L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-25 (1990-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Jimiren laguna

 

Yolanda Arrieta

 

Abuztuaren bigarren hamabostaldia, herri erdi etxeratuta, beste erdi kanporatuta..., urte guztian orduz-ordu eta heltzear dagoen Iraile horituak berriztuko dituen ametsak errealitate bihurtzera joanda..., bueltatuta..., horixe da, azken baten, kale ertz horretatik ikusten ari zaren filmearen lehen eszenaren plano erdia.

        Denbora asko daramazu aspaldiko aulki horretan eserita, herri erdi horren haruntz-honuntzari so; gertu baina aldenduta, hurbil baina bestaldean, ia-ia bertan baina erabat separatuta... harik eta eskuetan dituzun egunkari eta ogi berrien usain freskoari erreparatu eta pausu lasaiez, oraindik buru mugimendu batez agurtzen zaituzten Erdiko kale horretatik barrena abiatzen zaren arte.

        Bitartean, zure etxea, telefonoak dihardu:

        —Bai...? Nor da...? ...Ez, ez dago... Baina laster etorriko da...

        Eta zure ahizpak, aparatoa bere lekuan utzi eta geletako alfonbra astinketari ekiten dio.

        Etxe guztiko ateak eztabaidan, pertsiana egurrezkoak borrokan, izara zuri eta loradunak hegaran, garbigailu langileak elkarren lehiean... dena dago, zure amaren etxean hankaz gora; bizipoz handi batek bultzatutako jai giroan dantzan, apaletako trasteak astintzen, txukuntzen eta ordenatzen ari zarenean izaten duzun nahaste-borraste alaitsu horrekin biraka eta bueltaka.

        Batpatean, tinbre hotsa:

        —«Piiiiiiiii!»

        Amak,nordenik galdetu gabe —badakielako—, agindu hotz batez atea irekitzen duen botoiari sakatzen dio, urruneko zure «baiiii!» luzeak ixildutzat ematen duelarik txirrin jarraitu eta iraunkorraren doinu disonantea, eskaratzeko mahai gainean piztuta dagoen irratigailua, beste lauzpabost zaztada ozenez, eguerdia heldua dela aditzen ematen ari den une berean, hain zuzen.

        Binan-binan igotzen dituzu eskailerak, haize elgetariak danbada batez bidea oztopatzen dizun egurrezko muga marroi ilunarekin ia-ia muturrez topo egin arte.

        —Mekauen...!

        Eta tiesto azpian gordetzen duzuen giltza hartu eta irekitzen duzu, hogeitabost urtez beti estiman hartu izan zaituen zeure lagun zintzoenaren atea.

        Zure etxearena, alegia.

        Lagun zintzoena, bost urtetan zehar ahalegindu zarelako bai, beste bat bilatzen, aurkitzen, zaintzen, mantentzen..., eta halegin guztiak ezerezetzat direnik ere ezin delako esan; bost urte bero eta hotzituek bete duelako zure lo neketsuaren ezkerraldea, bost urte luze eta motzek hutsitu dutelako zure ganbara irudi zeken, zikoitz eta itsuez, bost urte berri eta ezohizkoek igortzi dutelako zure adimena esku alaitsu eta itxaropentsuez... Baina zintzoena, baita ere, iadanik bostgarren urteko ekitaldia, aldez aurretik denborari ohostutako artazi zorroztuez moztuta dagoelako... edo horixe delako, behinik behin, azken hamabost egun hauetan zeure buruari eten gabe esaten aritu izan zarena, nahiz eta hark...:

        —Moztuta, baina ez ahaztuta...— behin eta berriz, irrifarre donge batez errepikatu.

        Iadanik etxeratuta...:

        —Deitu egin dizute!

        Eta zure gorputzeko ile guztiak tente eta erne jartzen dira ahizpa gazteenaren hitzak entzuterakoan.

        —Neska ala mutila zen? —galdetzen diozu.

        —Mutila...

        Eta buruan bueltaka, forma hartu eta «izan» nahirik, jira-biran dabilen irudi lainotsua harrapatu eta kartzeleratzeko agindua eman ondoren, goizaldean zeurekin batera etxeratutako poltsa urdin bidaialaria hutsitzea deliberatzen duzu.

        Poltsa hori eskuetan hartu eta pasilu barrenean dagoen balkoi ondoko atea kurutzatzera zoaz... gela irekia, leiho ttirrikitxotik sartzear dagoen argi zuria, lauzpabost orduz lorrindutako ohe ameslaria, bost urtez ia ahazturik izan duzun usain ezti berezia, neska erropa hutsez gainezka dagoen armairu erraldoia... hots, gauez ilunak ondo ikusten utzi ez dizun mundu magiko eta zoragarri horrekin aurkitzen zarenean.

        Poltsa urdina lurrean delarik, ohean eserita, guzti horren erdian, hainbat urtez gorderiko sekretuetan erabat murgilduta zaude, telefonoaren tirrin deitzaileak bihotz, hanka, buru eta belarri, zu zeu oso-osorik salto bizian jartzen zaituenean. Korrika baten, astrapaladan, esku eta begi artekoak bertan behera utzi, eta itsumustuan, pasiluari agurrik ere egin gabe...:

        —Bai, nor da...? ...Nor da...? ...Bai...?

        —(...)

        Eta, «kaka zaharra!» ezerezaren lagun mina ezpainaratzen duzu, soinu bikoitz eta puntualaren antzutasunari amore eman ezinik.

        Une horretan, telefonoek ere dantza bizian ospatzen ote diharduten udaldiko asti aldia susmatzen hasten zara, azken hamabost egun hauetan mundu guztia zeure zoriari farrezka ari oten den zalantza, geroz eta nabarmenagoa bilakatzen hasten zaizu, pasiluan barrena abiatu ahala, zuri zeuri adar jotze horiek ez dizutela grazia apurrik ere egiten konturatzen zarelarik.

        Eta segituan:

        —Txorakeriak!... Irudipen hutsak...! —ahozkatzen duzu, —ozenki eta denek entzuteko moduan—, pufada akonpasatu eta tiratu batez berritzen duzularik arnasa; sakon eta luze egin ere, geldiro, duela aste bi zeureganatutako egonezinaren katibupetik askatu eta libratu guran.

        Eta zure aspaldiko txabola epeleko ohea egiteari ekiten diozu: gaineko maindirea eta sobrekama poltsa urdinaren gainera erretiratu, azpiko izarari zimurrak kentzen hasi eta... berriz ere, zuk agindu gabe, berez eta eskatu barik, burura datozkizun irudi nahigabetuak aldetik uxatzeari ekiten diozu. Hor ari zarete, hara eta hona, estu eta larri, tira eta bira..., gudaldi horretatik askatu eta eztarrian gora datorren korapiloak, begietara heldu eta hauei ixurarazten dien malko garratz eta mingots batekin bustitzen delarik zure ezpain arte alarguna; almuda-azala esku hotzituez lehundu eta handik aurrera auskalo noiz arte buru bakarrari eutsi beharko dion espuma zati zintzoenaren anaia gaztea, dagokion lekuan jartzen diharduzun segundu berberean, hain justu.

        Buelta ematen duzu. Alferrik ordea!, erreka estu eta urtsu bik jarraitzen bait dute bustitzen tantaka-tantaka, poltsa gaineko maindirearen lagun kutuna ere; sobrekama larrosa, alegia; telefono hots berri batek, eguerdi horretarako musikari, bere tokiz kanpoko ikutua eskaintzen dion arte.

        Oraingoan, ez zara korrika joaten; oraingoan, ez zara jaiki ere egiten; oraingoan, ez duzu zirkinik ere egiten... Eta maindire, sobrekama eta poltsa urdinari begira, zein gordina, hotza eta gogorra izango den goizero bete beharko duzun ekitaldi hori pentsatzen hasten zara; zein zabala, luzea eta handia, gauero ilunarekin batera besarkatu eta berotu beharko duzun zure ondoko ezkerraldea...

        Eta momentu horretan...:

        —Zuretzat da...! —dei freskagarria entzun eta malko aztarnak ezabatzeari ekiten diozu, aurikularra hartu eta bestaldeko hariari tiratzen hasi baino lehen.

        Horretan diharduzula...:

        —Bai...! ... Nor da...?

        —(...)

        —Nor da...??

        —(...)

        «Kaka zaharra!» ixiltasun mugagabea eteten duen hitz bikote amorratua errepikatzen duzu, «zein kristo ote da!» ahozkatuz jarraian —inork ez entzuteko moduan— aurikularra golpe hotz batez bere lekura erretiratzen duzularik.

        Eta ernegaldi horrexek emaniko indarrez uxatzen dituzu, baita ere, bihotza ate joka bidaltzen ari zaizun oroitzapen galduen multzoa; iadanik berrien txanda dela zure buruari sinestarazten hasten zarelarik...:

        —«... Etxea, egunak, orduak, musika eta... airea, dena, den-dena izango da neuretzat eta neurea...»

        «Neurea...», pentsamendu berriaren azken hitza errepikatu, —ozenki oraingoan— eta zerbaitek, «krak!» egiten dizu barnean, lehena inoiz bezalaxe, ez jakin non, buruan ala sabelean ala paparrean... baina golpe hotz batez iristen zaizkizu handik aurrera, egunero, uholdeka zure etxera ailegatuko diren egun berrien diapositibak begietara: mahai handi bat eta plater bakarra; hitz kate luze bat eta erantzun ixila..., gau beltz eta ilun bat eta irrati hots hutsa...

        Eta denboraren fitxeroan begira hasten zara..., hamar urtez, ziur eta garbi izan zenituen ideiekin hautsi zuen «harekin» aurkitzen zaren arte; gaileta erdibituari gusto berria hartzen, ezintasunez kexatzen denari begietara so egiten, igande arratsalde igartuari ura botatzen irakatsi zizun... «harekin»; aitak amari «ganorabakoa!» deitu zion hartan zure osotasun eta ahalmen berezkoak gorde eta besteenen premiarik gabe zeure burua hezitzeko apostua eta zure kristalezko «urnaa giltzatua» hautsi zituen «harekin»..., Jimirekin, alegia...

        Irrifarrea, buruan jarri zizun txapela, hau jartzeko era jolastaria, gau ajatua..., batek daki orain, zer izan zen Jimik, festa haietan erabili zuen arma erabakitzailea... Bila eta bila ari zara, aspalditik, baina fitxa guztiak behin eta berriz errepasatu arren, ez duzu inon aurkitzen zergatik hurbildu zitzaizun, zergatik gau hartan, zergatik toki hartan, zergatik, zuri, zeuri... ehundaka nesken artean, mostradore ertzean denen esana ixilean entzuten ari zen hari...

        Bilaketa-lan honen emaitza eza ikusita, «Aj!» etsitu batez, logelako atea itxi, eta adimeneko kutxa giltzatua irekitzen duzu, egunean zehar pilatzen joan zaizkizun pentsamendu antzu guztiak bertan sartu eta sarraila berri batez betirako kartzeleratzeko asmoz, telefonoak laugarrenez jotzen duenean.

        Hartzera zoaz, baina batpatean, bestaldetik dena mihatzen ari den ezjakinen baten agindupean, mozten eta berehala joaten da ixilpera, eguerdi usaintsu hartako pasilu ertz ozena...

        Apurka-apurka eta etxeko guztiak iritsi ahala doa baretzen goiz horretarako martxa bizia; entsalada eta oilasko frigituaren barneratzearekin bat, beste ekitaldi geldi, pausatu eta lasaiago batek, tokia hartu eta aurrean duen guztia bereganatzen duelarik.

        Lasai eta iadanik bazkal ostea helduta, opor luzatuaren itzalpean kafea hartzen eta kontu-kontari zaudete denok, aurreraxeago bertan behera mututu den pasilu ertzeko altzari berbaldunenak bere ekitaldi ozena berrizten duenean; terko eta burugogor egin ere; egoeraz jabetzeko eta denen gainetik bere protagonismoa berreskuratu guran.

        Bertan segitzen duzue iharamonik egin gabe, mahai bueltakoen ikararik ez egiteko asmo nagusiaz jabetu bezain laster, bostgarren txirrin jarraituarekin batera, zuk zeure atzea altxatuz unea eten arte.

        —Neu joango naiz...!

        Jaiki, eta golpe siku batez ixten duzu atzean, «iji!» eta «aja!»ka geroz eta gorago doan ahots nahaste keetsua, aurikularra ezkerreko eskuaz hartu eta hagin arteko hondakin apurrak mihirekin batzen dituzularik:

        —Bai...? ...Nor...?

        —Zera... neu... —erdi urruneko eta zarataz inguraturiko ahots ahul batek.

        —Nor baina...?

        —(...)

        «Kaka zaharra!» goizeko lelo ernegatua berresan eta «telefono put...!» hitzaren azken hizkiak tarta hondakinarekin batera irentsiz bueltatzen zara eskaratzeruntz, telefono adar jotzaile ezezagunaren elgeta gogoarekin erabat nekatuta, aspertuta eta higuinduta.

        Lehentxoago itxitako sukaldeko atea ireki eta sartzekotan ere bazaude, baina horko armoniarekin ere ez zatozela bat ikusita, kaleruntz abiatzeko aholkua eskaintzen diozu zure buruari. Honek, baietz esaten dizu.

        —Buelta bat ematera noa...! —ate ertzetik, barrura sartu barik, kolore gorriz begiratzen dizuten mahaikideei.

        Ondoren, pasilu erdia kurutzatu, mundura daraman tunelean sartu, eskailerak jaitsi, mundura irten..., eta bost urtez behar den bezala gozatu gabeko bide hartan gora abiatzen zara; bukaerarik ez daukan bide estu hartan gora...

        Eta geldiro hasten duzu aldapa; poliki-poliki eta soseguz, azken bost urteotan aringaringa baten joandako guztia ausnartuz, ordu beteak daramatzan hirurogei minutuak elkarrengandik askatu eta banaka-banaka, bonboi goxoen gisa daztatuz eta barneratuz.

        Eta hor dago, zapaltzen ari zaren lurra; hauts bihurtuta, erdi hilik, inongo erantzun ezak erabat suntsituta, arrakala mingarri eta bortitz artean azken arnasa hartuz ur eske, estu eta larri. Eta hor daude, hegaletako loreak, neska zahartuta eta udaberriko sasoiak gogoan, beraienak ez diren zorigaitzak konpontzeko astirik gabe. Etahordagoz, serio eta tente, bidea eta mendia tartekatzen duten zuhaitz helduak, lehen orri ibiltari nekatuak malko horituez agurtzen... Eta hor zoaz zu, zeure azken bost urteekin... egunero gauza berriz bete, urtero errege eta urtebetetze jaiegunetan jostailuz gainezkatu eta hile osoan egunero euria egin ondoren, ur pisutsua eraman ezin arte uholdetu diren edo zaizkizun bost urte horiekin gora, zeru urdinaren lainu adiskidetuek, noizean behineko gerizpea eskaintzen dizutelarik... eta hor doa, baita ere, azkenean, guzti-guztiokin osta-osta lotuta mantentzen zintuen haria eten zeneko hamabost egun aurretiko bazkal oste garratz eta mingotsa ere:

        —Uste dut, hobe dela bakoitzak bere aldetik jarraitzea...

        Jimiren hitzak, —duela aste bi— flan hondakinez lorrindutako platerean nahastuta, aurrera hartzen dizutenak.

        Zuk... zer esan...? ...«Bai, horixe egon naiz pentsatzen...», ...zergatik baina...?», ...«hitz egin dezagun...» ...Ka! Bai zera!... Entzun, ixil-ixilik plantatu, eta lehenengoz begi irristakorrez totelka-motelka hitz jarioari tiraka diharduen zure Jimiri aditzen hasten zara.

        Badoa.

        —Eta nora?

        —Hego Ameriketara... —erantzuten dizu, bost urte aurretik, gau baten, gehiago erreko ez zuen aginduarekin hautsiz.

        —Bakarrik...?

        Eta aspaldiko partez estreinatutako zigarro rubioa txupada batez erdibitzen duenean...:

        —Ez, ez noa bakarrik; ...Margarekin noa...

        «Margarekin...» eta «krak!», beste zerbait hausten zaizu barruan, bihotz erdian, uste duzu, ahora heltzen uzten ez diozun hots ozena, barruan eusten ahalegintzen zarelarik.

        —...Margarekin...? ...Nola... ba...? —galdetzen diozu jarraian, zure sasoi eta itxuradun neska helduaren errola hartuz.

        —Bai... Horrela da... Zeu ere ados zeunden ez...? ... Ezer ez da betirako...

        «Ezer ez da betirako» esaldiarekin geratzen zara zintzilik; egia da eta, aspaldi baten, eten gabe errepikatzen zenuela zuk zeuk hori; dagoeneko ia-ia guztiz ahaztuta duzun arren. Era berean, bitarteko «aldatzea, berritzea, ...oso ondo egon gara..., beti eramango zaitut aldean...» eta antzerako esaldi fotokopiatuek, ondo asko agertzen dizuten guzti hura, iadanik bukatua, hila eta hilobiratzeko prest dagoela; betirako..., gainera.

        Eta nahiko ondo hartzen duzu hasieran: ez da zerurik lurperatzen, ez da hego haize zororik jasoten, ez da teilaturik jausten... Azken baten, ez zaitu guzti horrek erabat bilutsik harrapatzen... Ez orduan behintzat..., baina bai biharamonean, furgoneta berde zaharrak, bost urtetan eraikitako amets erdiak musu hotz batez eramaten dizkizunean...

        ...Hor doaz, hor doaz eta hor zaude, orain, hamabost egunen buruan, txikitandik ernegaldi edo egonezinaren baten bare-leku den etxe osteko tontor horretatik, zein urrun eta zein txiki ikusten den guzti hura... begira. Izan ere, hor goitik, etxea ezeze, herri guztia, planeta guztia menperako zenuke, ezerk ez bait dizu beldurrik ematen...; mundua hartu eta alde batetik oratuz, bestaldera bueltatuko zenuke, sasoi bateko lanazko koltxoien gisa...

        —Dena beti, horrela balego...! Horren geldi, horren txiki, horren gertu...! —ezpainek bihotzak bidalitako nahia kanporatuz, buelta eman eta bidean behera, etxerako distantziarekin batera ametsak ttipiagotzeari ekiten diozu; udegun berriaren haize petralak, aurreko goizean garbitutako ilea, danbada goxoz aurpegiratzen dizun bitartean.

        Oinak aurrera doazelarik, oraingoan, zuk zeuk egiten diozu eskuaz flekiloari albora; lehena bezalaxe bai, baina lehena, beste esku bero batek, makina bat bider esaten zizun, karizia goxo batez, ile hori ez mozteko, umetako printzesa ile luzedunaren ametsarekin ez hausteko... Eta zuk, bost urtetan zehar, aurreko hamarretan lortu ez zenuena burutzen duzu, ez bait duzu zentimetrorik ere mozten; eta berriz ere, zortzi urterekin zeneukan melena luzea izatera heltzen zara, haizeak lehunki orrazten dizun melena...

        Oinak aurrera, aldapa jaitsi eta Goytisoloren «...tú no puedes volver atrás, porque la vida ella te empuja...» hitz gris baina egiazko haiek musikatuz, eskuineko hankarekin ate irekidun etxeko atariko lehen maila zapaltzear zaude, goian, telefonoaren txirrin hotsa, berria, entzuten hasten zarenean.

        Ez duzu pausurik arintzen. Zertarako...? Ez duzu hankarik maila bakarra pasatzeko baino gehiago luzatzen. Zertarako alferrik...? Ez, harik eta...:

        —Bai... kalera irten da... —urrunekoa entzuterakoan, «eta bera ba da...?» galdera arina, itxaropen antzuekin batera nahastuta, barrukaldea astintzen hasten zaizun arte.

        Orduan, maila guztiak hirunan-hirunan igo, eta eskailera buruan iadanik, aldaba doradun ate erraldoi hori tiestopetik ateratako giltzez ireki eta begiak, lehentxoagoko deia zetorren alboruntz bideratzen dituzu. Baina hauek, xede dagoen lekura begiratzeaz bat, berehalako espresio aldaketa jasaten dute, eskuineko hankak, pasiluko lehen ohola zapaltzeaz bat, ahizpa, telefonoa bere tokian uzten ari dela, inpotentziaz beteriko etsipenez konturatzen zarenean.

        —Jesus neska!... Ze susto! —esaten dizu hark, segundu laurdeneko astinaldia jasotzeko astirik gabe.

        —Jimi izan da...? —galdetzen diozu arnas bakar batez.

        —Ez, lehengoa...

        «A!» etsitu eta apal bat, eta geldiro-geldiro burua eta hankak biratzen dituzu, lehentxoago era zakarrez banandutako atemarku maitale eztiak berriz ere euren jolas goxoetan utziz eta itxiz. Lan pausatu honetan diharduzu, telefono hots berri batek, ia-ia hatzamar nagusia ateko bikotearen erdian harrapatuta uzten dizun ikararen dardarak eragindako salto biziaz bueltatzen zarenean.

        Zuzen eta arin, hiru pausu ziurretan jaten duzu ateko maitaleen eta egun guztia zerbait adierazi nahiean, ixildu gabe diharduen telefono gorriaren arteko bitartea; duela minutu erdi, eskailera hasieran izandako irudipen, asmo, gogo, nahi eta itxaropenekin berrelkartuz, zerbait eginedo lortu asmoz:

        —Bai...? —galdera eskalea, eta libre duzun eskuaz, bular gainean, bere lekutik irten beharrean somatzen duzun bihotz ikaratuari kanporabidea ostopatzen diozu.

        —Bai...? Nor da...? ...Nor da...! —eta beste hiruzpalau galdera ikaratu ondoren, hogerleko ametrailadoraren ondorengo lehen hitz paketsu eta lasaia entzuten duzu:

        —Patxi naiz...

        —Patxi...? ...Ze «Patxi»...?

        Eta ernegaldi alferrikoaren ondorioz, bihotza bere etxera bueltatzen hasten da, adimenarekin batere gogorik gabe adiskidetzeko; batera, oroitmena, nekatuta eta aspertuta, bere ganbarako fitxero ezkutuan «Patxi» izeneko norbaiten bila hasten delarik.

        —Bai... Jimiren laguna..., telefonoak ez dabiltza ondo..., lehen ere deitu dizut baina ez zeunden... —jarraitzen du, bitartean bestaldekoak, egoera arindu eta argitu asmoz.

        Bostpasei segundu ixil, zalantzazkoak, galderez eta ezjakintasunez beterikoak telefono hariaren alde batetik. Zeuretik, alegia.

        Etenik gabeko hitz jario ugari eta uholdetua, telefono hariaren beste aldetik. «Patxi»ren aldetik, hain zuzen.

        Itzeleko sorpresa-usain erdi  alai, erdi itxaropentsua aidean. Bion erdian, hain justu.

        Eta halako baten, mantso-mantso, polito-polito eta emeki-emeki, nonbaitetik iritsi berri den haize epel eta goxo bat, gela, sukalde, pasilu, kantoi, marku, leiho eta zu zeu, oso-osorik inguratu eta, olgetan-benetan, zure betozko beltz iluna zuritzen, zure ezpain arte alargun eta zikoitza lehuntzen eta zure begi erre eta diabrutuak garbitzen hasten da; zu, era berean, barne aldeko lagun iraultzaileak baretu eta, aurikularretik datorren hitz jarioari erne, erlojuari begiratuz, oraindik seiak direla konturatzen zarelarik...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.