Eluska Fernandez
Bila zabiltza noraezean
badirudi gauek itotzen zaituztela
ilun
ametsik gabe
Eguna ez da hobea
haizeak ez dakar mezurik
tabako usaina baizik
Ba al dakizu...
bakoitzak badu nahikoa
pentsatzearekin
Bazoaz
edo doa, esan beharko
Baina ez omen du pena merezi
denborak bai ordea
bihar.
Sikira tabako usaina
gustatuko balitzaizu...
Eta hor zabiltza
Erritmorik gabeko dantzetan
sorgin bakarreko akelarretan
gau zoroetan
zoroetan
espaloi kantoietan
Hor zabiltza
surik gabeko joko arriskutsuetan
hegalaldi lurtar luzeetan
jira-biraka zainetan
zainetan
hotzikaren lautadetan
Ibili bazabiltza.
Baina izan
ba al zara?
Zenbat zenbat zenbat
alferrik da
ez da ez dago ez duzu aurkituko
egunak, asteak, hilabeteak
denbora
zenbat denbora
telebistari begira eta bila
gauak noiz noiz noiz
egia bihurtuko.
Orduak, minutuak, segunduak
segundu bakarra baino ez
ez da ez dago ez al zaitut
alferrik amesten
non non non
itsu ero.
Behar zaitut
segundu bat
urteak
filme batek irauten
dueneko denbora
behar zaitut
zenbat noiz non
begira ero denbora egia
non zenbat noiz
ametsak ametsak ametsak
ez da ez dago errealitaterik
nigan
ireki ateak
ez malkorik irentsi
horditzera nator
desioz gainezka.
|