Poesia Eguna edota Sukaldaritza Berriaren aroa
Ibon Iribarren
Orain hilabete batzuk, literatur mundillo intertextualaren irainak pairatzen hastea erabaki genuenean, itaun garrantzitsu bat sortu zen gure tribuan: non luzatu behar genuen gure agerpenaren irrintzia? Azkenerako, poesia eguna baina aproposagorik ez zela, hainbeste aldiz ukatu poeta gazteek beraien gerra oihu ernegatua poesiaren egunean bota behar zutela, otu zitzaigun.
Horrendako, lubakitarrontzat apartekotasun distiratsuz josiriko eguna izan zen iazko poesia eguna. Izan ere, hainbeste denboran zehar lubakietatik lekora txango bakan batzu egin eta gero, ofizialtasun soineko batez jantzirik irten behar genuen azkenik. Batzu, eguneko zirrarak jota eta kanpoko parajeen ezagutzagabetasunak gidaturik, ez ziren Trinidade enparantzarako kokalekura iritsi. (Zertarako uka, neroni ere lubakietako bidezidorren lohian okertu egin nintzen).
Baina izan zen gure helburua ediren zuen tribukide treberik. Txiripaz batzu, poesia usain nahastezinari jarraiki besteak, heldu ziren, hura LUBAKI BANDAren lehenengo agerpen ofizialtzat hartzeko lain. Eta poetastro handinahi haien presentziak ahalbidetu zuen idatzi hau.
Hurrengo gauetan, aparteko egun hartako orenak kobazulo bateko iluntasunaren mantu bakartiak estalita igarotzea egokitu zitzaigun zorigaitzekooi, poesia beteranoaren saihetsean iraganiko balentriak kondatzen eman zituzten gure kideek.
Lubakietan, sutzar epel baten inguruan paratzen ginen, txalapartaren soinuak gaua bere egiten zuen artean, poema goxoen barbakoa atontzen genuelarik. Eta egun hartako pasadizoak aditzen genituen, xarmaturik...
Ordutik, gure artean azaldu dugu, bidezkoa litzatekeela hainbesteko borondate onari esker onez erantzutea eta sasipoeta berrion begiradak zer dakusan agertzea. Esker ona, bai, baina lubakitarroz gogoratu izana eskertzearekin batera, salatu ez zirela gainerako euskal literatur bandak (Hits and Fits kasu) gonbidatuak izan. Probetxugarri gerta daitekeela otutzen zaigu gertakari hau urteroko proiektuen plano egonkaitzetik errealitatearen onespenera ekartzeaz arduratzen direnentzat. Zeren, harribitxi bat hobeto preziatzen baita ertz ezberdinetatik ikuskatzean eta iritzi berriek mesede egin dezakete harribitxiaren bertuteak zein akatsak bereizten, eta azken hauek leuntzen. Harribitxia baita poesia egun hau. Trinidade enparantzako harriz gainezka bada bederen eta bitxia denik inor gutxik uka dezake.
Horrendako, aipatu nahi genituzke puntu batzuk:
* Poesia eguna barrualde batean egitea gomendagarria dela deritzogu, aterbean. Izan ere, kanpoalde batek argitasuna aporta diezaioke gertakizunari eguraldiak laguntzen badu. Ostera, hala ez bada (litekeena bestalde gure eskualde heze honetan), arazo dexente sortzen da aurrera ateratzeko.
Desterruaren segurtasunean emandako gizaldiek, erraietan espazio zabalekiko larderia sartu digutela esango dute zenbaitzuk.
Apika.
Horregatio, hainbeste aldiz errepikatu dugun atsotitzak dioen legez, sua eta ura belaunetik behera edukitzea komeni da.
* Lubakietan zehar txistuka dabilen iparraizeak (ipar ekialdeko haizerik ere bada azken aldi honetan), entzun nahi duen bidazti ikusberari, idazle gazteak zerari buruz kexatzen zirela xuxurlatzen dio: hain zuzen ere, han zeuden partaideen arteko zeharbegirada susmagarri eta ezinikusiren zantzu disimulaezinak ez ote ziren agerian geratu. Egoera hori ahal den heinean konpontzearren, taldeen banaketa beste era batekoa izan zedin proposatuko genuke eta ez edade kriterioaren araberakoa. Horrela, mugimendu ezberdinetako idazleak erlazionatzea bultzatuko litzateke, iazko talde literario itxi eta separatuen inpresioa sortu gabe.
Artean, iparraizeak txistuka darrai, lubakietan, aranetan, herri zenbaitetan ere bai. Eta uste baino ozenkiago egiten du.
* Aurtengo Galeuzcak gure lurraldean leku hartu behar duenez, aukera ezin hobea dela iruditzen zaigu bi jazoerak nolabait batzeko, hau da, Galizia eta Kataluniako zenbait poetek poesia egunean parte har dezaten. Guri, idazle gazte eta berde garen heinean, arras interesgarri otutzen zaigu beste inguruneetako lubakiak nolakoak diren entzutea, beste gauetako akelarreak sentitzea, beste aperetako poesiak dastatzea. Eta dudarik ez da gure artean entzute grina hau ez dela adinaren araberako ea gazteoi xarmangarria bururatzen bazaigu helduagoei ere hala gertatuko zaiela.
Gainera, entzulegoarentzat ere fenomeno erakargarria izan liteke, egunari barietatea emanen liokeena, eta beste freskotasun bat ere bai, orokorrean hobekuntza bat lortuko litzatekeelarik.
* Zibilizaziotik apartaturiko lubaki idorretan daramagun bizitza ezin esan samurra denik. Jatekorik ere ez da nahi bezain naharoki aurkitzen. Oraindik hona zubi-jana iritsi ez zaigularik, zakur-janarekin konformatu behar. Hori dela eta, dieta murritz eta monotono bat bete behar izaten dugu, kapitain haragi entsaladatan aberatsa batez ere. Jaki hau da hemendik Ebro ibairainoko lubakietan atontzen den guztietarik preziatuena. Irakurle arretatsuak inoiz dastatu ez badu, gaur bertan harategira abiatzea gomendatuko nioke nik, jaki goxo batez familiari ezusteko gogoangarri bat emateko. Baliteke lehenengo aldian gehiegi ez gustatzea, gertatu izan da noizbait, bere zaporea samin samarra baita. Baina ez da oraindik ezagutu bigarrenerako elikagaiaz maitemindurik seko erori ez denik.
Horregatik diot, goza ezazue kapitain haragi freskoa eta ondoren, indarrik baduzue, saia izokina kolkotik behera pasatzen. Zaila, ezta? Bada horixe bera sentitu zuten iaz ene kideek poesia egunean, salmoia platerean ikusi eta dastatzerakoan. Ez al litzateke zilegi bere ordez sarjentu albondiga batzuz bederen tripa betetzea?
Eta irrintzi batez hasi eta albondigei buruz esaka amaitu nahi duen idazki bati, une bakoitzean eduki dakiokeen mira edukiren zaiolakoan, bukatu behar du, bai, (sukaldeko?) artikulu honek.
Errezetarik nahi duenak luza bitza eskaerak Susara, baina, mesedez, salmoirik ez.
|