Soldado hilaren ama
Joseba Sarrionandia
Goizean jaso du gutuna
Michel Iriart soldaduaren amak
Semeak kasernatik izkiriatua,
Eta ireki orduko
Hauzokoei erakutsi die,
Gero sukaldera sartu
Eta irakurri du:
"Gerra maniobratan ari gara,
Gure etsaiarena ere
Geuk egiten dugu, eta badirudi
Ez dugula eguberriotan
Etxera joaterik ukanen,
Bidal iezadazuz gaztainak,
Mosuak, Michel"
Amak orain gutuneko
Beste paper zatia ireki eta,
Letra ezagutu gabe, soegin du:
"Gutun hori eman zidan bart
Michelek, goizaldean hil da,
lagun paregabea zen gu guztiontzat,
Doluminak, Jean Larrieu"
Ama, bere malkoak xukatu
Bigarren papera amantalpean gorde
Eta kalera doa
Semearen gutuna hauzokoei irakurtzera
Eta gaztainak erostera
|