Paradise lost
Jainkoaren bideak gizonari
Nahi izan ditut adierazi
Hitz gorez, perpausa noblez
Baleta ene populu erratua bide xuxenean ezarri
Gauaz lo egitean aingerua jausten
Zen enegana, gero egunez diktatzen
Nituen haren perpausak, ene poema
Burutzea galeraziko zidan
Ezpataren beldurrez
Gaztetan filosofiak eta hitzek plazerak
Xoratu ninduten, gero Italietako poeten
Hango katedralen erritmo berri eta argi bat edan nuen
Ene lumaren zerbitzuko
Haurdanik sentitu bainuen ene patuaren deia
Ene hizkuntza basa hornitzeko
Hats handiko lan hedatu batez famatzeko
Egarria, agian ere gizonaren oroimenean irauteko nahia
Ene herritarrak elkarri erraiak ateratzen
Zizkieten bitartean nik bakardadeari
Itsutasunari tantoz tanto bere musika segretua ebasten
Saiatu nintzen, orri xuritan antolatzen, ontzen, zizelatzen
Zeta-txitxarea bezain berez, haurgite bat bezain dolorez
Begiekin ez dakusanak bihotzarekin baitakusa
Nik badakit geroak zer esan duen:
"Adamen Parabisua poema batean aurkitu nahiz"
|