Fidel
F.E.
Karibe itsasoan irlatxo bat bada
Eremuz txiki baina adorez zabala
Ontzia galernaren uhinetan bezala
Enbata basa askoren bortxa beti gora.
Amerikako lurra, oi lur martiria
"Aurkitu" zintuztenetik malko iturria
Lehen europarrak ziren, orain da yankia
Ezpata arrotzez beti zanpatu ta hezia.
Suzko Lurretik hasi ta Mexikoraino
Zure gorputza zauriz urratua dago
Beharrik baita zerbait haiek osatzeko
Iraultza deitzen da ta Kuban badu haro.
Duela zenbait urte Batista zen nausi
Harek nahi zuena legea zen beti
Irlatarrak larrutu, kanpotarrak hazi
Fidelek esan arte: "Izan dugu aski".
Iraultzaren haizea, zer haize ederra
Bafadatan garbitzen munduko ugerra
Aberatsen luxua, txiroen landerra
Haietatik sortzeko gizarte librea.
Yankien arranoak erpeak urruti
Agindu-gosez nonahi landatzen badaki
Kuban iraultzak hartu orduko indarrik
Piztia lotzen zaio karrankaz zerutik.
Gaixto haundiak nahi txiki ona hezi
Lege hortaz Fidelek ere zerbait daki
Boikotak ezin biziz jarri duen herri
Anaia ez dezagun hondatzera utzi.
Munduan bada lan bat orotan noblena:
Irautera lagundu zanpatua dena
Itsasoz heldu baita Kubaren auhena
Alkartasunez goza zagun paren pena.
Agur eta ohore, zuri lagun Fidel
Hasi duzun iraultza ez dadila ustel
Yankiaren morrointzak begia du goibel
Esklabu bizi baino, libro zerura hel!
|