L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-32 / Hau muturreko pila! (1994-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Iñigo Iruretagoiena

 

Haltzaren abarretik

 

Helduko da eguna

maitemindu hordituok geure burua

haltzaren abarretik zintzilikatuko duguna

 

zerura zuzenduko dugu geure begirada betiere zuria

eta ortze urdinean isladatuko da

irribarre deitu genionaren lo sakona

sehaska kulunkarian

aingeru adardun gorri bik

suaren epelean

abesten diguten sehaska kantaren

melodia nigartiaren hipnosian

 

eta helduko da ilunabarra

bizi garela kraskatuko baita

eskegirik gauden abarra

 

 

Gauaren esperoan

 

Isildu da apika

egun argiaren kantu hitsa,

malkoz ferekaturiko belatze birjin estalien

entzunminaren eremu antzuetan:

ostendu dira mendien gibelean

iduzkiaren hamaika begi zelatariak.

Eta badator gaua,

zurrumurru leun bat arestian,

melodia ozen eta itsua ondoren

iluntasun mutuaren babes iheskorrean.

Badator zelai zuriak belztu dituen

aiuri urguriaren oihartzun isila, misteriotsua...

laku beltzen ur gardenetan ezkutatzen den

lamiaren tentazio guria.

Ez dago ilargirik;

zerua lainotua dagoke.

 

 

Aiuri mutuak

 

Ene! Larregi maitegi zaitut.

Zureganako maitasuna ez da nehoiz

etsipenaren sehaskan lokartuko

izuaren magaletik esnatzeke,

lotsaren gonapetik kirikatzeke.

 

Gizonak bere oinez igo ez ditzakeen

erripetatik gora noa

gurpil errektangularrezko orgari bultzaka;

oinazean. Oinazean nire aiuriek

zure aiurria ferekatu gura dute,

baina haizeak daramatza inatematika erlazioak

       —guztiak— zero diren

zeru antzura;

entzungor, entzunak ez izateko.

Nire txilioak mutu egiten ditu

ezintasunaren ispiluaren islada nigartian.

 

 

Ortze ebakiaren mitoa

 

Jinkoaren artaziek bitan ebaki zuten gau iluna.

Bertan, zauriaren itsaso lanbrotuan

izar bat ostendu zen itsaskari.

Izar bakarra; eta izar hori zeu zinen.

Gerora, behin aurkitu zintudan bakardadearen konpainian

gau ilunaren mihise usuaren ostean berriz galtzeko;

gerora, behin ikusi zintudan,

sakiaren gibeletik zure argiaren dizdirak

maitasunez itsutu ninduenean

goiztiri-gosez erabat asetu arte.

Eta ezin izan nuen aurrerantzean

beteka harekin bizi.

 

Isuri nuen melodiarik urguriena

amodioz lehertzear zeuden nire zainen gozotasunetik.

Poesiaren pentagrama mutuetan musika egin zintudan.

 

Orain, ikus dezake hodeirik gabeko gau ilunetan

ilargi erdia ere nola itzaltzen den

zauriaren karmin atseginean, zure ondoan egoteko.

Jakin bazeneza zenbat ilargi legokeen zure argiaren ondamuz?

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.