Dama grisa
Ander Izagirre
MUNDU GRISEAN
Pijama imantatua soinean, Keblok ohe elektromagnetikoaren gainean zegoen, zeina bere gorputzarekin jolasean ari baitzen, alde batetik bestera errebotatuz, hegalaldi laburrak eginez, airean flotatuz eta lantzean behin ohearen gainalde elastikoan pausatuz.
Mugimendu guzti haiek arrunta baino sei aldiz txikiagoko grabitatean gertatzeak plazerezko irribarre zabal-zabal bat marrazten zion Keblori aurpegian. Oheaz harantzago, leiho panoramikoaz harantzago, ikuskizun izugarria; beldurgarria eta ederra batera.
Edwin Aldrinek Ilargiratutako bigarren gizakiak aipatutako «magnificent desolation» zabaltzen zen Keblok saltari etzanaren begibistan; Armstrong Hotel-eko suite hartatik zekusan paisaiaz, giza aztarnarik gabeko paisaiaz gozatzen ari zen, horretarako dirutza handia ordaindu behar izan bazuen ere.
Ilargiak soilik zuen gris kolore hura maite zuen, ortzemugako mendi tontor oldarkorrekin topatzeraino hedatzen zen lautadaren grisa, krater itzaltsuak inguratuz barreiatzen zen hautsezko gris hipnotizatzailea. Zeru beltzak are ederragotzen zuen satelitearen errautsezko azalera mortua.
Ilargiaren grisa eta unibertsoaren beltza, inolako difuminaziorik gabe, zehatz baino zehatzago definitutako mugan amaitzen ziren bata bestean, erpin zorrotzetako mendizerra ilargitarrek delineatutako kopulazio kosmiko batean.
Eta beltzean zuri josirik, norbaitek Ilargia alfonbra gisa astindu ondoren oraindik ere airean, emeki-emeki erortzen ari diren hauts magikozko malutak bailiran, izarrak, ugariak, kontagaitzak, infinituak, hodeirik eta atmosferarik gabeko mundu haren gainean batere dardararik egin gabe zintzilik zeuden txinparta distiratsu, baina geldoak.
Jauzi mantsoetako bat profitatuz, Keblokek mesanotxetik txanpain botila erdi hustu bat heldu zuen ezker eskuaz. Botilaren lepo inguruan ditizorro gris bat zegoen lotuta; botila eta ditizorroa altxa egin zituen sapairantz, eta, ohetik metro erdira hegan ari zela, botila ezpaineratu egin zuen, igaro berri zuen gau zoragarriaren ohoretan. Dzanga eta dzanga, txanpaina ezpain ertzetatik zeriola, begiak itxita, pieza erotiko hark zekarzkion gomutak medio, zakila harrotuta eta gogor-gogor nabarmendu zuen.
Hankatarteari so egin eta ikusitakoa eta ortzemugan antzeman zitekeen mendirik zutena zein antzeko zirenaz ohartu zen barrezka.
Baina... han urrutiko mendiaren atzean Keblokek nabarmendutako zer edo zerk ziztada bizi mingarria egin zion erraietan. Bigarrenez begiratu zuenean, mendi tontorraren gainean sortzen ari zen arku fin urdina begiztatu zuen zalantzarik gabe. Handitutakoa bere neurrira lasaitu zitzaion, txanpaina kontrako eztarritik joan eta eztula bizian hasi zen, botila eta ditizorroa albo batera erori eta Kebloken bisaiak haserrea, gorrotoa eta erdeinua islatu zituen, urtebetetze festa amaitu zaion haurra balitz bezala.
Ohearen magnetismoa itzali ondoren Keblokek pijama erantzi eta biluzik abiatu zen logelatik kanpo, umore txarrez, ibiltzean dantza egiten zuen zakil erori, zirdinak adierazten zuen magiaren bukaeraz penatuta.
Gela uztera zihoala atzera begiratu zuen. Hasieran arkua zena orain horizontean nagusitzen ari zen globo zuriurdin bat zen. Aj! pentsatu zuen. Galaxiako astrotan lotsagarriena; bertako izaki endekatuak salbu beste gizaki guztiei ok egiterainoko nazka sortzen ziena, antzinako legendunen irlak legez ahaztu eta zokoratu nahi zuten esfera zornatua: Lurra. Lur madarikatua.
Nazkaz alfonbran ttu egin ondoren leiho panoramikoa opakotu egin zuen, aipaezinezko planeta paisaia guztiarekin batera desagertaraziz, eta argia amatatu eta gero atea gibelean itxi zuen.
DAMA GRISA
Mare Tranquillitatis gune turistikoko Selene luxuzko tabernan ezagutu zuen Keblokek Arrul. Keblok txoko ilun bateko mahai txiki batean eserita zegoen, tabernako iskanbilatik baztertuta. Goizean goizetik ez zuen Ilargiko paisaia ikusi besterik egin eta, gustoko entretenimendua izan arren, atseden pixka bat behar zuen. Ondorioz, mundu anitzetako jende aberatsa biltzen zen areto itzaltsu eta builatsu hartan murgildu zen, patxadaz eseri eta likore on bat eztarriratu asmoz, nahiz eta bere gustorako Selene-ko musika, dekorazio eta giro futurista ezin horteragoa izan. Famatua zen ordea, eta Ilargia bisitatuz gero ezagutu beharrekoa.
Kiz bikoitza, mesedez Ilargiko edari famatua eskatu zion barregura sortzen zuen zerbitzariari.
Kapelu gisa zapi antzeko goma beltz bat zeraman buruan, egurrezko txorten bat eta hiru landare hostoz koroatuta, aurpegian betaurreko beltzak eta lepotik oinetaraino erortzen ziren zinta koloredunak. Keblok, bisita turistikoak egiteaz gogaiturik, Selene-ko giro bitxiarekin dibertitzea eta kolore bizitako soineko psikodeliko, kapelu zilindriko, jantzi metaliko, fantasiazko galtzak, zapata loredunak zeramatzaten gizon-emakume talde berritsu, barrezale, dantzalari, zaratatsuekin harritzen denbora pasatzea erabaki zuen. Errobot musikalariek jotzen zituzten doinu zorabiatsuak eta zeinnahi efektu lor zezaketen edari sintetikoek irabiatzen zuten giza andana nahaspilatu hura, benetan esperpentikoa zena.
Keblokek egun nekagarria izan zuen zinez. Gaua Ilargiaren hegoaldeko hemisferioan igaro zuen, Selenepolisen hain zuzen. Lurrazpian zegoen hiri hau bezperan osoki ezagutu zuenez, jaiki bezain laster Ilargiaren azalera igo zen. Han, fabrika, espazioportu eta funtzio ezezaguneko kupula mordo baten erdian, Ilargi-abioia hartu zuen gelditzeko mugonarik gabe, airetik Clavius, Tycho, Mare Nubium eta bestelako krater, mendi eta lautada selenita ezagutu zituen. Bazkaria ere abioian bertan irentsi ondoren, iparraldeko Mare Tranquillitatisera heldu zen. Ziztu bizian Apolo XI. pausatu zen lekua, Neil Armstrong-en «urrats txikia», bertan behera utzitako XX. mendeko ilargi-kotxe amerikarrak Lunar Rovingak eta errusiarrak Lunokhodakargazki kameran jaso eta arratsalde partean gida turistikoek aske utzi zituzten Keblok eta berarekin zihoazen bidaiariak. Hori bai, Tranquillitatis Center ondoan, non erosketa bikainak egin ahal baitzitzaketen.
Gizakiak Ilargiari birjintasuna ebatsi zion zona haren erdian kokaturiko ganga garden maiestatiko bat zen Tranquillitatis Center. Eta Selene, dirua aise uzteko hamaika lekuren arteko bat.
Keblok zurrutean ari zela emakume gazte txiki bat inguratu zitzaion.
Kaixo, lagun.
Begirada altxa eta emakumeak erakarri egiten zuen ala mesprezuzko sentipena sortzen zion, hortxe-hortxe ibili zen Keblok.
Kaixo erantzun zion zuhur.
Oso apain jantzita zegoen, grisez ia osoki, antzik ez taberna betetzen zuten beste jendaki harrigarriekin. Zilarrez distiratzen zuten takoidun zapatak, hanka motz baina bikainak delineatzen zituzten mediak, izter erdiraino iristen zen ilegurizko gona ondulatua eta urrezko botoidun jaka, gerritik gorakoa estaliz enigma nahigarria bilakatzen zuena. Aurpegi xarmantean grisez margoturiko ezpainak nabarmentzen ziren; ile motx beltzarana zuen. Janzkera hura ikusita nolatan ez zion Arruli zer motatako emakumea zen antzeman, Ilargian zegoela jakinda, hura izan zen Kebloken galdera beranduago.
Bakarrik hago laztana? neskak.
Hobe bakarrik erantzun zion betizu Keblokek.
Baimenik eskatu gabe gizonaren aurrean eseri zen, bere izenaz galdegin bitartean.
Keblok.
Keblok soilik?
Bai, Keblok soilik azken hitza gogor ahoskatu zuen.
U, nik izena eta abizena badizkiat eta, hala ere, ez negok hain zikin eta eskuak aurrerantz zabaldu zizkion, ahurrak erakutsiz.
Zuek espaziarrok izen bat baino gehiago erabili behar ez izatea okerreko gauza denik ere ez diat esango, baina onartu beharko duk izen deiturak edukitzea musikalagoa dela: Arrul Yeh dituk nireak, esaterako.
Urte askotarako. Baina zure ezagunek izen bakarrez ezagutuko zaituztenez...
Zenbat era ezberdinez ezagutzen nauten baheki...! Keblokek ez zion etenaldiari erreparatu ordea.
...izen bakar horren gainezkoak ez dira gizakiak edozein objetu bezala sailkatzeko etiketak besterik, andereño. Espaziar bakoitza gizabanako berezi bat gara, ez milaka milioien arteko zenbaki huts bat.
Zenbaki hustzat naukak, maitea? eta Arrulek, mahaiaren gainetik, ezpainak gerturatu zizkion Kebloki. Honek eskua sorbaldan jarri eta urrutiratu egin zuen neska, hitz bat gaineratuz.
Barkatu.
Arrulek espero zuena izan zen; ez zuen beraz irribarrea galdu.
Ez nian uste espaziar mindulin horietakoa hintzenik.
Nire osasunaz kezkatzen naiz besterik gabe.
Zaila izango duk hi kutsatzea. Sudurtzulotan arnasteko iragazkiak eta eskuetan eskularru garden aseptikoak darabiltzatenetakoak, espaziarrekin soilik larrua jotzen dutenetakoak...
Gure Hiri Espaziarretan ez dugu gaisotasunik, ez akats genetikorik ere. Ilargira edo Lurrera noizean behin etortzen garen bakanak kontuz ibiltzen gara zuen birusekin... ez zaitut mindu nahi, baina auskalo zenbat mende lehenago Lurrean sortutako HIESa menderatzeko gai ez zarete izan. Zuen zientzalari dorpeei trufa eginez dabil oraindik, hamaika aldiz mutatu ondoren sarraskiak etengabe sortzen, behin eta berriz izena aldatzen. Mutazio berria Banderhoof birusa bezala bataiatu duzue eta...
Nahikoa, txo. Birus artean iraulkatzen gaituk, larpopulatuta bizi gaituk, bata bestearen gainean, jatekoa lortzeko elkar odolustutzen gabiltzak, gerratez gerrate, eta ez gaituk sekula zuen hirurehun eta piku urteetara iristen. Baina Lurrean eta Ilargian primeran pasatzen diagu... aulkitik piskatxo bat altxa eta urrezko botoidun jaka kentzen hasi zen.
Barkatu, andereño, bakarrik egon nahi dut eta behingoz jakin nahi nuke zer behar duzun.
Arrulek harriturik so egin zion, Kebloken inuxentekeria sinetsi ezinez bezala. Gero irribarre bat nagusitu zitzaion.
Prakerre hutsa haiz, ez didak amaitzeko betarik utzi... eta jaka kentzeaz bukatu zuenean Keblok erabat ohartu zen neskaren ogibideaz. Ikusi zuenak Arrul Ilargiko dama gris famatu haietako bat zela ziurtatu zion. Jaka azpian gorputz eder bat agertu zen, kurba bikainduna, jantzi gris estu-estu batek bular handietaraino soilik estalia. Bularren erditik gorako guztia agerian uzten zuen, ditiburuak, sorbaldak, besoak eta bizkar osoa.
Arrul irribarretsuak begi bat kliskatu, mihiaz ezpainak hezetu eta mahai azpitik zapatarik gabeko oina Kebloken hankan gora amoltsuki bideratu zuen. Keblok, bero-bero eginda, Arrul bezain irribarretsua ageri zen, begiak emakumearen bularretatik ezin aldenduz.
Aizan, usoño, elkarrekin ondo konponduko garela uste dinat.
* * *
Arrulek arrazoi osoa zuen Kebloki espaziarren ohizko bereizkeria leporatzerakoan. Hamalau Hiri Espaziarrak, guztiak Lurra eta Martitzen arteko birabidetan kokaturik, bataz beste Euskal Herriaren tamainakoak ziren, halere populatuenak bost mila biztanle besterik ez zituen. Paradisu ekologikoak ziren, gizakiak erosotasun guztiz eta batere gaisotasunik gabe hiru mende baino gehiago bizi zirelarik. Gizateriaren maila gorena ziren, baita teknologikoki ere; Martitzen eta asteroide-eraztunean oinarritutako industria Eguzki Sistemako aurreratuena zen eta espaziarrak lanik egin gabe gizarte errobotzalea erabat eta aberats, osasuntsu, zoriontsu eta luzaro bizi ziren, populaketa kontrolatuz eta lurtar kutsatuen sarrera debekatuz. Espaziar askok beren burua arraza gorentzat zeukan, lurtar zikinekin ilargitarrak barne harreman mota oro ekidinez, horrela hogeitamar mila espaziar eta hogeitamar mila milioi lurtarren artean gorrotoa eta ezinikusia sortu zelarik. Espaziar bakoitzeko milioi bat lurtar egon arren askoz ere indartsuagoak ziren espaziarrak lurtar txiroak baino, batez ere Hiri Espaziarretan onddo, legamia eta itsas belarren tratamenduaz elikadura bikaina lortu eta Lurretiko inportazioen menpekotasunetik jaregitea erdietsi zutenean.
Zuen luxuzko bizimodu ikaragarria ahalbideratu zutenak lurtarrak izan hituen, zerutxo adierazi zion plazerezko gau hartako atseden une batean Arrulek Kebloki. Zuek ere lurtarrak izan zineten noizbait.
Bai, eta Homo Sapiensaren arbasoa tximua dun. Ez dinat uste horregatik Lurrean oraindik zuhaitzen adarretan bizi zaretenik... eta Arrulen gorputz lirain biluzia ferekatuz edota tximuekin larrua jotzen duzuenik.
Okerragoak ezagutu dizkiat.
Haatik Keblok ez zen espaziar erradikaletakoa; aise ezabatu zitzaion burutik aurreko emakume bikain baino bikainago hura lurtarra zeneko ideia; gorputz hark sexurako grina basatia besterik ez zion eramaten burura (eta ez burura bakarrik).
Segituan aldegin zuen bikote ezagutu berriak Selene zalapartatsutik, eta Keblokek Armstrong Hotel-eko suite garesti batera eraman zuen Arrul, barruak kiskaltzen zizkion garra deskargatzeko zain.
Grabitate eza eta ohe elektromagnetikoa konbinatu zituen gau sutsu ahaztezin hartan, Arrulek Ilargiko dama grisen ospea zertan zetzan erakutsi zion Kebloki. Ordu luzez, behin eta berriro sor eta lor uzten zuen dama grisak espaziarra, Kamasutra moderno harekin.
Bizitza arruntean Keblokek ez zekien grabitaterik gabe moldatzen, traketsa eta baldarra zen. Sexu ekitaldi bukaezin hartan, ordea, amodiozko makina liluragarri haren menpe egon zen, bere gorputz atalen mugimenduaz gau osoan arduratu behar izan gabe. Airean flotatzen, bi gorputz biluzi gartsuak etengabe elkartzen ziren, Arrulena Keblokenaren gainean, Keblokena Arrulenaren gainean grabitaterik gabe, laster desagertu ziren «gora» eta «behera» noria baten antzera errotazioan, denboraren igaroa ahazturik. Une batean bien ezpainek topo egin eta mihiek borroka frenetikoa hasten zuten, hurrengoan bakoitzak eskuz, mihiz esploratzen zituen bestearen zokorik desiratuenak, laster laztanak nonnahi banatzen ziren, guztia zurrunbilo ero-bero batean, etengabe jarreraz aldatuz Arrulen gidaritza trebepean. Noizbehinka bikote hegalaria estasian lehertzen zen. Lehenengo orgasmoaren ondoren, Keblok atsedenean utzi eta jo eta su jarraitu zuen, Keblok panpina inanimatuarekin jolasean, segundu bakoitzean aurrekoan baino plazer handiagoa lortuz. Berdin gertatu zen bigarren aldian, baita hirugarrenean ere, eta laugarrenean... Kebloken burmuinaren zatitxo bakoitzak, guztiek, plazerez oihu egiten zuten, ez zegoen berarentzat mundu errealik plazer sentsazio eternal hartaz kanpo.
Baina dama grisak ere noizean behin atseden hartzen zuen. Orduan bikotea ohe gainera erortzen zen astiro-astiro, eta elektromagnetikoki balantzatzen hasten zen, irri eztiz. Keblok ohearen azala ikutu bezain laster loak hartzen zuen, baina atsedenaldiro Arrulek pilula gris bat ahoratzen zion, loa eragotzi eta bost minuturen buruan jolasa berriro hasteko prest uzten zuena inoiz ere errepikapenik egin gabe betetzen zena.
Hire munduko antzinako idazle batek zera idatzi zinan, neska guztietan txikienak direla hoberenak esan zion Keblokek arnasa eta hitza berreskuratu ahal izan zuen une bakanetako batean.
Ez al dik honek zuen bizitzako hirurehun urte aspergarriak adina balio?
Bai, Arrul, merezi din lurtar izateak honen truke.
Adi orduan, honen ordainetan Lurreko oroigarri bat eramango duk bihar goizetik aurrera baina Keblokek ez zuen ia esaldi hau aditu, ezta bere tonu gaiztoa antzeman, Arrulek galtzarbe izerditsuetatik oratu eta airera igo baitzuen, sexuketa harrigarriarekin jarraitzeko.
Plazerraren gau handia orduz eta orduz luzatu zen, airetik ohera jaitsi zireneko batean Arrulek Kebloki pilula eman ez zion arte. Keblok, sexuan emandako ordu bakoitzeko bi eman zituen lo seko, zurrunga bizian.
19 GRISA
Makina bat ordu lo egin ondoren, esnatu eta bakarrik zegoela ikusi zuen Keblokek. Komunera altxa zen, zakil minduaz pixa egitera, eta ohera bueltan pijama imantatua jantzi zuen. Jazten ari zela, mesanotxean Arrulekin hitzartutako lurdolar sortak bertan jarraitzen zuela ikusi zuen; harrotu egin zen, urguiluz bete, Arrulek ere primeran pasa eta kobratu izan nahi ez zuela pentsatu baitzuen. Ohe gainean etzan eta goxo-goxo, erlaxaturik, irribarretsu, amaren sabeleko likido amniotikora itzuli izan balitz bezala sentiarazi zuen elektromagnetismoak.
Beste ordu pare bat eman zituen ohean erdi lo erdi esnai, txanpaina dastatuz, Arrulek utzitako jazki intimoak laztandu eta musukatuz, Ilargiaren gris miragarriaz dama gris miragarriagoa oroituz.
Espazioan agertzen hasi zen planeta urdin higuingarriak aldarte miragarria zapuztu zionean, ohetik jaiki, larru gorritan jarri eta dutxatzeko asmoz komunera zuzendu zen. Konketan aurpegia ur izoztuaz busti eta komuneko irratia piztu zuen.
«...edota Selenopoliseko bidaiak, New Yorketik 21.000 lurdolar, Sidneytik 26.500, Nairobitik 23.200... eta beste hainbeste eskaintza zoragarri. Egizkizu zure bidaiak Geotour agentziaren bitartez.
»Eta iragarkien ondoren Siberiako errobot meatzarien sabotaiaz arituko gara. Jakina den bezala, duela astebete Siberroboteko zuzendari...»
Dutxa kabina garden itxi bat zen eta Keblokek, kanpoan zegoen gurpiltxo batez uraren tenperatura erregulatu eta gero, martxan jarri zuen. Ur txorroak soinu lasaigarria sortzen zuen.
Eskua bularretik pasatu eta hatzak gristu egin zitzaizkiola konturatu zen. Bular iletsura begira eta pintura grisezko letra batzuk antzeman zituen: PI ARRUL? Ardiak legez markatzen al zituen Arrulek bere bezeroak? Eta zer demontre zen PI arraro hura? Dena den, letrek berezitasun batzuk zituzten. Bi erreak alderantziz ageri ziren, baita elea ere... egia esan PI ARRUL irakurri zuena PI LURRA zen. Burutapen batek jota ispilura begiratu eta zera irakurri ahal izan zuen bularrean: LURRA 19.
Benetan txunditurik gelditu zen. Arrul-Lurra. Ez zen lehenago konturatu. Zer adieraz zezakeen? Eta 19 hura? Supituki burmuinaren bazter batetik oihartzun bat iritsi zitzaion... zer ote zen guztiz uler ez zezakeena. Ordaina eta Lurrari buruzko zerbait, oroigarri bat... baina ezin zituen puzzlearen fitxak egokitu eta pentsakor gelditu zen.
Pentsakor. Isilik. Geldo. Dutxako uraren fsssss monotonoa. Irratiko albisteak: «...gaur eguerdian bertan Tranquillitatis Center inguruan harrapatu du Ilargiar Poliziak Oga Meyer. Bere arrastoa gero eta argiagoa bihurtzen ari zen poliziburuaren esanetan, eta Ilargi osoko jendearen arreta bereganatu duen kasuari bukaera eman zaio, jazarpen ikusgarri baten ondoren, bere atxiloketarekin. Oga Meyerrek Banderhoof birus ikaragarria izan arren bere dama gris lanetan jarraitu zuen, gorrotatzen zituen espaziar ahalik eta gehien kutsatu asmoz. Baita emaitza beldurgarriak lortu ere: Meyerrek aitortu duenez, 19 pertsona kutsatu ditu Banderhoof birus hilgarriaz...».
Arrulen zer Arrul eta zer arraio, Oga Meyerren ahotsa, orain bai, argi iritsi zitzaion oroimenetik.
«honen ordainetan Lurreko oroigarri bat eramango duk bihar goizetik aurrera».
Eta ispiluari so egin zion, etsituta, aho zabalik, itolarrian... bere Orbitopolis maitera itzultzea debekatua izango zuela jakinda, baztertuta, zimaurtegi hartan bakarrik, oinaze bizitan eta laster hilko zela jakinda...
Ispiluak dama grisak jasotako ordainaren errezibua erakutsi zion, errukirik gabe; pasatako gaua irrealitatearen lainoak difuminatuta oroitzen bazuen ere, hango hura zehatz, irmo, aldakaitz agertzen zitzaion, heriotza azkarra heldu arte agertuko zitzaion, pintura grisez...
LURRA 19.
|