L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,1 (1984-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Jaingoikoen jabetza

 

Cesar Blanco

 

Ilunabarra gertu zegoen. Eguzkiaren izpiak goritzen hasi ziren. Eguzkiona lotara zihoan kresalezko ohe disdiratsura.

        Herrixkako gazteak, haitzetan batzuk eta uretan beste batzuk, olajarro eta itsaskiak harrapatzen arduraturik ziren.

        Berriro sakonki arnasa hartu, gorputza gerritik makurtu, beherako bulkada eta must egin zuen Kes-ek. Hondora lehenbailehen heltzeko gorputza urperatzerakoan beso eta oinak astindu zituen ohituraren trebez. Uraren hotz-bero aldaketan laztanak sentitzen mundu isil hartan murgiltzen zen. Baxatik hurbil zegoela esku eskuinaz bere sokazko gerrikoan zeraman arpoia hartu zuen. Esku ezkerraz hanketan itsasten zitzaizkion olajarro harrapatu berriez azkatzen ten bitartean. Goitik autaturiko zulora iritxi zenean arpoia barneko ilunean sartuz bazter guztiak miatu zituen harrapakin bila. Biriketan airearen beharra nabaritzen hasi orduko gorantz abiatu zen. Gorantz zihoala erabilitako airea pizkanaka bota, burboia ingrabidezko bide bertikala eraikiz. Urgainera kanporatzerakoan lagunen deiak entzuten ziren.

        —Hi gaurkoz nahiko duk! Benga eskamak ere sortuko zaizkit txo!

        Beti legez azken murgilpenerako astia eskatu eta urazpian desagertu zen berriro.

        Egunean zehar lehorreraturiko itsasaizea amarengana, beroturik, itzultzen ten ordu haietan, gazteen gorputz eta larruzko jantziak sikatuz. Kes txiki txikitatik itsasoaz maite minduta zegoen, urtearo guztiak atsegin bazitzaizkion ere uda zen zalantzarik gabe nahiago zuena. Izan ere garai honetan herriko bizi lagunak arrantzari ekiten baitzioten.

        Itsasaldia gora hasi zen eta laster estaltzeko ziren putzuetan arrantzaren emaitza garbitu eta prestatzen ari ziren, bereziki keaz lehortuko zituzten negurako arrainak. Hondartzatik zetozen farra ta algaradak apurtu zuten abuztuko itsasoaren xurrumurru apala. Ekialderatsoago zegoen herrizkako neskak ziren. Gainerako mutilek neskak etortzearen arrazoia ez bazuten atzematen ere Kes berehala konturatu zen. Zergaitia, hondar azpian desagertuz haitzak bukatzen diren leku bertan zegoen. Burua tente berari so eginez. Nusa. Bere irrifarraren zuritasuna hilbetearen zirudien. Ile haren beltza eratzeko Diosek neguko gauei ere iluntasuna lapurtu behar. Bere begi beltz-marroei zerien dizdirak ilunabarreko eguzkiak urgainean sorturiko zilarrezko mantua bera bereganatu zen, katu baten ganoraz. Pare pare zegoela lotsatu egin eta deus ere esatera ez zen ausartu. Nusak eskutik helduz area lehorrik zegoeneraino eraman zuen.

        Hor biak aurrez aurre belaunikatu ziren. Nusak poliki poliki eskuak jaso zituen gerritik gora bi sahietsak laztanduz belarrietako atzeko aldera ailegatu, azkenean oraindino erdi bustitako ile artean hatzamarrak dantza erazteko eztiki. Hain gertu ziren ze Nusak aise atzematen zuen Kes-ek zeukan itsasbelarraren usain liluragarria. Eskuez bi multzotan bereiztu zuen Nusaren adatsa, larruzko atorraz estalitako bi titien tentetasuna eta aurpegi osoa begi bistan utziz. Masahietatik behera irristatu ziren eskuak bular beltzaranaren beroarekin topatzeraino. Atorra lokarriaren korapiloa askatu eta erantzi egin zion, neskak lana erreztatzeko besoak jauzten zituelarik.

        Biak biluzik. Nusak bere soina aldetara kulunkatuz ferekatzen zuen mutilaren bularra, musuz lepoa urratzen zion bitartean. Kes-en esku eskuina izter barneko unea laztantzen gora zihoan astiro. Aluaren ezpain arteko hezetasuna dastatu zioneko Kes-en aurpegia irrifar maitekor batek zeharkatu zuen. Nusa, bere aldetik, burua makurtuz hurbildu eta koska zeratso bat egin zion gaineko ezpainean. Bero ba zegoen, Kes-ek hanka artean egindako laztanak erdi zoraturik utzi zuten.

        —Beno txo! etxera gindoazak, berandu duk eta!

        —Gu be etxeratzen gaitun ba! Gero arte! ta ondo pasa eh!

        Ez zieten lagunei erantzunik egin eta ez zen gizalege falta, baizik eta jadanik ez zuten beraiengandik kanpo ezer entzuten ezta ikusi ere. Kosmos osoak beraiengandik hasi eta beraien baitan amaitu baitzuen.

        Burusaihetsetatik helduz etzan erazi zion mutilari, zeinek areak gordetako epeltasuna Nusarenarekin nahastu zuen. Kes-en gainean jezarri zen zaldiz balego. Behatz eta belaunak hondarrean finkaturik gorputza zabunkatuz alua igurtzi egiten zuen zakil-mokoaren kontra.

        Haspeherapenak itsas bare haren musikarekin espartzatu ziren. Esku belaun eta behatzen artean pisua banaturik zuela kulunkatzen hasi zen gero eta azkarrago, plazerra-minako muga ia pasatzeraino. Haspeherapena garrasitan bilakatu zireneko burua atzeraka bere ile luzeak inerteki Kes-en izterretaraino jautsi eta titien eztizko sumendiak eztanda egin ziren inguruko den dena leuntasunez betetzen. Kes-ek burua arearen kontra jotzen zuen eten gabe bidai magiko hartatik errealitatera itzuli gura balu.

        —Astirago maittia, mugi hadi astirago arren, betirako konortea galduko dinat eta.

        Nusa sexu-dantza moteldu eta kezka keinu batez:

        —Minik eman al diat?

        —Ez, ez, baina holan jarraitzekotan hil egingo naun.

        Poliki mugitzen zen bitartean bere begietan pozak sorturiko beirazko bi malko masahietatik deusetara amildu eta Kes-en bularren kontra lehertuz mila bitxi bihurtu ziren.

        Hamaika egun eta hamaika gau jo eta ke larrutan eman eta hamabigarren egunaren hamabigarren ordutan eguzki azpian, ondar gainean hala mintzatu zitzaion neskari.

        —Oraindino ez zekinat hire izena.

        Neska erantzutekoa egin zuenean Kes-ek isil erazi zion hatza ezpainetara zuzenduz.

        —Isil hadi... hi Mari haiz Jainkosa nerea, hi barik ez zegon lehenik ez ta gerorik ere. Izaki guztien zergaiti eta ondorioa heu haiz eta.

        Nusak begi itxirik:

        —Hi Ortzi haiz. Hi jaio arte, ez huen ezer esistitzen eta hi hilez gero den dena hilko da zeru, itsas eta lurran.

        Jaingoikoek bi gazteen ausarkeri hori entzutean haserretu zeharo haserretu ziren. Su eta garra hartuta izugarrizko ekaitzak bidali zituzten lurralde horretara, gazteak eskarmenta zitezen.

        Hamahirugarren eta hamalaugarren egunetan kriston haizea ari zuen itsasoaren kresala bere lekutik ateratzeraino. Sorturiko haizeak gogorrak izan arren bi gazteei beren liluralditik irten erazteko ez ziren gauza. Beren sortu-leizetara itzuli ziren.

        Haizeari euriak jarraitu zion hamabostgarren eta hamazazpigarren egunetan parra parra ari zuen segidan, itzalezko tximistez lagunduta. Uholdeak handiak ziren, gizakien aih-ene ta garraisiak zeru azken mugaraino iritxiz. Baina konturatu gazteak konturatu ere ez ziren, inguruan ezer gertatuko ez balitz bezala.

        Euriari txindorrak jarraitu zion. Hamazortzigarren eta hemeretzigarren egunetan txindorrak zutik zirauen guztia txikitu zuen. Heriotza bala bala zabaldu zen lur azalean oinaze basamortua bera atzetik sortzen zuelarik.

        Hemeretzigarren egunean hemeretzigarren ordutan diosen irak maitasuna menperatu zuen.

        Hogeigarren eguneko eguzkiaren izpiak zabaldu zireneko gauza guztiak lehenera itzuli eta oreka zen berriz naturaren nagusia. Zegoenekoz apal apal zen itsasoa, abuztuan ohi den bezala. Hondartzan bi hilotz zeutzan zeinetan zorionaren edertasuna oraindik ere atzeman zitekeen.

        Maitasun eta zoriona Jaingoikoen jabetza zen. Eta kastigu bezala, zera erabaki zuten diosek: «Bizidun denak hilez gero beste bizidun bat bihurtzeko gaitasuna, Nusa eta bere lagunari ukatuko zaie, bi lur punta bilakatuz. Eta haien arteko hutsunea itsasoak beteko du, inoiz ez zezaten berriro elkarikutu».

        Gazte haiek bi lur puntetan bihurtu ziren eta itsasoak bete zuen haien tartea Abra eder batez. Mendeak joan mendeak etorri lurralde hartako gizakiak ahaztu ziren kondai honetaz, baita ere lur punta bien aintzinako izenez.

 

Tipo lodikote korbatadun hori puroa zilarrezko hautsontzian lagatuz bere haritzezko mahai atzetik jaiki da. Entzundakoak aho bete hortzekin utzi duela izkutatu nahiaz apalki mintzatzean zaio aurrez aurre daukan burukideari.

        —Hi, motel orain entzun berri dudana, hire broma... hire broma trakets bat besterik ez duk izango. Ez?

        —Begira Frank Mamarigako erdi sorgin atso horri entzutean ez nian jaramonik ere egin, txorrakeri hutsa zuelako. Hala eta guztiz horrez geroztik gau batez ere ezin izan diat lorik egin. Loak hartu bezain laster hor zegok ameskaitz nazkagarri hori!

        —Pordios! beti pentsatu diat arraroa haizela, orain burutik jota hagola ziur niagok. Zelan uste gure hainbeste miloitako proiektoa atzera jotzea atso baten ipuinagaitik! Are gutxiago Luzeroko kaia erdi bukaturik daukagularik!

        —Bai baina...

        —Motel beharbada lan larregi euki duk azken sei hilabete hauetan. Historia farregarri hori laster pasatuko zaik... —ume bihur baten aurpegiaz— Kanariasetan zure neska lagun batekin oporrak pasatuz gero agian!?

        —Ez huke holan hitz egingo gauero izugarrizko itsashandiak gure Superportuko kaia txikitzen ikustekotan, azukra koskorra bahitu bezalaxe.

        —Benetan zoro zoro eginda hagola! egin kasorik, utzi ezak beharra bertan behera ta hoa oporretara beranduegi izan baino lehen.

        Isilune luze ta astun bat.

        —Bale, bale, ez kezkatu. Ez diat ezer esan, lanera nihoak... Ez diat ezer esan.

        —Ederto txo! ahaztu egingo diagu hemen esandakoa, eta ez ihardun hainbeste beharrean.

        —... Beno... Bazkal ordu arte.

        Frank berriro jezarri eta puroari darion keari begira dago pentsakor. Bere buruari: lanpetuegi hago, lanpetuegi hago...!

 

        Jueves 13 de Febrero de 1978. DEIA

        «Ayer un furioso temporal se abatió sobre las costas vascas a consecuencia del cual el muelle recien concluido del Superpuerto de Bilbao resultó parcialmente destruido. A los daños materiales cifrados en decenas de millones, hay que sumar la lamentable pérdida de una vida humana. El técnico que...»

 

 

        1978 Otsailak 13, osteguna. EGIN

        «Atzo Bizkaiko kostaldeak ekaitz haundi bat jaso zuen. Azken bolada hontan hirugarren aldiz itsasoak hortzak erakutsi dizkio bukatu berri den Superportuko kaiari. Diruz galera haundirik izan ba dira, oraingo honetan ere langile baten...»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.