L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y cría cuervos y tendrás muchos (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Zugabetasuna

 

Xu

 

badakizu zelako gaitza egiten zaidan

zure irudia asmatu zirriborratu eta gorpuztea

hemen ez zaudenean

badakizu zure ezpain anilen

kakao-ilearen eta begi iruzurtien kolorea

isladatzeko nabardurarik ez daukadala

ez dagoela

           ezta litezkeen 36.660 konbinazioetan ere

hemen ez zaudenean

badakizu zure irri samur eta putaseme hori

ez zaiola ohialari itsatsiko

eta negarranpuloek pintura urtzen dutela

hemen ez zaudenean

badakizu musu hutsalenak ere ezin direla marraztu

laztanek ehotik ihes egiten dutela

eta mintzoa kordegabetuaren oihartzunera murrizten dela

hemen ez zaudenean

badakizu zure titi gurien

eta masail gorrien hiru dimentsioak

koadroaren bietan zapaltzea ezinezkoa dela

ta zure or-ez-tak or-bai-n bihurtzen direla

hemen ez zaudenean

badakizu zerbaiten falta

estaltzeko pintatzen dela

dudala alferrik

eta lelokeria koldarra dela

hitzak bortxatzea

hemen ez zaudenean

eta hemen zaudenean

ezen

zer jakingo duzu zuk

beti jokoz kanpo dabilen ustel honek

begiz begi

ezer esan beharrean

hitzei eskua sartu eta

honelako eraikuntza sukartsuak altxatzeari ekiten badiot

hemen ez zaudenean

hemen ez zaudenean

eta hemen ez zaudenean

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.