L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,1 (1984-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Beirina horien hestaldetik... edo Kratomruk

 

M.A. Elkoroberezibar

 

Stojanova Kalina-ri, urrezko kriseilua
monotoniaren iluntasunean

 

        (.)«Honre, sweet honre». Tailandiako hizkuntza.

 

                                Mutriku 1983-8-4

                (Dear Sekica:)

                Think of all the names of people you

                have known Now they're gone

                like the four winds they have blown

 

John Mayall-en melodia hauen hegaletan ekialderuntz egan nijoala dirudi,... agian ostarku nabarraren tximeleta urdina aurkitzeko nahian, agian ez,... ez dakit.

        Eguneroko taberna ezezagun honetako txoko erdilunean jarrita nago, bakar bakarrik. Egunak gero eta azkarrago hiltzen dira, hilzoriari egonik ere ez dute hitzik esaten, mutututa. Beldur naiz. Arratsaldea hasi zaigu bidean aurrera eta eguerdiko gaztettoen azken barre eta algarak oraindik ere entzun daitezke aurreko plazaren oihartzunetan, haien hitz errugabeak arkuz arku dijoaztelarik, bata bestearen atzetik uniforme zuriz. Baina beirina hautseztatuek ez didate kalearen argia, egia ikusten uzten. Betiko fartsaren maskara berriak ikusi nahi eta ezin. Sapaiko amaraun zeharkatuak bart izan dudan ametsaren festako zinta eta apaingailuak dirudite. Kärntnerstrasse-n bildu ginen arratsaldeko zortziretan. Betilun nengoen, triste; astelehenero bezala, ez dakit zergatik. Berehala vodka botila dut begien aurrean, baita ere merkatuko azken diskaren soinua. Non nago? Zer demontre egiten dut nik hemen? Erantzun gabeko galderak...

        — ...Kaixo!!!

        — Altxa irribarre hori, mutil! Nire izena Kalina da, baina benetako lagunek Sekica deitzen didate.

        — Kaixo Sekica.

        Ate zaratatsua ireki da, kirrinka gorgarri madarikatuak airean dantzan. Kale Zahar-eko Arnaut. Zer ikusten dut!, ez du zilarrezko erdi-ilargia bularrean. (...?) Egunero bezala txoko erdilunean jarri eta tea ronekin edaten duelarik, ametsetan, pentsatzen hasten da. Beti mugimendu berdinak egiten ditu (kronometratuak daude): jakaren patrikeratik Donostiako osabak emandako boligrafo gorria atera, papera mahaian poliki poliki ipini (lekune benetan neurtua), zurruztada motz bat eman aurreko kikarari eta itsasertzeko kaixoak bezala, jira-biraka, istorio ezezagun haren bila hasten da. Ez nau ikusi, pozten naiz. Berarekin hitz egitea gustatzen zaidala aitortu behar dut, baina gehienetan ez diot ulertzen; bere teoria esistentzialistek ez naute etsitzen.

        Soinu berezi bat entzuten dut nire burumuinean; berehalaxe ahaztea nahiko nuke, barnetik ateratzea, baina ezin dut. Garai hartan bezala: The Köln Concert. Gau hura ez dut inoiz ere ahaztuko...; lurrean zetzan nire tximeleta maitagarria eta besarkatuz...

        — Bat-bi bat, bat-bi bat,... oso ondo..., bat-bi bat...

        Yugoslavia-tik ekarritako edari hura diskogailuaren alboan ikusten nuen; tentazioa gero eta handiagoa zen baina hala eta guztiz aurrean nuen inongo larrosa gorria, ihintzaren alaba, behin eta berriz laztantzen jarraitzea hobeagoa izango zela iruditu zitzaidan.

        Negarrez hasi zaigu gure Arnaut. Begien dizdirak gaueko lehen izarrekin nahasten dira. Bukaezinezko negar malkoek itsaso espazialak sortzen dituzte irudimenaren erreinuan. Urrezko txalupa bat begiztatu daiteke hodeiertzean; bi kideak dira unibertsoaren azken aztarnak, hilzorian bai, baina bizirik oraindik. Bata bestearen ondoan jarrita daude, eskuak emanda,... larrosak bularrean zintzilik zuen botilatxo, kutun ezkutua jauresten, laudatzen. Botilatxoaren edukina zera zen: Jin Morrison-en hilobitik ateratako lurra, Sahara desertuko haren garautxoak eta marihuana, dena nahasirik.

        Berak ere ez daki zergatik egiten duen negar; udako erromantze arrotz hura betirako joanda zegoen, baina ez zuen azken itxaropen alfer eta elkorra alde batera utzi nahi. Irudimena flash-back-ez beterik dut,... atzo diskoteka berria ezagutu,... gaur zer? Folk edo jazz festibalera?,... eta bihar,... ez! ez dut nahi,... agurra.

        Instinto erreflesibo bat bezala, autokontrolik gabe, gorputz guztia bapatean bueltatu zuen lehen atzean zuen XIX. mendeko ispilua orain begien aurrean zuelarik. Mementu hartako sensazioa, bai gapuzketa bai beldurra, bere aurpegi zurbilean nabari zen,... benetan, ispilu haren isladek bere bizitzaren katemaila garrantzitzuenetako bat puskatu zuten.

                In my life there were friends i said i'd keep

                But through the years i've been a shepherd losing sheep

 

I

Gela argitsu bat da.

        Lau paretak zapaldua izan ez den elurra bezain zuriak dira,

baina ezkerreko txokoan leiho bat. Han zerbait dago...

deskribatzea oso zaila egiten zait. Animali antzeko BAT

da... kakarraldoaren gorputza, haundia eta beltza.

                Hegalak ere baditu.

                Eta burua...,

                burua saiarena da,

                lepo luze eta moko

                zorrotz BAT duelarik.

Behea,..., xakeko ohola.

        Lauki bakoitzean irudi berezi bat,

                                beltzak eta zuriak.

                Baina oholaren erdian,

                joko guztiaren ardatza,

                norbait aulkitxo batean eserita.

                                        Bai, Arnaut berbera.

 

II

Gela nahiko argitsu da.

        Lau paretak zapaldua izan ez den elurra bezain zuriak dira,

baina ezkerreko txokoan leiho bat. Han zerbait dago...

deskribatzea oso zaila egiten zait. Animali antzeko BI

dira... kakarraldoaren gorputzak, haundiak eta beltzak.

                Hegalak ere badituzte.

                Eta buruak...,

                buruak saiarenak dira,

                lepo luze eta moko

                zorrotz BI dituztelarik.

Behea,..., xakeko ohola.

        Lauki bakoitzeko irudiek heuren posizioa aldatu dute;

beltzek zuri guztiak zanpatu

dituzte eta

erdiruntz dijoazte.

                Baina oholaren erdian,

                joko guztiaren ardatza,

                norbait aulkitxo batean eserita.

                                        Bai, Arnaut berbera.

 

III

Gela erdilunetan aurkitzen da; ekiaren azken izpiak sartzen dira ezkerraldetik. Han zerbait dago... deskribatzea oso zaila egiten zait. Animali antzeko HIRU dira... kakarraldoaren gorputzak, haundiak eta beltzak. Hegala are badituzte. Eta buruak..., buruak saiarenak dira, lepo luze eta moko zorrotz HIRU dituztelarik. Urduri daudela esango nuke, geldiezin. Elkar begiratzen dute, goitik behera. Hegalak astintzen hasi dira dagoeneko eta... bai, beragana dijoazte, niregana?... Heren hanka beltz zikin iletsuekin bere, nire, gure gorputza inguratzen zuten, dute... balute.

        Arnaut geldi, ezin mugitu: herrenbeldua (marjinatua eta frustratua).

Berehala animalien mokoak gorputz guztian zehar sentitzen hasten da. Larrua atera eta gero eta azkarragoa haragia, gorputza pusketaz pusketa zatitzen jarraitzen dute. Garraxiak, oihuak, alarauak... negarrak. Odola dariola beste guztiak airean (nunahi) eta azken malkoak laku gorrian desagertuz...

        Lurrean zeuden behatz HAIEKIN idazten, azaltzen zituen bere sentipenak paper zuri batean; esku HAIEKIN lagunak egin zituen eta baita galdu ere; hanka HAIEKIN ibili zen mendietan zehar pake bila. Begi HAIEKIN ikusi zuen bere inongo amodioa. Ezpain HAIEKIN musu eman eta sudur hura, lurrean bueltaka zebiltzana, bai, HAREKIN usaindu izan zituen bizitzaren lora zoriontsu eta dohakabeak.

        Behea,..., xakeko ohola, odola. Irudiak aldegin dute eta lauki neurtuak zirenak orain ez dira ia bereizten, gorriak eta gorriak. Baina oholaren, odolaren erdian, joko guztiaren ardatza, norbait aulkitxo batean eserita. Bai, apokalipsiko zaldizko txarrena: gerra. Iluntasuna estalgarri duela munduaren jabe izatea lortzea nahi du.

        Bihotz taupadak besterik ez dut entzuten gela hartan, bai, lau paretak zapaldua izan ez den elurra bezain zuriak zirenak, baina ezkerreko txokoan leiho bat. Han zerbait dago... deskribatzea oso zaila zait...: Burdin heziak besterik ez dira. Hilbehera bestaldean, uso zuria kataiak esku eta hanketan duela, barnean.

                I'm wondering where do all the friends go

                Lost in years, circumstances make it so

        Burua ispilutik bueltatu du. Benetan zurbil dago, hits.

        Ekaitza sortu da itsaso espazialean; olatuek heren indar guztiekin eraunsten dute, zuten gure kideen txaluparen kontra; agian gu, ni hondoratzeko, agian egiaren indarra eta garrantzia azaltzeko,... benetan ez dakit.

        Kortxeleko Mamu guztiak zeuden akelarrean bildurik, bata bestearen ondoan zirkulu bat osatuz. Baina denen erdian, bilera guztiarean ardatza, norbait harri beltz batean eserita. Bai, Marigaizto berbera, alboan Akerbeltza laguntzaile duela.

        Neptuno-ren aserreak argi eta garbi adieraziak izan ziren une hartan,... gure, nire bizitzaren mementu motz, hilkor hartan.

        —SI QUIERES QUE TE DIGA LA VERDAD, ESOS NO SON MAS QUE IDOLOS DE PIES DE BARRO.

        —Isilik, mesedez!

        —SON LOS TIPICOS MALOS COMEDIANTES DEL TEATRO DIARIO.

        —Ez segi, mesedez!

ez, ez, ez, BAI, BAI, kea eskuetan eta pattarra ahoetan genituela

ez, ez, ez, BAI, gauaren misterio eta argi ezkutuek gure irudi zuri zuriak azken gerizpean finkatzen zituzten. BAI, ez.

        Papera hartu eta nire sentipenak idazten hastea hobe izango dela uste dut, zihur. Paperaren zuritasuna nire gorputzarekin gonbaratu daiteke baina horrelako...

        —Ezin dut sinistu.— Senetik aterata deihadar egin zuen Arnautek.

        Argi itsugarri bat dator beirina horien bestaldetik, tabernako atean gelditu eta eguzkiak bezain izpi euskorrak bota, desarratzen ditu. Arnauten anima ikutu dute, bai. Baina zer demontre izango ote da?... Berehala gauza bat pentsatu dugu, du,... bera da, bai: gure, nire, bere tximeleta urdina. Sekica-ren irudia urrezko argitan ikusi zuenean ia pentsatu gabe aulki betiko hura alde batera utzi eta lagun bat aurkitu edo beste bat galdu, ahazten duzun bezala han zegoen gure Arnaut ateaurrean lerdea zeriola. Extasi osoa. Besarkatu egin behar duela dirudi, bai egin ere, baina desertuko irudikeria gisa desagertu zen Kalina, urrezko argi itsugarria eta baita ere Arnauten azken itxaropen guztiak. Bueltatu da; ez dago zurbil, ezta ere hits edo beldur, dezepzionatua baizik,... ez da hori ere hitzik egokiena,... ahaztu dezagun, berdin dio. BAT, BI,... «I'm sorry... am sorry... sorry...» (beti igual), HIRU, LAU, BOST,... «Que hora es?... Me gusta como sonries» (hauek ziren ikasi zituen hitz bakar batzuk),... SEI, ZAZPI,... «Don't worry, i will write you»..., ZORTZI,... «See you, then, in South Hill Park»... BEDERATZI. Pausu neurtuak. Zangoak ritmikoki mugitu ondoren, 23 segundu «sharp», mahaiko boligrafo hura, paper zuri zuria eta aulkian zegoen makuto berdea hartu eta beste 9 pausu, 23 segundu egin ondoren aurreko enparantzan aurkitzen zen, gara, naiz.

        Berehalaxe iluntzen du herri honetan, herri txiki eta polit honetan. Baina norberak ere iluntasun mota asko ezagutu dezake, eta Arnautek animarena sufritu zuen. Bere pentsamendu bakar hura, hondartzako ur-hertzean maiteminduen azken bihotz marraztuak itsasoko hilzorian dauden olatuek ezabatzen dituzten bezala ekialderuntz zihoan.

        Ate lehen zaratatsua zena ez bait du kirrinkarik egin oraingoan, poliki poliki itxi ondoren, kalean zehar jarraitu zuen Arnaut. Agian Atxu-Kale-ra..., agian ostarki nabarraren tximeleta urdina aurkitzeko nahian, agian ez,... ez dakit.

        Gau hartan izar dirdiratsu bat desagertu zen bere, gure, nire, betiko zeru gorrian.

                Remembering back to long gone happy days

                Never find them, cause everyone went separate ways.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.