abenduak 21
Kasko bana eman digute eta orri bat gure zuzenbidea idazteko. Sebastianek dio, horrela, zerbait gertatuz gero badakitela nora bidali gure errautsak. Jendea makurturik ibiltzen da lubakietan. Errendatze dokumentuaren bila balebil bezala.
Lubakiaren likiskerian
EGUNSENTI gorriska, aizun, ilun
pisutsu batean
ortze belea buru gainean
sutondoaren epeletik genian aldegin
ordutik hamabost hiletara oroit dagit harehin
behin eta berriz trangatzen
(trangatzentrangatzentrangatzen)
den
fusil nabar bat eskuan
plastiko gotorrezko kasko neurrigabe bat
buruan
eta bihotza etengabe zarrastatzen digun
zauri lazgarria
(odoltsu, ubel, higuingarria)
dizkiat erraien barruan.
erreparatutakoan sniff
hamaikagarren malko gazia baitiat isuria.
ekaitza basatia, zeru hitsa
beltza soldaduaren bizitza
bakartia, uholde hilgarria
soldaduaren arima enkoniatu
bere bihotz herratu
bere fusil mailatua.
ttop, ttop
zanpatu du euri istil aspergaitzak,
aspergaitzak,
aspergaitzak,
(eta zeruan darrai ekaitzak)
soldaduaren aurpegiera kaskarra
hezetu lubakiaren etsipen nabarra,
serios antza keinua,
begirakune galdua.
galdua pentsamendua.
BooMMMb!!!
jausia duk, jausia
gaurko lehen bonba eztia
dardarka hasi lubaki kaskarina,
dantzan ene bihotz erkina
amaituren al duk nehoiz soldaduaren mina?
amaituren guda zikina?
botako naun sekula
metraila ttipi mardula
lurrera? parkera?
haritz zurezko kutxa maitera?
tarratarratatarratatatatarratata
(tarratata metrailaren hotsa)
lehertu da ene bihotza
bertan berunezko bala motza
HALLELUJAH! HALLELUJAH!!
soldaduaren lana bukatua
bera eztiarekin elkartua
gainezka zegok kanposantua.
1600
SEGUNDU asko ditun mila eta seiehun segundu
aulki elektriko batean zain egoteko adibidez
lore batzu eskuan ditunala zutik adibidez
zaila dun muxu bakarra malgutzea hain luzaro maite
metro asko ditun mila eta seiehun metro
batez ere gaur eta kale urtu hauetan ihesi edo
hire botanikan murgilduz gauaren barne lorategietan
arratsaren zirujia ebakiz rosa rosae
mila eta seiehun arratoi samaldan
suizidatu hituen atzo Pekinen
maitasunaren hiru osagaiak batzerakoan
proportzioetan ondo asmatu ez zutelako maite
asko ditun mila eta seiehun arratoi
zorionaren zutabeak hortzez kurruskatzeko
ez al zain hala iruditzen maite?
kearen aritmetika urruna estazioetako oholetan
esandako gezur guztiak kontatuz ere
mila eta seirehun gezur
gezur asko ditu
eta ez dun lain elurra abenduko murru izoztuetan
gabardina tirokatuaren odola jelatzeko
metrailaz baheztatua euria
matrailetan mila eta seirehun berun pusketa
berun pusketa gehiegi direla iruditzen zaidan
|