Andoni Salamero
1
Huntz goiztarraren urrezko adarrak
mendi jelatuari itsatsiak
fereken ferekez, su garrez
inguratuz, haren gorputz zuri esmela
gorantza doa alde oro
moldakortu nahian nahi egarriz
hatz hori distiratsuak
harat-hunat ekarriz
eta bulkada eroen deman
mila zizpuru eta intziri
garraxi eroz, aiene gozoz
amodio otoitzez baturik
izerdi patsetan botatako
ttanttan mardulak
kristal labainkorrak bailiren
puntta zuritik behera
abiatuz, horma zuria urratzen dute
eta elurra urtu egiten da
barruan lurrean xurgatuz
azken unean ur erreka bihurtuz
bedatse berri baten eraginez
2
Gau beltzetan ilargi betearen argia
biltzear dagoenean, lorazainaren pausoak
entzun ditzaket urrunean.
Arrastaka darama zurubi bat eskuan
beste eskuan, berriz, guraize zorrotza.
eta lorazaina tipi-tapa, tipi-tapa eta klan
burdinazko zurubitik gora
klan eta klan, gora eta gora
zertara?
nora?
Ilargira, berau inaustera.
3
Negu pastean hodei beltzak
tontor tenteak estali nahian.
Negu partean tontor tenteak
hodei beltzak barruratu nahian.
eta biak bat eginik
hasperen goxo jostari
elur ekaitzez inguraturik.
|