Hareazko oren baten gainean
(On an Houre-glasse)
John Hall
(1627-1656)
Nire bizia neurtzen du oren horrek, eta berea
Barnean jausten zaizkon harea pikor xeheek.
So egiezu elkarri bultzaz, elkarren lehian
Jakin nahiz nor lehenik eror datekean.
So egizu nola menditxo bat altxatzen duten
Beren pisuz berriro duteno lisutzen.
Baina igaro direlarik denak, fini da
Hoien jausi astiroa eta hoien mugida.
Haien antzerakoa daukat gizona, zeinaren orenak
Ibiltzen hasi orduko gelditzen baitira.
Hain deuseza garbiak, hain argi-bristadak
Gara, non izaten hasi orduko suntsitu baikara.
Zernahi dagigun, gure orduak fite hegaz doazte
Eta lo gauden denboran hiltzen ari gara dudarik gabe.
Gure pozen pasakorra, haien egunen laburra!
Errestaka guganaturik hegalez guganik partitzen dira.
Zein zorrotzak gure minak! non ere dituzten oinak ezartzen
Hantxe dira gero luzaz egoiten.
Zein funtsgabeak gure usteak, nola tronpatzen
Dituzten gure haur-gogoetak, eta gero xoil uzten oinazeak.
Zer egiak gure beldurrak! astiro zafratzen gaituzte,
Astiro urratzen, astiro pasio karraxkariz betetzen.
Zein zentzugabeak gure desirak, ordea zeinen haundiak!
Zein nekez hen ondotik ari garen, ixuriz nolako izerdiak!
Alta maizenik gure lan guztiengatik deus gutxi guk lortzen
Iduri-eta haur zenbait Mercurio baten galdez negarrez urtzen.
Bata ezkont-minez dago hiratzen, baina bere buru xiloaz
Espos-oheko arrangurez antsia guti egiten.
Besteak birjintasun botua egiten, ondea estatu horri
Datxezkon bakardade, neke eta nahigabeak ez ezagutzen.
Beste bat dago aberastu minetan
Baina zenbat lagun ito ote da urretan?
Horrako hori dabil ohore biltzen
Baina gorenik igotzen dena minkienik da gero jausten.
Jakinmin horrek zer du saria?
Lo gabeko gau anitz eta buru bete antsia.
Horrek nahi du munduak kurritu, baina ez direa
Irrisku guztiak gordeenik bidetan kausitu?
Hoiek beren edertasunaz loriatzen, arrosa moztu
Edo lili histu baten antzera zimeltzeko den arren.
Beste bat bere beso azkarrez bantatzen; damurik
Inoiz nano ergelek hobiratu du diganterik.
Hoiek zeta joritan dabiltza, baina inoiz ez kontent
Kontentu gehiago baitu arauz bere lumaiaz paona batek.
Gizonaren gaixoa, zer artea! Errorezko tenis-pilota,
Beirazko ontzia terrorezko itsaso batean jitoan igeri
Sabeletik odol eta min dariola
Malkoz errestaka eta deitore-orroaz tonbara buruz ari.
Zeinen labanak diren hire bideak, zeinen segura hire galmena,
Zeinen Hutsa haizen izanik ere haizen bezala orotan gailena.
|