L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-25 (1990-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Galeote sekulan sekulorum

 

Aitor Zugasti

 

Padura aurreko azken urkien itzala zabalagotzen ari zen era berean, eguna ere gorpuzten edo betetzen zihoaneko inpresioa faltsua egin zitzaidan eta eguzki-izpien irrealitateari erreparatuta pentsamenduak lausotu zitzaizkidalakoan nago. Esnatu nintzenerako, irreflexiboki, beldur keinu batez, lehendabizi diru-poltsaren zorro latza ikutu eta gero, oraindik akituta, jabetu nintzen, agian amets baten zapore difusoa uxatu nahiean, nire sabel-zorriek eta aldameneko igelen deitoreek «Prima Stella» galeote untziko arraunlarion erritmoa laguntzeko erabili ohi genuen oihuaren hotsarekin bazutela antz nabarmenik gezala zerien oroitzapen haien inguruko pentsamenduen geruzaren barnean, marka, identifikazio ez zehatzegi bat baina garbia, ilunetatik datorkigun lehengaia trokelaturik gabekoa obsesioen itxuraz batailatzen duguna, hain sentitzen bait nintzen kanpoko errealitatearekiko mimetiko eta sentsibilizaturik, Rubicona iragana duenaren patxadaz.

        Enbotamendu orotik ateratzeko ahalegin guztien gainetik borondatearen hauspoindarra erabakitzailea izan arren, oraindik ere, mekanikoak zitzaizkion gogoeta minimoetan ere itsasten zitzaizkion itsatsi, nahigabe, adur-leherketaren modura, etengabe orruka ziharduen animalia haren, itsaso zabal eta erraldoiaren zipristin lingardak, ohal mehar hartara kateaturik egin zituen 43 hilabeteetan zehar itsas-kolpealdiro bustitzen zuen hainbat bederen.

        Barkutik aldegitea lortu zutenetik, inpernu hartatik libre, lur arrotzean eta soldadu saldoa atzetik segika, zingiratik zehar ihesean arnasestu batetan, dindilika geratzen zitzaizkion tapoi baten atzean bezala, zazpi giltzapean itxitako kuarto beltzean, kamuts, puntu suspentibizatuak, aienatuak, aidean, hainbat eta hainbat egun lehor ozeanoaren erdian eta honen aurreko hainbat eta hainbat oroitzaoen beltzen kearen zantzuak, galduta baina leunki hazkamarkaka egarri intentso eta iraunkor baten hazkura ia betirakoaren erara, eta horregatik hain zuzen, eramangarriago eta zailduago bela-ohialetako orbain gisa.

        Konbentziturik kontzientziaren trasfondotzat galeran iragandako kalamitateek ez ziotela abandonatuko bizitza erabat amatatzen ez zitzaion bitartean, sastagaiaren ukipen hotza iztarrean sentitu zuela baretu zen. Galeretan, ekaitzaldietan eta batailetan izaten zen zentzumenen asebetea etortzen zitzaioneko unea, nahiz eta gerritik beherako mogimenduak nahiko zailak izan kateen uhalen kausaz. Atsegin zitzaion giharrak apuro, hestualdiren batek eraginda mogitzea, larrutan ebalihardu. Maese Pablo ostalariari lepoa bihurtu zionekoan bezala. Bazkari oparo haren ostean ebitaezina zen mahaiak ankaz gora eta txiki-txiki egiteaz gain, ardo-zahagi tzar haiek ezpataz urratzea ardoa gainezka jausi, ixuri zedin grinak beren onetik ateratzen diren heinean, are gehiago Maese Pabloren alabaren ditien gogortasun koipetsuak galdatan jartzen zuenean adore-labekada harren muga kixkalgarria intzira eta parreen tartetik aurkikizun. Portuko prostitutekin ez bezala, hain zuzen, leunago, aita erdian jarri izan ez balitz.

        Pablo zaharrari bekaizkeriak arima erretzen zion eta gainera ez zitzaion altxatzen, nahikoa alperrik bizi zen eta gerritik gora makurtzen hasia zen dagoeneko.

        Gerritik gora makurtzen hasia dagoeneko!, girgiluz eta katez, bere lerro eta alboko beste hiruren artean oholean jezarri arazirik arraunketari atsedenik gabe emana, izaten zen anitz lan gorputzaren oreka mantentzen, besoen dardarei eusten, Justiziarekikoak, ziotenez, kitatzearren!

        Damuaren mamua itsashegazti itxuran pulunpatzen zitzaion mokoka arratsalde argitsuetako nostaljiaren hondartz txurietan tarteka-marteka mingoski malenkoniaren haizeak barkuari karrankak atera erazten zizkiola.

        Iluntze betean izan zitekeen, ez naiz gogoratzen eta, espantozko bataila harren hasera, txikizio harrekin batera gau estalpearen sareak hildakoak berekin eramateko aurkeztuko bait zen azkarrago edo beranduago ortzearen sakonenetik. Hauen artean gure ugazaba eta zigortzaile zen zerri apotz hura nire eskuetako kateez estrangulatzeko satisfakzioa suertatu zitzaidan bataila ondoko motinean, zaindarietako batek kupidaturik eta eskerturik askotan gugan, ez beti gogoz, mesede trukean batzutan, aurkitzen zuen atsegin sexualaren ordainetan askatu gintuenean. Buru-soil hartan arraun puska bat iltzeturik gelditu zen goilarea eztitan bezain tente eta harro, mendeku totemikoa, ugazaba bati zor zaion adeitasunaren erakusgarri.

        Soldaduak jeitsi zirenerako ez zegoen eten erazterik gure suminduraren erauntsia. Pairaezinak egin zitzaizkigun azken batailaren ostean gertaturiko sarraskiaren baldintzak: gutariko asko hilzorian min erdigarrietan, untziak ezin aurrera ezin atzera, itsas-korronteak eramana kostarantz.

        Janaririk ezean gorputzean arnasaz sartzen genuen ia gauza bakarra pilaturiko herra neurgaitz baten erregai moldea hartzen ari zen peligroski. Karel gainean gauzak ez zihoazten hobeto eta kaosa zen nagusi. Honi esker lortu genuen anabasa areagotzea.

        Denbora urrikaldurik bere norabidetik aterea zen, gertaeren erretenetik herabeti begiratzen zigularik nini itsuz, eguraldi haren neutraltasunaren izarapean. Eguraldiaren inexistentzi ikaratia antzematen zen haize-boladatxo zirrarez; girgiluz eta katez neure burua libre ikusi eta beste batzurekin batera uretara salto egin nuenean, ulertu nuen barku hura hondamenditik salbatzeko, suak hartua bait zegoen, indarrik ez zegoen moduan, ezta ere ez zegoela urkamenditik libratuko ninduen kristau errukitsurik baldin eta ezbanintzen bizkor eta zuhur ibiltzen, niretzat ezer berririk ez zena, bestalde.

        Hondartzara heldu ginenean, soegile inpartzial batek pentsa zezakeen gure orduko ibilkera hestu eta fortzatuaren esanahian gorde zitekeela giza-bizitzaren ulergarritasunaren paradigmeetako bat, aurrera aldegitea noraezean unean uneko inguramenen akuilukadez, jakin ez balu oxijenoa bukatzear, automatismoz kanpai baten barruan kartografia orotik at koreografia jakinik gabeko trajektoria eliptikoetan dabiltzan bi anketako euliei odola izozten zaiela burmuinetan, mogimenduak mobiola baten fatalismoaz motelagotzen zaizkielarik aide faltaz, geratze erabatekotik gertu.

        Hondartzan etzan egin eta gorantz bulkada egitea bera izan zen. Konturatzerako sakabanaturik geunden hondartzan bukatzen zuten bidesketatik barrena. Joe suertatu zitzaidan iheskide sastrakaren agerrune batetan konturatu ahal izan nuenez. Biruelez beteriko bere aurpegiaren hatsak biderkatu egin zidala uste dut oin-hutsien erritmo eroa.

        Arratsalde osoa korrika eraman ondoren belardi seguroa eta lehorra zirudienean etzateko eta loak har gintzan beta hartu genuen. Gauaren burrunba ez zen, besteak beste, txantxetakoa. Gau-poro bakoitzetik eklosiorako joera zuen hots ñabar bilduma bat brisan albardatua kataplasmatzat balio zigun lotan geuntzan bitartean, geure esatekoak ere gugandik deskateatu eta lau haizetara galduko bailiran zurrunken jagolegoak akonpasatuki uzten zirrikitutik zehar.

        Hurrengo goizean paduran sartuago armiarmasare ziruditen adar-uztaietatik trapezioz saltoka bezala, urruntzearen iturria izan zitekeenn ibai hura zeharkatu eta jarraitzearren patuaren ingumek lokaztietatik zehar haizeari kriskitin orrutxoak sorteraziz untziraleku txiki hartara eraman gintuztenean, txaluparia makurturik erabiltzen zuen hagaren begiratzean abstraiturik, ondoan zebilkion txitxiburduntziaren hegalaldi efimeroaren zelatan ematen zuen.

        Gure itxura susmagarria izan arren ez zigun gehiegizko galderarik egin eta berehalakoan onartu zuen proposatzen geniona, ordainketa eran gehiegi erreparatu gabe bere zerbitzuen kostua jakin erazi zigularik.

        Eguratsa itogarria zegoen, zalantzaldi larrietan gudalari ausart baten armaduratik behera dirdir irristagarri bat sortuz transpirazioa kanporatuko litzatekeen moduan hezetasunak errealitatearen konpartimentu guztiak izekitzen zituen eguna argiagotuz, txalupariak gondola-gidatzaile baten imentzio eta elegantziaz garraiatzen gintuen bitartean, Caronteren hoztasun eta maixutasunez.

        Txaluparen hondoan beste haga baten pusketa handi xamarra hautematen zen saliente uretaratu ginenetik txalupariak ezzigun ez hitzerdirik esan ezaurpegira begiratu ere. Ezinegona jasanezina zen. «Caronte» jakinaren gainean zegoen, nortzu ginen bazekien eta entregatzera ginderaman hildura kixkalgarri hartatik aurrera. Gainera gerriaren eskubiko alboan zuen bultoa txanpon-zorroarena baino ez zitekeen izan. Krasketaren ondorioz erreliebe ez laua zuen beste hagaren hortzez txaluparia erasotuz txaluparen zoruaren kontra harturiko kolpearengatik konortea galduta zuela arraun egiteko erabiltzen zuen hagaz lagundurik burua txikitu nion, inoiz ez hobeto esanda, Joeren ustekabeko begiradaren aurrean, txanpon-zorroa bere lekutik atera eta gorpua uretara botaz.

        Eguzkiak baitaratu egiten zuen odolaren gorria hurrupatze higatzaileaz. Joe bizitza eta heriotzaren arteko mugen pasabidean ibaia eta lehorraren gainetik bezala, oin bat txaluparen hegian zuen ezarririk bahiketaldi mistiko batetan karpetabetoniko, Pigmalion ez zitzaidan ezer kostatu ja eta uretara bultzatzea. Mesede bat egin nion, desiratzen zegoen bere hobe beharrez izan zelakoan nago. Pertsona askori malenkoniatsu egiten zaion Herioren presentzia, ezin izaten dute gainditu, joanda bezala geratzen dira, estekaturik hiltzen direneino.

        Harrez gero, Ostalaria, Zigor-Arduraduna, Txaluparia eta Iheskidea akatu ditudalarik paduraz padura nabil déjá vuaren espektro gisa ezkutuka karrika, bidexidor, zumarkale eta kaleetan barreana begiradaz begirada patxikosalto, intsektuen ikusmen poliedrikoaz so, errealitateak ezin iragaziz, itsu, sastagaia nirekin, arraunetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.