburuena, sarritan landu beharra zagok. Ondo ezagutu behar duk nondik hatorren, non hagoen, nora hoan baldin eta aurrera egin nahi baduk. Ezaguera oso duk importante —eta behin berriro loro disekatuaren zegoen teleskopioa begietara zuen, baina inongo emaztekiari ez, baina etorkizunari zuzen begiratzeko—. Herrigintza, finean herrizulo hutsa bait nauk, askatasuna, utopia... —ahozkatu zizkidan teleskopioari itsatsitako begia bereiztu gabe, eta handik zer edo zeri begira lelotuta geratu zen, zer edo zer hura zer haundia balitz bezala.

        Nik, aldizkarirako nahikoa banuela pentsatu eta, hura han nekatuta ikustean, bueltatzea erabaki nuen. Azken ron tragoskada jo eta une batez zerua izar-izar zela ikusi ondoren, begiak estali zizkidaten egin. Gero, itsaslapurren arraunkaden artean, balizko itsasneskaren baten kantuaren goxora bilduko nintzen, harekin ere beste solasaldi moeta bati ekiteko...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.