Nazim Hikmet
Bursa, Istanbul
Nazim Hikmet
euskaratzaileak:
Gabriel Aresti eta
Josu Landa
Nazim Hikmet 1902. urtean jaio zen Salonikan Turkia orduan, orain Grezia. Poeta zuen aitona. "Baina oraindik ere ez ditut bere poemak ulertzen", kontatzen omen zuen Nazim-ek. "Hamahiru bat urte izango nituen gurearen pareko etxeak su hartu zuenean. Lehen aldikotz sute bat ikusten nuela. Asaldatu egin nintzen. Aitonak, gure etxea suak harrapa ez zezan, Corana hartu zuen eta garretara jaurti. Itzali egin zen sua. Ez Coranaren indarragatik, ezta suhiltzaileengatik sikiera, etxea goitik behera erre zelako baizik, hauts bihurturik. Ordubete gero idatziko nuen ene lehen poema.
1920an Sobiet Batasunera abiatu eta zientzia politikoak estudiatu zituen Moskun. Zortzi urte gero itzuli zen Turkiara, baimenik eta pasaporterik gabe joan izanagatik 1926. urtetik bere atxiloketa agindua zegoelarik. Aministia baten ostean aske. Baina 1930ean giltzapetuko zuten berriro, bigarren amnistia bati esker (1950) kaleratu zen arte. Bihotza kolokan harrez gero, hainbeste gose grebaren kausaz. Sobiet Batasunera egin zuen ihes 1951ean, gaztetan egin gabeko soldaduskara behartu nahi izan zutelako. 1963ko ekainean hil zen Moskun, 30 urtez errefuxiatu eta preso egoteari eutsi ondoren.
Segidako poematarik lehendabiziko biak Gabriel Arestik itzuli zituen ("Lau Gartzelak", Lur, Donostia 1971). Beste biak Turkian idatzi azkenetarikoen artetik hautatu ditugu.
Ene amodio bakarra!
Heure azken gutunean
"bihotzean min diat",
"arima itzali zaidak"
diostan,
"urkatuko bahindute",
"galduko bahindut"
diostan,
"ez nindukek biziko".
Biziko haiz, andrea.
Ke beltzaren antzean
ene oroitzapena
haizeak eramanen din,
biziko haiz,
ene bihotzaren arreba bilo-gorri hori,
gure mendean
heriotzaren minak
gehien batean
urte-bete
ziraun.
Heriotzea.
Soka batetik hilotz bat zintzilika.
Ito egiten zaidan
boza
eztarrian,
eta inola ere
ez din ene bihotzak ametitzen
herio-klase hau.
Hala ere,
zihur haizen, maite,
armiarma beltz baten antzean
ijito miserable baten
esku bilotsuak
lepora soka hori
botako badaut,
alferrik
begiratuko dautatela Nazimi
neure begi urdinetan beldurren bita!
Nik,
azken goizaldearen argi epelean
neure lagunak ikusiko ditinat,
hi ikusiko haut,
eta lu-pera
kanta bukatu-gaberen baten tristura
eramanen dinat
bakarrik...
Ene esposa,
arima onaren
ene erlea,
urrezko aurpegiduna,
eta eztia baino begi eztiagoetakoa,
urkabea eskatu zeutatela,
zergatik idatzi neunan?
Hasiera batean diagon oraindik
judizioa,
eta gizonaren semeari ez zaion bururik kentzen
harbi bat balitz bezala.
Ea, honekin ez ezan trajediarik egin.
Oso posibilidade urruna dun.
Dirurik baldin badaukan,
artilezko galtzontziloak
eros ietzadan.
Zangoetan berriz ere
erreuma dinat.
Eta ez hadi inoiz honetaz ahantz,
gartzelatu baten andreak
ez dadukala gauza tristeetan pentsatu behar...
Bursako gartzelatik. 33-11-11.
1939garren otsailean,
Istanbulen,
gartzela honetako
burdin-artean,
negu honetako
egun eguzkitsu batez,
euria atertu ondoren,
urak
bustitako lurrean
dirdiratzen diren bitartean,
hodeiek, teilatu gorriek, paretek eta ene aurpegiak
bertan
taupa egiten duten bitartean;
nik,
neure balentasuna eta kobardekeria soinean daramatzadala,
munduaz, neure aberriaz eta zutaz egiten dut gogoeta.
Ene anaia,
bidali
amaiera zoriontsuko
liburuak,
abioia
arazorik gabe lurrera dadila,
medikua
irrifartsu irten kirofanotik,
zabaldu haur itsuaren
begiak,
afusilatzetik libro
gaztea,
kumeek
elkarrekin topo berriro,
daudela festak,
ospatu ezteiak.
Egarriak
aurki dezala
ura!,
askatasuna
ogiak!
Ene anaia,
bidali
amaiera zoriontsuko
liburuak,
gertatu egingo diren
horiek
azken batean.
46-3-17.
Aurrera dagien argiaren barnean nago.
Irrikan dauzkat eskuak, ederra da mundua.
Ene begiak ez dira asetu arbolez.
Hainbeste esperantza gorderik, hain dira berdeak...
Bide eguzkitsu bat igaro da marzustondo artetik,
gartzelako erizaindegian, leihoan nago.
Ez dut somatzen botika usainik.
Krabelinak loratuko ziren nonbait.
Hauxe gakoa.
Arazoa ez da preso atxitua izatea.
Ez etsitzean datza arazo guztia.
48-6-1.
|