Urtzi Urrutikoetxea
Adiskideen hitzek galdu dute herri hau,
lukurreriaren eta berekoikeriaren ele traidoreek,
oraindik orain satelite bidez unea ez dela eta
oker gabiltzala zioskuten diskurtso salduek
lurraren muineraino iltzatu zituzten kaleetako arantzei
zelofana aldatu eta txapela ipini diote.
Baina ezer gutxi egin dute
puntaren arriskua zorrozteaz gain
mila mozorro eta maskara fabrikatu dituzte
euren buruak ispiluaren aurrean ezagutu ezinik
mihi pozoitsua daukate,
ipurdi arrotzen zaporeak emana.
Hitza zokorazi digute,
hemen odol asko eta su gehiagoz
eraikitzen da askatasun bidezidorra
baztertu bada mintzoa
eta mila koloretako uniforme kiskalietan
gorde izar argitsuenentzat keinu konplize bat.
Oinazeak egin izan du lur honetan bidea
baina oinaze ezkutu lar dago hemen
derroten umiliaziora ohitu gara
eta apurrik apur goaz
makulu erdaldunen gainean makurturik.
Samin handiak datoz oraindik
zertarako hortaz banan-banan itxaron?
Profita gaitezen arma trafikoaz,
egin dezagun abordajea gasolineretan;
borroka galduetatik gatoz eta
traidoreen gezurrezko bakea baino ez dugu ezagutu.
Borroka galduetatik gatoz. Susa, 1997
|