L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-31 / Hegaberak lubakietan (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

abenduak 19

 

Trenek ez dituzte haien estazioak aukeratzen. Horretarako eraikitzen dira trenbideak. Eta gu ere —trenak bezala— nahigabeko kaleetan galduz goaz, noren zain gauden ohartu gabe. Gau luze baten amaiera igurikitzen dugu, baina bihar lorea eta lilia iharturik egonen dira, maitasuna kale estuetan galduren da, behatzak izozturen zaizkigu baionetak erabiltzea galeraziz. Bihar hegaberak artazi erraldoiak izanen dira eta banatzen gaituzten sokak ebakiren dituzte. Baldin baite, bihar.

        Trenek ez dute garraiatzen duten hura aukeratzen. Horregatik dakarte edo daramate beti ikatza. Ba omen dira zerraldoak garraiatzen dituzten trenak ere. Biharko trenak. Ordea bihar agian beranduegi izanen da, eta beti guretzat uste izan genuen kalean zure zain egon arren, ez da trenik egongo ixiltasuna ebakitzeko eta itzalirik egonen dira xaguxahar guztiak, kandela izekien artean.

 

 

Ez gara aurkitu

 

GAURKO ilargi beteak

zure gorputza isladatzen du, karrika osoan

haize zorrotzaren oihu hotza nagusitzen da

nahi duzu hark baino garrasi hotzagoa bota

baina zure gorputza oraindik beroa da.

Zure hitzak oraindik luzeak

zure muxuak oraindik bustiak

zure begiak oraindik galduak.

Xutik zara, karrikaren iluntasunean

zakuz kargaturik, denbora pizua senditzen duzu

ordularia begiratu, ezkilak entzun

baina ez naiz oraindik ageri

Gau beltza iluntzen da, oihu hotza gogortzen

zakuak utzi dituzu, baina halaere denbora jasanezina da

karrika hartan, jendea ziloetan sartzen ari da, biharamuna arte

autoak geldituak dira goizarte

eta zuk itxoiten duzu, ni etorri arte

alde batetik begira, bestetik doi-doia

ez zara mugitzen, ez duzu pentsatzen

zure hitzak itzali dira,

zure ahoa idortu,

zure begiak hetsi.

Gau luze hartan, ez gara aurkitu.

Zeren ni, balearen bestaldean nintzen,

zure zain.

 

 

Lorea eta lilia

 

LOREA eta lilia

        Haizea eta hazia

        Lur sakonean, erroak bultzatuz

        Zurtoina luzaturik, laino xuri baten gaineraino

        Beti handituz, beti zabalduz.

        Zure goratasunetik ikus dezakezu

        Borrokatzeagatik izerditan den lurralde bat.

        Zure ondotik pasatu den xoriaren oihua entzun.

        Azpiko gizakiaren mina senditu, askatasun haizea hunki.

        Emazte baten zoriona zara,

                    maitasunaren esperantza,

                                   bizi baten irudi.

 

Zeren zure baitan eihartuko den lore lilia,

ama baten sabelean sortuko den hazia da.

 

Loratuko dira larre eta soro

Sortuko dira haurrak egunero.

 

                     Lorea eta lilia

                     Haizea eta hazia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.