Betidaniko ametsa adurra baita
Imanol Goienaga
Gaur goizean, ia beti bezala, esnatu egin da eta komunerantz abiatu... goizeroko bideari atxikituz. Nekatuta dago benetan, ez bait du ondo egin lo, eta hilerokoaren lehenengo aztarnak somatzen ditu gainera ere; odola; lanaren astunarekin bat...
Gelan berriro, janzten eta betazpiko boltsak, nekearen erakusgarri ukaezinak, disimulatzen saiatzen da, begietarako pintura horietariko bat erabiliz, baina, ez oso, bere begiek horren txiki ez dezaten irudi betaurrekoen atzetik beha izatean.
Tartean bere buruaren islada ispiluan dakusalarik, ea zer amets egin duen jakin nahietan aritu da alferrik, ez da arrastorik ere izan. Txikitan, umetan, denak gogoratzen zituen, baina bakarrik bizi denetik, ez dauka ezer egitekorik horrelakoetan, denak zeharo ahazten bait ditu. Ondo gogoratzen da, ordea, bere erdi-betiko amets hartaz: Ondartzan eguzkiak ematen duen epeltasun sargoritsu horretan erdi lotan zetzala, eta hala ere, kizkaltzeke; gozo-goxo, begiak itxita eta gorantz begira. Begiak itxita bai, baina ikusten, eguzkiak bere betazalek emandako iluntasuna urratzen bait zion hari begiratzean, eta argi disdiratsuak joan eta etorri egiten ziren bere begien aurrean. Gero, luzaroan horrela egonik, itsasora abiatzen zen bere ohiturazko ametsetan eta bertan murgildu egiten zen, uhinekin jolastuz, eta haiek berarekin ere; orduan astintzen zuen, ur horietan, eguzkiak emandako epeltasuna eta orduan ere, hitz egiten zuen itsasoarekin, eta itsasoak sartzeko ziotson, eta pausoka, xarmaturik, liluraturik, poliki eta ia amultsuki itsasoratu egiten zen, itsasoarekin bat egin ere; ez zuen itotzen zenik nabaritzen, itsasoaren soinua, ahairea, entzuten zuen soilik; gero, nolatan jakin gabe, esnatu egiten zen eta amets osoa gogoratzen luzaroan aritzen zen. Dena den ametsa, ez zuen guztiz ondo ulertzen, ez garai hartan ez egungoan ere, baina orain esan nahi bat edo zuela, nolabait, somatzen zuen, ia jakin zekien, bai, gainera, Freudek horrelako zerbait zioen; barru-barrutik zetorkion sendimen hura, noizpait, ongi ezagutuko zuen, horixe, noizpait agian.
Konturatzeke ispiluaren aurrean, bere buruaren isladarekin solasean dago, horrela iraun du segundu batzutan, segundu bilderrak, erlojuaren hondakinak; bere buruari begira dagoenaz ohartzen denean, lana zai daukala eta, urean beranduegituko zaiola pentsatzen du, bere gorputza malgu bailitzan jauzi egiten da eta buruaren atontzea bukatutzat ematen du gesu baten laneratzeko. Bere lana behar bezain ondo ezagutzen ez duen arren, bere lana da, gaur egun edozein langabeturen ametsik desiatuena. Elbarriak zaintzen ditu, horretan ari da bizitzari lotuta dagoen epe honetan; elbarrituak, bizitzarekiko atxakiarik gabeko gizonen ezbizia luzatzen aritzen da, zertarako oso zehazki jakin gabe, hortxe ari da urteak eta urteak pilatzen dituzten pertsona horien begirari eta desiogai delarik. Horien mundu guztia, horien ezagupide bakarra ohea, gela zuria eta elbarritasuna dituztelarik mugatzat, muga estua, bera da euren zaindaria. Ondo moldatzen da, ondo moldatzen dira eurak ere, ondoegi egia hutsa edo erreala iraunkorra izateko. Berak ondo daki bere lana egiten, ederto irakatsi bait zioten ospitale batetan dohainik egindako pratiketan, horrez gain nahiko trebea eta atsegina da, ez du ia minik ematen lasaigarriak sartzen dituenean zuloz gainezkatuta dauden zainak horratz batez zulatzen dituenean, agian elbarriak oso ohitu dira dagoeneko, hala ere, elbarrientzat beste esan nahi erdi sexuala du horrek, elbarri bat edo beste maiteminduta dauka ere, inoiz, konplize baten bidez beti ere, opariren bat egin diote. Horrek bai pozten duela benetan, bere lana serbigarria dela pentsatzera bultzatzen du. Ez da inola konturatzen, elbarri opariegileak ez duela oparia aukeratzeko betarik euki ere, ez da konturatzen baina bai pentsatzen, berak injustua den zerhait nabaritzen bait du azken batetan.
Pentsatu eta senditu egiten dure elbarri horiek, baina euren onerako ala kalterako ordea? Nola esisti daiteke inoiz lortuko ez duen emakumeaz maiteminduta dagoen maitalerik? Nola izan daiteke? Besteentzat arruntak diren gauzak desiratuko lituzke, baleza, baina hori ez da elbarritu baten kasua, ez, urrik eman ere, ai zorion artifizial madarikatua! Ailerama heriotzak! Hala ere bizirik jarraitzen dira, heriotzak ez bait du inolako presarik, eta erizainak direla medio oztopo nahikoa du bere lana egiteko heriotz beltzak, eta erizaina laguntzaile baino agonia luzearen kide krudel bihurtzen da, ai heriotza lagun bakarra, askakorra; heriotz itxaroa, desiratua.
Erizainak hala ere zerbait susmatzen du, bere erreflesio sakonik egin ez arren, ez dago bere lanean lasai, benetan nahi luke lagundu, gau luzeetan, gaubeletan badauka asti nahikorik pentsatzeko, larregi agian, batzutan burua garbitzen duela dirudi: beraien gau oinazeak zaintzen eta bidez batera, bizitza eta heriotzaren arteko muga hitsa nolabait handitzen eta luzatzen: eguzkitan zetzanean bezala ortzemuga buka ezina, uretan ito ezinik murgiltzen zenean bezala, pentsatu gahe, ahots hari jarraitzen zitzaion, bere baitatik ateratzen zitzaion ahots xume hura, ez hipnotizaturik bailegoan, ez, arrazoiz eta ezaguera osoz, argi, zeharo argi. Kontzienteki ebaki zituen sonda hodiak, sonda hodi bizitzaren sostengu, agoniaren luzagarri eta oinazearen aitxaki, hodiekin batera heriotzari bidea ere zabaldu zion: ez dakit nola, baina eskertzekoa zen ekintza hura, bizitzarekin atxiki handirik egiteko ere ez zuen gai jadanik. Ezin izan zuen luzaroagoan espero eta...
...itsasorako autobusez doa bere ametsarekin bat egitera, behiala amestu zuen antzo, eguzkiaren azken aurreko ordua bait da.
|