abenduak 18
Etsipena daramaten trenetan ere egiten da ametsik lantzean behin. Baina nire ametsetan ez da nire arreba txikiak bere marrazkietan erabiltzen dituen koloreetarik batere azaltzen. Etsaia inguratu genuen. Bellvereko gazteluraino heldu ginen eta gaztelua gasolinaz inguratzea agindu zidan sarjentu kopetilun batek. Ondoren mendia argi gorritan ikusi genuen: sua. Infernu pusketa bat bistatzen zen urrunetik. Oso ikuskizun polita zen. Esnatu naizenean ordea, jendeak noraezean jarraitzen zuen etsipenaren barnebideetan eta baso kixkaliak ikusten ziren trenaren leihotik. Sua zen neguaren borreroa. Eta borreroek ez dute beren sententzia birritan esan beharrik izaten.
Poema epikoa
BIHARAMUNEAN
gotorlekua mamutoki zen.
Herria azkenik hartua,
Erregeren gizonek,
karriketan zehar korrika,
bortxaz bete zuen etxe oro.
Eta ziega ilunen batean
erreboltarien burua
txikitu zuten.
Haizeak hautsa zekarren,
beleek hildakoen begiak mokoetan.
Apaiz itsu bat
deiadarka zebilen
guda zelaitik gertu
zaldun koldarrei galdezka:
Ez al duzue Azken Egunaren deia entzun?
Itsasoa imajina ezina
basamortuko hondarretan.
Erregeren gizonek
herria utzi zuten,
beranduegi,
eta murrailak
behinbetiko hertsi ziren
herria itzaleztatuz.
Betirako iluna,
odola nonnabi,
euria, azkenik.
EURI azidoak erre zizkion begiak
Neska gazte batek itsutu zion bihotza
Gorputz izoztuak urtu zizkion nahiak
eta ilusioak aspaldi galduak zituen
Goiz batez, ispiluak izena baino ez ziola bueltatu eta,
utzi egin zituen bere bazterrak
urrutiratzeko, barkuan, trenez, oin batez
eta gero besteaz
Bost naziotan lau emakume ezagutu,
hiru haur eta bi agure agurtu,
kateme zahar bat besotan hartu eta biak lagun
Sei itsasotako ura edan zuen
Zazpigarrenaren urak sakratuak zirela eta ez.
Zortzi mezkita ta hamar tenplutan Jainkoak
gurtu ta itxaron
Kanpamendua utzi eta sei egunetan oinez eta barau, Peyotea,
eta negarra ez besterik eta nolabaiteko egia,
gero amildegia konklusio
Oxford, Cambridge eta Pekineko Politeknika
Zientziaren grabitatea, sagar eta zenbaki pisutsuak
A-tik Z-raino literatura burges eta ederra
(baina ederra, edo ederra, baina ederra)
Barre egin zuen Berlinen, pailazo bat,
bi aingeru zaindari eta horma zahar bat
Hondarrak eta mamuak eta berak irentsi denak
eta ezagutu, ulertu eta jakin
Mendi garaienak igo zituen, arnasa hartu
Edurra jan eta edurra izan, paisaia irentsi
eta ezagutu, ulertu eta barneratu
Kitano zahar baten cante garratza entzun zuen
eta eskuak tximurtu zitzaizkion
Beltz gazte baten exekuzio popularrean aurre egin zion
beldurrari
eta Justizia Zuria erdeinatu eta magia beltza ikasi
Emakume baten azalean edertu zen
eta mina, odola, tirania eta zakila irentsi
eta sofrituz ezagutu, ulertu eta aldatu
Zahartzaroaren haize urdinetan epeldu zen
eta bizitza zer den ulertu eta jakin
eta berea bukatua zela ikusiz
jaio zen leku berera itzuli eta izarrak desagertzen
diren antzera desagertu zen bera,
hil egin zela, alegia,
arrastorik txikiena ere berarekin eramanez.
|