L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Sinets ezazue

 

Benigno Bilbao

 

Sinets ezazue anai-arreben ankerkeriagatik nagoela gartzelan, ziega ilun eta hits honetan, hiltzailez, lapurrez, hauts eta pilula saltzailez eta espezie guztietako kriminalez inguraturik. Anai bi izan ditut eta arreba bakarra, zein baino zein zitalago eta itsusiago. Eta sasikume horien ogena aipatu dudanez, zilegi bekit orain beren doilorkeria zertan erabakitzen den azaltzea.

        Horretarako, aski izan daiteke esatea hirurek, aho batez, beren mesprezu eta gorrotoaz ordaindu dizkidatela merezi ez duten eskuzabaltasunaz egin dizkiedan mesede guztiak eta, adibide xoil bat jartzearren, behin baino gehiagotan utzi dizkiedan dirutzak —lau zifrako kopuruak zenbaitetan— aise ahaztu dituzten bitartean, ez dutela gauza bera egin beraiekin inoiz —oso gutxitan, oso gaztetan eta denetan mozkorturik nengoela— izan ditudan portaera lizunekin. Baina ez naiz luzatuko horretaz, zeren iruditzen baitzait inoren bilaukeriak kontatzean norbera ere, errurik gabe bada ere, bilau azaltzen dela. Jarrai dezadan, bada, hitz egitera bultzatu nauten gertaeren kontakizunarekin eta argi dezadan behin betiko gartzelara ekarri nauen itsuskeria.

        Aurrenik, aitortu behar dut nire bizimodua ez dela sekula ere erosoa izan, lau anai-arrebetan zaharrena nintzenez, txikitatik egokitu baitzait besteen ardura hartzea eta, sarri askotan, beren heziketa zuzentzea. Pisu astuna, zalantzarik ez, urtebete eskas zaharrago zenarentzat; hala ere, betidanik izan dudan aldarte onari esker agian, gogoz eta kexurik gabe lotzen nintzen egitekoari eta, egia esateko, oroipen zoragarriak ditut sasoi hartaz.

        Aita gutxitan egoten zen etxean eta ama inoiz ez, sendagailuz eta alkoholaz osatutako nahasketa desegoki batek eraman baitzuen ni oraindik dotrina ikasteko lehenengo eskolak hartzen nengoelarik; hortaz, erraz konprenituko da ni neu moldatu behar izan nintzela anai-arrebak gobernatzen. Egun ere bihotza erditurik aurkitzen naiz gogoratzen dudanean nola zigortzen nituen, haiek neurriz gaineko hamaika barrabaskeria egin ondoren. Gehientsuenetan, sukaldean giltzapetzen nituen hirurak eta, larru lodiko gerrikoaz, gogotik astintzen nituen harik eta egindakoaz damuturik agertu ala bizkarrak guztiz ubeldurik geratu arte —maiz bigarrena gertatzen zen, hain ziren urguiluz beteak eta egoskorrak—. Horrelakoetan, zigorraren laztasunak ematen zidan min ikaragarria anai-arreben mesedetan eta justiziaren izenean jokatzen nuela jakiteak apaltzen zidan. Are gehiago, ziurtasun erabatekoa dut merezi zuten baino askoz gutxiagotan zigortzen nituela eta, hein handi batean, ene berezko biguntasun horregatik nagoela gartzela arbuiagarri honetan.

        Nolanahi ere, gauza jakina da gogo onez aritzen denak etsai ugari aurkitzen dituela, zenbaitetan nagusitu ere egiten zaizkiolarik; bada, gure etxean ere horrela gertatuko zen, zeren anai-arrebak kozkortuz joan baitziren eta auzokideak, sukaldeko leihotik ateratzen ziren garrasiak entzunda, haien alde egiten hasi baitziren, patiotik "kabroi hori", "putakumea" eta antzeko loreak oihukatuz.

        Guzti hau, argi egon bedi, irakurlea ene bizimoduaren gogortasunaz eta munduaren adikortasun faltan jabetu dadin kontatzen dut, eta ez, batzuek pentsatuko dutenez, anai-arreben zitalkeriak aireatzearren. Hortaz, konfidantza osoa dut irakurle zintzoarengan eta ez dut dudarik egiten ondorio egokiak ateratzen asmatuko duela.

        Denbora asko gabe, hamazazpi urte bete nituen egunean, aitaren heriotza etorriko zen, festari sarritan zoritxarra darraiola gogoraraziz. Lehen esan dudan bezala, aita ez zen oso etxekoia eta, apika, ez zen gurean behar genuen eredu eta gida; baina, horrela izanik ere, aitortu beharra dago gizon alai eta umore onekoa zela, parrandarako lagun apartekoa, adiskide guztien esanetara. Urazurrutiako jaietako egun nagusian gertatu zen, jai eta zalapartaren erdian. Ez dut inoiz ahaztuko aitak urtebetetzea berarekin ospatzeko sasoia nuela esan zidaneko unea: zubiaren ondoko plazan antolatzen ziren boxeo borrokak ikustera joango ginen eta, ondoren, nire gizontasuna frogatuko nion taberna eta putetxeetan. Hora izan zen bizitza osoan jaso dudan oparirik preziatuena. Eta era berean, ez ditut inoiz ahaztuko gau zoragarri hartan boxealariek erakutsi zuten kemena eta tabernetako burrundaran egin nituen adiskidantza betiko eta haustezinak. Baina gauzak okertu egin ziren azkenera, lagunartean zeudenetako baten ohorea iraintzen zuen kanta baten ondotik; konturatu orduko izugarrizko iskanbila sortu zen aita erdi-erdian zelarik. Patuak zorte ezberdinak banatu zituen goizalde hartan, guztiz bestelakoak, ezen, aita gizagaixoak ez bezala, nik lehenengo momentuetan lortu bainuen handik libratzea. Gure aita poliziak aurkitu zuen egunsenti aldera, zarama-ontzi batean, labankada hilgarri batez kolpaturik.

        Zeresanik ez dago etxean niri leporatu zidatela gertaturiko ezbeharraren errua, gorroto eta erdeinuaren hazia bihotzean erroztaturik zuten anai-arreben begietara munduan izan zitezkeen ondiko guztien erantzulea nintzen eta. Hala, handik gutxira anaiak etxetik joan ondoren, arrebaren kargu hartu behar izan nuen unetik, laidoa izan da nire ahalegin guztien ordaina, destainik jasangaitzenak jaso ditut nire arreta guztien truk. Punto honetara heldurik, irakurlea ez da harrituko edozein gizakumek behar duen epeltasun eta sosegua ardoaren laguntasunean bilatu nuela aitortzen badut. Eta etxean, nire izerditik bizi zen etxean, hori ere ez zidaten barkatu, egunero entzun behar izaten nituen arrebaren erretolika mingarriak, mozkorti nardagarri hori, ardotan itoko ahal zara, eta gisa horretako asko.

        Gizonik pairakorrenak ere badu bere muga, desanparurik latzenean gizonik lasaienak ere gal dezake burua; halakoetan, ene ustez, gupida merezi du zigorra barik. Bada, ez zait niri horrelakorik egokitu joan den hilabetean jazo zenaren ostean. Gaueko hamaikak-edo izango ziren bihotzeko minak arintzeko hainbat ardo edan eta etxera erretiratu nintzenean. Espero bezala, hantxe zegoen arreba eguneroko lelo aspergarriari eusteko prest. Hori besterik izan ez balitz, agian ez zen ezer gertatuko, ordurako ohituta bainengoen, baina zein ez zen izango nire harridura afaria egiteko eskatu eta ezetz esan zidanean. Jo egin nuen. Berak, orduan, haiztoa hartu eta amenazuka hurreratu zitzaidan.

        Jar bedi orain irakurlea nire larruan eta ikus beza berak hazitako arreba, odol berekoa, haiztoa eskuan duela amenazuka. Ziur nago, ni bezala, laborriak hartuko lukeela, odola zainetan irakiten sentituko lukeela, gizonik pairakorrena izanik ere, burua galduko lukeela eta eskura lukeen lehenengo gauzaz buruan joko lukeela delako arreba hori. Eta, kolpe horren indamaz, arreba eroriko balitz eta marmorezko mahaiaren kontra garazurra txikituko balitzaio, zinez diotsuet, ez nioke nik heriotza tamalgarri hori irakurleari egotziko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.