L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

 

Roque Dalton

—El Salvador—

Roque Dalton

 

euskaratzailea:

Gorka Arrese

 

        Roque Dalton, salvadortarra, 1935ean jaioa, 1975ean eta Ejército Revolucionario del Pueblo (ERP)ren militante gisa bere herrira klandestinitatean sartu zelarik asasinatua...

        Jesuitetan ikasi, eta gero El Salvador, Chile eta Méxicoko unibertsitateetan izan zen ikasle. Partidu Komunistakoa, behin baino gehiagotan giltzaperatu zuten, eta 1960an heriotzera kondenatu —ez zen bete ordea epaia, José María Lemus diktadorea exekuzio data baino lau egun lehenago erori bait zen—. Birritan ihes egin zuen kartzelatik. Herbesteratua ere bizi izan zen luzaz: Guatemalan, Méxicon, Txekoeslovakian, Cuban.

        Ondoren datorren Nazim Hikmet-i gutuna "La ventana en el rostro"tik (1961) hartu dugu. Ondorengo 357garrena, "Taberna y otros lugares"etik (1969). Azkeneko Albiste txarrak... berriz, "Poemas de la última cárcel" deitu bilduma txikitik. Horietaz gain beste lanok inprimarazi zituen: "El turno del ofendido" (poesia, 1962); "César Vallejo" (saiakera, 1963); "Los testimonios" (poesia, 1964); "¿Revolución en la revolución? y la crítica de la derecha" (saiakera, 1970); "Miguel Mármol" (testimonioa, 1972); eta "Las historias prohibidas de Pulgarcito" (prosa eta poesia, 1974).

 

 

Nazim Hikmet-i gutuna

 

Nazim kamarada:

 

goiz honetan gogoan dut Peredelkino-ko zure etxea

pinu erraldoien artean basoko bihotzaren pareko,

gogoan dut begi antartikarren zure anaitasun zabala,

zure poesiaren kristalinitatea.

 

Gorderik dauzkat zure opariak: goilarea

zurezko nabarra eta Lenin-en portreta

eta espero dut Izalco-ren buztinezko buru beldurgarria

zure eskutan utzi nuena

sarritan mintzatuko zaizula ene herri txiroaz

eta bere ogi gogorraz.

 

Nazim kamarada:

asalduraren auzotik idazten dizut,

El Salvador-eko

Quinta Bartolina de la Penitenciaría Central-etik.

 

Ezin izan nuen lehenago egin aske bait nintzen

eta askatasun jostalari eta burbuilatsuaz batek ezin ditzake

hitzak presoen gailurreraino altxatu,

preso zahanenganaino zeinak zuk bezala erakutsi zuten bidatza

behatuz gartzelari harrizko pasagune nimiño bat gehiago bailitz

guztion etorkizuneko askatasunetik pitin bat merezi izateko bidean.

 

Preso naukate, kamarada, orain hemeretzi egundanik.

Burdin gori azidoez larrosa iluna,

euren abeniaren bihotza, urratzen duten horietxek

hartu zuten ene askatasuna objetu single baten gisan

eta gorrotoz, ziegazainez eta harresiz inguratu ninduten

eta kendu airearen bihurriak,

izarrak, kaleak, neskatoen begiak,

latitude hauetako euri frangoa

gure larruazala bilatzen duena sua kausituz.

 

Eta hemen naukazu, bere gogoz kontra asesino gizajoarekin batera,

lapur eta estupradore eta erratuarekin batera,

gure eguneroko irain eta lohia konpartitzen

aldarrikapen amankomunean hatsa elkar nahasiz ziega hagen atzean,

hegal mindu enara nekatuak bezalako egunen joan etorriak ikusmira,

edozergatik akusatuta esperantza maitatu eta bizitza defendatzeagatik

eta behin behingoz gizon izaten hastearren,

dena emanda, dena hartuta,

gertaeragatiko ene harrotasun begibistakoari

errepaso emateko apenas gelditu gabe.

 

Noiz irtengo naiz hemendik? Horrek bost axola.

Balio duena, gorrotoaz, oinazeaz, zalantzaz gaindi

tinko jarraitu behar dugula bihotzaren taupadan

beti borrokarekin bat, esperantzari so,

eta alegera, alegera oso, oso alegera...

 

Barkatuko duzu ene esamoldearen eta ideien traketsa:

sukar pixka batez nabil, logura apur bat

ene esku ero eta zerebroaren artean;

gainera, egunkariak

beste lagun batzu atxilotu dituztela dio...

 

Badoazkizu azken egun hauetako poema batzu,

non ziegako lagunak diren mintzo,

batzu bakarrik, hirurehun eta hogei bagara eta.

Agurtuko duzu Memet? Biziki zaindu behar da

bihotza.

Batez ere gaur Amerikak

hamaika ate dituelarik zuretzat eta zure bertsoentzat.

Ez dizut gehiagoz zure denbora puskarik kendu nahi

—urtu al da honez gero Moskuko elurra?—

eta lerrook amaitzen ditut besarkada bero batez.

 

Gero arte. Darraigun

egunsentia mastaratzen.

 

 

 

Albiste txarrak egunkari puska batetan

 

Gaur lagunak hiltzen direlarik

euren izenak bakarrik dira akabatzen.

 

Putzu bortitz honetatik nola gura ukan

haruntzago heldu ahal izatea tipografiak baino,

distirazko belzgune fin

memoria intimoetarainoko gezi.

 

Gartzeletatik ate bizi denak bakarrik

ondra ditzake gorpuak, sendatu

euren hildakoengandiko oinazeak,

hatzazal eta malkoz marraskatu hilarriak.

 

Presoek ez; xistu baino ez dagigu

oihartzunak mutu dezan albistea.

 

 

 

357-garrena

 

Ziegazainak talde desberdinetan banatzen dira. Jardinetik barrena korrika ahoan ostaiskak dituztela konejuak harrika segitzen dituztenena, adibidez. Nire ziega parean herritar hitzak oihukatuz eta beren erlojuetan euriaren aparra ikusiz saltotxoka dabiltzanena. Eta goizaldean pisa egin eta batera (beren lanparen argiak nire aurpegia milikatuz) esnatzen nautenena, gaur are hotzago dagoela muzin esanez. Ez da inongo talde horietarikoa 357garrena, artzain eta musiko izan zena eta mendeku ez batere garbi bategatik polizia sartua eta zeini (357garrenari, alegia) hilabete honetan baja emango dioten. Dena, gau batean aldegin eta bere emaztearekin goizeko bederatziak arte lotan egon zelako, arauen iseka. Orain egun batzuk, 357garrenak zigarreta bat eman zidan. Atzo, fabrikatu nuen makil gako batez hesiraino hurbildu nuen anis-belar bat mastekatzen ikusi ninduelarik, Cubaz galdetu zidan. Eta gaur agian berarentzako —Chalatenangoko mendiez— poema txiki bat idatz nezakeela sujeritu du, oroitgarri gisa gordetzeko, hiltzen nauten eta gero.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.