L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Edonori gerta lekioke

 

Bernardo Kapanaga

 

Etxeko ataria atzean utzi eta lantokirantza abiatu zen. Oraindik kaleargiak pizturik zeuden, eta hotza nabaria zen. Jakaren idunekoa altxatu eta aurrera egin zuen. Logura zen, ez zuen ondo lo egin eta sonanbulo baten antzera zihoan kaletik behera. Bapatean, egunerokotasuna apurtuz, zerbait somatu zuen bere gorputzean, zerbait arraroa, inoiz sentitu bakoa. Hartu zuen sustoa ez zen nolanahikoa izan. Ez zuen ba ikusi han, lurreari jausita, bere ezkerreko besoaren eskua!

        Hura ez zen ba egun arrunt bat hasteko modua! Zer egin ez zekiela gelditu zen, lelotuta. Nola gerta zitekeen baina komeria hura? Izan ere, ez zen txantxetakoa, inori ez zaio gustatzen kaletik joan eta hara, itsumustuan esku barik gelditu dela konturatzea! Nahiko buruhauste bazuela pentsatuaz, beste gabe eskua lurretik hartu, jakaren barruko poltsikoan sartu eta, nahigabetsu, bideari abiatu zitzaion. Hala ere, hura ez zen izan ezbehar bakarra. Hogeiren bat metro aurrerago, ezkerreko hanka herrenka hasi zitzaion, inurrituz joan zen, eta blaust!, gertatu beharrekoa orain ere, ur putzu batera erori zen. Ez zuen ostera oraingoan pentsatzeko astirik izan, hanka bat izanik bera ere zen bestean jausi zen eta!

        Lurrean etzunda, zer pentsa zezakeen egoera larri hartan zegoen zorigaitzeko gizon hark? Zer etor zekiokeen burura zentzugabekeriaren sentsazioaz landa? Horrela egon zen, minutu batez, bakar-bakarrik. Gero gizon bat pasatu zen bere ondotik, kasurik egin ez zion arren. "Eskekoren bat naizela pentsatuko ote zuen?", galdetu egin zion bere buruari. Egia esan, ez zegoen han gustora, hura ez zen beralako gizon bat egoteko ganorea. Beraz, lurretik nola edo hala altxatuz, hanka busti zikina besapean hartu eta txantxurrika hasi zen.

        Gero eta beltzagoa zen egoera, baina bera bestela balitz ibiltzen saiatu zen, ezer arrarorik gertatuko ez balitzaio bezala, "zer esango duten"aren beldurrez. Nahiko gogorra zitzaion baina, ez bait da erraza hanka batez ibiltzea! Kea baino gutxiago gustatzen zitzaion egoera tamalgarri hura, eta are gutxiago eskumako hanka eta ezkerreko besoa ere herrenbeltzen hastean. Konturatu orduko hantxe zegoen berriz ere, lurrean botata, batere hanka barik.

        Gelditzen zitzaion eskumako besoaz arrastaka hasi zen, baina huraxe ere, gorputzaren pisuaz edo, jausi egin zen. Eta arraroena zera zen, ez zuela ezelako minik, ileak berez jausten diren lantxik gorputzadarrak ere banan-banan erortzen ari zitzaizkiola. Baina gehien kezkatzen zuena lantokira berandu heltzea zen, beharbada lan gabe utziko zuten edozein atxakiaz orduz kanpo heltzearren, "hik hatza bada eskua dela esango huke" aurpegiratu eta tute emango zioten bai, eta hori ezin zuen onartu, nahitaez ailegatu behar zuen.

        Nola egin baina aurrera hanka eta besorik gabe? Hori bakarrik izan balitz ez zegokeen hain txarto, ostera. Hortik aurrera ileak, haginak, belarriak eta sudurra ere jausi bait zitzaizkion. Eta hori ezezik, barruko erraiak ere, bateko giltzurrun bat, besteko heste lodia, hura zen lotsagarria! Zer esango luke ezagunen batek hain gisa baldarrean ikusiko balu? Eta txarrena harrezkero beharrera sartzeko ordua pasata zegoela pentsatzea zen! Bere burua kontsolatzearren edo, zera bururatu zitzaion: "Edonori gerta lekioke!" Kontsolamendu makala berau ere!

        Indargabe sentitu zuen bere burua han espaloi bazterrean, adoregabetuta zegoen oso. Pentsamenduak ere bakantzen hasi zitzaizkion, haizeak eramanda bezala. Azkenean, oraindik bizirik zirauela, etsipena besterik ez zuen sentitu kalegarbitzaile batek kinar itsuskiaz bere gorputz apurrak batu eta zaramara botatakoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.