Jokin Urain
Berriz ere...
berriz ere hemen
bazter satsu
enoagarrian,
hegats ziztrin honi
eraginka;
ekanduaren gurenda edo
besterik ezinean,
zeri aiduru ere
ez dakidala,
arau ixilak gogamen,
amets aratzenak
hertsiduraren harrapakin,
toki ainube honetan,
neure baitako atelekan
birikak kez hanpatuz,
ohantzean etzateko
gereino...
Ene gogoan zaitudan hori
nahi zinduzket,
arrats honetan
neure gaukide atxiki,
eta nahi nuke
zure hats epela
ene aurpegian sentitu,
nahi nuke zure txeraz
ihiki ase
zure lohadarren
korapiloan lot.
Eta
ez dadila haboro
egunsentirik argitu.
Geldi nadin lotan
zuregan
behin betirako gauean.
Etorriko dira zelatariak,
gauerdi edo goizeko errondan
etorriko dira,
eta
begiratuko ate zilotik
ziegan nagoen pizti honi.
Mehatze zuloetan
haztarka dihardute
sator gizarajoek;
gau eta egun
haztarka.
Asturias-ko
meha zuloetatik
xixarerik gozoenak
aterako dizkiete,
gainetik
hegan
behaka dabiltzan
miru harraparientzat
hazkurri gutiziatu.
Asturias-ko
meha zuloetan
lurjauzien azpian
garraisika
itoko dira satortxoak,
baina,
hala ere,
bihar,
hartzara joanen dira
miru harraparientzat
xixarerik goxoenak
ateratzeko.
Ziega-zai batek
asta luego
esanaz agurtu nau.
Ez diot
fitxik ihardetsi,
ez eta so bat ere.
Zer behar nioke bada
opa
nere atzean
atea,
ate pizu hori,
hersten didanari!
Gauari
nahi nioke galdetu
zergatik ez dituen
ene penak
egunaren argia bezala
aienatzen.
Izarrei
nahi nieke galdetu
zergatik ez duten
ene bihotza
gauaren iluna bezala
alaitzen.
Haizeari
nahi nioke galdetu
zergatik ez dizkidan
maitearen laztanak
pago hosto igarrak bezala
ekartzen.
Euriari
nahi nioke galdetu
zergatik ez duen
ene egarria
zelai lehorrarena bezala
asetzen.
Etsaiari
nahi nioke galdetu
zergatik ez duen
herriaren garraisia
indarkeri ankerraren ordez
aditu nahi.
Izar-herratu batek
zeharkatu du
ortzea.
Oi gauaren ederra!
Goiztiria hurbil den
tenore honetan
loaren
eneganatu ezinak
leihoratu nau.
Iraina ote ene ausardia
ene
zureganako miresmena
olerkiratu nahia?
|