L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-32 / Hau muturreko pila! (1994-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Eskailera luze baten muturrean

 

Harkaitz Cano

 

        Jacques Lemarchandek Eugene Ionescoren lanak biltzen dituen edizioari egindako hitzaurrean, antzezlan bat jendeari gustoko gertatu ote zaion edo ez jakiteko sistema berezia agertzen digu, izokinaren teknika bezala bataiatzen duen sistema, alegia.

        Honetan datza zehazki izokinaren teknika hau: erridaua jaitsi bezain pronto eta legezko bravoak oihukatu eta txalotu ondoren, presaka batean desagertu eta antzezlekuko sarrerara heltzen lehena izan beharra dago, baina ez kalera irteteko presarik dugulako, kalerantz doan jendetzaren aurkako norantzan bueltatzeko baizik (korrontearen aurka doan izokinaren gisan), publikoaren artean murgilduz. Guzti honek, noski, eragozpenak sortzen dizkio jendeari irteerara heltzeko, konjestio eta zurrunbiloak sortzen dira, presatienak ere bere pausoa moteldu behar izaten duela. Bien bitartean, gure izokinak jendearen iritzi, kritika, kexa eta bestelakoak entzuteko parada aparta du.

        1950eko maiatzean, Ionescok La cantatrice chauve, Abeslari burusoila antzezlana estreinatu zuenean Pariseko Theatre des Noctambules antzezlekuan, jakitunen errezeloa eta txutxumutxu kexatiak heldu ziren harridurarekin nahastuta izokinaren belarrietara. Gau hartan, ez behin ez birritan, hamar, hamabost edo hogei aldiz, elkarrizketa zati bera entzun zuen Lemarchandek: «Baina, tira, zergatik Abeslari burusoila? Uste dut, adiskide maitea, ez dela eskenatokian abeslari bat bera ere azaldu. Nik bederen, ez dut ikusi. Eta gainera burusoila! Pertsonaiaren bat burusoila zenik ikusi al duzu bada zuk? Eta suhiltzailea? Zer arraio egiten zuen hor suhiltzaile batek?».

        Jakitunek ez zuten itxuraz gauza askorik entenditu, garai hartan ere, gaur egun bezala itxuraz, jakitunek ez zuten gauza askorik entenditzen. Who can, do; who can not, teach. Dakitenek dagite, ez dakitenek erakusten dute. Emakume kantari burusoil bat agindu zitzaien eta obran halakorik ez kausitzean, irainduak sentitzen ziren, hori ez zuten aise barkatuko eskaileraren lehen maila ikusi eta maila oro berdinak zirelakoan egunkarietako kritika orrietan poligono itxurako eskailerak egiten zituztenek. Egia. Jakitunei ezin zaie kasu gehiegirik egin. Zenbat buru, hainbat konpondu gabeko eskailera eta ziburu.

        Ionescoren antzezlana berezia, bitxia, espontaneoa da, abentura antzerkia, fresh-speed antzerkia, baina batez ere, auskalo antzerkia («Mackenzie ez da mediku ona. Ebakuntzak emaitza ona eman beharko luke, edota biek hil beharko lukete osterantzean. Mediku artetsu batek gaisoarekin batera hil behar du biak batera senda ezin badaitezke. Itsasontzi bateko kapitaina itsasontziarekin batera hiltzen da naufragioan»).

        Ionescoren obrak duen barne-lojika ilojikoa da liluragarria, bere antzerkia ezin koka daiteke maxieroskiko apal jakin batean (izokinaren ondoan kasu) maxieroskiko apal guztietan batera jarri ezean bederen. Mundua aspergarri bilakatzen baita beti alderdi beretik begiratzen badiogu, higatu egiten delako apurka-apurka, hain begiratua den alderdi hori. Ez gaitezen erra (edo herra), kosta egiten zaigu gureak ez diren begi batzuetatik ezer ikustea. Ionescoren antzerkia lagungarri gerta dakiguke garunaren hipermetropia areagotzeko. Baina eskailerekin jarraituz, eta garai hartan oraindik suhiltzaile intsumisorik ez zegoenez, (ni ez noa, erre dadila bere horretan niregatik, bost axola, etab.) zer arraio egiten zuen suhiltzaile batek Smithdarrenean?

        Ionescok Abeslari burusoila antzerkian suhiltzaile bat jarri bazuen, harriek, gazteluek, emakumeek, urak, suak eta keak berak ere su hartu zutelako izan zen. Edota bazekielako ilargira —eta are urrutirago, izarretaraino— heldu nahian zebiltzan haiek ez zutela sekula beren helburua beteko, horretarako oso eskailera luzea beharko baitzuketen. Suhiltzaileena baino askozaz ere luzeagoa.

        Hitzak barneratu ostean ahaztu edota hitz bakar batez izendatu gauza guztiak: errinozeronteak eta katuak, Jacques ou la soumission obra gogoangarri hartan gertatzen zen moduan («han gauzak adierazteko hitz bakarra erabiltzen da: katu. Katuak katu dira; jangaiak katu; euliak katu; aulkiak katu; zu katu; ni katu; sabaia katu; bat zenbakia katu; bi zenbakia katu; hiru zenbakia katu; hogeia katu; aditzlagun guztiak katu; preposizio guztiak katu. Horrela erraza da hitzegitea»).

        Zenbaitek esan izan du Ionescoren antzerkia ez dela zentzugabekoa, salatu nahi duen ordena sozialaren deuseztatzaile baizik eta zentzugabearen maskara horren pean, bizitza den zentzubako zibotaren parabola aldakor bat isladatzen dela. Edo eskailera bat. Edo eskailera batean islaturik dagoen ispilu bat. Edo katu bat, errinozeronte baten adar afrodisiakoaren kontsumo neurrigabeak eragindako aluzinazioa. Finean, egia guztiak —baita oinarrizkoenak ere— eztabaidagarriak dira Ionescorenean.

        Bere burua deuseztatzeko ahalmena hobetu du gizakiak. Txikizioa kalean da. Sarraskia ruan da. Gizarteak ez ei du ulertzen ez duela fitsik ulertzen. Bizitza jainkoek gizakiei egindako trufa besterik ez da Ionescoren pertsonaien hitzetan. Barre egitea edota fedea izatea dira bi erantzun posible bakarrak. Ideologia batetik besterako dantza etengabean bizitutako autore honen nahia beterik izango da honez gero, bizitzeko aitzakia guztiak agortu zaizkiolako hilik, jainkoak zor zizkion azalpenak entzunak izango ditu jada, zerura —eta are urrutiago, izarretaraino— heltzeko oso eskailera luzea behar zela aspaldi ikasi baitzuen Eugène lonescok. Suhiltzaileena baino askozaz ere luzeagoa.

        Eta niri, eskailerez mintzo naizen bakoitzean, Casteren biñeta haiek datozkit burura: otutzen zait ez ote den balizko eskailera zerra baten ortzadurak osatua, ez ote daramagun denok zerra bana eskuan, ez ote dabilen eltxoren bat eskuetan daramagun zerran gora eta behera eta ez ote garen gu ere eltxo. Izan ere, aurrean jartzen zaigun edozer zerratzeko ohitura betidanik izan dugu, eta gaur egun, inoiz baino gehiago, zentzugabekeriaren oholez egindako balizak baino ezin manten daitezke ur azalean. Hain da pisutsua egunerokotasunaren berunezko lastaira.

        Lastima da, baina horrelakoetan esaten dena nekez esan ahal izango dugu. Alegia: autorea hil da, bere obra geratzen zaigu. Geratu, geratuko da, baina gure hirietan dagoen antzerki emanaldi andanarekin, nekez ikusiko dugu Ionescoren suhiltzailerik bost urte baino lehen gure eskenatokietan, baldin eta antzezlekuren batek su hartzen ez badu behintzat.

        Eskailera beharra dute erakundeek ere gure honetan, antzerki taldeen subentzio orriak ezetzaren armarioetan sailkatzeko. Antzezlekuak gillotinatzen ari direla dirudi, teatroetako eskailerak erabiltzen dituzte trenbideak egiteko. Eta trenetan ekartzen dituzte Jolly-buttereko filmeetako protagonista magnapaxiar, gor eta eskerbakoak. Baina erratu egin dira (ala herratu?) eskaileraren norantza beherantz jartzean, infernurantz baitoaz zurubiaren mailak; gero eta zorroztuagoak dauden zerra-hortzetan dabiltza abeslari burusoilak harat(egi) eta honat.

        Eta esango didazue, zer gaztigu den suhiltzaile intsumiso batentzat infernua.

 

        1994eko martxoaren 28an hil zen, 81 urte zituela.

        Bere obra joritik euskaratua dagoen bakarra Erregearen herioa dugu. 1963an idatzia eta 1986an argitaratua Kriseilu etxearen eskutik Jose Mari Agirre Eskisabelek egindako itzulpen lanari esker. Oraingoan, Arantxa Hirigoienek hartu du Eugène Ionescok 1952an Pariseko Club d'essai de la radio delakoan lehen aldiz emaniko Auto erakusketa, Le salon de l'automobile irrati pieza laburra itzultzeko ardura.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.