Egidazu Bostekoa
Josechu Pitilini (o simplemente Josechu)
Satsa Kakusein basakeriak erditutako espermatozoide desbideratua zen. Bost urte bete artean kurrinkadak egiten besterik ez zekien; harrezkero, zelanbait berba egiten ikasi arren, bere hizkerak Harri Arokoa zirudien. Jaungoikoak agintzen duen etxe giro bero, amoltsu eta fededunean hazi beharrean, txarrikortako gorotzen artetik urten bakoa ematen zuen. Bere gurasoen berririk ez dugu. Agian, mundura ekarritakoaz damuturik, baserria utzi eta Erromara joango ziren barkamen eske edo, egundo ez bueltatzekotan. Neba-arrebarik ere ez zaio ezagutzen. Ez da harritzekoa, beraz, bakardade gorria arintzearren, kortako abereen beroa bilatu izana. Izakerari horrek erantsi zion aberekeria hain nabarmena izatea erabat berezkotzat jo dezakegu, bada.
Bere seintzaroko berri handirik ez daukagu. Kalera ortuariak saltzeko bakarrik jaisten zen. Neskatilei begiratzeko ere ez zuen astirik gixajoak, antza, arrapaladan igoten baitzuen ostera ere bere kobara. Kalean zen artean, basapiztiek gizakiari dioten izua isladatzen zitzaion haren begirada uxakorrari, kaiolan harrapatutako basurdea bailitzan. Azokako salerosketetan nola moldatzen zen eta, unibertsoaren sorrera bera baino misteriotsuagoa da, haren adimena behiaren errapeetan hasi eta amaitzen baitzen.
Nerabezaroa ohi baino arinago ailegatu zitzaion. Garai hartakoa da bere lehen argazkia. Berau deskribatzea pekatu andana bat aitortzea bezalakoa da: tximek ez zuten orraziaren ezagupenik, are gutxiago koloniarenik. Kirikiñoaren punta laztuak ziruditen, baina halako mataza zarratua osatuz zirinez itsatsiak ematen baitzuten. Bai bekokia, bai masailak, iretargiko azal kraterrez beteak bezalakoak ziren, edo bestela naparri pikatuak ereindako eta materiaz gainezkako maskuilu soroak. Betula bi eduki beharrean bat zeukan, betartean elkartzen bait ziren, halako baltzune zikina bezain urtena osatuz. Sudurra aurpegiari jositako patata itxuragabea baino ez zen, eta bi kobazuloetako edozeinetatik kandela likinak irten ohi zitzaizkion. Ezpain puztu oilaurtsuak ez ziren egundo ere ixten; aitzitik, mendizerra malkartsu eta desberdindua erakusten zuten, hagin guztiak elkarrengandik bereiztuak, batzuk barrurantz, gehienak kanporantz begira. Belarriek, amaitzeko, hegan hasteko tramankuluak ziruditen, beraiei heldu eta tiraka ibiliaren ibiliaz ia ia buelta emanda bait zeuden. Guzti honi buru gaineko txapel beltz hautseztatua bere gorputzeko beste atal bat bezalakoa zela gaineratzen badiogu lo egiteko ere ez zuen kentzen, bere itxuraren ideiaren bat eduki genezake. Dena den, aurrez-aurre, ondino motzago eta higuingarriagoa zen.
Maitatzeko adina ailegatuta eulien laguntza besterik ez zuen izan. Asteburuero kaleratzen hasi zen, tabernarik tabernarako ibilaldi hordigarriak gero eta sarriagotuz. Bere hizkera berez motroiloa bazen, hainbat ardao merke edanda trinkili-tronkolo eta zabuka zebilenean, ezin zitzaion ezertxo ere aditu. Mihina, bere aginduei jaramonik egin barik, berekautan zebilkion, geratu ezinik. Jakina, neskatila guztiek garrasika alde egiten zioten. Garai hartan hasiko zen, noski, txorokila batzen, beteriko tutua hustu beharra baitago, nork edoski eduki ezean ere...
Ezin jakin herrian txor-txor zihardutenek egia zioten, gauza jakina baita asko eta asko txatxala-patxala ibiltzen dela ganora barik. "Urliak esauste ardijjekaz-ta eitten dauela" ez bazen "ba horrexeri entzuotzet txarri-emien atzien ikusiebela txorokille eskuen hartute" edo handiagoren bat entzutea eguneroko kontua zen. Hasierako zurrumurruak, tamalez, egiaztatu egin ziren. Korta barruko beharrak laster agirikoak egin ziren, nahinon egiten hasi baitzen, bateko artegian, besteko etxaurreko intxaurraren azpian bertan ere. Aurretik izen ona bazuen, pekatu hauek zabaldu zirenetik bazter guztietako esamesa eta hatz guztien erakargailu bihurtu zen.
Satsa lotsorra zen. Neska bat usainduaz bat txapliguen pare ospa egiten zuen, masailak ezezik belarriak ere gorriturik. Azpiko deabruaren arnasbeharra igartzen zuenetan, ostera, zeharo aldatzen zen. Beste pertsona bat zirudien. Horrelakoetan edozein burugabekeria egiteko prest zegoen. Otsoak kobazuloan ondo zehaztutako erasoen antzerakoak ziren bereak, begietan igartzen bait zitzaion premiña gorri horren sukarra.
Hain motza izanda borreroa izateko besterik balio ez zuen Satsak herrian autobusa hartu eta kapitalera joateari ekin zion. Han behintzat ezezaguna zen. Jendetzaren artean hobeto ezkutatzen da ezaintasuna, eta begiraden jomuga ez izateak odola ausarkeriaz bor-bor eragiten zion. Inon pentsatu bakoak egiten hasi zen, beraz. Bere kobazuloko bakarlaritza saioak gutxitan edukita, eta abereekiko gripa atzendu guran, kapitaleko neska lirainengan bilatu zuen bere asezintasunaren ordaina.
Hasieran monjen kolegioetako ateetan jartzen zen, neskatilen irteera zaintzen. Berauek agertzean, lotsariak atera eta aurre egiten zien, bihotza zartadaka, belaunak dardaraz. Neska gehienek barre besterik ez zioten egiten; zenbait begiak urten beharrean jartzen ziren, makila gogor hura miretsiz edo; bakan batzuk, lotsabakoenak, atzetik joaten zitzaizkion txistuka eta burlaka. Orduan Satsak, ikaratuta, ahalik agudoen ematen zion arinari, zigorretik iheska doan txakurrak bezala.
Bere asmo lizunek hainbatetan ustel egin ostean, kolegioak utzi eta beste kabia batzuen bila hasi zen. Autobus eta tren jendeztatuak, kasurako, ezin egokiagoak zitzaizkion. Neska talde baten ondoan jarri, txorokil puztua inor konturatu barik atera eta atarri samur baten kontra estutzea, ohizko errituala zen. Zabunkadez baliatuz bere zirkin atseginkoiak areagotu egiten zituen, gorputz osoa irakiten, esne ugariak gainez egiten zion arte. Zoritxarreko neskaren gona zein prakak zuringoz txipristinduta geratzen ziren; Satsak, berriz, barrenak husturik, haitzaren gailurrera ailegatu den eta hilketa bat burutu duenaren arteko sentsazio gozo-mingotsaz alde egiten zuen, buru-makur eta ikara artean.
Bakarrean bostekoa egiteari gatz bakoa eruten zion. Jakina, laian egiteko aukerarik ez zuenez, hamaika nekaldi eta estuasun sorterazi zizkion bere gehiegizko irritsak. Autobus zein trenetako isurketak, esaterako, arriskutsuegiak ziren, neskak konturatu ezkero, oiloak azeria oilotokian igarrita bezala hasiko bait ziren kakarazka erotu beharrean. Haragiaren nahikundeak arrisku guztiak berdintzen ditu, ostera, eta Satsa ezusteak eta arineketan ihes egin beharrak gora-behera, inoiz baino beroago bueltatzen zen hurrengo asteburuan kapitalera.
Kuleroak eta bularretakoak ostuteko joera bizitu egin zitzaion. Kolegioetara itzuli zen, erleak eztira bezala, baina neska panpoxen kirol ihardunez gozatzeko. Hona eta hara zebiltzan bitartean, baloia saskira jaurtiz zein elkarren artean atzaparka eginez, bera aldageletara joan eta kulero guztiak batu ostean txorokilaren inguruan jarri eta astintzen hasten zen. Segundu batzuetako kontua izaten zen, barrabilak ondo zamatuta eraman ohi zituelako. Denak hazitan bataiatu ondoren pila bat eginda uzten zituen, alde egin baino lehen. Ez zen horraatik larregi urruntzen: partidua amaituta dutxatzera joan eta nesken oihu eta biraoak entzutean berriro ere idiskotzen zen, poxpoliñen potxolinetan kulero haziztatuen igurtzia imajinatuaz.
Horrelakoxea zen Satsa Kakusein. Basatia eta zikina. Idazten ez zekienez, txorokilaren doministikuna zen bere sinadura bakarra. Berarentzat bostekoa egitea arnasa hartzea bezain beharrezkoa eta naturala zen. Horrela, ba, bere balentriak ugalduz joan ziren: zinetokietako iluntasunean, hontzak harrapakina aukeratzen duen bezalatsu egiten zuen berak ere, gustoko neskatilaren ondoan jarriaz. Pelikularen luzeaz baliatuz, ñaka eta ñaka egiten ibiliko balitz bezala jokatzen zuen, atsegin ikara berariaz atzeratuz. Kirteneko zainak lehertzear zeudela bakarrik likintzen zituen neska gixajoaren arropak, buruko azken iletik behatzetaraino dardara baten.
Pelikula asko ikusita, hiltzaile eta lapur etiketadun ospetsuenek eskunarru edo ohartxo idatziren bat ixten dutela konturatuta, berak ere oparitxoak banatzeari ekin zion. Zer izango, eta zakiltxano erabiliak! Txarrikeria handiagorik! Bai, zakiltxanoz bete zituen eskegigailuetako bularretako ondino bustiak, zineetako besaulki txipristinduak, neskatilek areetan utzitako oihal koloredunak, tabernetako edalontzi erdi hutsituak, poxpolinen praketako atzeko poltsikoak zein sorburutik eskegitako poltsak, aldageletako kulero moltsotuak, erostetxe handietako maniki biluziak, monjen kolegioetako ateak, nesken komunetako jarlekuak...
Jakina, bilau guztiei ailegatu ohi zaie beren zigorrada. Satsak larregitan hurreratu zuen eskua surtara ez erretzeko. Lizunkeriak ere horditzen ei du, eta gure morroskoak harrezkero ezpainak ondo gardostuak zituen paitarrez.
Aratuste gau baten jazo zen. Kapitaleko kaleak kokomarroz jantzitako jendez gainezka zeuden. Satsa atseginez lehertu beharrean zebilen ardanetxerik ardanetxe, ahalik eta eskuka lohirik gehien eginez. Ohi bezala, nesken komunean sartu zen, kisketari eman gabe. Hilekozapiontziaren barrua arakatuaz batera, txorokila arteztu egin zitzaion, zeharo idiskoturik. Ukabilari eraginez, txorokila jo eta su moltsotuz txinpartak atera beharrean, zeruan bezala zegoen. Irakialdiaren borborretan, hara non zabaltzen den atea, eta neskatxa bat agertu! Zer gurago Satsak! Gainera salto egin eta aurpegian isuri zion salda gori likina, "egidazu bostekoa!", "egidazu bostekoa!" behin eta berriro gedar eginez. Neska intziri baten hasi zen, tragatzen ari diren txarriaren antzera. Behingo baten, han ziren neskaren senargaia, lagunak eta begiluze aldra bat. Goitik eta behetik, atze zein aurre, huraxe zen hots eta zaplada zaparrada, huraxe bai makilatea! Ondo mankatuta utzi zuten gero, begiak ubelaren ubelaz zabaldu ezinik, sudurra zati-zati eginda odol herioan, musturrak hautsita eta haginak motrailuan legetxe zeaturik, burua kaskarrekoz handituta, gorputz osoa mailatuta, atzaparkada eta epaiez betea, hezurrak koskorretatik aterata bezala dingilizka, lotsariak irenduteko moduan, soinekoak tarratadaz urraturik... Lehen polita bazen, orain ondo ederra zegoen! Hain modutan eze, begiratu baten, ezin zen gaisotegira edo kanposantura eroan behar ote zen igarri...
Satsa Kakuseinen balentriak era honetan amaitu ziren, gaisotegitik kaiolara joan baitzen zuzen zuzenean. Guraina gogait egiteko beste urte agindu zizkioten bere dongakeriengatik; zauri guztiak osatzeko lain bai, behintzat. Halan ere, nork jakin benetan damutuko zen? Ba ote zegoen kaskar haren barruan argirik? Baserriko kortan geratu balitz ez zen ezer jazoko, ausa. Abereekin bakarrik orbandutako Satsak, baina, ondino zeukan izetuta lizunkeriaren zuzia hankabitartean...
|