abenduak 20
Iritsi gara. Hau deskribatzeko lain hitz bakarra: basamortu. Odoltsu ere erantsiko nioke agian. Eta harrigarria da halako leku batean hegaberak egotea, gure atzealdean dagoen baso ihartuan bilatzen dute babesa. Alboetara begiratzeari utzi diot eta tapa gogorreko egunkarien artean ditudan orriei beha nago. Nire arreba txikiak eginiko marrazki koloretsu bat topatu dut, txori asko dituena urdinez margotutako zeruan, hegaberak ziur asko. Columbia Universityko postal bat ere topatu dut, atzekaldean lerro batzu idatzita dituena:
Walt Whitman-i
GERA zaitez gaur nirekin
bizi nirekin egun bat eta gau bat
eta poema guztien jatorria erakutsiko dizut.
Orduan lurrean eta eguzkian dauden gauza bandi guztiak edukiko dituzu
(gainera milioika eguzki daude urrunago)
ezer ez duzu hartuko jada bigarren edo hirugarren eskukoa
ez duzu hildakoen begietatik gehiago so egingo
ez zara liburuen mamuarekin elikatuko.
Baina ezta ere mundua ene begiekin ikusiko
ezta gauzak nire eskuetatik hartuko.
Norabide guztietara begiratzen ikasiko duzu
eta unibertsoaren esentzia zure izatean
barnera dadin utziko duzu.
Gera zaitez gaur nirekin
gau eta egun
zorabio bat bailitzan jarriko nuke zure gerria
unibertsoan dantzan
izan nire, izan nadin zure.
Niregatik ikasiko duzu zahartzaroaren sekretua
baldin eta horrek izutzen ez bazaitu,
nik irakatsiko dizut maitale galduen maitasun ezina,
udazkeneko hostoen erorketa ametsa.
Jakin ezazu maitea,
nirekin egonez gero hildakoen hezurtza, haien gorpu hotza
gertuago sentituko duzula,
ez al da erromantikoa?
Gera zaitez gaur nirekin
eta agureak maitatzen ikasiko duzu,
nirekin zahartuko zara baina unibertsoaren
jakituria izanen duzu,
poema izaten ohituko zara, inmortala.
Dena zugan egongo da eta zu denongan egongo zara,
Jainkosa izaten irakatsiko dizut
eskale behartsuak ahazten ikas dezazun.
Gera zaitez gaur nirekin
eta unibertso izaten irakatsiko dizut,
ikasitako dena ahazten lagunduko dizut
ikasi beharrekoa ikasten ikas dezazun.
Gera zaitez momentutxo bat gehiago nirekin
azken hitzak bukatzeko adina denbora
eta bukatzean
poema, unibertso izango zara.
|