L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y cría cuervos y tendrás muchos (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

"Sub tuum praesidium"

 

Bernardo Kapanaga

 

"Organoari lehen notak jario zaizkio, katedrala doinu magikotan blaituz. Entzulegoa, jarlekuetan sakabanaturik, emozioz gainezka egitera prestatu da. Bapatean, sopranoaren ahots gardena entzun da, han goian, ortzearen bihotzetik sorturik bezala. Eta entzulegoak zirrara sakona sentitu du, gero eta ederragoa den ahots zerutiar hark eraginik. "Sub tuum praesidium"aren melodiak lilurazko amarauna eho du katedraleko sapaitik behera, entzule oro estasi miragarrian hartuz.

        Organo eta sopranoaren arteko armonia punturik gorenean dagoenean, entzulegoa airean hegan bezala, erretabloaren azpiko aldeko figura bati negar malko bat atera zaio, gero beste bat eta beste bat. Inor ez da haren negarraz konturatu, segundu batzu baino ez baitu iraun, "Sub tuum praesidium"aren azken nota iraungi arte.

        Gero, lilurazko amaraunak txalo zartadetan leher egin du; erretabloan, figura loak hartuta bezala geratu da, atsegin irria ezpainetan, zurezko bihotza maitasunezko taupada ttipitan bustirik. Katedrala hustu egin da, ilunbetan geratu. Baina, isiltasunaren azpitik, arnasa entzun da erretablo aldean, eztarrian eduki ezin den saminduratan itoa. Eta itzal bat irristatu da aldaretik behera, jarleku guztiak zeharkatu, korora igo. Eta, iluntasunean, organoaren hotsa entzun da, sakon, erotzerainoko edertasunaz. Eta aingeru ahotsak zutabe oro dardarazi ditu, gangak oihartzunez hete. Gauminaren bakartasunean, "Sub tuum praesidium"a azkenik gabeko aire zorabiagarri bihurtu da, erretabloko figuraren begiak ezin distiratsuago, gero eta gero xarmangarriago."

        Koadernoak eskuetatik irrist egin dio, lurrera erori. Ohean etzanda, berari ere begiak malkoz busti zaizkio, eztarrian samindura are lazgarriagoa somatu, labainkadaren zorrotza urdailetik gora, heriotzaren iragarle. Gelaska ia ilun dago, umeltasunak hotzikara eragin dio. Ez da ezer entzuten. Ordu gutxi geratzen zaizkio eta, hala ere, baretasun estrainioa sentitzen du, barne bake goxo antzerakoa. Badaki bizitza iraungitzen ari zaiola, mahaitxoaren gainean ozta-ozta argi egiten duen kandela bezala, baina ez dio axola, berarekin pairamendua ere desagertuko baita. Erantzun gabeko maitasunak dakarren oinazea sentitzen du oraindik, erraiak kiskaltzen dizkiona, burua erotzen. Ez. Nahiago du hil, etsipena eramanezina zaio. Koadernoa altxatu du, argizarirantz hurbildu. Atzamar dardartiez orri horituak pasatu ditu, ezpainek hurrengo ipuinska xuxurlatu dute...

        "—Abiatu bide honi —erantzun zigun haizeak. Eta bidegurutzetik aldenduz, zidor estu batetik basorantz joan ginen.

        Kitarra baten musika entzun genuen zuhaitzen artean sartu orduko. Inguruetara begiratu arren, ez genuen inor ikusi. Agure itsu bat etorri zitzaigun irudira, horraatik. Atzamar zaluak gitarraren kordetan gora eta behera ibilkatzen zitzaizkion, miarma izutuak bezala. Musika zoragarria zen, arnasa sakon pausatua bezalakoa, haitz gorenetatik datorren latsa bezain gardena.

        —Lehen notarekin batera galtzen naiz ni ere musikak ehoriko sare magikoan —aitortu zigun balizko agureak, irribarretsu—. Eta nota bakoitza bidegurutze bat da. Nola hel ninteke amaierara? Zertarako bukatu baina, musikazko sare honetan harrapaturik bizi nahi badut, betiko bizi ere? Eta zuek, bidegurutzea utzi eta baso honetara barneratu zaretenok, ez zaituzte haizeak gidatu, ez, haren bidez bidali dizuedan ene gitarraren doinu zapar bezain liluragarri honek baizik.

        —Zer jazoko litzateke doinua amaituko balitz? —galdetu genion artegaturik.

        Agurearen begirakunean ikararen antzeko zerbait somatu genuen.

        —Hori gertatzera, ikusten duzuen agurea desagertu egingo litzateke, eta berarekin basoa, honantz datorren zidorra eta bidegurutzea bera ere bai. Azken batean, zuek eta ni, irudimenari gagozkio, beronek ehoriko balizko mundua baita gurea, eta ez beste.

        —Arren, ez dakizkizula egundo atzamar horiek gera —erregutu genion orduan.

        Belarraren gainean eseri ginen, gitarraren doinu paren noten bidegurutzetan galtzera. Negarretan."

        Apal hautseztatuari begiratu dio. Han daude beste bost koadernoak. "Nire bihotzetik irten den onena", pentsatu du, eta lastima sentitu, berarekin ezin izango bait ditu eraman. Koaderno horietan desagertzea desiratu du, baso liluragarrian galtzea betiko. Baina arruntkeriaz inguraturik dago, kolorerik gabeko mundua da berea, musika zoragarriz barik auhen eta uhuriaz betea. Luze gabe dena amaituko da, ostera. "Nire bizitza izan da idatzi dudan ipuinik kaxkarrena", esan dio bere buruari. Konketara hurbildu eta ur dzangada luzea egin du. Bere azken gaua eta ezin begirik batu. "Hobeto, horrela denak irakurriko ditut. Izan ere, koadernootako ipuinek ematen dizkiote izan naizenari zentzu eta funtsa."

        Eta orria pasatu du, hasperen eginez.

        "Marinelek itsas zabalean aurkitu zuten, auka artean. Ez zekiten hilik zegoen, uhinen mugimenduaz keinuka zebilela baitzirudien.

        —Hurbil gakizkio —iradoki zuten batzuk, naufrago hartaz errukiturik.

        —Ez, arren —garrasi besteek.

        Hauetako batek, zaharrenak, guztiei egin zien berba, begietan ilun ikara isladatuz.

        —Hamaika urtetan ibilita nago mundu osoko itsasoetan, bateko ekaitzik beldurgarrienak pairatuz, besteko gose zein egarri itzelak jasanez, untziaren norabidea galdurik. Makina bat istorio ere entzun izan dizkiet ni baino itsasgizon zaharragoei, zein baino zein ikaragarriagoak. Euretatik bizien hunkitu nauena, ordea, gorpu naufragoena izan da.

        Marinelen artean urduritasuna nabari zen, untzi gainera pausaturiko hegaztitzarra bailitzan.

        —Izan ere —jarraitu zuen—, ezbehar eta lazerien iragarle dira, itsas hondoko sekretu guztien lekuko. Diotenez, Heriok gidatu ohi ditu itsasoan zehar, eta bere erakargarritasunaren menpera makurtzen direnak ez omen dira harrezkero untziaren jabe izango. Berau norabidez aldatuagatik ezin izango dute gorpua atzean utzi; haatik, berak gidatuko du, itsas korronteen nondik-norakoa erabakitzerik izango balu bezala. Batera eta bestera eramango ditu, itsasoa amaigabea baita. Izua baino ez da aurrerantzean izango eta, gauetan, itsasoan hildako guztien ahots oinazetiak amilduko zaizkie olatu haserretuekin batera.

        Marinel orok agurearen ezpainetan zituen begi izutuak iltzaturik, berba erdirik ere esateko ausardiarik gabe.

        —Halakorik gertatzekotan, hobe buruak kareletik botako bagenitu, ez bait genuke sekula ere lehorreratzerik izango. Ez duzue, bada, egundo bueltatu ez diren untzien istorioak hainbatetan entzun?

        Untzikoak mututurik zeuden, zer esan asmatu ezinik. Bapatean, itsasoa hiraturik aurkitu zuten inguruan, piztiatzar itzartu berria legez. Bakar batzuk gorpuari begiratu zioten orduan, hura ametsgaiztoa izango zelako itxaropenetan: olatu oldartsuen artetik, gorpuak besoak astindu egin zituen, aginte-keinu nahastezinak eginez."

        Irakiten. Irakiten ditu begiak. Arrenkura hondogabeak iharrausitako zuhaitz sustrai gabea deritzo bere buruari, bera ere noraezean galdutako untzi bakartia. "Patuak eramaten gaitu amildegira. Denok, denok gara jaiotzeagatik errudun." Eta ukabilak estutu ditu, gorrotoak barik ezinak bultzatua. Barroteen artean egonagatik, presoago ez dela pentsatu du. "Ezin da izarren norabidea aldatu."

        Argizarira hurbilagotu da. Ia ez du argirik egiten. Abaildurik dago, gau osoa irakurtzen. Nekez eusten dio koadernoari esku artean, hotzaren hotzez. "Isiltasun honek min egiten dit", pentsatu du, irakurtzen hasi orduko.

        "Tren geltokia non ote dagoen galdetzen ari da arrotza, hiri hartatik joan beharra baitu. Berandu da —beranduegi agian— eta azken trenera iristea derrigorrezkoa du. Nekeza zaio, ostera, bertakoen hizkuntza aditzea. Hieroglifikoak asmatzen ibiltzea bezain gogaikarri deritzo: eskumuturrak izerditan nabari ditu, hain da handia bere egonezina.

        Bateko ez diote jaramonik egiten edo arineketan ospa egiten, besteko taldeka datozkio denek batera hitz eginez, atzamarrez hamaika puntu desberdinetarantz seinalatuz.

        Urrunegi dagoela entzun dio bati, korrika joanda ere ordu luzeak beharko dituela. Bertan dagoela beste bati, hor ondoan duen ate bat zeharkatzea besterik ez dagoela trenean lasai asko jarrita egoteko.

        Arrotzak izerditan eskumuturrak ezezik beso osoak ere baditu harrezkero, portan egin berrian harrapaturik baleuzka bezala. Bostaxola dio jadanik azalpen orok. Geltokirik ba ote dagoen galdetu dio bere buruari, bihotza arrenkuraz erreta. Eta ez dira hamar segundu iragan hiri hark irteerarik ez duela ohartzerako.

        Lurrean eseri da, fardel arropaz betea ondoko zakarrontzi batera bota du, begietan etsidura. Orduan —bakarrik orduan— entzun du trenaren tutu hurbila, hurbilegia trenbidearen gainean eserita dagoela konturatzeko."

        Gero eta gutxiago gelditzen da egunsentirako. Argizaria iraungitzeko zorian. Oroitzapenak datozkio gogora, ipuin lokabeak bezala. "Ipuinak ipuinen barruan." Gomutarik maitatuenak zergatik mingarrienak diren geratu da pentsakor. "Eskuraezinak direlako". Horregatik ditu atseginago koadernoetako eskribuak, bera hil arren bizitza honetan geratuko zaizkion ondorengo bakarrak baitira.

        Hotzikaratan dago. Oheko burusi bat bota du gainetik. "Beti elkartu ditut pertsona maitatua eta pianoaren nota malenkoniatsuak." Tristezia isladatu zaio begiradan azken orri idatzia irakurtzen hastearekin batera.

        "Larunbatero joan ohi ginen aititaren baserrira. Artean txikia nintzen, geuretik harainoko bidea luzea oso egiten zitzaidan. Bazkalosteetan joaten ginen. Maiz, bidaian zehar loak hartuta geratu eta sukarretan bezala itzartzen nintzen, baserri ikaragarri handia aurrez aurre.

        Bertara sartzea beste mundu batera iragatea bezalakoa zen. Beldurrak harrapatzen ninduen beti, hango lizun sundak zorabiatuta, iluntasunak lazkiturik. Baina zirraragarriena aititaren logelara sartzea zen. Bertan gernu usaina zegoen hormei itsatsirik, airean pufada kerra antzekoa, goitika eragilea. Amaraunak nonahi, zurezko zolu hautsuari nion beldurrik handiena, bertan behin ikusitako erugeak sorrerazia. Nagiki mugitzen zen, hormaren paretik, azkenean ohepean ezkutatuz. Orduandanik izan nituen amets gaizto orotan agertuko zitzaidan, nire ohe azpitik gorantz zihoala, azkenean paparretik igonda ahoan sartzen zitzaidala...

        Hainbat hilabetetan joan ginen. Berauetan, aitita sentonduz joan zen nire begien aurrean. Ohean ematen zituen egunaren ordurik gehienak, gorputz osoa dardaraz. Ikara horrek ni ere hartu ohi ninduen sarri, urteekin neure burua horrela ikusiko nukeela susmatuz.

        Aititaren azken oroitzapena ez dakit ametsen munduari dagokion edo gela ilunbetsu hark desitxuraturiko irudia den: ohearen lekuan hilkutxa bat zegoen, barruan aitita oraindik dardaraz, begirada ezerezturik. Azken mezuren bat esatekotan edo altxatu zuen ozta-ozta burua, eta orduan, ahotik irteten, nagiki, eruge nazkagarri hura ikusi nuen, ifernutik bidalitako madarikazio

bat bezala."

        Kanpoan txorien txioak entzun daitezke. "Laster etorriko dira". Eta, eskuan daukan koadernoaren azken orri zuriari begiratuz, azken ipuina idatzi behar duela erabaki du. "Salbabide bakarra dut". Bere azken uneak kontatzeko maneatu da: Gau luzearen isiltasunaren ostean, urratsak entzun ditu pasabidean, ondo neurtuak, nora eta zertara doazen ondo bai ondo dakitenak. Atzeko sarrailan giltzak sartu eta irekitzean, ziega osoan barreiatu dira metal oihartzunak, kirrinka negartien legez. Ez diote ezer adierazi behar izan. Azkenengoz begiratu die apaleko koadernoei. Altxatu, eskuaz ilea nolabait orraztu eta irten egin da.

        Indar gabe doa aurrerantz, atzean gartzelariak. Bailara heldu denean hutsunea besterik ez du gogoan, iragan guztia ziplo ahaztu balitzaio bezala.

        Erdian dago urkamendia prest. Oraindik eguzkia irten ez.

        Handik aurrerakoa betikotu egin zaio, segundu bakoitza urte bihurtu. Eskailerak zorabiatu beharrean igon ditu. Ea azken gurariren bat bete nahi duen galdetu diote, zigarroren bat erre edo horrelako zerbait. Baietz erantzun du, hegaz egitea gura duela, utz diezaiotela azken liparrera arte zeruari begiratzen. Zorotzat hartu dute, txantxetarako astirik ez gogorik ez dutela adierazi.

        Urkabilurra sentitu du ondoren saman.

        Azken segunduetan, "Sub tuum praesidium"aren melodia entzun du, ahots liluragarri hura, organoaren soinu sakona, eta berari ere, erretabloko figurari bezala, malko bat irristatu zaio masailatik behera, eta gero beste bat eta beste bat.

        Agindu latza entzun da, kolpe bortitza, eguzkia agertu denarekin bat.

        Eta orduan, urkabilurretik gorpurik eskegita ez: eguzkiaren lehen errainuan gora ikusi da txorikume bat, gitarra miragarriren doinutan murgilduriko basoetarantz ozta ozta hegaldatuz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.