L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa2200>— Susa-25 (1990-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

        Gauza guztiak esanak zeuden jadanik agian. Esanak zeuden Nazim Hikmetek bere «Otobiyografi» hura nolabait ere argitaratzeraino heldu eta bost bertso lerro tipexez estali zizkioten hartan, herbesterako edizioek, nola ez, gerora hankamoztasun horretan jasoko dutena. Esanak zeuden ez Atatürken lurraldean, etxeko sukaldean ere, Manifestuak beharbada gehiegi atzeratzen ziren garai haietan. Eta esan diezaiotela bestela Gabriel Arestiri, zentsuraren adibiderik txistosoena, berari izan behar, ezagutu zuenari, Euskal Harriako «Hauxa izanen duk» poema hartan ETA Bilbao-Athletic bilakatzeraino: «Gauzak galdu dira/ Basurtuko Andre Potrodunak/ eta / euskal foruak./ Gauza berriak gertatu dira:/ Errekaldeberriko Zubi Sikua/ eta / Bilbao-Athletic». Hara hor nola esana dagoen gauza bat beste era batera nola esan daitekeen. Nola den posible hiru letra bakar futbol talde oso bat izan, nola litekeen ura ardo bihurtu, nola poesiaren gainean poesia egin. Poesiarekin egin dugu topo. Beren poeta bihotza ezkutatu ezin duten funtzionarioekin, Vladimir Illichen ezizena izkribatu eta hutsunerik hotzena topatu zuenarekin, poesiagatik hiltzeko prest dagoenarekin.

        Urte asko daramatzagu poesia idazten. Gehiegi gauza onerako esango zukeen besteak. Urte gehiegi poesia irudien bonbaketa hutsa den ala ez bezalako eztabaida idor bezain estupidoan ezpata eskuan sartzeko. Poesia zerbait bada ez baita prezeski irudi hutsa. Ez baita ez hots koerenteen kateatzea bakarrik.

        Ezer gutxi ulertu du Ezra Pound, Mallarmé eta Maiakovski hortzetan etxeko poema txepelei beha egin ez dienak. Ezer gutxi hemen poesia besterik ez duk publikatzen dioenak. Ongi da. Itxi ditzagun begiak eta salbatu prosa mota guziak liburudenda eta bibliotekei su eman aurretik. Atera ditzagun apalategietatik gure nobelistak, gure narradore ttikiak. Salba dezagun agian poetaren bat edo beste, gure kaleetan izenak dituztenak behintzat, izen handiak: Lauaxeta, Lizardi, Orixe, Mirande, Aresti. Hori da. Atera gaitezen su garrak gorritzen hasi baino lehenago.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.